42. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

44/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Agindua eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 16ko 154/2021 Foru Agindua. Lehenak onetsi zituen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak, eta, bigarrenak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2022ko lan egutegia onetsi zuen.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onetsi ziren.

Halaber, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 16ko 154/2021 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2022ko lan egutegia.

Bi foru aginduetan xedatzen denez, ordutegi malgua ezarria duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegiaren zati finkoa da 09:00etatik 14:30era bitartekoa, eta falta den denbora osatzeko tarteak dira 07:30etik 09:00etara eta 14:30etik 17:00etara, langileen aukeran. Hala ere, jasota dago lanpostura egunero sartzeko malgutasuna ordu erdiz luzatzeko aukera, beren kargura familia-ardura jakin batzuk dituzten langileentzako neurri espezifiko gisa, soilik haientzat.

Bestalde, bi foru aginduetan xedatzen denez, eguneroko lanaldian (2022rako, oro har, 7 ordu eta 20 minutuko iraupena du) sei ordu edo gehiagoko lanaldi jarraitua duten langileek gehienez ere hogeita hamar minutuko etenaldia egiten ahalko dute, 10:00etatik 13:00etarako tartean, baina etenaldi horrek ezin du eraginik izan zerbitzuen prestazioan.

Bada, norberaren eta familiaren bizitza zerbitzua ematearekin bateragarri egiten lagunduko duten neurrietan aurrera egiten jarraitzeko, egokia da, batetik, langile guztiei zabaltzea adierazitako goizero lanpostura sartzeko ordutegi malgutasuna, eta, bestetik, hogeita hamar minutuko etenaldia egiteko ordu tartea zabaltzea, langileek atsedenaldia atzeratzeko aukera izan dezaten, eta nahi izanez gero bazkaltzeko erabili. Era berean, atsedenaldirako eskubidea duten kasuak zabaldu egiten dira, eta 15 minutuko atsedenaldia sartu da lau ordu eta erdi baino gehiagoko eta sei ordu baino gutxiagoko lanaldia duten langileentzat.

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da, aplikatu beharreko araudian aitortutako baimen eta lizentzia ordainduak emateko irizpideak bateratzeaz gain, bermatzea irizpide horietan sartuko dela, halaber, baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza betetzeko kasu bakoitzean behar den denbora. Horretarako, berariaz arautu behar da baimenaren barrenean sartzen dela baimena edo lizentzia eragin duen gertaera non den, hara joan-etorria egiteko behar den denbora.

Era berean, beharrezkoa da justifikatutako absentzia aldez aurretik lanpostutik igaro gabe edo ondoren lanpostura itzuli gabe egiten den kasuak ere arautzea. Kasu horietan, justifikatutako absentziaren guztizko denborak barne hartuko du lekualdatzeko denbora (langileak lanpostutik abiatu eta ondoren lanpostura itzultzeko joan-etorria egiteko behar duen denboraren baliokidea), baina ez da kontuan hartuko hamar orduko poltsa positiboa sortzeko ondorioetarako, ordutegi malgua duten enplegatuen kasuan.

Foru aginduaren edukia behar bezala negoziatu da Mahai Orokorreko sindikatuekin, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 83.6.h) artikuluarekin.

Horrenbestez, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Aldaketak egitea Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan. Agindu horren bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak.

1. Aldatzen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduaren 1. puntuko A) letra (foru agindu horren bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak), eta honela idatzia gelditzen da:

“A) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

Laneko ordutegiaren zati finkoa, langile guztiak lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, 09:30etik 14:30era bitartekoa izanen da, astelehenetik ostiralera.

Eguneko lanaldia osatzeko falta den denbora, 2 ordu eta 20 minutu, langileak aukeratuko du noiz egin, malgutasunez, betiere ordutegi honen barrenean: 07:30etik 09:30era eta 14:30etik 17:00etara.

Urte osorako modu orokorrean finkatzen den lanaldiaren banaketaren arabera, eguneko lanaldiak aldaketak jasan ditzake, eta horien mende egonen da, baita ere, ordutegi malguaren aipatu tarte hori.

Dedikazio esklusiboko osagarria edo lanaldia luzatzearena duten postuetako langileei ez zaizkie aplikatuko ordutegiko zati malgurako ezarritako mugak.”

