43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: “Kultur entitateentzako dirulaguntzak kultur ondare immaterialeko proiektuak egiteko, 2022. Sustraiak-Raíces”. DDBN identifikazioa: 608618.

Museoen Atalak txosten bat aurkeztu du, proposatzen duena ondoren datorren guztia onestea: “Kultur entitateentzako dirulaguntzak kultur ondare immaterialeko proiektuak egiteko, 2022. Sustraiak-Raíces” deialdia, deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, 75.000 euroko gastua, eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horretarako, kontuan hartzen du aipatutako gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta espedientean dagoela kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “Kultur entitateentzako dirulaguntzak kultur ondare immaterialeko proiektuak egiteko, 2022. Sustraiak-Raíces”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2300-4816-333103: Sustraiak-Raices: kultur entitateentzako dirulaguntzak kultur ondare immaterialeko proiektuak egiteko

2022

75.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 26an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

DEIALDI HONEN OINARRI ARAUTZAILEAK: KULTUR ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZAK KULTUR ONDARE IMMATERIALEKO PROIEKTUAK EGITEKO, 2022. SUSTRAIAK-RAÍCES

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da kultur erakundeentzako dirulaguntzak arautzea, kultur ondare immateriala zaintzeko proiektuak egin ditzaten, hau da, Nafarroako kultur ondare immateriala dokumentatzeko, ikertzeko, transmititzeko, iraunarazteko, hedatzeko eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten 2021eko azaroaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitartean, biak barne.

Deialdi horrek bete egiten ditu 2006an Espainiak berretsi zuen Kultur Ondare Immateriala Babesteko UNESCOren Konbentzioaren printzipioak, 2003koak, eta horren emaitza izan zen 2011n Ondare Historikoaren Kontseiluak onartutako Kultur Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionala idaztea. Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, deialdi hau Nafarroako Kultur Ondare Immaterialaren Inbentarioaren Plan Zuzentzailearen ekintza-ildoetan txertatzen da. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren abenduaren 1eko 376/2016 Ebazpenaren bidez onartu zen plan hori.

1.2. Dirulaguntzen deialdia helburu hauek betetzeko egin da:

–Nafarroan kultur ondare immateriala zaintzen laguntzea, bereziki arrisku edo kalteberatasun egoeran dagoena.

–Kultur ondareari buruzko araudiak aitortutako kultur ondasun immaterialak babesten eta zaintzen laguntzea.

–Kultur ondare immaterialaren transmisioa, hedapena eta ezagutza bultzatzea.

–Kultur ondare immaterialaren funtzio soziala sustatzen laguntzen duten proiektuak babestea.

1.3. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea, estatutuetan daukana, bere xede eta helburuen artean, kultur ondare immateriala zabaltzearekin lotutako jarduerak egitea, 1. oinarrian xedatutakoarekin bat.

b) Legez 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, kondena jarri denean sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.4. Deialdi honetatik kanpo daude toki entitateak, haien organismo autonomoak, enpresa entitate publikoak, fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada, bai eta Nafarroako Gobernuko 2022ko aurrekontu orokorretan partida izenduna duten entitateak ere.

3.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 75.000 euroko diru kopurua izanen du, Nafarroako Gobernuko 2022ko aurrekontu orokorren kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Bestalde, entitate eskatzaile bakoitzaren laguntzaren zenbatekoa ez da izanen deialdi honi esleitutako aurrekontu osoaren %12 (9.000 euro) baino gehiago.

8.5 puntuan galdatutako puntuazioa gainditu duten irabazi asmorik gabeko elkarteek edo entitateek eskatzen dituzten zenbatekoen batuketa txikiagoa baldin bada deialdiko kreditua baino, edo hura adina, eskatzaile bakoitzari eskatutako zenbatekoa emanen zaio.

3.3. Hasieran esleitutako zenbatekoak askatzen badira, esleipen gehigarri bat egin daiteke, onetsitako proiektuetarako, lortutako puntuazioaren arabera, baldin eta eskatzen den gutxienekoa gainditu badute.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, hura hurrengo proiektuei emanen zaie, onetsi badira, lortutako puntuazioaren arabera, baldin eta eskatzen den gutxienekoa gainditu badute.

4.–Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Honako hau ulertzen da proiektutzat: entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa, horretarako baliabide zehatzak izanik.

