43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AÑORBE

Ordenantza, gizalegezko portaera eta espazio publikoen babesa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Añorbeko Udalak, 2021eko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Gizalegezko portaera eta espazio publikoen babesa arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an.

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork erreklamaziorik, kexarik nahiz oharrik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsita gelditu da, eta, beraz, osorik ematen da argitara. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Añorben, 2022ko otsailaren 11n.–Alkatea, Joaquín Sanz Goñi.

ORDENANTZA, AÑORBEN BIZIKIDETZA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza honen helburu nagusia da espazio publikoa zaintzea bizikidetzarako eta gizalegerako tokia izan dadin, bertan pertsona guztiek askatasunez gauza ditzaten beren jarduerak –hala nola, joan-etorri librean ibili, aisialdiko edo jostetako jarduerak egin, edo bertan elkartu–, errespetu osoa erakutsirik besteen duintasunari eta eskubideei, bai eta Añorben diren adierazpide eta bizimoldeen aniztasunari ere.

Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute espazio publikoak erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain juxtu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.

Beste alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du; gainera, aukera ematen du baliabide gehiago lehentasunezko gaietan arrazionaltasunez erabiltzeko.

Hain zuzen ere, gizalegearen kontrako jarreretatik datozen ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak prebenituz.

–Babestea herriko ondasunak eta espazio publikoak edo pribatuak, eta hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak, gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira: kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak, lorategiak, zubiak, tunelak, lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak, urmaelak, eraikinak, merkatuak, kultur zentroak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak, landareak, edukiontziak, paperontziak, hesiak, garraioko elementuak, Udalaren ibilgailuak, eta Udalaren gainerako ondasunak, nolanahikoak izanik ere.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barruan daude beste administrazio publiko eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, herritarrentzat badira edo zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, landareontziak, gauzak saltzeko makinak eta nolanahiko gainerako ondasunak.

Ordenantza honetan bildutako babes neurriek halaber hartzen dituzte eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publikoko edo pribatuko tresnak edo instalazioak, hala nola atariak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, baldin eta eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke, ondasun pribatuak izan arren. Izan ere, hiriko ondare eta paisaiaren parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.

–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

–Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioekin ikusteko duten jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Añorbeko udal-mugarte osoan aplikatuko da.

4. Ordenantza hau osagarria da. Bestelako ordenantzei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, ordenantza honen xedekoak diren kontu berariazkoetarako, eta betiere, bidezkotzat jotzen baldin bada, bere zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

5. Ordenantza honetan biltzen diren udal eskumenak alkatetzak erabiliko ditu; hark eskatzen ahalko du bere ekimenez edo partikularren edo agintari eskudunen salaketa bidez, beharrezko prebentzio-, zuzenketa- edo konponketa-neurriak hartzea; egoki iritzitako ikuskapen guztiak agintzea; eta zehapen-prozedura aplikatzea, indarreko legedia eta/edo ordenantza hau betetzen ez badira.

3. artikulua. Herritarren arteko bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili behar dituzte berezkoa duten helburuaren arabera, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea begiratuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute herriko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu egin behar zaie. Besteen eskubideak eta askatasuna errespetatu beharrak, baita ondasun publikoen erabilera harmonizatzekoak ere, eskatzen ahal dute mugak ezartzea eskubide horren erabilera osoari.

3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen zaratarik egin, ez titulartasun pribatuko etxebizitza edo lokaletatik, ez lokal publikoetatik, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu ere, ezta gaueko aisiarako lokaletatik zalaparta handiz irten ere.

4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo psikologikoa dakarrenik ere.

5. Añorben dauden guztiek udal agintariei laguntza eman behar diete herritarren arteko bizikidetza trabatu, galarazi edo urratzen duten jokaerak ezabatzeko.

4. artikulua. Jarduketa administratiboak.

Ordenantzaren aplikazioaren ondoriozko jarduketak lotuko zaizkie prozeduraz, inpugnazioaz eta, oro har, araubide juridiko eta zehapenekoaz aplikatzekoak diren xedapenei.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz, zehapen-prozedura ofizioz hasiko da, Alkatetzaren erabakiz, dela bere ekimenez, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz edo salaketa baten ondorioz. Aplikatuko dira lege horren 63. eta 64. artikuluetan zehapen-prozeduretarako ezarritako berezitasunak.

