42. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

30/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmenaren bidez formalizatu zuten kontratupeko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduera ebaluatzeko kudeaketa-agindua argitaratzeko agintzen duena.

2022ko urtarrilaren 11n –azken sinaduraren data– formalizatu zen hitzarmen baten bidez Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko kudeaketa-agindua, kontratupeko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduera ebaluatzekoa.

Honako hau ezartzen du hitzarmenaren hamargarren klausulak: “Agindua formalizatzen duen hitzarmen hau aldeek sinaduraren bidez emandako adostasunak burutuko du, eta «Nafarroako Aldizkari Ofizialean» argitaratu beharko da, 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 artikuluaren arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen du argitalpenaren tramitazioa.”

Azaldutako guztiarengatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko kudeaketa-agindua, kontratupeko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduera ebaluatzekoa. Hitzarmena 2022ko urtarrilaren 11n sinatu zen –azken sinaduraren data–, eta 1. eranskinean dago.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 12an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

1. ERANSKINA

Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean formalizatutako kudeaketa-agindua, kontratupeko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduera ebaluatzeko

BILDURIK:

Alde batetik, Mercedes Siles Molina andrea, Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren (ANECA) izenean eta hura ordezkatuz, CIF S2801299E. Zuzendari gisa hartu du parte, ANECAren Kontseilu Gidariak izendatua (Kontseilu Gidariaren burutzaren 2020ko otsailaren 19ko Ebazpena, izendapena argitaratzen duena, 2020ko otsailaren 29ko EAO), eta ANECA erakunde autonomoaren Estatutuko 16. artikuluak ematen dizkion eskudantzien arabera jokatuz, 2015eko abenduaren 11ko 1112/2015 Errege Dekretuak onetsia.

Bestetik, Ramón Gonzalo García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean eta hura ordezkatuz, CIF Q3150012G, egoitza Arrosadiko Campusean duena, z.g.-31006 Iruñea (Nafarroa), Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkion eskudantzien arabera -Estatutuak 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren (63. NAO, 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko erabaki baten bidez aldatu ziren (70. NAO, 2011ko apirilaren 11koa), 2019ko ekainaren 14an izendatu ondoren, 2019ko ekainaren 5eko 68/2019 Foru Dekretuaren bidez (115. NAO, ekainaren 14koa).

AZALDU DUTE:

1. ANECAk, Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren bidez (aurrerantzean CNEAI), bat etorriz ANECA erakunde autonomoaren estatutua onesten duen 2015eko abenduaren 11ko 1112/2015 Errege Dekretuak ezarritakoarekin, ebaluatzen du unibertsitate publikoetako irakaskidegoetako eta Estatuko Administrazio Orokorreko ikerketako organismo publikoetako karrerako funtzionario eta bitarteko funtzionarioen ikerketa jarduera, bat etorriz Unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko 1989ko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuko 2.4.2. artikuluan ezarritakoarekin, 2015eko abenduaren 11ko 1112/2015 Errege Dekretuko azken xedapenetako lehenbizikoaren Bat puntuak duen idazketan.

2. Unibertsitate publikoek beren kontratupeko irakasleak ebaluatzeko sistema bat eduki behar dute, Unibertsitate publikoko karrerako eta bitarteko funtzionarioak diren irakasle eta ikertzaileak ebaluatzeko sistemarekin parekagarria izanen dena. Parekatze hori kontuan hartutako ebaluazioari berari dagokio, eta ez dator bat unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko 1989ko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuak karrerako irakasle funtzionarioentzat ezartzen duenarekin, ez eta Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 55. artikuluan ezarritakoarekin ere.

3. ANECAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak interes komuna dute irakasle eta ikertzaileen kalitatea hobetzeko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak interesa du bere kontratupeko irakasle ez-funtzionarioen ebaluazio sistema hori edukitzeko. Hori dela-eta, 2017ko azaroaren 10ean, bi aldeek agindua sinatu zuten hitzarmen baten bidez. Horren arabera Unibertsitateak ANECAri eskatu zion CNEAIk lotura iraunkorra duten kontratupeko irakasle doktoreen ikerketa jarduera ebalua zezala. Halaber, geroago, 2018ko ekainaren 27an, aginduaren adenda bat sinatu zuten. Horren arabera, unibertsitatean lotura iraunkorra duten kontratupeko irakasleei adendan egiten zaizkien aipamen guztiak kontratupeko bitarteko irakasle doktoreei aplikatzekoak direla ulertzen da. Halaber, beste adenda bat sinatu zuten 2021eko uztailaren 1ean, aldi baterako kontratupeko beste irakasle batzuk aginduan sartzeko.

