43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita 2022rako, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan. DDBN identifikazioa: 609869.

Europan babesa bilatzen dutenen kopurua nabarmen igo da azken urteotan. Munduko beste toki batzuetan dauden gatazkek eta indarkeriak eskala handiko lekualdatzea bultzatzen duten neurrian, pertsona batzuek babes bila jotzen dute ondoko eskualdeetatik haratago.

2021ean gertatutako heriotzen kopurua 4.470 baino handiagoa izan da, eta oso litekeena da azken kopurua are handiagoa izatea, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen Desagertutako Migratzaileak izeneko proiektuak esaten duen bezala. Munduan, aurtengo heriotza kopuruak dagoeneko joan den urteko 4.236 heriotza gainditzen ditu. COVID-19ak ekarri du inoiz ez bezalako giza-mugikortasuna, eta Desagertutako Migratzaileak izeneko proiektuak egunero dokumentatzen ditu beste heriotza batzuk.

Europaranzko eta Europa barneko migrazio-ibilbideetan 2.270 heriotza gertatu dira aurten; datu horrek erakusten digu aurtengoa urterik txarrena izan dela eskualdean 2018tik. Mediterraneoa erditik zeharkatzeak 1.315 giza-bizitza eraman ditu aurretik 2021ean, eta datuak oraindik ez dira behin betikoak. Gutxienez 937 pertsona hil ziren Atlantikoko ibilbidean, Kanariar Uharteetako bidean. Kopuru hori handiena da azken hamarkadan, gutxienez.

Tragedia masiboak migrazioaren testuinguruan gero eta arruntagoak dira. Beste alde batetik, aintzat hartu behar da handitu egin dela Europara iritsi eta bertako iheslari-esparruetan daudenen edo kontinentean barna doazen iragaitzazko migratzaileen kopurua, eta oso egoera ahulean daudela. Horregatik, ezinbestekoa da erakunde publiko guztien erantzuna, bai Europan, bai nazio, eskualde eta toki mailan, pertsona horiei harrera duin bat ziurtatzeko. Hori horrela, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak estatuak premiatzen ditu praktikak eta politikak gara ditzaten, mugitzen diren pertsonek beren migrazio-zeharkaldietan hartzen zituzten arriskuak murrizteko.

Horregatik, deialdi honen xedea eta helburua dira ekintza humanitarioak diruz laguntzea, Europan barna migrazio bidean dauden eta larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan daudenei laguntzeko, bereziki talde zaurgarrienei (haurrak eta emakumeak).

Deialdi honetara aurkezten ahalko dira larrialdi humanitarioko ekintzen proiektuak, zehazki hauek:

a) Itsasoko erreskateak.

b) Osasun zerbitzuak: osasun laguntza, laguntza psikosoziala barne.

c) Elikagaien banaketa eta nutrizioa.

d) Ura eta saneamendua.

e) Elikagaiez bestelako elementuak banatzea, higieneko kit-ak eta herritarrek bizirik irauteko oinarrizko babes egiturak.

Deialdi honek bidea ematen die entitate interesdunei berdintasunez parte hartzeko eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren proposamen txostena jaso da espedientean, baita Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren txosten juridikoa eta onespena, eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Dirulaguntzei buruzkoak eta urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuak, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea 2022rako, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan. Orobat, deialdiaren oinarri arautzaileak eta balorazio-irizpideak onestea, zeinak jasotzen baitira, hurrenez hurren, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan.

2. 115.000 euroko gastua baimentzea 2022ko gastuen aurrekontuko “(E) Dirulaguntza Europako babesaren eta migrazioen arloan ekintza humanitarioak egiteko” izeneko F10000-F1000-4819-231900 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura; eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN).

Iruñean, 2022ko otsailaren 9an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA

Dirulaguntzen deialdia 2022rako, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan. Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da arautzea zer araubidetan ematen zaizkien dirulaguntzak irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateei, 2022. urtean ekintza humanitarioko proiektuak egin ditzaten Europako babesaren eta migrazioen arloan.