5. artikulua. Herritarraren eskubideak eta betebeharrak.

1. Herritarraren eskubidea da zerbitzu publikoek ongi funtzionatzea eta, zehazki, Udalak, udal zerbitzu eskudunen bitartez, modu eraginkorrean zaintzea herritarren arteko bizikidetzari buruz berak nahiz beste batzuek dituzten arauak betetzen direla, edo dagozkion salaketak tramitatzea arlo horretako arau-haustea ekartzen duten jarduketen kontra.

2. Udal-mugartean, herritarra beharturik dago honako hauetara:

a) Indarra duen araudian eta Udalaren ordenantza eta erregelamenduetan bizikidetzarako ezarritako arauak betetzera, eta orobat Alkatetzaren ebazpenak eta bandoak, ordenantza honen xede direnak.

b) Ondasun eta instalazio publikoak nahiz pribatuak eta ingurumena errespetatzera eta ez hondatzera.

c) Eraikin publikoetan eta, betiere, ordenantza honetan eta diren erregelamenduetan ezarritako erabilera eta portaera arauak errespetatzera.

II. TITULUA

Añorbeko erabilera publikoko instalazio, zerbitzu eta ondasun babestuak

6. artikulua. Erabilera publikoko instalazioak Añorben.

1. Ordenantza honek babesten ditu Añorbeko erabilera publikoko instalazio eta zerbitzu guztiak: udaletxea, osasun kontsultategia, eskola zaharrak, zentro zibikoa, hiltegi zaharra, udal igerilekuetako instalazioak, udal pilotalekua, haurrendako parkeak, merenderoa, hirigunetik kanpoko aisia eremuak, hiri-altzarietako elementu guztiak, argiteria publikoa, paperontziak, markesinak eta, oro har, gisa bereko edo berdintsuko gainerakoak.

2. Añorbeko Udalak ez du inolako erantzukizunik ordenantza honetan jasotzen diren ondasunak eta zerbitzuak behar bezala ez erabiltzeak eragindako ondorioetan.

7. artikulua. Instalazioen ordutegia.

Zerbitzu eta instalazio publikoek erabilera publikoko ordutegia bete beharko dute, eta ezarritako ordutegiaren barnean egiten diren jarduerak instalazioaren edo dagokion zerbitzuaren xedearen araberakoak izanen dira, bertan hondamenik edo kalterik sortu gabe.

Erabilera publikoko ordutegitik kanpo ezin da esparruan egon.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez ezarriko da instalazio edo zerbitzu publikoen erabilera publikorako funtzionamendu-ordutegia.

8. artikulua. Instalazio publikoak lagatzea elkarte, kolektibo edo pertsona pribatuei

Udal instalazioak edo lokalak kolektibo, elkarte edo pertsona fisiko edo juridikoei jarduera pribatuak egiteko lagatzeko, beharrezkoa izanen da interesdunak aldez aurretik baimena eskatzea. Baimen hori alkatetzaren ebazpen baten bidez emanen da, eta bertan zehaztuko dira lagatako lokala erabiltzeko baldintzak.

9. artikulua. Ekitaldi publikoak antolatu eta baimentzea.

1. Espazio publikoetan ekitaldiak antolatzen dituztenek bermatu beharko dute pertsonen eta ondasunen segurtasuna. Horretarako, segurtasunerako eta norbera babesteko baldintza orokorrak bete behar dituzte, baimena emateko organo eskudunak zehaztuko baititu kasu bakoitzerako.

2. Udalak ez du baimenik emanen jaialdietako ikuskizun publikoak edo kultura, kirol edo antzeko arloetakoak egiteko eremu publikoetan, baldin eta ekitaldi horiek arriskuan jartzen ahal badituzte segurtasuna, elkarbizitza edo gizabidea, kontuan hartuta horietara joanen den jende kopurua, eremu publikoaren ezaugarriak edo behar bezala egiaztatutako bestelako inguruabarrak (espedientean arrazoituak). Halako kasuetan, ahal bada eta gainerako inguruabarrek ekitaldi hori egitea gomendatzen badute, Udalak ekitaldia gauzatzeko beste eremu batzuk proposatuko dizkie antolatzaileei, baita ekitaldia egiteko baldintzak ere.

