41. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 16an hartua, arauak onesten dituena Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko.

2021eko urriaren 13an, Nafarroako Gobernuak erabaki bat hartu zuen, eta, horren bidez, behin-behineko arauak onetsi ziren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko. Erabaki hori hasierako gutxieneko esparru bat ezartzeko hartu zen, jasotzen ari ziren funtsekin finantzatutako jarduerak hasteko.

Erabaki hori onetsi zenetik, Estatuko Administrazioa zehazten joan da zer kudeaketa eta kontrol mekanismok eratu behar duten proiektu horiek gauzatzeko erreferentzia-esparrua. Bereziki, Suspertze Plana gauzatzeko oinarrizko euskarri izanen den Estatuko informazio-sistemaren konfigurazioa eta irismen funtzionala direla eta, Estatuko organoei esleitzen zaie urriaren 13ko erabakiak aldez aurreko fiskalizazioaren menpe jartzen zituen alderdiak definitzea. Beraz, ez du zentzurik alderdi horiek fiskalizatzea, Estatuko informazio-sistemak berak definituko baititu.

Bestalde, sistemen auditoretzaren xede izanen diren alderdiek behartzen dute Kudeaketa Planaren edukia zabaltzera, kontrol-tresna horren eraginpean dauden elementu guztiak jaso daitezen. Tresna horretan osagai berriak sartzeak ez du ukitu behar kudeaketa-sistemak izan behar duen malgutasuna, beharrezkoa dena proiektuaren helburuak kaltetzen ahal dituzten gorabeheretara egokitzeko. Horregatik, eta Kudeaketa Planek izan behar duten irismen zabalagoa kontuan hartuta, komenigarria da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen (SEM) Proiektuen organo arduradunei esleitzea egokitzat jotzen dituzten bitartekoak erabiliz helburuak lortzeko erantzukizuna, baina foru agindu edo ebazpen baten babesa izateko betebeharra kenduta.

SEMetik datorren finantzaketak ez du, neurri handi batean, egiten den aurrekontu-gastu osoa estaliko. Bereziki, SEMek ezin du finantzatu jasandako balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ), eta horrek, kontuan hartuta aurrekontuetan BEZa ezin dela bere kalkulu-oinarritik bereizi, behartzen du “ad hoc” tratamendu bat kontuan hartzera, ebaluatzeko zenbateko gaitasuna duten jasotako funtsek aurrekontu-gastuak finantzatzeko. Horrek eragin argia du aurrekontuen kudeaketan, bai diru-sarrera handiagoengatik kreditua sortzeko mekanismoari dagokionez, bai hurrengo ekitaldietara gauzatu gabeko kreditua eransteko tratamenduari dagokionez.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Arauak onestea Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko. Arau horiek erabaki honi erantsi zaizkio.

2. Eraginik gabe uztea Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 13an hartutako Erabakia, behin-behineko arauak onesten zituena Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko. Hala ere, aurrera jarraitzen ahalko dute kudeaketa- eta jarraipen-arau hauek onetsi aurretik izapidetzen hasi diren SEM proiektuek, arau horietan xedatutakoari egokituta. Bete ez diren txostenak edo izapideak eginen dituzte, eta/edo proiektuari dagokion egokitzapena eginen dute.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko otsailaren 16an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

SUSPERTZE ETA ERRESILIENTZIA MEKANISMOAK FINANTZATUTAKO PROIEKTUEN KUDEAKETA- ETA JARRAIPEN-ARAUAK

1.–Kontzeptu orokorrak.

1.1. SEM proiektua.

Araudi honen ondorioetarako, honako proiektu edo ekimen hauek dira SEM proiektuak: aplikagarri dutenak Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 46. artikulua, baldin eta horiek egiteko, Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen gastuen aurrekontuko kredituak erabili behar badira.

Izen horrek ez du ukatzen proiektu edo ekimen horiek jasotzen dutena bat etorriz Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema definitzen duen Estatuko araudiak adierazten duenarekin, kontuan izanik ezen, kasu guztietan, SEM proiektu bat SEEP programaren agintaritza arduradunak emandako erreferentzia bakar batekin etorriko dela bat.

