43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OIEREGI

Ordenantza, arautzen dituena gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa. Behin betiko onespena

Oieregiko Kontzejuko Batzarrak, 2021eko ekainaren 9an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2021eko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 19an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Oieregin, 2022ko urtarrilaren 27an.–Alkatea, José Javier Nosellas Zabalegui.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea bainurako eremuak erabiltzeko udaldian, ekainetik urrira, biak barne, eta, orobat, sustatzeko bizikidetza eta gizalegezko jokaerak, babestearren Kontzejuaren ondasunak, espazio publikoak eta instalazioak, esaterako: kaleak, plazak, parkeak, lorategiak, zubiak eta izaera bereko edo antzeko ondasunak.

2. artikulua. Kontzejuari dagokio bainurako eremu gisa erabilitako lurzati horiek zaintzea eta mantentzea, eta beharrezkoa da arautzea nola erabili. Herritarrek eskubidea dute Kontzejuko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek ezarritakoak eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritakoak.

3. artikulua. Betebeharrak.

Erreparatzeko alderdia, Bidasoko bazterrean, erabili nahi dutenek bainatzeko errespetatu beharko dituzte zubiaren inguruko bainu-eremua eta Oieregiko Kontzejuak ezartzen dituen instalazioak. Debeku da jauzi egitea Erreparatzeko zubitik Bidasora.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, baldin bada haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa, haien hondatzea badakar edo haien estetikari galera badakarkio.

Herritarren betebeharra da herriko parkeak eta lorategiak errespetatzea; debeku da gorotzak uztea belardi eta lorategietan eta bide publikoetan, eta sua piztea parke eta lorategietan.

Animaliak daramatzatenek ez diete utziko kaka egin dezaten espaloietan, kaleetan, pasealekuetan, lorategietan eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisialdirako edozein lekutan.

Animalia daramana beharturik dago gorozkiak jasotzera eta kentzera. Betiere, animalien jabeek edo arduradunek bildu beharko dituzte haiek eremu publikoan uzten dituzten gorozki solidoak.

4. artikulua. Seinaleztatzea.

Oieregiko Kontzejuko Batzarrak aginduko du ezar daitezela behar diren seinalea eta kartela debekua adierazteko.

Erabiltzaileak beharturik daude seinaleei men egitera eta diotenaren arabera jokatzera.

Oieregiko Kontzejuak ez du inolako erantzukizunik izanen baldin kalte pertsonalak gertatzen badira jendeak zubitik jauzi egiteagatik.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da.

Kontzejuak ematen dituen beste jarraibide batzuk ez betetzeak ere zehapenak ekarriko ditu.

Arau-hausteak isunarekin zehatuko dira, baina isuna ez da izanen handiagoa martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan aurreikusten dena baino, hots, 150,00 euro (aipatutako foru legeak hizpide ditu Nafarroako Toki Ogasunak).

Salaketa jakinarazi ondoko 15 egun naturalen barnean, %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta prozedura buka daiteke berariazko ebazpenik eman behar izan gabe. Gainerako kasuetan, egoki diren errekurtsoak aurkez daitezke.

6. artikulua. Isunak ordaintzea.

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

AZKEN XEDAPENAK

1.–Modu osagarrian, aplikatzekoak izanen dira, bidezko denean, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

2.–Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2202153