4. Aginduaren epemuga iristekotan denez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak beharrezkotzat hartzen duenez ebaluazio sistema hori edukitzea, hitzarmenaren bidez agindu berri bat formalizatu behar da Unibertsitateak behar dituen kontratupeko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jardueraren ebaluazioak egin ditzan ANECAk.

5. CNEAIk ez du hitzarmen honen bidez inolaz ere Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen ebaluazioa egiten, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 55. artikuluak aipatzen dituen banakako, irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako merezimenduei lotutako ordainsari osagarriak jasotzeko. Hala, ez da aldatzen 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak ezartzen duen irakaskuntza- eta ikerketa-karreraren eredua, 2007ko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak egindako aldaketa berresten duena.

Aurrekoaren arabera, ANECAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ADOSTU dute hitzarmenaren bidez formalizatutako agindu hau sinatzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera. Honako hauek dira hitzarmena arautuko duten,

KLAUSULAK:

Lehena.–Xedea.

Agindu honen xedea da CNEAIk ebaluatu dezala Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen eta, zehazki, Unibertsitateak dagokion deialdian zehazten dituen figuren ikerketa jarduera.

Horrekin bat, CNEAIk ikerketa jarduera hori ebaluatzeko deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen du, bere eskumenekoa baita.

Ebaluazio hori CNEAIko batzordeek eginen dute, dagokion txosten teknikoa eginez eta CNEAIk seiurtekoen ebaluazioetan une oro aplikatzen dituen irizpideen arabera.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren betebeharrak.

Honako hauek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren betebeharrak:

1. Nahi dituen kontratupeko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduera aitortzeko deialdia egitea.

Deialdi horrek bat etorri behar du CNEAIk irakasle funtzionarioen ikerketa jarduera ebaluatzeko urtero ezartzen duen deialdiaren datarekin.

Unibertsitateak bere deialdian ezarriko du eskatzaileek betebeharra dutela eskaera bere erregistroetan aurkezteko.

2. ANECAri ebaluatzeko aurkeztutako eskaeren zerrenda bat bidaltzea, bosgarren klausulan ezarritako moduan.

3. Ikerketa jarduera ebaluatzeko prozedurak ebaztea eta deialdiaren tramitaziotik sor daitezkeen administrazio egintza eta ebazpen guztiak bere gain hartzea, bere eskumenekoak baitira.

4. Ikerketa jarduera ebaluatzeko prozeduren ebazpenaren aurka errekurtsoa jartzen denean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak txostena eskatzen ahalko die CNEAIko batzorde teknikoei. Gero, errekurtsoari amaiera jartzen dion ebazpen administratiboa emanen du Unibertsitateak.

Hirugarrena.–ANECAren betebeharrak.

Honako hauek dira ANECAren betebeharrak:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bidalitako eskaerak ebaluatzea CNEAIk egindako jardueren esparruan eta bere ebaluazio irizpideei jarraituz. Horretarako, deialdian agertzen diren Unibertsitateko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen esku jarriko du erabiltzen duen aplikazio telematikoa karrerako funtzionarioak diren irakasle eta ikertzaileen ikerketa jardueraren ebaluazioa eskatzeko.

2. CNEAIko batzordeen bidez, txosten tekniko bat egitea ikerketa jarduera ebaluatzeko eskaera bakoitzeko.

Txosten teknikoan, baloratu beharreko obra 0tik 10era kalifikatuko da. Txosten teknikoa Unibertsitatera bidaliko da gero.

3. Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ebaluazioan jarraitu beharreko prozedura ezartzea. Unibertsitateko irakasle funtzionarioen ikerketa jarduera ebaluatzeko prozedura orokorrari aplikagarriak zaizkion irizpide, epe eta arauak errespetatuko ditu prozedurak.

4. Aurreko klausulan ezarritakoaren arabera egiten ahal diren aurkatzeen kasuan txostena egitea.

Laugarrena.–Aginduak eragindako gastuen konpentsazioa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ANECAri konpentsatuko dizkio ebaluazio hau egiteko izan dituen gastuak. Gastu horiek aurrekontuaren 2. kapituluaren kargura finantzatuko dira (33. atala, 322C programa, 23. artikulua).

ANECAk hitzarmenaren gastuen likidazio bat eginen du, eta bertan agerraraziko da zein diren CNEAIk ebaluatu dituen eskaerak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ordaindu behar duen zenbatekoa. Eskaera bakoitzak 200 euroko kostua izanen du.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat etorriz, Banco Santanderren CNEAI organismo autonomoaren izenean irekita dagoen eta IBAN ES30 0049 5138 14 2616685755 zenbakia duen kontu korrontean sartuko du CNEAIk egin dituen txostenengatik ordaindu beharreko likidazioen zenbatekoa, ANECAk legearen arabera dagokion faktura egin ondoren.