1.2. Bada, deialdi honen helburua da ekintza humanitarioak diruz laguntzea, Europan barna migrazio bidean dauden eta larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan daudenei laguntzeko, bereziki talde zaurgarrienei (haurrak eta emakumeak).

2.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.1. 115.000 euroko gehieneko kreditua baimendu da deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, eta 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura ordainduko da: “(E) Dirulaguntza Europako babesaren eta migrazioen arloan ekintza humanitarioak egiteko” izeneko F10000-F1000-4819-231900 partida.

2.2. Proiektu bakoitzeko, gehienez ere 40.000 eurokoa izanen da dirulaguntza.

2.3. Laguntzen zenbatekoa, oro har, onartutako aurrekontuaren %100ekoa izanen da, aurreko apartatuan zehaztutako muga edukita.

Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, aurkezten den aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, BEZa, edo beste edozein zeharkako zerga, pertsona edo entitate eskatzaileentzat berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoa bada, eta, bestetik, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak.

3.–Gauzatzeko epeak.

Dirulaguntzaren xedeko proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira, bi egun horiek barne. Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu direla epe horren barrenean sortu direnean eta 2023ko urtarrilaren 16a baino lehenago ordaindu direnean.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

Diruz lagundutako proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekintza humanitarioko jarduerak izanen dira, Europan migratzaile eta errefuxiatuekin egindakoak. Bereziki, jarduera hauek izanen dira:

a.1) Itsasoko erreskateak.

a.2) Osasun zerbitzuak: osasun laguntza, laguntza psikosoziala barne.

a.3) Elikagaien banaketa eta nutrizioa.

a.4) Ura eta saneamendua.

a.5) Elikagaiez bestelako elementuak banatzea, higieneko kit-ak eta herritarrek bizirik irauteko oinarrizko babes egiturak.

a.6) Hezkuntzaren edo gizarte-arretaren arloko beste edozein ekintza humanitario.

b) Diruz lagundutako jarduerak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatu behar du.

c) Oinarri arautzaile hauetako helburu eta xedeetara egokituko dira, baita aplikatu beharreko beste araudietara ere.

Ez dira diruz lagunduko irizpide sexistak, arrazistak, xenofoboak edo beste edozein motatako diskriminazioa aplikatzen duten programak, proiektuak, jarduerak edo jarduketak. Era berean, deialdi honetatik kanpo uzten dira eraikuntza edota birgaitze obren proiektuak.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, oinarri hauetan ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5.2. Zehazki, honako hauek dira gastu diruz lagungarriak, besteak beste:

A. Proiektuko jarduerak exekutatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:

a.1) Jarduera egiteko zuzenean behar diren ekipoak, materialak eta hornidurak.

a.2) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Langile gastuentzako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat ezarritako bera izanen da, gehienez; koordinazio lanetarako langileen kasuan, haien profila ez da izanen gizarte-langileei dagokiena baino handiagoa.

a.3) Bidaiak eta dietak. Langileen mugigarritasunaren ondoriozko gastuak dira, deskribatutako jarduerak egiteari zuenean lotuta daudenak, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakia, jarraibideak onesten dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arloan. (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

a.4) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko kontratatzen den kasuetan.

B. Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %10 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, entitate onuradunaren funtzionamendu orokorreko gastuak (langileriaren beste gastu batzuk, lokalenak, bulego materialak eta beste gastu arrunt batzuk).

5.3. Inola ere ez dira diruz lagunduko proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren jarduerak edo deialdi honen xede ez direnak.

Era berean, ez dira diruz lagunduko:

a) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) edo zeharkako beste edozein zerga, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

b) Amortizazioak.

c) Protokoloko eta luxuzko gastuak (otamenak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, eskersariak lantegietara joate hutsagatik edo antzeko beste edozein).

d) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

e) Zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez duten gastu-kontzeptuak.