4.2. Deialdi honen dirulaguntzen xede diren jarduerak, arestian aipatutako helburuen arabera, honako hauek dira:

a) Kultur adierazpen immaterialei buruzko ikerketa eta dokumentazio proiektuak.

b) Nafarroako kultur ondasun immaterialak kudeatzeko eta zaintzeko ekintzak egitea.

c) Kultur ondare immateriala iraunarazten eta ezagutzen laguntzeko transmisioa sustatzen duten jarduerak edo proiektuak.

d) Kultur ondare immaterialari buruzko hedapen ekintzak antolatzea.

Nolanahi ere, oinarri hauetako 6. klausulan aipatzen diren gastu baztertuak ez dira diruz lagunduko.

4.3. Proiektuak lau zati izanen ditu:

–Proiektuaren izena.

–Proiektuaren deskribapen zehatza.

–Zabalkunde plana.

–Aurrekontua.

Deskribapenari dagokionez: proiektua deskribatuko da, eta haren helburuak eta horiek lortzeko bete beharreko ekintzak zehaztuko dira.

Horrez gain, hauek ere jasoko dira: proiektua noiz eginen den, onuradunen ezaugarriak eta kopurua, lortu nahi den emaitza ebaluatzeko bide emanen duten adierazleak, kultur ondare immaterialaren testuinguruan proiektuak duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukiak eta helburuak bat etortzea, alderdi berritzaileak eta pedagogikoak eta euskara erabiliko den edo ez. Genero ikuspegia eta hizkera ez sexista erabiltzea proiektuen dokumentuetan, materialetan eta publizitatean.

Zabalkunde planari dagokionez, atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehaztuko dira.

Aurrekontuari dagokionez, proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratatzen diren langileak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla proiektuari aurre egiteko.

Proiektua II., III. eta IV. eranskinetan jasotako ereduaren arabera aurkeztu beharko da.

5.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eu). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve sistema eduki beharko da.

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.2. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena DIN A4 neurriko 6 orritan eginen da gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin.

Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean aurkeztu beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.3. Eskaera ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/servicios.

5.4. Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.5. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastuak diruz lagungarriak izateko, inolako zalantzarik gabe etorriko dira bat diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin, behar-beharrezkoak izanen dira, eta deialdi honetan ezarritako epean eginen. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Aurkeztutako proiektuaren ekintzak gauzatzean eragindako gastuak.

–Proiektuko ekintzak egitearekin lotutako kultur taldeen eta arte konpainien, artisten eta hizlarien ordainsariak.

–Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak, eta ezin izanen da gainditu aurkeztutako aurrekontuaren %15. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren araberako zati proportzionalak egotziko zaizkio proiektuari.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak egiteko behar diren langileen ostatu gastuak, dietak eta bidaia gastuak, barne hartuta entitate onuradunean lanean aritzen direnena eta horretarako kontratatzen direnena, bai eta jarduera egiteko beharrezkoak diren eszenografia, atrezzoa, jantziak, tresnak, eta/edo elementu teknikoak garraiatzea ere, gehienez ere:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratutako erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak.

–Garraioa: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.

–Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoko dirulaguntza ordainduko da.

Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (23/2013 Foru Dekretua, apirilaren 10ekoa, fakturazio betebeharrak arautzen dituena).

Entitate eskatzaileak berari lotutako pertsonak kontrata ditzake proiektua partez edo osoki gauzatzeko, eta kontratazio horrek ez du gaindituko gehieneko laguntzaren zenbatekoaren %15, eta baldintza hauek bete behar ditu:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

–Kontratazioak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

b) Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako proiektua gauzatzeko.

Proiektu bakoitzean zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %10 baino gehiago.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Herri bazkariak.

–Argitalpenen edo euskarri digitaleko materialaren edizioa.

–Web-orrien eta sare sozialen mantentze lanak.

–Kirol jarduerak, salbu kultura ondare immateriala direnak edo eskolakoak.

–Zinema jaialdiak eta lehiaketak, Foru Komunitatean 2022an egiten direnak.

–Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak, salbu eta dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarrien erosketarako 6.1 puntuan ezarritakoa.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura dezakeena, bai eta antzeko zergak ere.

Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

–Kultur adierazpen immaterialen euskarri materialak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeen gastuak.