1.2. SEM proiektuaren elementuak.

Honako hauek dira SEM proiektu orok berezko dituen elementuak:

–Lortu beharreko emaitzak, mugarrien (kualitatiboak) eta helburuen (kuantitatiboak) inguruan definituta, SEEP plana gauzatzeko arauek zehazten duten moduan. Emaitza horiek neurtuko dira lotuta dituzten adierazleen bidez, eta ulertuko da emaitza lortu dela lotutako adierazleak iristen direnean aldez aurretik zehaztutako mailetara.

–Noizko lortu behar diren mugarriak edo bete behar diren helburuak, osorik edo zati batean.

–SEM proiektuaren organo arduraduna, bere gain hartuko duena emaitzak lortzeko erantzukizuna.

2.–Proiektuen jarraipena.

2.1. Informazio sistema.

SEM proiektuei dagokienez, informazio sistema bat sortuko da, helburu hauek betetzeko:

–Informazioa biltzea proiektu bakoitzari lotutako mugarriei eta helburuei buruz eta lotutako adierazleen balioei buruz, egindako neurketen auditoretzako arrastoari eutsiz.

–Informazioa ematea SEMekin finantzatutako proiektuen ezaugarriei buruz eta egungo gauzatze-egoerari eta aurreikusitako bilakaerari buruz, bai ekonomia- eta aurrekontu-magnitudeei dagokienez, bai mugarri/helburuei eta lotutako adierazleei dagokienez. Bildu beharko dira onetsitako dirulaguntzen deialdien erreferentziak eta egindako kontratuenak, jaso behar direnak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean eta Sektore Publikoko Kontratazio Plataforman, hurrenez hurren.

–Dirulaguntzen onuradunak eta SEM proiektu bakoitzeko kontratista eta azpikontratistak identifikatzea, iruzur, ustelkeria edo interes-gatazka egoerak atzemateko.

–Informazioa ematea Estatuko Administrazioari mugarriak eta helburuak eta programazio ekonomikoa betetzeari buruz, araudi aplikagarrian adierazitako baldintzetan.

Aipatutako helburuak informazio-sistema honen bidez beteko dira, ezertan galarazi gabe Estatuko Administrazioak ondorio berberetarako ezartzen duen informazio-sistemak biltzen dituen eskakizun teknikoek eta eragiketakoek eskatzen dutena. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak bere zehaztapenak ezarriko ditu, baita eragiketa- eta funtzionamendu-arauak ere, adierazitako helburuak behar bezala betetzeko, xedea izanik emandako informazioak, mugarriak eta helburuak betetzeari eta egindako aurrekontu-gastuari dagokienez, zehaztasunez jasotzea SEM proiektu bakoitzerako ezartzen diren kudeaketa-prozeduren arabera egindako kudeaketa.

2.2. Informazioa kontabilitate-sisteman.

Aurrekontu-kontabilitatean SEM proiektuak gauzatzeari buruz egiten diren apunteek bete behar dituzte SEEParen kudeaketa-araudiak informazioa emateko ezartzen dituen eskakizunak. Horrenbestez:

–Dirulaguntzen deialdien identifikazio-kodeak gastua baimentzeko oharretan txertatuko dira, Gobernuak 2016ko urtarrilaren 26an hartu Erabakiaren bidez onartutako jarraibideetan jasotzen den bezala.

–SEM proiektuetan formalizatutako kontratuen ondoriozko gastu-konpromisoei dagozkien apunteek Kontratuen Erregistroan esleituta duten identifikazio-kodea jasoko dute.

–Ezin izanen dira erabili Estatuko Administrazioari eman beharreko informazioaren edukiarekin eta xehetasun-mailarekin bateraezinak diren kontabilitate-prozedurak edo dokumentu-motak. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zehaztuko du kontabilitatearen zer jardunbide den baterazina betebehar horiekin.

3.–Kudeaketa eta Kontrol Sistemen Atala.

3.1. Auditoretzako arrastoa.

SEM proiektuak gauzatzean, auditoretzako arrasto egokia mantendu beharko da gastuari dagokionez, kasuan kasuko helburuak eta mugarriak lortzeari dagokionez eta adierazleak neurtzeari dagokionez.