3. Kultur, festa, josteta edo kirol arloko edo beste arlo bateko ekitaldi publikoen antolatzaileek, udal agintaritzarekin elkarlana, erantzunkidetasuna eta konfidantza izateko xedez, ekitaldia zaindu beharko dute, ordenantza hau hausten duen jokabiderik izan ez dadin; hala behar denean, halako jokabideen ondorioz hiri elementuak edo arkitektonikoak zikindu, hondatu eta narriatzen badira, Udalari jakinarazi beharko diote, eta konpondu, berritu eta/edo garbitu egin beharko dituzte.

Horretarako, Udalak antolatzaileei eska diezaieke fidantza bat jar dezatela edo aseguru poliza bat sina dezatela, horren bidez erantzuteko garbiketa eta ingurumen lanen gainean eta ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen beste kalte eta galera batzuen gainean. Kasuan kasuko espazio publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

III. TITULUA

Herritarren arteko bizikidetza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

10. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek arautzen du Añorbeko udal-mugarteko kale, espazio libre, pasealeku, plaza, bide, zubi, parke, lorategi, iturri eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera, komuna eta pribatiboa.

11. artikulua. Oinarrizko arauak bizikidetzarako eta eremu publikoaren zaintzarako.

Debeku dira honako jarduera hauek:

a) Eremu publikora edozein motatako zabor edo hondakin botatzea; horiek, txikiak baldin badira, paperontzietara bota beharko dira.

b) Bide publikoan lanbideetan edo lanetan aritzea; edo olioa edo bestelako isurki kutsagarriak aldatzea; nolanahiko konponketa eta mantentze lanak egitea.

c) Bide publikoan edozein gauza abandonaturik uztea, baldin eta pertsonendako arriskua badakar, ingurunea itsusten badu edo oinezko eta/edo ibilgailuen joan-etorriari kalte egiten badio.

d) Eremu publikoan ura edo edozein motatako isurkia botatzea edo behar fisiologikoak egitea.

e) Eremu publikoan nekazaritzako ibilgailuak eta makinak eta antzekoak garbitzea, eta produktu toxikoak eta/edo arriskutsuak isurtzea.

f) Landaretzarekin jabetza publiko edo pribatu mugakideak okupatzea. Partikularrek beren finketako landaretza zainduko dute, finka edo bide mugakideetara ez zabaltzeko moduan.

Kudeaketan tratamendu berezia behar duten hondakinak sortzen dituen edozein jarduerari dagokionez, une bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera egin beharko dute auzotarrek.

II. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

12. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.

2. Debeku da, Udalak baimena eman ezik, edozein iragarki mota paratzea eraikin publikoen fatxadetan, karrerapeetan, markesinetan, hiri altzarietan, arboletan eta murruetan. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.

13. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea espresuki baimentzen ahalko du honako kasu hauetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol ekitaldi garrantzitsuak egiten direnean.

b) Kultur emanaldiak apaintzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Haiek paratzeko lekuak.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argi edo argi-puntuei lotzeko modua erakusten duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Kartel, pankarta eta banderolak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean egon daiteke 29.2 artikuluan jasotzen den fidantza.

4. Kartelek, pankartek eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu, emandako epea iragan bezain laster. Hala egin ezean, Udala ordezko betearazpenari lotzen ahalko zaio, dagozkion zehapenak deusetan ukatu gabe.

14. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatu eta botatzea mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Publizitatea etxez etxe banatzen dutenek ezin izanen dute propaganda paratu atariko esparrutik kanpora, eraikinek horretarako saskiak edo ontziak badituzte. Propagandak edo iragarkiak saski horietan baizik ez dira uzten ahalko.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta aurreko artikuluko aginduak aplikatuko zaizkie.

III. KAPITULUA

Ondasunak hondatzea

15. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien itxura zakartzea badakar edo haien estetika hondatzen badu, 1. artikuluan ezarri bezala.

16. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geratuko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo gisakoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

3. Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

4. Udalak agintaritza eskudunari eskatzen ahalko dio materialak edo tresnak kentzeko edo atzemateko, jarduerak udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

5. Eraikin publiko batean edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristalak urratu edo apurtu, kartelak itsasi edo hura hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitzeko, berria jartzeko edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresari, erakundeari edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

17. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak, landareak eta zuhaixkak babesteko neurri gisa, debeku dira honako hauek:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Haietan edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Hondakinak botatzea zuhaitz-txorkoan edo inguruan.