7.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Museoen Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira. Honako hauek izanen dira:

a) Epaimahaiburua: Susana Irigaray Soto, Museoen Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Lorenzo García Echegoyen, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

b) Idazkaria: Mikel Ozkoidi Pérez, Ondare Etnologiko eta Immaterialaren Bulegoko burua edo, bera izan ezean, Iñaki Urricelqui Pacho, Museoen Ataleko teknikaria.

c) Batzordeko kideak: Celia Martín Larumbe, Museoen Ataleko burua edo, bera izan ezean, María Soledad Martínez Caspe, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

d) Batzordeko kideak: Pilar Martínez de Olcoz, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kidea.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea.–Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Zerbitzuak deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 5.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea.–Ebaluazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskaeren puntuazioa jarriko du, eta proposatuko du dirulaguntza bana dadila 8. oinarrian aipatzen den gutxieneko puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiaren partida agortu arte, baldin irizpide horiek gainditzen dituzten eskaeretako zenbatekoen batura txikiagoa bada deialdirako kreditua baino, edo hura adina.

4. fasea.–Batzordeak irizpen loteslea emanen du.

7.4. Museoen Zerbitzuak, ebaluazio batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8.–Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera (I. eranskina) aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean (Informazio ekonomikoaren inprimakia) beteko da. Gastuek eta diru-sarrerek zenbateko bera izan beharko dute.

Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez. 50 puntu horietatik, gutxienez 18 puntu izanen dira proiektuaren kalitate orokorraren atalari dagozkionak (8.2.2 a).

Oker betetzen diren datuak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Entitate eskatzailearen ibilbidea eta jarduna (10 puntu gehienez):

a) Entitatearen ibilbidea: Erakundeak jardunean emandako urte osoak. (5 puntu gehienez).

–10 urtetik gora: 5 puntu.

–Urte batetik 10 urtera: 2 puntu.

b) Entitatearen jarduera: Azkeneko hiru urte naturaletan egindako eta frogatutako jarduera garrantzitsuen kopurua. (5 puntu gehienez):

–Proiektuaren xedearekin zuzeneko lotura duen jarduera bakoitzeko puntu erdia, eta 4 puntu gehienez.

–Proiektuaren xedearekin zuzeneko lotura izan gabe egindako jarduera bakoitzeko 0,25 puntu, eta 2 puntu gehienez.

8.2. Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta eremuarekin bat etortzea. (75 puntu gehienez).

8.2.1. Taldearen osaera eta gaitasuna eskatutako proiektua egiteko (5 puntu gehienez). Gaitasun hori taldekide bakoitzaren curriculum berariazkoaren bidez frogatuko da. Bakoitzaren curriculumaren gehieneko luzera: 2 folio.

8.2.2. Proiektua (61 puntu arte).

a) Proiektuaren kalitate orokorra: (36 puntu gehienez) (beharrezkoa da atal horretan 18 puntu lortzea gutxienez).

–Proiektuaren izena.

–Proiektuaren deskribapena (10 lerro).

–Proiektuaren helburuak.

–Ekintzak eta jarduerak.

–Proiektua gauzatzeko datak.

–Aurreikusitako onuradun kopurua eta haien ezaugarriak.

–Alderdi hauek ebaluatzeko bide emanen duten adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak: lortu nahi den emaitza; proiektuaren garrantzia eta egokitasuna kultura tradizionalaren ikuspuntutik eta lurraldean; proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia; proiektuaren interes kulturala.

b) Euskara erabiltzea proiektuaren edukian eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean. (5 puntu gehienez).

–Euskara erabiltzea jarduerak zabaltzean, edozein euskarritan.

–Proiektuaren zabalpena ele bitan egitea.

–Proiektuan euskara erabiltzea.

–Jarduera euskaraz egitea.

–Euskara erabiltzea proiektuko komunikazio-hizkuntza gisa.

c) Proiektuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen garapenari egiten dion ekarpena (5 puntu gehienez).

d) Proiektuak kultur ondareari buruzko araudiaren arabera aitortutako kultur ondasun immaterialen gainean duen eragin maila (5 puntu gehienez).

e) Ikuspegi inklusiboa txertatzea, emakumeek kultura ondare immaterialean egindako ekarpenak eta beren presentzia ikusarazteko (5 puntu gehienez).

f) Bereziki kalteberak diren kultura ondare immaterialaren adierazpenei buruzko proiektuak (5 puntu gehienez).