SEM proiektuen ondorioetarako, honako hau hartzen da auditoretzako arrastotzat: proiektu berari lotutako erreferentzia kateatuen multzoa, ahalbidetzen duena informazio-euskarriak aurkitzea kudeaketa-erabakiak justifikatzeko, bai eta proiektu horretako mugarriak eta helburuak betetzen direla egiaztatzen duten ebidentziak ere. Auditoretzako arrastoak aukera eman behar du kudeaketa-sistemaren funtzionamendu zuzena eta emandako informazioaren kalitatea ebaluatzeko, bai emaitzak lortzeari dagokionez, bai eragin ekonomikoari eta aurrekontukoari dagokionez.

SEM proiektuei auditoretzako arrasto bat lotzen zaiela bermatzeko, honako hauek egiaztatzeko aukera emanen duten dokumentuak jasoko dira:

–Nahitaezkoa den ebaluazio tekniko edo juridikoa SEM proiektuak egiteko administrazio-jarduketak onartzeko; honako hau jaso behar da: aztertutako alderdiak eta azterketaren emaitza, eta, hala badagokio, ebaluazioa zein erreferentzia tekniko edo juridikotan oinarritzen den, bai eta ebaluazioa nork egin duen ere.

–Administrazio-egintzak hartzeko egin diren egiaztapenak; honako hau jaso behar da: egiaztapen horien irismena, emaitza eta nork egin dituen. Egiaztapen horiek horrenbesteko xehetasunekin jaso beharko dira, ezen zehazten ahalko baita benetan egin diren kasu bakoitzean behar diren kontrol-jarduketak.

–Mugarriak eta helburuak betetzea, barne daudela administrazio-jarduketa zehatzei buruzko erreferentziak, baita posta-lokalizazioak edo lokalizazio geografikoak ere, bide ematen dutenak tokian bertan dagozkion egiaztapenak egiteko. Egindako egiaztapen edo neurketen deskribapena jaso beharko da, bai eta nork egiten duen betetzeari buruzko adierazpena ere.

3.2. Aurrekontuen kudeaketa.

3.2.1. Aurrekontuen egitura.

SEM proiektuen aurrekontuen egitura behar diren eskakizun teknikoetara egokituko da, behar bezala funtziona dezaten aurrekontu-jarraipenari buruzko informazioa lortzeko eta emateko prozedurek.

Gastuak sarrerekin lotzeko aurrekontu-egiturak gaituko dira, islatzen dutenak jasotako finantzaketaren eta SEM proiektuak gauzatzeko behar diren aurrekontu-kredituen arteko lotura, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 37. artikuluan jasotzen den bezala. Aurrekontu-egitura horiek proiektua garatzeko behar den denbora iraunen dute, eta kontuan hartuko dira ekitaldi bakoitzeko aurrekontuaren programazioa egiteko.

Gastuak eta diru-sarrerak lotzeko aurrekontu-egituretan, kontuan hartu beharko da SEM proiektua finantzatzeko jasotzen diren funtsek ezin dutela estali aitortu beharreko betebeharrengatik jasandako BEZa.

SEM proiektu bakoitza gauzatzeko aurrekontu-esleipenak kreditu indibidualizatuetan jasoko dira (helburu bakar horretarako sortuko direnak), eta horietan, kasuan kasuko SEM proiektua gauzatzeko aurrekontu-gastuak baino ezin dira jaso.

3.2.2. Kreditu-zuzkidura.

SEM proiektuak egiteko behar diren aurrekontu-kredituak emateko, aurrekontuak aldatzeko prozedurak erabil daitezke, jasota daudenak Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 14ko 13/2007 Foru Legean eta ekitaldi bakoitzerako onesten den Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean. Kredituen sorreran, diru-sarrera handiagoen aurreikuspenak jasotzeko, nahikotzat joko da Estatuko Administrazioak konpromisoa hartu izana egin beharreko SEM proiektua finantzatzeko, funtsak benetan jaso beharrik gabe.

Aurrekontu-kredituak emateko aurrekontu-kudeaketako jarduketak tramitatuko dira kasuan kasuko kudeaketa-planean jasotako ekonomia- eta aurrekontu-plana oinarri hartuta, zeina zehaztuta baitago jarraibide hauetako 3.4 apartatuan.

3.2.3. Aurrekontuaren betearazpena.

SEM proiektu bat gauzatzearekin lotutako aurrekontu-kredituak erabiltzen ahalko dira, soilik, SEM proiektu horrek esleituta dituen mugarriak eta helburuak betetzeari lotutako eragiketak erregistratzeko.

