43. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

215/2022 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 10ean onetsi zuen “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2022ko Lan Publikoaren Eskaintza onesten duena”.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 10ean hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2022ko Lan Publikoaren Eskaintza onetsi zen.

ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN 2022. URTEKO LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA ONESTEN DUENA

2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2021eko abenduaren 28ko 22/2021 Legeak %120ko birjarpen tasa ezarri zuen 20.Bat.3.I) artikuluan unibertsitateko katedradunen, unibertsitateko irakasle titularren eta unibertsitateko kontratupeko irakasle doktoreen irakaskidegoetako lanpostuetarako. Muga horren barruan, unibertsitate bakoitzak, gutxienez, eskaintzen diren lanpostuen %15 gorde behar du Ramón y Cajal programan I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat, bakoitzari dagokion kategorian. Erreserba horretan aurreikusitako lanpostu guztiak erabiltzen ez badira, horiek Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetan diharduten beste ikertzaile batzuei eskaintzen ahalko zaizkie, betiere I2 ziurtagiria eskuratu badute.

Lege horrek 20.Bat. artikuluko 6. eta 7. apartatuetan ezartzen du, besteak beste, birjarpen tasa nola kalkulatzen den, unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne igoerako bidezko prozesuen ondorioz gertatzen direnak nola zenbatuko diren baja gisa, eta unibertsitateko irakaskidego batean sartzearen ondorioz hutsik gelditzen diren kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuak hurrengo ekitaldiko birjarpen tasan sartzen ahal direla.

20. artikuluko bigarren apartatuan, bestalde, ezartzen da birjarpen tasa hori balioduna izateko baldintza izango dela horren ondoriozko lanpostuak Lan Publikoaren Eskaintzan sartzea. Gainera, eskaintza hori, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 70. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoaren gobernu erakundeak onetsi behar du, eta autonomia erkidegoko aldizkari ofizialean argitara eman behar da, edo, bestela, Estatukoan, urtea amaitu baino lehen.

Bestalde, 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 62.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, unibertsitateek ahalmena dute unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne igoerako lanpostuetarako deialdiak egiteko, betiere irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopurua gainditzen ez bada urte horretako deialdian. Lanpostu horiek, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2021eko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 20.Bat. artikuluko 6. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ez dira kontatzen birjarpen tasa kalkulatzerakoan.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan ezarri bezala, Lan Publikoaren Eskaintzak, giza baliabideak planifikatzeko tresna den aldetik, gehitu beharreko langileak definitzen eta kopuruak zehazten ditu giza baliabideen plangintza orokorretik eratorritako beharren eta lehentasunen arabera. Beste alde batetik, gardentasun eta berdintasun printzipioei jarraikiz, Lan Publikoaren Eskaintzan sartu behar dira, beharrezkoa denean, barne igoerarako eskaini nahi diren lanpostuak, txanda librean eskaintzen diren lanpostuekin batera, eta bai barne igoerarako diren lanpostuak bai txanda librekoak argi eta garbi egon behar dira bereiz.

Alde horretatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen 2022. urterako Lan Publikoaren Eskaintzak barne hartzen ditu aurrekontu esleipena daukaten eta langile berriak sartuta bete behar diren giza baliabideen beharrak, eta jaso egiten ditu, halaber, barne igoerarako eskaini nahi diren unibertsitateko katedradunen kidegoetako lanpostuak, txanda librekoetatik bereizita.

2021eko ekitaldian Unibertsitate honetan zerbitzua emateari utzi dioten langile finkoen kopurua eta Unibertsitatean lanean hasi direnena kontuan hartuta –lan publikoaren eskaintzen bidez sartu direnak alde batera utzirik–, 59 lanpostukoa da langileen birjarpen tasa, 2021eko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 20.Bat. artikuluko 6. eta 7. apartatuetan ezarritakoaren arabera.

Lanpostu horien guztizkoari %120 aplikatu behar zaio, gorago aipatu bezala. Horren guztiaren ondorioz, 70 lanpostuko birjarpen tasa dago 2022rako.

Gainera, Unibertsitateak ahalmena du unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko barne igoerako lanpostuak eskaintzeko, baldin eta irakaskidegoetan sartzeko txanda libreko Lan Publikoaren Eskaintzan dagoen lanpostu kopurua gainditzen ez bada urte horretako deialdian.

Azkenik, 2022. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2021eko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 20.Bat.3.I) artikuluan jasotakoari jarraikiz, 10 lanpostu erreserbatu egin behar dira, eskainitako txanda libreko lanpostu guztien %15 –egiaztapena lortu den kategorian– Ramón y Cajal programa bukatu eta I3 ziurtagiria lortu duten ikertzaile doktoreentzat, edo, erreserba hori erabiltzen ez bada, Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetako beste ikertzaile batzuentzat, hauek ere I3 ziurtagiria eskuratu badute.

Irakasle eta Ikertzaileen Batzordeari eta Kontratupeko Irakasleen Enpresa Batzordeari honen berri eman eta gero.

Irakasleen Gaietarako errektoreordeak proposaturik eta Batzorde Akademikoak aldeko txostena eman duenez, honako hau da Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 10ean egindako bileran hartu duen.

ERABAKIA:

Lehena.–Lan Publikoaren Eskaintza onestea.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluan eta 2022. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2021eko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 20. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onetsi egin da Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen 2022. urteko Lan Publikoaren Eskaintza.

Bigarrena.–Txanda irekiko lanpostuak.

Hau da 2022. urtean txanda irekian eskaintzen diren irakasle eta ikertzaileentzako lanpostuen kopurua:

I.–Irakasle eta ikertzaile funtzionarioak:

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko katedraduna

A1

2 (*)

Unibertsitateko titularra

A1

40

(*) Bi lanpostuak I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat gorderik daude, 2022. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2021eko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 20.Bat.3.I) artikuluan jasotakoari jarraikiz, edo, erreserba hori erabiltzen ez bada, Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetako beste ikertzaile batzuentzat, hauek ere I3 ziurtagiria eskuratu badute.

II.–Lotura iraunkorra duten kontratupeko irakasle eta ikertzaileak:

KATEGORIA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Kontratupeko irakasle doktorea

28 (*)

(*) Lanpostu horietako zortzi I3 ziurtagiria eskuratu duten ikertzaile doktoreentzat gorderik daude, 2022. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2021eko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen 20.Bat.3.I) artikuluan jasotakoari jarraikiz, edo, erreserba hori erabiltzen ez bada, Espainiako edo nazioarteko bikaintasun programetako beste ikertzaile batzuentzat, hauek ere I3 ziurtagiria eskuratu badute.

Hirugarrena.–Barne-igoerako lanpostuak.

Unibertsitateko katedradunen kidegoan 2021. urterako barne igoeran eskaintzen den lanpostu kopurua hau da:

KIDEGOA

TALDEA

LANPOSTUAK GUZTIRA

Unibertsitateko katedraduna

A1

16

Laugarrena.–Hautaketa prozesuak.

Lan Eskaintza honen ondoriozko hautaprobak arautzen dituzten oinarri espezifikoak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratu behar dira hiru urteko epean, lan eskaintza hau argitaratzen den egunetik aurrera, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Hedapena.

Erabaki hau helaraztea Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Seigarrena.–Errekurtsoak.

Erabaki honen kontra zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2022ko otsailaren 10ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2202081