5.4. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

6.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

6.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Bere izaera juridikoarekin bat etorriz legez eratutako pertsona juridikoa izatea, eta erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta egotea. Era berean, pertsona juridiko pribatuen taldeek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoarekin.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Bere estatutuetan jasota izatea, xede edo helburu sozialen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea ekintza humanitarioei lotutako eremuan.

d) Ordezkaritza izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.

f) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak. Orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean (3. oinarria) bete beharko dira, justifikazio epea bukatu arte.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

7.2. Eskaerak aurkezteko modua.

Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

Eskaera Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahal du.

Ekintza bat entitate batek baino gehiagok elkarrekin gauzatzen badute, ekintza hori bere gain hartu duen entitateak aurkeztuko du eskaera; ekintzari dagozkion ordainketa eta gastu guztiak egin beharko ditu.

7.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrean aurkeztuko da. Helbide honetan dago eskuragai:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/instantzia-orokorra-deskargatu

Behar bezala betetako eskabide ofizialarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztuko da, eskaneatuta eta agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta:

A. Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat. Entitateak helbide soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza bat ireki dela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

c) Identifikazio fiskaleko txartela.

d) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza duela ziurtatzen duen dokumentazioa.

e) Onuradun izateko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

f) Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa.

g) Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, kasua bada, bidezko informazioa, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

h) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Entitate interesdunak zerga Nafarroatik kanpora ordaintzen badu, aurretik aipatzen denaren antzeko ziurtagiria, zerga agentziak edo foru ogasunek egina. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (VII. eranskina).

i) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (VII. eranskina).

j) Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VIII. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, kasua bada, bidezko informazioa, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

k) Kasua bada, BEZaren aitorpenak egitetik salbuetsita edo zergaren menpe ez dagoela frogatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak edo Espainiako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gehienez hiru hilabete lehenago egina.

l) Hala badagokio, eta 10. oinarrian xedatutakoari dagokionez, aurrerakin eskaera eta dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eta premia frogatzeko egiaztagiriak, III. eranskineko ereduaren arabera.

m) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

B. Dirulaguntzaren xede den proiektuari buruzko dokumentazioa, baloratzeko:

a) Eskaera tekniko eta ekonomikoko ereduak, euskarri informatikoan eta inprimaki ofizialaren arabera aurkeztuak. Interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webguneko Zerbitzuen Katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Eskaera teknikoek ezin izanen dute 20 orrialde baino gehiago eduki (edo 10 orri bi aldeetatik), Arial 11 letran eginda. Eskaera tekniko luzeagoak atxikiz gero, baloraziorako lehen 20 orrialdeak baizik ez dira aintzat hartuko.

b) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

7.4. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden agiriak badira, ez da beharrezkoa izanen 7.3.A apartatuko a), b) eta c) letretan derrigorrezko gisa bildutako agiriak aurkeztea, baldin eta agiri horietan aldaketarik ez bada jazo. Foru Komunitateko Administrazioko organoen esku badaude, eskatzaileak zehaztu egin beharko du noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen agiri horiek, baldin eta bost urte baino gehiago igaro ez badira espediente hura amaitu zenetik.

8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

8.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

8.2. Prozeduraren instrukzioa Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuari dagokio. Zerbitzu horrek egiaztatuko du, hain zuzen, dirulaguntzak jasotzeko derrigorrezko baldintzak betetzen direla, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak, II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

8.3. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio entitate interesdunari. Hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera emanen baita.

Ezin izanen da zuzendu baloratzeko aurkezten den dokumentazioa. Okerreko datuak, akats aritmetikoak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk atzematen badira, organo kudeatzaileak horren inguruko argibideak eskatzen ahalko dizkio entitate interesdunari.

8.4. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

8.5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 35 puntu, gutxienez, II. eranskineko “b” apartatuan.

8.6. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Gerakinik izanez gero, eta gerakina txikiagoa baldin bada puntuazioaren arabera hurrengo den proiekturako eskatutako aurrekontua baino, dirulaguntza proposatuko da baldin eta efizientea bada hura ematea. Horrelakoetan, onuradunari eskabidea berridazteko eskatu ahal izanen zaio, konpromisoak eta baldintzak egokitu ditzan eman daitekeen dirulaguntzara, haren xedea eta ezaugarriak bere horretan utzita, betiere.