Aitortu beharreko betebeharren zenbatekoan sartuko da obligazio horiei dagozkien ondasun eta zerbitzuen erosketetan jasandako BEZa, baina kontzeptu hori ezin da finantzatu jasotako funtsekin.

Foru Komunitateko Administrazioak edo bere erakunde autonomoek dirulaguntzak jasotzen badituzte hirugarrenen alde oro har ezarritako baldintza berberetan, SEM proiektuaren partidaren kargura dirulaguntza eman eta ordaintzeko administrazio-ebazpena erregistratuko da, kontabilitatean, dirulaguntza hori ematea eragin duen eragiketaren gastuaren aurrekontu-berresleipen gisa, emandako zenbatekoarekin.

3.2.4. Gerakinen sarrera:

Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran gauzatu gabe geratu diren SEM proiektuak gauzatzeko aurreikusitako kredituak hurrengo ekitaldian txertatzen ahalko dira, proiektuaren kudeaketa planean bildutako ekonomia- eta aurrekontu-plana egokitu ondoren (jarraibide hauetako 3.4 apartatuan dago zehaztuta). Txertatze hori diruzaintzako gerakinarekin finantzatzen ahalko da.

3.3. Finantza-kudeaketa ona egiteko Europar Batasunaren printzipioak.

3.3.1. Interes gatazkak.

Departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiek eta erakunde autonomoetako eginkizun baliokideak dituzten unitateek inprimaki bat emanen diete, I. eranskinean jasotako ereduaren arabera, kontratuak eta dirulaguntzak kudeatzeko prozesuetan parte hartzen dutenei, bai prestaketa-faseetan, bai gauzatze-faseetan, interes-gatazkarik ez dagoela adierazteko, eta Europako Batzordearen Orientabideen ale bat jarriko dute haien eskura, finantza-erregelamenduaren araberako interes-gatazkako egoerak saihesteko moduari buruzkoa (2021/C 121/01).

Interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA) bete beharko dute SEMa betearazteko prozeduretan parte hartzen duten guztiek (kasu guztietan honako hauek: kontratazio-organoaren/dirulaguntza ematearen arduraduna, lizitazio/oinarri eta/edo deialdietako dokumentuak idazten dituzten langileak, eskaerak/eskaintzak/proposamenak ebaluatzen dituzten adituak, eskabideak/eskaintzak/proposamenak ebaluatzeko batzordeetako kideak, eskaintza baxuegiak baloratzeko txostenak egiten dituzten teknikariak eta prozedurako gainerako kide anitzeko organoak), baita espedientearen kudeaketa ekonomikoan parte hartzen dutenek ere, haien jarduketek nola edo hala baldintzatzen ahal baldin badute funtsen aplikazioa.

Kide anitzeko organoen kasuan, adierazpen hori dagokion bileraren hasieran eginen dute bertan parte hartzen duten guztiek, eta aktan jasoko da.

Era berean, IGEA bat bete beharko dute onuradunek, baldin eta, laguntza emateko baldintzen barnean, interes-gatazka sor dezaketen jarduerak egin behar badituzte, bai eta kontratistek eta azpikontratistek ere.

Kontratazio-espedientean edo laguntzak emateko espedientean sartu beharko dira interes-gatazkarik ez dagoela jasotzen dituzten adierazpenak, prozeduretan parte hartzen dutenek egindakoak (dela sinatutakoak, dela kide anitzeko organoen bileretan azaltzen direnak eta aktetan jasotzen direnak), auditoretzako arrasto egoki bati eusteko.

Interes-gatazka bat gertatzeko arriskurik baldin badago, Administrazioko langile bat inplikatzen duena kontratuak edo dirulaguntzak kudeatzeko prozesu batean, pertsona horrek hierarkian gorago dagoenari igorriko dio afera. Hierarkian gorago dagoenak idatziz berretsiko du interes-gatazkarik dagoen ala ez. Interes-gatazka bat dagoela uste bada, SEM proiektuaren organo arduradunak begiratuko du dagokion pertsonak bertan behera uzten duela gai horretan egiten duen jarduera oro. Idatziz dokumentatuko dira interes-gatazkako arrisku-egoera zehatza kudeatzeko hartzen diren erabakiak, eta SEM proiektuaren auditoretzako arrastoaren parte izanen dira.