8.2.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (9 puntu gehienez).

8.2.3.1. Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak. (3 puntu gehienez).

8.2.3.2. Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten ikus-entzuleak hurbiltzen laguntzeko ekintzak. (3 puntu gehienez).

a) Proiektuaren publiko objektiboa.

b) Inklusio eta irisgarritasun aktiboa (ekintza zehatzen bidez, zailtasun fisikoak eta psikosozialak dituzten publikoetara iristea): ekintza kopurua, publiko mota, kalkulatutako publikoa.

8.2.3.3. Ekintza berritzaileak (hizkera berriak, ikuspegi berriak...) (3 puntu gehienez).

a) Proiektuaren eremuari dagokionez.

b) Eremu asoziatiboari dagokionez (entitateak egindako jardueran).

8.3. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (15 puntu gehienez).

8.3.1. Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea. (9 puntu gehienez).

–%60 arte: 9 puntu.

–%60tik %65 arte: 5 puntu.

–%65etik %70 arte: 2 puntu.

8.3.2. Proiektuaren guztirakoaren gainean bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, dirulaguntza hau kenduta. Hurrengo agiriren bat aurkeztuz frogatuko da hori: baliabide propioak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuak eta sinatuak), berretsitako dirulaguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatuz gero entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak. (6 puntu gehienez).

–%50etik gora: 6 puntu.

–%41etik %50 arte: 4 puntu.

–%31tik %41 arte: 3 puntu.

–%21etik %31 arte: 2 puntu.

–%11tik %21 arte: 1 puntu.

8.4. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak eskaera eginen du deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduari jarraikiz; eredu horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

8.5. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez. 50 puntu horietatik, gutxienez 18 puntu izanen dira proiektuaren kalitate orokorraren atalari dagozkionak (8.2.2 a).

8.6. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo funsgabeak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita lau hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/servicios/.

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute honako hauen ondorioetarako: foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioa, eta sozietateen gaineko zergaren araudiak babesletza-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioa. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritakoarekin bat, foru lege horrek Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo dirulaguntza hau kudeatzen duen Museoen Zerbitzuaren bidez.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Erakunde onuradunek konpromisoa hartzen dute Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari baimena emateko diruz lagundutako proiektuak erabil ditzan kultura ondare immateriala ikertzeko, sustatzeko, zabaltzeko, eta babesteko jardueretan. Nolanahi ere, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak baimena eskatuko dio erakunde egokiari, eta honek adierazi ahal izanen du eskubide horren aurka dagoela edo eskubide horren erabilera baldintzatu, baldin eta erabilera horrek proiektuaren ustiapenari kalte eginen diola uste izatea arrazoizkoa bada.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak baimena dauka zabaltzeko, bere web-orriaren bidez, Kultura eta Kirol Departamentuak emandako dirulaguntzaren ondorioz egindako proiektuaren emaitzak.

11.5. Museoen Atalari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko organo kudeatzailearen adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez badu proiektua funtsean aldatzen.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa edo dirulaguntza deskribatzen duen testu bat ezarri. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraikiz.

11.7. Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Museoen Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

11.11. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta beste hedabide batzuetan zabal dadin.

11.12. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

Txostenean sartu beharko da masa soziala, entitateko zuzendaritza-taldea eta arte eta kudeaketa taldea osatzen dutenen sexuen araberako banaketa (emakumezko eta gizonezko bazkideen kopurua).

11.13. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

12.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %50 eta %100 egindakoan.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Museoen Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Museoen Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, entitateak Museoen Atalari eskatu egin beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2022ko azaroaren 4a baino lehen, egun hori barne:

a) Proiektuaren azken txostena eta proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena, 11.12 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

b) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

c) Ekitaldiko urteko kontuak.

d) 12.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

e) Egindako proiektuaren emaitza osatzen duten elementuak edo/eta materialak, edozein euskarritan.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

13.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

13.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute.

13.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.2. Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorretan partida izenduna duten kultur entitateek ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu.

15. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea hautatu duela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz.

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu bada, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Proiektua deskribatzen duen memoria.

III. eranskina.–Aurrekontua, jarduerak, gastua, langileak.

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu I. etik IV.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2201545