41. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

26/2022 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibide batzuk onesten baitira 2022-2023 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren. 15.2 artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak urtero ezarriko ditu eskola egutegia eta ordutegia prestatzeko behar diren arauak eta ikasturteak izanen duen gutxieneko egun kopurua, bai eta ikasturtearen iraupena ere ikastetxe publikoen kasuan.

Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeei dagozkien egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesteari dagokionez.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2022-2023 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onestea Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

2022-2023 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako

1.–Egutegia prestatzeko irizpide orokorrak.

Egutegia eta ordutegia irizpide pedagogikoei jarraikiz eginen dira. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ezin izanen dute oztopatu azaldutako irizpideen aplikazioa.

1.1. Ikastetxe publikoak.

1.1.1. Entitate titularrek egutegirako proposamen zehatza eta librea egin dezakete beren ikastetxeetarako, betiere honako baldintza hauek beteko dituena:

–Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun –ikasturte hasieran eta bukaeran banatuak– zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

–Ikastetxea irekita egoteko aurreko paragrafoan aipatzen diren egunak 10,6 hilabeteko edo 318 egun jarraituko erreferentzialdi baten barruan daudela ulertuko da, eta hilabeteak 30 egun naturalekoak direla.

–Egutegia prestatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean jaiegun gisa adierazitako egunak, hain zuzen ere honako hauek 2022-2023 ikasturterako: 2022ko abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a, 8a eta 26a, eta 2023ko urtarrilaren 6a, apirilaren 7a eta 10a, eta maiatzaren 1a, eta udalak erabakitzen duen jaieguna, bertako zaindariari eskainia.

1.1.2. Proposamena 3.1. atalean ezarritako epean aurkezten ez duten ikastetxeei ofizioz esleituko zaie oinarrizko egutegi hau:

–Oro har, ikasturtea 2022ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2023ko uztailaren 14an bukatuko.

–Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, ikasturtearen hasieran eta bukaeran, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurren zuzeneko arretarako izanen dira.

–Eguberrietako oporrak 2022ko abenduaren 27tik 30era arte izanen dira, biak barne.

–Aste Santuko oporrak 2023ko apirilaren 11tik 14ra arte izanen dira, biak barne.

–Jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira, hots: 2022ko abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a, 8a eta 26a, eta 2023ko urtarrilaren 6a, apirilaren 7a eta 10a, eta maiatzaren 1a, eta udalak erabakitzen duen jaieguna, bertako zaindariari eskainia.

1.2. Ikastetxe pribatu baimenduak.

1.2.1. Ikastetxearen egutegia ondoko baldintzetara egokituko da:

–Ikastetxean haurrentzako arreta zuzeneko egunak gutxienez 175 izanen dira.

–Jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak izanen dira, hots: 2022ko abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a, 8a eta 26a, eta 2023ko urtarrilaren 6a, apirilaren 7a eta 10a, eta maiatzaren 1a, eta udalak erabakitzen duen jaieguna, bertako zaindariari eskainia.

1.3. Ikastetxe publiko eta pribatu baimenduetarako egutegiko aldaketak.

Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.

2.–Irizpide orokorrak, ikastetxe publiko eta pribatu baimenduen ordutegia prestatzeko.

2.1. Ikastetxearen ordutegia ondoko baldintzetara egokituko da:

–Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, biak barne.

–Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa betetze beharra.

–Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ez da baimenik izanen ikastetxean sartzeko, arrazoi justifikatuekin izan ezik.

–Eguneko lanaldia antolatuko da ardatz harturik haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoak.

2.2. Ikasturte hasieran haurren harrera aldirako plangintza egin beharko da, non, besteak beste, honakoak hartuko baitira kontuan:

–Harrera errazteko jarduera berariazkoak diseinatzea.

–Haur bakoitzaren beharrak aintzat hartzea.

–Familien partaidetza eta laguntza.

–Ikastetxeko ordutegiak eta antolakuntza malgutzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du harrerako aldi horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik.

2.3. Gainera, ikastetxe publikoetan:

–Haurrak zein eskolaldi-modalitatetan dauden matrikulatuak ikasturte guztian (osoa, murriztua, erdia), horren araberako ordutegia izanen du ikastetxeak.

–Haurren zuzeneko arretarako ez den denbora, lanaldia osatu arte, familiekin izaten diren bilerak egiteko, materialak prestatzeko eta proposamenak, koordinazio-lanak eta prestakuntza-jarduerak egiteko erabiliko dute ikastetxeetako hezkuntzako langileek.

3.–Tramitazioa.

3.1. Ikastetxeko entitate titularrak 2022ko ekainaren 1a baino lehen igorri beharko ditu egutegia eta ordutegia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, zehaztuta bertako unitateek zer-nolako eskolaldia duten (osoa, murriztua, erdia).

3.2. Egutegia eta ordutegia Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorri behar zaizkio zerbitzu horrek ezartzen duen moduan. Eta horrek, haiek aztertu ondoren, onetsi edo ukatuko ditu. 2022ko ekainaren 24rako jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira. Ikastetxeren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz ezartzen dena esleituko dio.

3.3. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2022ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, beren egutegia eta ordutegia igorri beharko dizkiote Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, zerbitzu horrek zehazten duen moduan, zehaztuta beren unitateen eskolaldia (osoa, murriztua, erdia). Aztertu ondoren, onetsi edo ukatuko ditu, eta erabakitakoa ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.

3.4. Egutegia eta ordutegia, behin onetsirik, nahitaez bete beharrekoak izanen dira, eta ikastetxeko zuzendaritzak izanen du horiek aplikatzeko ardura. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio haiek aplikatzen direla ikuskatzea eta kontrolatzea.

3.5. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko dira, eta aldaezinak izanen dira, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimena ematen, entitate titularrak eskatuta.

Iragarkiaren kodea: F2201975