3.3.2. Finantzaketa bikoitza.

Dirulaguntzak emateko aldez aurreko baldintza gisa, aztertuko da SEM funtsekin finantzatutako proiektuak beste tresna batzuen finantzaketa ere jasotzen duen, Espainiakoak zein Europakoak izan. Halakorik gertatuz gero, ikertuko da jasotako finantzaketa kostu berberak estaltzeko erabili den. Egindako egiaztapenek auditoretzako arrastoaren parte izan beharko dute.

3.3.3. Estatuaren laguntzak.

Dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzeko espedienteek adierazpen bat izan beharko dute estatuaren laguntzen arloko Europako araudia betetzeari buruz, II. eranskinean agertzen den formatuari jarraikiz.

3.3.4. Iruzur-arriskuaren ebaluazioa.

Iruzur-arriskuaren ebaluazioa txosten espezifiko gisa txertatu beharko da dirulaguntzen oinarri arautzaileen espedienteetan eta kontratazio-espedienteetan. Txosten horietan, administrazio-klausulen agiriaren/oinarri arautzaileen edukia aztertuko da, iruzur-arriskua balioesteko.

3.4. Kudeaketa plana.

SEM proiektu bakoitzerako, kudeaketa-plan bat egin beharko da, non jaso beharko baitira proiektuari esleitutako helburuak lortzera bideratutako jarduerak garatzeko kudeaketa-esparrua definitzen duten elementu guztiak.

3.4.1. Edukia.

Kudeaketa plana honako dokumentu hauetan egituratuko da:

–SEM proiektuaren memoria orokorra, honako hauek jasoko dituena:

  • SEM proiektua non kokatzen den SEEPen kudeaketa-sisteman, adierazita Ministerioak emandako osagaia, inbertsioa eta jarduera-kodea, eta, halaber, zer erreferentzia duen Foru Komunitateko Administrazioak eta Estatuko Administrazioak kudeaketa planaren proiektua gauzatzeko beren gain hartzen dituzten konpromisoak jasotzen dituen tresna juridikoak (araua edo hitzarmena). Hala badagokio, adieraziko da Estatuko Administrazioak onartu dituela SEM proiektua gauzatzeko egindako jarduera-proposamenak.
  • Aurreikusitako jardueren bidez lortu nahi diren helburuen deskribapena.
  • SEM proiekturako zehaztu diren mugarriak eta helburuak, adierazita noiz bete behar diren, osorik edo zati batean. Kasu guztietan, adieraziko da zein den azken eguna aurrekontu-betebeharrak aitortzeko.
  • Proiektua gauzatzeko erabiliko diren kudeaketa-tresnak, zein organo edo unitatek erabiliko dituen adierazita. Adieraziko da azaldutako helburuak lortzearekin duen lotura eta zer baldintza ezarri dituen Estatuko Administrazioak funtsak benetan jasotzeko. Edozein kasutan, lanak egiteko epeak adieraziko dira, bat etorri beharko dutenak mugarriak eta helburuak betetzeko ezarritako muga-egunekin. Honako hauek bereiziko dira:
  • Egin beharreko kontratuak, eskuratu beharreko ondasunak eta zerbitzuak adierazita.
  • Egin beharreko jarduketak, dela baliabide propioen bidez, dela entitate instrumentalei enkarguak eginez.
  • Emanen diren dirulaguntzak, diruz lagunduko diren jarduerak adierazita.
  • Egin beharreko zabalkunde-jarduera espezifikoak, Europar Batasuneko araudiak xedatzen duenaren arabera.

–Ingurumen-arriskuaren analisia, jasoko dituena aztertu beharreko elementuak, eta, hala badagokio, deskribatutako kudeaketa-tresnen definizio zehatzean txertatu beharrekoak: dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta entitate instrumentalei egindako kontratuen eta enkarguen klausulen agiriak, DNSH printzipioa betetzen dela bermatzeko.

–Txosten bat, justifikatzen duena proiektua gauzatzearekin lotutako jarduerak egiteko beharrezkoak diren langile-zuzkidura gehigarriek aurrekontuan duten eragina, zehaztuta zenbateko lan-karga behar den baliabideen gehikuntza hori justifikatzen duten proiektuaren emaitzak lortzeko. Adieraziko da nolako ezaugarriak dituzten bete beharreko lanpostuek eta zer epetarako eskatzen diren. Epe horrek bat etorri beharko du SEM proiektua gauzatzeko egin beharreko jardueraren iraupenarekin.