CNEAIren ebaluazio batzorde teknikoetako kideek asistentziak jasoko dituzte ANECAren aurrekontuaren kargura, betiere, zerbitzuagatik ematen diren kalte-ordainei buruzko 2002ko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren 27. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, eta Ogasun Ministerioak Aurrekontuen eta Gastuen Estatu Idazkaritzaren 2021eko ebazpenean horretarako ezarritako mugekin, edo agindu horren indarraldian berariaz onetsitako baimenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez ditu inolaz ere ordainduko CNEAIko ebaluazio batzordeetako kideen asistentzia gastuak.

Bosgarrena.–Ebaluazio eskaerak.

Ebaluazio eskatzaileek ANECAk emandako plataforma elektronikoa erabiliko dute eskaera egin eta erregistratzeko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak konpromisoa hartzen du zerrenda bat ANECAra bidaltzeko, alfabetoaren arabera ordenatua eta editagarria, epea amaitu eta hurrengo hilabetean. Zerrenda horretan, aginduaren arabera ebaluatu beharreko eskaerak identifikatuko dira, informazio honekin batera: Unibertsitatearen izena/Sozietatearen izena, IFZ, helbide fiskala, harremanetarako pertsona, organo kudeatzailea, tramitazio-unitatea, kontabilitate-bulegoa eta organo proposatzailea, eta ebaluatutako eskaerak fakturatzeko garrantzitsua den beste edozein informazio. ANECAk ez ditu onartzen zerrendan agertzen ez diren eskaerak.

Zerrenda posta elektronikoaren bidez bidaliko beharko du unidad.cneai@aneca.es helbidera, eta honako hau jarriko du gaian: “Eskaera ebaluagarriak XXXX. urtea”, non “XXXX” dagokion deialdiaren urtea baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere deialdian aipatuko du eskatzaileek betebeharra dutela eskaera bere erregistroetan aurkezteko.

Seigarrena.–Eskumenaren titulartasuna.

Kudeaketa-aginduak ez dakar alderdien eskumenen titulartasuna lagatzea, ez eta horiek erabiltzeko funtsezko elementuena ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak emanen ditu hitzarmen honetan araututako kudeaketa-aginduaren xede den jarduera material zehatzaren euskarri diren edo hura barne hartzen duten egintza edo ebazpenak.

Zazpigarrena.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, tratamenduaren arduradunak, ANECAren esku jarriko ditu eskatzaileen datuak, hitzarmenaren xedea den ebaluazioa egiteko beharrezkoak direnak. ANECAk, tratamendua egiteko ardura duenak, konpromisoa hartzen du datuak xede bakar horrekin tratatzeko. Ebaluazioa egin ondoren, Unibertsitateak emandako datuak itzuliko ditu ANECAk ebaluazio txosten bakoitzarekin, eta dauden kopiak ezabatuko ditu, salbu eta Europar Batasuneko edo Espainiako zuzenbidearen arabera datu pertsonalak gordetzeko eskatzen bada.

Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzko 2016ko apirilaren 27ko Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren (EB) 2016/679 Erregelamenduak, 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duenak (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, aurrerantzean DBEO), 6.1.e) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aurreko paragrafoan aipatutako datuen tratamendua beharrezkoa da Unibertsitateak interes publikoan egindako misio bat betetzeko, zehazki, 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 31. artikuluan unibertsitate-politikaren funtsezko helburu gisa ezarritako kalitatearen bermea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, datuak biltzen diren unean, DBEOren 13. artikuluan aurreikusitako informazioa emanen dio ebaluatutako pertsona bakoitzari.

ANECAk hitzarmen honetan ezarritako xedea lortzeko baino ez ditu aplikatuko datuak, eta ez dizkio beste inori jakinaraziko, ezta gordetzeko ere, salbu eta ebaluazioaren ebaluatzaileei. Halaber, konpromisoa hartzen du datu horiek ez lagatzeko, eta une oro beteko du, eta ebaluazio lanak egiteko eman ahal dizkioten datu pertsonalei dagokienez, konfidentzialtasunerako eta sekretu profesionalerako betebeharra, DBEOren 28.3.b artikuluan, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gai horretan aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritakoa, eta horrekin bat etorriz ANECAk bermatuko du datu horietarako sarbidea duten ebaluatzaileek konpromisoa hartuko dutela konfidentzialtasun betebeharra betetzeko.

Ez da zilegi izanen hirugarrenei azpikontratatzea tratamenduaren kargudunak tratamenduaren arduradunari ematen dion zerbitzua.