Espezie inbaditzaileak landatzeari dagokionez, sektoreko araudian xedatutakoa beteko da.

18. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak zaindu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, lore-aska eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

c) Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

d) Azalak grabatu edo pintatzea, puntak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamioen euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak edo usain txarra ematen dutenak botatzea.

f) Zaborrak berdeguneetan botatzea. Hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

g) Gorozkiak soropilaren gainean uztea, eta orobat lorategi, bide eta espaloien gainean.

h) Sua piztea parke eta lorategietan, espresuki baimendurik dauden tokietan izan ezik.

3. Era berean, debeku da parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

19. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak erabiltzea kalteak eragiteko, haien estetika desitxuratzeko edo erabilera oztopatzeko moduan. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

2. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta birziklagarriak izanez gero, bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

3. Debeku da paperontzietan material, tresna eta gauza arriskutsuak uztea.

20. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da norbera barrenean sartzea eta edozer sartzea, arrantzan egitea, animaliei edatera ematea eta gaiak edo gauzak haietara botatzea.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduerak

21. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.

1. Bide edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria horretarako prestatutako tokietan, legez ezarritako kasuetan eta horiei dagozkien baldintzetan izan ezik.

Debeku da eremu edo espazio publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimena izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen maltzurkeriaz eragitea.

4. Debekatuta dago kalez kaleko salmentan aritzea beharrezko baimenik gabe.

22. artikulua. Suak eta festak.

1. Debeku da, baimenik gabe, erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere udal-mugarte osoan.

2. Jaiak edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren suak edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

3. Bereziki debekatuta dago material piroteknikorik erabiltzea babestutako eraikinen inguruetan, suziriak barne.

23. artikulua. Zaratak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute, bai hots mailei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera:

a) Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da zaratak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean. (Eguneko ordutegia, 8:00etatik 22:00etara; gaueko ordutegia, 22:00etatik 8:00etara. Administrazioak ordu bat aurrera dezake eguneko ordutegia).

Larunbat, igande eta jaiegunetan, eguneko ordutegia 10:00etatik 20:00etara izanen da.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauez.

24. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote kea, usaina edo hautsa sortzen duten jarduerak egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, lasaitasuna galarazten dutelako edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak direlako, indarra duen legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egiten ahal diren lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.

2. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimena izan ezean.

25. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta espazioak –orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne– zikin ditzaketen baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak. Batzuk aipatze aldera, debeku da aipatu bide edo eremuetan automobilak konpondu edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean, eta orobat zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, barnean sartzeko lekua gelditzen bada, eta gisako beste ekintza batzuk. Era berean, debekatua dago herbizidak, ureak, nekazaritzarako ongarriak eta antzekoak bide publikoetan isurtzea.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagarriak izan ezean; azken kasu horretan, bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da tresna edo objektu arriskutsuak paperontzi edo edukiontzietan sartzea (xiringak, bizar xaflak, osasun laguntzan erabilitako materialak, drogak, produktu kimikoak,...) bai eta zigarro-mutur piztuak edo sua duen beste edozer ere.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Iratiko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen gaikako bilketaren printzipioarekin bat.

3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura eror badaiteke nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuren batzuen gainean edo kalteak egin badiezazkieke bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

6. Ez da libre izanen eremu publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik baimenik gabe inarrostea.

7. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.

8. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten dioten xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

26. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo tu egitea.

27. artikulua. Higiezinak mantentzea eta zaintzea.

Higiezinen edo eraikuntzen jabeek beren jabetzako finkak, etxeak, patioak, etxeetako sarrerak eta abar osasungarritasun- eta apainketa-egoera egokian mantendu behar dituzte, ingurua eta alboko bideak babestuz.

28. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte berekin espazio publikoetan, baldin eta eramaten badituzte uhal edo kate batez loturik, edo legez ezarri bezala. (19/2019 Foru Legea, Animaliak babesteari buruzkoa).

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko kaka egin dezaten espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan bide publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu.