–Ekonomia- eta aurrekontu-plana, honako hauek jasoko dituena:

  • Urte anitzeko aurrekontu-programazioa, non jasoko baitira, aribideko ekitaldiko aurrekontuaren banakatze eta kodetzearekin, ekitaldi bakoitzean aitortu beharreko obligazioen aurreikuspenak eta atxikitako finantzaketa osatzen duten likidatu beharreko eskubideenak, adierazita aurreikusitako aurrekontu-gastuaren zer zenbateko ez dagokien gastu hautagarriaren kontzeptuei, helburuak lortzeko beharrezkoa izan arren.
  • Aurrekontu-kudeaketako zer jarduera egin behar den aurtengo ekitaldirako aurreikusitako aurrekontu-partidak hornitzeko.

–SEM proiektua kudeatzeko erabiliko diren arauen eta prozeduren eskuliburua. Honakoa izan behar du:

  • Egin beharreko lehen mailako kontrolen definizioa, mugarriak eta helburuak benetan betetzeari buruzko informazioaren fidagarritasunari dagokionez, jarraibide hauetan zehaztutako baldintzetan, adierazita zer euskarritan egiaztatuko den kontrola benetan egin dela eta nork duen kontrola egiteko erantzukizuna.
  • Mugarriak eta helburuak betetzeari buruzko informazioa eskuratzeko prozedurak, adierazita zer administrazio-izapide sor dezaketen edo zer jarduketa espezifiko eska daitekeen egiaztapena edo ikuskapena egiteko, bai eta zer unitate den jarduketa horiek egiteko arduradun ere.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak orientabideak emanen ditu kudeaketa-planaren dokumentuak egiteko.

3.4.2. Onespena.

SEM proiektuaren ardura duen organoak kudeaketa-plana osatzen duten dokumentuak onetsiko ditu, bai eta ondoren egiten diren aldaketak ere, eta horren berri emanen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuan Next Generation funtsak koordinatzeko eskumena duen organoari. Dagokion departamentuko idazkaritza nagusi teknikoaren zaintzapean geldituko dira kudeaketa-planak, edo eginkizun baliokideak dituen unitatekoaren zaintzapean, baldin eta proiektuaren ardura duen organoa erakunde autonomo batekoa bada.

Langile-zuzkidura gehigarrien justifikazio-txostenak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna izan beharko du, zehazten duena zuzena dela aurreikusten diren langile-zuzkidura gehigarrien aurrekontu-kuantifikazioa.

Ekonomia- eta aurrekontu-planak Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiaren onespena izan beharko du, aurreikusitako urte anitzeko agertokiaren bideragarritasunari dagokionez. Txosten horrek, kasu guztietan, kontuan hartu beharko du zenbateko eragina duten aurrekontuan dagokion justifikazio-txostenean aurreikusitako langile-zuzkidura gehigarriek.

3.5. Kontrol sistema.

Suspertze eta Erresilientzia Planean jasotako kontrol- eta kudeaketa-sistemaren arabera, Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan, SEM proiektuen kontrola bi mailatan definitzen da:

3.5.1. Lehen mailako kontrola.

SEM proiektuen lehen mailako kontrolaren helburua da honako hau bermatzea:

–Zuzenbidera egokitzen direla proiektua gauzatzeko antolatzen diren kudeaketa-tresnak.

–Dirulaguntzak emateko eta kontratuak esleitzeko ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta ondorengo betebeharrak aitortzeko ezarritakoak ere.

–Fidagarria dela helburuak benetan bete diren jakiteko informazioa.

–Behar bezala erabili dela SEM proiektuak gauzatzeko jasotako finantzaketa.

–Proiektuak gauzatu direla dagozkien kudeaketa-planetan ezartzen denarekin bat.

Erabakiak hartu baino lehen eginen dira lehen mailako kontrol-eragiketak, erabakiei eragiten dieten alderdiei dagokienez, eta erabakiak hartu behar dituenak ezagutu beharko ditu emaitzak. Informazio-sisteman erregistratu aurretik egin beharko dira mugarriak eta helburuak betetzeari buruzko informazioaren fidagarritasuna ukitzen duten lehen mailako kontrol-eragiketak.

