43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko urtarrilaren 12an hartua, “Juslapeña” udalerriaren izena aldatzea onesten duena. Hemendik aurrera “Juslapeña/Txulapain” izanen da.

2021eko azaroaren 29an, Txulapaingo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian, eskatzen zuena udalerri horren izena aldatzea aurrerantzean “Juslapeña/Txulapain” izan dadin; tramitazio horren gaineko espedientea ere jaso zen eskabidearekin batera.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 22. artikuluak hauxe dio: “Udalerrien izenak aldatzeko udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete bateko informazio publikoa egonda. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta hau emandakotzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik suertatzen ez bada”.

Aipatu espedientean jasota dago osoko bilkurak 2021eko azaroaren 26an, Nafarroako Aldizkari Ofizialeko informazio publikoko epea igarota, hartutako erabakiaren ziurtagiria, zeinaren bidez behin betiko onesten baita “Juslapeña” udalerriaren izen aldaketa, “Juslapeña/Txulapain” izan dadin.

2021eko abenduaren 2an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak izen aldaketari buruzko txostena eskatu zion Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari. Halaber, toki-erakundeari jakinarazi zitzaion, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 36/2015 Legearen 22. artikuluko 1.d) apartatuan ezarritakoarekin bat, prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea etenda egonen zela Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren txostena jaso arte.

2021eko abenduaren 17an jaso zuen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren nahitaezko txostena, non zehazten baita Euskaltzaindiak baieztatu duela proposatutako euskal izena, Txulapain, zuzena dela.

Horrenbestez, bidezkoa da organo eskudunak, hots, Nafarroako Gobernuak, onestea izen aldaketa. Izen aldaketari buruzko ebazpena Estatuko Administrazio Orokorrari igorriko zaio, Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 25.3 artikuluari jarraikiz; inskripzio hori, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Toki Erakundeen Erregistroan egin behar da.

Horretarako, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan xedatuarekin bat, udalen izen aldaketek ofizialtasuna lortzeko ezinbestekoa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 14. artikuluak aipaturiko erregistroan jasotzea eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Juslapeña” udalerriaren izen aldaketa onestea, “Juslapeña/Txulapain” izan dadin.

2. Izen aldaketari buruzko erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrera igortzea, Toki Erakundeen Erregistroan inskripzioa egin dezan, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko.

3. Erabaki hau argitaratzea, dagozkion inskripzioak egin ondoren, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Erabaki hau Txulapaingo Udalari jakinaraztea eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du ukatzen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 12an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2202265