8.7. Proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute eta aurrekontuan denentzako kreditu aski ez badago, II. eranskineko “b” apartatuan puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna. Berdinketak irauten badu, proiektuak baloratzeko irizpideen b.1) apartatuan lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

8.8. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak, balorazioa egin ondoren, ebazpen proposamena eginen dio Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari, dirulaguntza jasotzeko derrigorrezko gisa ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona edo entitate onuradunak adierazita, eta, hala badagokio, dirulaguntza zergatik eman den adieraziko du.

9.–Prozeduraren ebazpena.

9.1. Instrukzio-organoak egindako ebazpen proposamenean oinarrituta, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak dirulaguntzen emakida ebatziko du. Ebazpen horretan dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda adieraziko du, eta berariaz jakinaraziko du gainerako eskaerak ezetsi direla; ezetsitako eskaera horien artean zehaztu egin beharko da, besteak beste, aurrekontu baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsi direnak.

9.2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro baina berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

9.3. Deialdiaren ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea/-/buscartramite/).

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

10.1. Oro har, dirulaguntza aldez aurretik eta ordainketa bakar batean ordainduko da, emandako zenbateko guztiarekin, gehienez ere hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik zenbatzen hasita, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baldin eta irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek ez badute aski baliabiderik dirulaguntza jaso duen jardueraren gauzatzea behin-behinekoz finantzatzeko, baldin eta behar bezala frogatzen badute.

Horretarako, eskaerari erantsi beharreko dokumentazioarekin batera, deialdi honekin batera III. eranskin gisa doan erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena funtsik ez dagoela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, eta premia hori egiaztatu beharko da entitateko ordezkariaren ziurtagiri baten bidez; hartan, honako hauek adieraziko dira: entitatearen izenean dauden banku kontuak, diruzaintzako egoera edo bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, bai eta hileroko aurreikuspen bat ere, ordaintzeke edo kobratzeke dauden gastuei eta diru-sarrerei buruz, dirulaguntzaren xedearekin lotutakoak, eta proiektuarekin lotu gabeko gastu eta sarrera konpromisoak.

Aurrekoa gorabehera, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien artean, entitatearen ordezkariak sinatutako dokumentu independente bat ere agertzen ahalko da, non eskatuko baita emandako dirulaguntzaren %60 aurretiaz ordaintzea, behar adina baliabiderik ez dagoela egiaztatu beharrik gabe, baldin eta emandako zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada. Bigarren kasu horretan aurreikusitako aurrerakina ere hilabeteko epean eginen da, dirulaguntzaren ebazpena ematen denetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoa beteko da. Aurrerakin hori irabazi-asmorik gabeko edozein entitateri edo horien federazio, konfederazio edo elkarteei aplikatuko zaie.

10.2. Ordainketa aurreratua egin ez den kasuetan edo ordainketa aurreratua emandako laguntzaren zenbateko osora iristen ez den kasuetan, emandako dirulaguntzatik ordaintzeke dagoena osorik pagatzeko agintzen duen ebazpena 2022ko abenduan emanen da, jarduera 11. oinarrian adierazitakoaren arabera egin dela justifikatu ondoren.

Ordainketa egiteko ebazpen horretan sartzen ahalko da, entitate onuradunak aurkeztutako txosten ekonomikoan eskaera egin ondoren, emandako dirulaguntzaren zatiari buruzko konturako ordainketak egitea, justifikatzeke dauden gastu arrunten eta langile gastuen zerrendari erantzunez, gauzatutako jardueraren zatiari dagokionez, 3. oinarrian aurreikusitako baldintzetan.

Konturako ordainketa eskatzeko ez da beharrezkoa izanen dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

11.1. Erakunde onuradunek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako proiektua gauzatzeari buruz behar diren txosten tekniko eta ekonomiko guztiak, formulario ofizialean eta euskarri informatikoan, zeina Nafarroako Gobernuaren webgunearen Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahal baita (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/).

