43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Bideokamerak instalatu eta erabiltzeko baimena, udaletxea zaintzeko

Argitara ematen da Alkatetzaren 14. Ebazpena, 2022ko otsailaren 1ekoa.

Udalak uste du, langilerik ez dagoenez, beharrezkoa dela laguntza teknologikoa ematea udal albienteek bete behar dituzten zaintza lanak hobeki egiteko.

Horregatik, Lodosako Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, udaletxearen segurtasuna zaintzeko.

Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren 4. artikuluak ezartzen du ezen “bideokamerak jartzea baimentzeko proportzionaltasun printzipioari jarraituko zaiola, eta irizpide hauek hartuko direla kontuan: eraikin eta instalazio publikoen eta haien sarbideen babesa segurtatzea; defentsa nazionalerako erabilgarriak diren instalazioak zaintzea; hiritarren segurtasunaren aurkako arau-hausteak jasotzea, eta pertsona zein ondasunekiko kalteak prebenitzea”.

Identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake ezarri nahi den sistemak; hortaz, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauek betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta zeinaren bidez indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Horiek horrela eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea udaletxean irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak instalatzeko eta erabiltzeko, betiere zorrotz betez aipatu abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan ezarritako baldintzak (lege organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea). Kokapena: Ancha kalea, 1, udaletxearen fatxada (4 bideokamera).

2. Datuen babesa. Lodosako Udalak kartelak jarriko ditu, agerian, adierazteko badela bideozaintza sistema bat udaletxea kontrolatzeko helburuarekin.

Tratamendu jardueren erregistroa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean ezarritakoarekin bat, Lodosako Udalak bere erregistroan sartuko du udaletxea kontrolatu eta zaintzeko bideozaintzari dagokion tratamendu jarduera.

Datuen babeserako ordezkaria: Lodosako Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako ordezkariak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean.

Segurtasun neurriak. Erabaki honen bidez sortzen diren fitxategi automatizatuetan integratzen diren kamerek hartutako irudiak zaintzeak, kontserbatzeak eta, hala badagokio, suntsitzeak bete egiten ditu abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun neurriak eta eskakizunak (dekretu horren bidez onesten da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua). Era berean, Udala bera izanen da datuak eskuratzeko eta ezerezteko eskaeren zaintzaz eta ebazpenez arduratuko den organoa.

3. Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen hau argitaratzeko agintzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

4. Udalbatzari honen berri ematea, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran, eta adieraztea alkatetzaren ebazpen honen aurka, irmoa baita administrazio bidean, errekurtso hauetariko bat aurkez daitekeela, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lodosan, 2022ko otsailaren 1ean.–Alkatea, Lourdes San Miguel Rojo.

Iragarkiaren kodea: L2202083