4. Animaliek ezin izanen dute edan bide publikoan gizakiek edateko dauden iturrietatik.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

29. artikulua. Kanpatzea.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/93 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimena izan ezean.

Agintaritza-agenteek kanpatzea bertan behera uzteko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo bide publikoa modu bidegabean okupatzen duten bestelako materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa baztertu gabe horregatik. Ukatuz gero, edo jabeak edo erabiltzaileak ezin aurkituz gero, agintaritza-agenteek bitartekoak jarriko dituzte haiek berehala kentzeko, eta sortzen diren gastuak arau-hausleen kontura izanen dira eta, solidarioki, jabeen kontura.

2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimena izan ezean.

30. artikulua. Merkataritza jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduaren titularrak bide publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.

2. Terrazak, beladoreak eta bide publikoko beste instalazio batzuk dituzten establezimenduen titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbituko dira eta, nolanahi ere, establezimendua ixten den unean egin beharko da beti.

Ezin izanen da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ez eta aldi baterako elementurik –ez finkorik, ez zoladurari loturik– erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, bide publikoan baimenik gabe jarria bada, edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.

31. artikulua. Diru-bilketak.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Administrazioak diru-bilketarako eskean ibiltzeko baimena ematen ahalko du interes humanitarioko edo sozialeko kasuetan.

32. artikulua. Establezimendu publikoak.

Establezimendu publikoen jabeek edo titularrek beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira, lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

IV. TITULUA

Zehapen araubidea

33. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahala arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraikiko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

34. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso astuntzat, astuntzat edo arintzat joko dira.

35. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu nabarmenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Legearen V. kapituluan, edo ordezko araudian, tipifikatutakoen artean. Betiere, arau-hauste oso astuna izanen da zaratak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 10 dezibeletan (dBA) baino gehiagotan gainditzen bada.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak larriki hondatzea.

e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian zirkula dezaten nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu larrian eta nabarmenean hondatzen dituzten ekintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean. Betiere, honako jokaera hauek arau-hausteak izanen dira:

1.–Seinale publikoak hautsi edo erauzi edo haietan pintaketak egin edo kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

2.–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak nahita edo erru larriz erretzea.

3.–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitzak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatzea, haiei tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, bai eta haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen badute.

i) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

j) Argiteria publikoaren edozein sistema nahita itzaltzea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

36. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko legedian. Betiere, arau-hauste larria izanen da zaratak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3-10 dezibeletan (dBA) gainditzen bada.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoa modu larrian trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

1.–Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

2.–Arriskutsua ez den edozein hondakin mota kontrolik gabe abandonatu, isuri edo ezabatzea, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri edo ingurumenean ez bada kalte larririk eragin.

3.–Bide publikoan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik gabe.

f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek modu normalean zirkula dezaten haientzat prestatutako tokietan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

37. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko legedian. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.–Zaratak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3 dezibeletan (dBA) baino gutxiagoan gainditzen bada.

2.–Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo katez lotu gabe, horretarako baimenik izan ezean.

3.–Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahai hankabakarrak paratzea, udal baimenik izan gabe.

2.–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

3.–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahai hankabakarrak paratzea, baimendu baino leku handiagoa okupatuta.

4.–Baimenik gabe kanpatzea.

5.–Espazio publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

6.–Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arinak dira:

1.–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintaketak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

2.–Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalteak sortzea.

e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1.–Espazio publikoak animalien gorozkiekin zikintzea eta ez garbitzea.

2.–Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsita.

3.–Bide publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

4.–Bide publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo uztea.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

38. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 50 eta 500 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste astunei 501 eta 1.000 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste oso astunei 1.001 eta 3.000 euro arteko isuna ezarriko zaie.

39. artikulua. Kaltea konpontzea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari kaltetu den egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera izapidetuko du antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

40. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan antolatzailea edo sustatzailea izanen dira erantzule solidario, bai eta baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak izanen dira erantzuleak animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari buruzko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 16.1, 17.5 eta 21. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

41. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Nahitakosuna.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

42. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio udalak espedientatuari, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko.

–Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.

–Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.

–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpen ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 86. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek aurreikusten ez duen orotan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatuari jarraikiko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko errekerimendua egiteko eskumena erabiltzeko.

Iragarkiaren kodea: L2202196