11.2. Erakunde onuradun guztiek, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiri egokiak izan bezain laster, jarduera egin dela egiaztatzeko behar diren txosten tekniko eta ekonomikoak aurkeztu beharko dituzte. Nolanahi ere, beren egoera partikularraren arabera, data hauetara egokitu beharko dute:

–2022ko urriaren 28a: dirulaguntza ordaintzeko eskubidea ematen duen txostena aurkezteko azken eguna, 10.2 oinarrian aurreikusitako baldintzetan. Halaber, dirulaguntzaren zenbatekoa aldez aurretik ordaindu bada, azken eguna izanen da jardueraren zati gauzatua egiaztatzen duen txostena aurkezteko ere. Amaierako izaera izanen du, baldin eta bertan justifikatzen bada diruz lagundutako proiektu osoa gauzatu dela, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera; aitzitik, tarteko izaera izanen da bestela.

–2023ko urtarrilaren 16a: nolanahi ere, azken txostena aurkezteko azken eguna.

Halaber, prozeduraren instrukzio-organoak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena. Horrez gain, diruz lagundutako proiektuari aurrez aurreko jarraipena egiten ahalko dio.

11.3. Bitarteko edo azken txostena, gastuaren eta ordainketaren egiaztagiriak dituena, justifikazio kontuaren bidez eginen da, eta honako elementu hauek izanen ditu:

–Proiektuaren bilakaerari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa, oinarri honen 1. apartatuan aurreikusitako ereduaren arabera. Kronograma batean, diruz lagundutako jarduerak ezarritako helburuen arabera (orduak, prezioa, parte-hartzaileen kopurua, etab.) gauzatu direla adieraziko da, bai eta ordaindutako gastu guztien zerrenda ordenatua, zenbakitua eta xehatua ere.

Tartean txosten horiek aurkezturik ere, programaren azken txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan. Ondorio horietarako, azken txostentzat hartuko da justifikatzen duena diruz lagundutako proiektu osoa oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu dela, beste finantzatzaile batzuei dagokien zatia barne, halakorik balego. Bestela, tarteko txostentzat hartuko da.

–Onartutako proiektua gauzatzeko egindako gastuen eta ordainketen ziurtagiriak, zeinak digitalki aurkeztu beharko baitira.

2022ko urtarrilaren 1etik aurrera jaulkitako ordainagiriak eta fakturak baino ez dira onartuko egiaztagiri gisa. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri-zenbakia, jaulkipen data eta ordainketa data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Kanpoan geratzen dira berariaz albaranak, aurrekontuak eta hartze-agiriak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

100 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Onartutako gastuen zerrenda eta dagozkien aldaketak, halakorik egonez gero, ordainketa proposamenarekin batera aurkeztuko dira, edo, bestela, gastuaren justifikazioarekin batera, baldin eta interesdunari dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egin bazaio.

–Zergapetuak eta salbuetsi gabeak badira, BEZ konpentsatuaren aitorpena.

–Hiruhilekoko 715 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jarduerarenak eta sarienak), eta hiruhilekoko 759 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).

–Erakundeko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita proiektuko langileek finantzatutako programetan egin dituzten lanaldien egozpena, eta proiektuan aritu diren langileei ordaintzeko benetan bideratu dela.

–Erakundeko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita justifikazioko kontuan inputatutako zeharkako gastuen portzentajea eta jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.

–Hileko nominen zerrenda, langileei eta Gizarte Segurantzari egindako ordainagiriekin eta digitalizatutako lan-kontratuekin batera, hori guztia dirulaguntzaren bidez finantzaturiko langileei dagokienez.

–Finantzatutako proiektua gauzatu dela bermatzen duen beste edozein agiri.