2. Ezabatzen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduaren 1. puntuko egungo B) apartatuaren edukia. Agindu horren bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak.

3. Aldatzen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduaren 1. puntuko D) letra (foru agindu horren bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak), eta honela idatzia gelditzen da:

“D) Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Lanaldia lau ordu eta erditik gorakoa eta sei ordutik beherakoa bada, aipatutako etenaldia hamabost minutura murriztuko da. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 14:00etara hartzen ahalko da.

Langileak 16:00ak arte edo beranduago arte lanean jarraitzen badu, aurreko paragrafoko etenaldia 10:00etatik 15:00etara bitartean hartzen ahalko da.

Atsedenaldiak finkatutako iraupena gainditzen badu, gainetiko denbora aurreko atalean ezarritako enplegatuaren saldo negatiboari egotziko zaio, kalterik egin gabe langile guztiek lanaldiaren nahitaezko tarteari dagokion benetako lanorduen kopurua osatzeko duten betebeharrari.”

4. Aldatzen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduaren 1. puntuko E) letra (foru agindu horren bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak), eta honela idatzia gelditzen da:

“E) Justifikatuta egon beharko dute lanera ez joate eta puntualtasun- eta iraunkortasun-falta guztiek, aurreko paragrafoan aipatutako etenaldiek izan ezik, eta dagokion buruak baimendu beharko ditu aldez aurretik.

Langileei aplikatu beharreko baimen eta lizentziak ematen direnean, sartu behar da baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza betetzeko kasu bakoitzean behar den denbora ere. Denbora tarte horretan, honako hauek sartuko dira: lantokitik kontsultara edo baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza egin behar den lekura joan eta etortzeko langileak behar duen denbora, bai eta, adinagatik edo mugikortasun arazoengatik ahaideren bati lagundu behar zaion kasuetan, hura etxetik edo antzeko batetik hartu eta bertara itzultzeko behar den denbora ere.

Langilea lantokitik igaro gabe zuzenean joaten bada kontsultara edo baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza egin behar den tokira, baimenean hara joateko zentzuzko tarte bat jasoko da, langileak kontsulta medikotik edo gertaera eragilea egiten den tokitik lantokira itzultzeko behar duen denbora adinakoa; era berean, kontsulta bukatu ondoren langilea ez bada lantokira itzultzen, baimenean zentzuzko tarte bat sartuko da, lantokitik kontsulta medikora edo gertaera eragilea egiten den tokira joateko erabili duena adinakoa.

Baldin eta langilea joaten bada baimenaren xedeko egintza egitera bere lanpostutik igaro gabe, edo bukatutakoan ez bada lanpostura itzultzen, ordaindutako baimen edo lizentzia horiek emateagatik baimendutako guztizko absentzia-denbora ez da kontuan hartuko C) letran aurreikusitako hamar orduko poltsa positiboa sortzearen ondorioetarako.”

2. Aldaketak egitea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 16ko 154/2021 Foru Aginduan. Agindu horren bidez onesten da 2022ko lan egutegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat.

1. Aldatzen da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 16ko 154/2021 Foru Aginduaren 2. artikuluko 2. apartatuaren lehen paragrafoa (foru agindu horren bidez onesten da 2022ko lan egutegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat), eta honela idatzia gelditzen da:

“Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegi malgua baldin badute, bat etorriz Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin, horren bidez onetsi baitziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak, ordutegiaren zati finkoa 09:30etik 14:30era izanen da; gainerako lan denbora noiz egin langileek aukeratuko dute, malgutasunez, betiere ordutegi honen barruan: 07:30etik 09:30era eta 14:30etik 17:00etara”.

2. Aldatzen da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 16ko 154/2021 Foru Aginduaren 3. artikuluko lehen paragrafoa (foru agindu horren bidez onesten da 2022ko lan egutegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat), eta honela idatzia gelditzen da:

“Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Lanaldia lau ordu eta erditik gorakoa eta sei ordutik beherakoa bada, aipatutako etenaldia hamabost minutura murriztuko da. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 14:00etara hartzen ahalko da.

Langileak 16:00ak arte edo beranduago arte lanean jarraitzen badu, aurreko paragrafoko etenaldia 10:00etatik 15:00etara bitartean hartzen ahalko da.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko otsailaren 18an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2202575