ANECAk adierazten du betetzen dituela datu pertsonalak babesteko gaietan indarrean diren arauak, eta, bereziki, DBEO eta gaian indarrean diren gainerako xedapenak. ANECAn ezarritako segurtasun neurriak 2010eko urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak, Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasuneko Eskema Nazionala arautzen duenak, II. eranskinean (segurtasun neurriak) ezarritakoekin bat datoz.

ANECAk Unibertsitateari jakinaraziko dizkio, bidegabeko atzerapenik gabe eta Unibertsitateak emandako posta elektronikoko helbidearen bidez, ezagutzen dituen segurtasun urraketak, bere ardurapean dituen datu pertsonalenak, gorabeheraren dokumentaziorako eta jakinarazpenerako beharrezkoa den informazio guztiarekin. Halaber, Unibertsitatearen esku jarriko du beharrezko informazio guztia, DBEOko 28. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, bai eta arduradunak edo arduradun horrek baimendutako beste kontu ikuskatzaile batek kontu ikuskapenak egitea ahalbidetzeko eta laguntzeko ere, ikuskapenak barne.

DBEOko 82. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, ANECAk dokumentu hau eta arau horretan ezarritakoa urratzen badu tratamenduaren xedeak eta bitartekoak zehaztean, tratamenduaren arduraduntzat hartuko da tratamendu horri begira.

Zortzigarrena.–Iraungitzea.

Bere xedea bete duelako edo baliogabetzeko zioren bat dagoelako iraungiko da agindu hori.

Hauek izanen dira agindua baliogabetzeko zioak:

a) Aginduaren indarraldiaren amaieragatik, baldin eta aldi hori luzatzeko erabakirik ez bada.

b) Sinatzaileen elkarrekiko adostasunez.

c) Hitzarmen honen xede diren jarduerak egitea ezinezko edo premiagabeko bihurtzen dituzten zirkunstantziengatik.

d) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzeagatik. Kasu horretan, aldeek 20 egun lehenago abisatuko dute, ahal bada, iraungitzea. Errekerimenduan ezarritako epea igaro ondoren oraindik ere ez badira betetzen betebeharrak eta konpromisoak, errekerimendua egin zuen aldeak beste aldeari jakinaraziko dio baliogabetzeko zioa dagoela eta hitzarmena baliogabetutzat joko da. Eta horrek ez du sortuko kalte-ordainerako eskubiderik.

e) Hitzarmena baliogabea dela aitortzen duen erabaki judizialagatik.

f) Ordenamendu juridikoan aurreikusten den beste edozein arrazoi.

Bederatzigarrena.–Aldaketa.

Hitzarmenaren bidez formalizatutako agindu hau elkarrekiko adostasunez aldatzen ahalko da, zeinahi aldek eskatuta.

Hamargarrena.–Indarraldia

Agindua formalizatzen duen hitzarmen hau aldeek sinaduraren bidez emandako adostasunak burutuko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3 artikuluaren bidez. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eginen du argitalpenaren tramitazioa. Halaber, estatuko sektore publikoaren hitzarmen eta kudeaketa-aginduen erregistroan emanen du izena.

Lau urteko indarraldia izanen du. Epea amaitu baino lehen, edozein unetan, hitzarmena iraungitzeko edo luzatzeko aukera izanen dute gehienez ere beste lau urtez.

Hamaikagarrena.–Aurreko aginduen amaiera.

ANECAk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak erabaki dute bi alderdiek Unibertsitateko irakasleen ikerketa jarduera ebaluatzeko 2017ko azaroaren 10ean sinatu zuten agindua baliogabetzea. Horren ondorioz, ebatzi eta iraungitzat jotzen da.

Hamabigarrena.–Araubide juridikoa eta haren betearazpenak sor ditzakeen eztabaidak konpontzea.

Hitzarmen hau 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan aurreikusitako kudeaketa-aginduetako bat da, eta administrazio-izaera du.

Batzorde misto batek eginen du haren jarraipena. Batzorde hori bi alderdiek osatuko dute, aldeek izendatuko duten ordezkari banaren bidez. Ordezkariek hitzarmen honen interpretazioari eta gauzatzeari buruz sor daitezkeen eztabaidak ebatziko dituzte, eta 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera arautuko da. Adostasunik ez badago, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaitegi eta auzitegien mende jartzea erabaki dute alderdiek.

Eta adostasunaren erakusgarri, bi aldeek agindu hau sinatu dute, efektu bakarrerako, sinadura elektronikoaren leku-egunetan, eta azken sinatzailearen data izanen da dokumentu honen formalizazio data.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Ramón Gonzalo García jauna.–Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren aldetik, Mercedes Siles Molina.

Iragarkiaren kodea: F2201723