11.4. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

11.5. Instrukzio-organoak zehazten duenean zuzendu daitezkeen akatsak daudela entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

11.6. Diruz lagundutako zenbateko osoa oker justifikatuta badago, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da, eta justifikatu gabeko gastuen eta ordainketen zenbatekoa itzultzeko prozedura abiaraziko da hortik aurrera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langile gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

d) Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Dirulaguntzaren jatorria jakitera ematea, diruz lagundutako proiektuen zabalkunde eta publizitate orotan, baita zerbitzua ematen den lokalean ere. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroaren Sinboloei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Era berean, “Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan” markaren logotipoa agertuko da.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, partida multzo bakoitzaren %20ko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Aldatzeko eskabideetan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala azaldu, betiere 2022ko urriaren 28a baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazioko txosten partzialean edo azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernuarenak ez diren finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako gainerako eginbeharrak.

13.–Hornitzaileen azpikontratazioa eta hautaketa.

13.1. Onuradunek jarduera diruz lagungarriak azpikontratatzeko, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoa.

13.2. Hala badagokio, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundutako gastuak aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira eta 12.000,00 eurotik gorakoak badira, entitate onuradunak organo emaileari frogatu beharko dio enpresa edo entitate hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapenaren arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

13.3. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, behar adina ez badira merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak.

14.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

14.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria da jarduera egiteko jasotzen diren beste batzuekin.

14.2. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin edo dirulaguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua. Horretarako, entitate onuradunak VIII. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du.

15.–Baldintzak ez betetzea.

15.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.

15.2. Gardentasunari buruzko betebeharrak betetzen direla frogatzeko informazioa eman beharra bete ezean (VI. eranskina), ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15.3. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan bereziki, eman beharreko dirulaguntza edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Azken justifikazioan ez-betetze formal hutsak eginez gero, dagozkion dokumentuak epez kanpo aurkeztu diren egunen kopurua.

15.4. Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean bildutako aurreikuspenei.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emandako ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

17.–Datuen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak entitate parte-hartzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia izanen da.

Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, hala ezartzen baitu 6.1.e) artikuluan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoak. Haren oinarri juridikoa da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Dirulaguntzen entitate onuradunen datuak, tratamenduaren helburukoak, mota honetakoak dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo helburu horretarako behar den beste edozein.

Entitate parte-hartzaileen datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Zehazki, kontserbaziorako aurreikusitako epea izanen da Nafarroako Gobernuaren agiri kontserbazioaren indarreko egutegian aurreikusita dagoena.

dpd@navarra.es helbidera joaz erabil dezakete interesdunek datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramatekoak ere. Konforme ez egonez gero, jo dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa.

II. ERANSKINA

Balorazio-irizpideak (100 puntu gehienez)

a. Bidezkotasun instituzionala

(10 puntu gehienez)

a.1.

Generoa

(4 puntu gehienez)

Erakundean erantzukizun karguetan dauden emakumeen portzentajea

%50etik gorakoa

%20 eta %50 artean

1,00 puntu

0,50 puntu

Kontratatutako emakumeen portzentajea

50etik gorakoa

%20 eta %50 artean

1,00 puntu

0,50 puntu

Gizon boluntarioen portzentajea

%50etik gorakoa

%20 eta %50 artean

1,00 puntu

0,50 puntu

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana izatea

0,50 puntu

Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzio protokolo bat izatea

0,50 puntu

a.2.

Deialdiaren helburuarekin zerikusia duen lan arloan izandako esperientzia

(5 puntu gehienez)

Ekintza humanitarioko eta/edo larrialdiko proiektuak Europan azken 5 urteotan

Puntu bat proiektu bakoitzeko

5 puntu gehienez

a.3.

Entitatean boluntariotza sustatzea eta garatzea

(Puntu bat gehienez)

Boluntariotza plana izatea

1,00 puntu

Lan egonkorreko ildo baten garapena

0,50 puntu gehienez

b. Proiektuaren koherentziaren azterketa

(65 puntu gehienez)

b.1.

Proiektuaren oinarriak

(15 puntu gehienez)

Guztiz koherentea

15 puntu gehienez

Oso koherentea

10 puntu gehienez

Koherente samarra

6 puntu gehienez

Ez oso koherentea

Puntu bat gehienez

b.2.

Arreta bereziko kolektiboak (egoera oso ahulean dauden adingabeak, gazteak eta emakumeak)

(5 puntu)

Proiektua kolektibo horietako bati zuzenduta badago

5 puntu

b.3.

Helburuak: koherentzia, zehaztapen eta xehetasun maila

(10 puntu gehienez)

Oso handia

10 puntu gehienez

Handi samarra

7 puntu gehienez

Txikia

1 puntu gehienez

b.4.

Jarduerak: deskribapen eta egokitasun maila

(10 puntu gehienez)

Oso handia

10 puntu gehienez

Handi samarra

7 puntu gehienez

Txikia

1 puntu gehienez

b.5.

Jardueren egutegia ezartzea: deskribapen eta egokitasun maila

(5 puntu gehienez)

Oso handia

5 puntu gehienez

Handi samarra

2 puntu gehienez

Txikia

1 puntu gehienez

b.6.

Jardueren hedapen plana eta baliatu beharreko euskarriak: kalitate maila

(5 puntu gehienez)

Oso handia

5 puntu gehienez

Handi samarra

2 puntu gehienez

Txikia

1 puntu gehienez

b.7.

Helburuen, jardueren eta emaitzen koherentzia maila

(10 puntu gehienez)

Guztiz koherentea

10 puntu gehienez

Oso koherentea

8 puntu gehienez

Koherente samarra

6 puntu gehienez

Ez oso koherentea

Puntu bat gehienez

b.8.

Proiektu osoan genero ikuspegiak duen txertatze maila

(5 puntu gehienez)

Oso handia

5 puntu gehienez

Handi samarra

3 puntu gehienez

Txikia

1 puntu gehienez

c. Ebaluazio sistemaren kalitate maila: adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua

(10 puntu gehienez)

c.1.

Adierazleak

(3 puntu gehienez)

Egokitasuna eta hartakotasuna

1,50 puntu gehienez

Zehaztasun maila

1,50 puntu gehienez

c.2.

Egiaztapen iturriak

(3 puntu gehienez)

Egokitasuna

1,50 puntu gehienez

Zehaztasun maila

1,50 puntu gehienez

c.3.

Ebaluazio eta jarraipen prozesua

(4 puntu gehienez)

Egokitasuna

2 puntu gehienez

Zehaztasun maila

2 puntu gehienez

d. Giza baliabideen, baliabide teknikoen eta ekonomikoen azterketa

(10 puntu gehienez)

d.1.

Giza baliabideen eta esleitutako eginkizunen egokitasuna

(3 puntu gehienez)

Oso egokia

3 puntu gehienez

Egokia

2 puntu gehienez

d.2.

Proiektuan boluntarioak noraino txertatu diren

(2 puntu gehienez)

Pertsona kopurua eta esleituriko eginkizunak

2 puntu gehienez

d.3.

Baliabide teknikoak

(2 puntu gehienez)

Proiektura egokitzea

2 puntu gehienez

d.4.

Baliabide ekonomikoak

(3 puntu gehienez)

Aurrekontua proiektuari egokitzea

2 puntu gehienez

Bat etortzea eta argiak izatea eskabide teknikoan aurkeztutako informazioa eta eskaera ekonomikoan aurkeztutako informazioa (Excel dokumentua)

1 puntu gehienez

e. Sareko lana eta beste entitate eta baliabide batzuekiko koordinazioa

(5 puntu gehienez)

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

III. eranskina.–Dirua aurreratzeko eskaera.

IV. eranskina.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzeari buruzko erantzikizunpeko adierazpena.

V. eranskina.–Sexuagatiko edo generoagatiko diskriminaziorik ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Gardentasun betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

VII. eranskina.–Baimena.

VIII. eranskina.–Beste laguntza batzuk eskatu eta/edo jaso izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu III. eranskinetik VIII.era (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2201991