Agiri bidez egiaztatu beharko da lehen mailako kontrolak egin direla, eta honako hauek jaso beharko dira:

–Nork egin duen.

–Erreferentziazko kode bat, kontrol-eragiketa dagokion SEM proiektuarekin lotu ahal izateko, dela zuzenean, dela izapidetzen ari den administrazio-espedientearen bitartez.

–Noiz egin den.

–Zein den xedea, eta, hala badagokio, haren kokapen postala edo geografikoa.

–Aztertutako alderdi teknikoak edo juridikoak.

–Egindako egiaztapen materialak eta lortutako ebidentziak.

–Ebaluaziorako erabili diren erreferentziak edo konparazio-elementuak.

–Emaitzak, lortu nahi diren helburuen arabera.

Hala eta guztiz ere, administrazio-prozeduretan eskakizunen kontrola egiteko, erantzukizunpeko adierazpenak erabil daitezke, zehaztuko dutenak zer betekizun konplitzen den. Halakoetan, eta soil-soilik izapidetzearekin jarraitzeko, uler daiteke erantzukizunpeko adierazpena izate hutsarekin betetzen direla eskakizunak. Kasu horietan, lehen mailako kontrolak barne hartu beharko du aitortutako baldintzen ondorengo egiaztapena, eta, hala badagokio, erraztu beharko du bidegabe ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko prozesua hastea.

Erantzukizunpeko adierazpenak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Deklarazioaren arduraduna identifikatuko du, zeina erantzulea izanen baita deklaratutako edukiaren zuzentasunik ezak Nafarroako Ogasunari eragin diezazkiokeen kalteengatik.

–Halako zehaztasunez definituko dira deklarazioko betekizunak, ezen egiaztatzeko modukoak izanen baitira edo kontrako ebidentzia onartuko baitute.

3.5.2. Bigarren mailako kontrola.

Kontu-hartzailetzak eginen du bigarren mailako kontrola, maiatzaren 17ko 31/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Barne Kontroleko Araudian adierazitako moduan, eta adieraziko da aurrekontu-kudeaketako jardueretan egiaztatuko dela zuzkidurak koherenteak direla proiektuaren ardura duen organoak onartutako ekonomia- eta aurrekontu-txostenaren edukiarekin, eta azken horren eta kudeaketa-planeko gainerako dokumentuen edukiarekin.

Dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta onesten diren kontratazio-espedienteak ikuskatzeko, III. eranskinean adierazitako egiaztapenak eginen dira. Atzematen diren gabeziak eta hutsuneak, eteteko eragozpen-arrazoia ez diren heinean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 101. artikuluan adierazitakoaren arabera, Finantza Kontrol Iraunkorrerako eta Auditoretzako Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio, bere garaian egin beharreko kontrolak bideratzeko.

I. ERANSKINA

Interes-gatazkarik ez dagoela deklaratzea

Inpartzialtasuna bermatu dadin goian aipatutako kontratazioaren edo dirulaguntzaren prozeduran, behean sinatzen dutenek, espedientea prestatzeko eta izapidetzeko prozesuan parte hartzen duten aldetik, honako hau adierazten dute:

Lehenengoa.–Honako hauen berri dutela:

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduak (EBko finantza-erregelamendua) 61.3 artikuluan ezartzen duenez, interes-gatazka egonen da funtzioen betetze inpartziala eta objektiboa arriskuan jartzen denean arrazoi familiarrengatik, afektiboengatik, kidetasun politiko edo nazionalengatik, interes ekonomikoengatik edo interes pertsonaleko zuzeneko edo zeharkako edozein arrazoirengatik.

2. Sektore Publikoko Kontratuei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 52. artikuluaren (Interes-gatazkak konpontzea) helburua da lehiaren edozein distortsio saihestea, prozeduraren gardentasuna bermatzea eta hautagai eta lizitatzaile guztiei tratu-berdintasuna bermatzea.

3. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak (Abstentzioa) ezartzen duenez, ez dute prozeduran parte hartuko apartatu honetan adierazitako egoeraren batean dauden administrazioetako agintari eta langileek:

a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo besteren batean, baldin eta azken horren ebazpenak lehenari eragin badiezaioke; sozietate edo entitate interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.

b) Ezkontza-lotura edo antzeko egitatezko egoera izatea, eta ahaidetasuna izatea, laugarren gradurainoko odolkidetasunezkoa edo bigarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunezkoa, interesdunetako edozeinekin, entitate edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, bai eta prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin ere, edo haien bulego berekoa izatea edo haiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzarako.

c) Aurreko letran aipaturiko pertsonetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.

d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko gisa parte hartua izatea.

e) Zerbitzu harremana izatea gaian interesa zuzena duen pertsona natural edo juridiko batekin, edo azken bi urteetan edozein motatako zerbitzu profesionalak eman izana, edozein dela ere egoera edo tokia.”

Bigarrena.–Ez daudela EBko Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan adierazitako interes-gatazkatzat har daitekeen inolako egoeratan, eta ez daudela Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23.2 artikuluan jasotako abstentzio-kausarik, lizitazioaren edo emakidaren prozedurari eragin diezaiokeenik.

Hirugarrena.–Konpromisoa hartzen dutela geroratu gabe jakinarazteko kontratazio-organoari edo ebaluazio-batzordeari egoera hori dakarren edo ekar dezakeen edozein interes-gatazka edo abstentzio-kausa.

Laugarrena.–Badakit ezen, adierazten bada interes-gatazkarik ez dagoela eta frogatzen bada hori faltsua dela, horrek aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen ondorioak izanen dituela diziplina, administrazio edo justizia aldetik.

II. ERANSKINA

Estatuaren laguntzen aitorpena

KUDEATZAILEENTZAKO ERREFERENTZIA

1. Estatuaren laguntza baten aurrean al gaude, EBFTren 107.1 artikuluaren arabera? (Hala izateko, baldintza hauek guztiak bete behar dira).

–Laguntza Estatuak ematea edo Estatuko funtsen bidez ematea, edozein modutan. Ulertzen da horren barnean daudela administrazio publiko guztiak.

–Laguntzak lehia faltsutzea edo lehia faltsutzearekin mehatxatzea.

–Laguntzak enpresa edo ekoizpen jakin batzuei mesede egitea.

–Laguntzak estatu kideen arteko merkataritza-trukeei eragitea

BAI

EZ

Jarraitu, soilik, baldin eta “BAI” markatu baduzu

2. Laguntzari de minimis erregimena aplikatzen al zaio?

BAI

EZ

2. galderan “BAI” markatu baduzu, jarraitu 6. galderara

3. Estatuaren laguntza bateragarritzat jotzen al da Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduarekin (erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira), edo onartuta dagoen lehenagoko laguntza-araubide batekin?

BAI

EZ

3. galderan “BAI” markatu baduzu, jarraitu 5. eta 6. galderetara

4. Estatuaren laguntza Europako Batzordeari jakinarazi al zaio gauzatu aurretik, EBFTren 108.3 artikuluaren arabera?

BAI

EZ

2. eta 3. galderetan “EZ” markatu baduzu, “BAI” erantzun behar duzu 4. galderan

5. Aldez aurretik jakinarazi ez den Estatuaren laguntza geroago jakinarazi al zaio Europako Batzordeari, arauzko epearen barnean?

BAI

EZ

3. galderan “BAI” markatu baduzu, “BAI” erantzun behar duzu 5. galderan

6. Estatuaren laguntza sartuta al dago Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean?

BAI

EZ

Aurreko galderetako edozeini “BAI” markatu badiozu, “BAI” erantzun behar duzu 6. galderan

III. ERANSKINA

Aldez aurreko fiskalizazioaren edukia oinarri arautzaileetan eta kontratazio-espedienteetan

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak (SEEP) kontrol-sistema bat jasotzen du hiru mailatan: lehenengo maila kudeatzaileek berek egiten dute; bigarren maila zerbitzu juridikoei eta esku-hartzeari esleitzen zaie, eta hirugarren maila, auditoretza bidezko geroko kontrola, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusiari dagokio, autonomia erkidegoetako esku-hartze orokorrekin lankidetzan.

Bigarren mailako kontrolaren barnean, esku-hartze delegatuei dagokie planari lotutako gastuak gauzatzeko egintzak aldez aurretik fiskalizatzea, funtsezko helburua baita iruzurra, ustelkeria, interes-gatazka eta jarduketen finantzaketa bikoitza prebenitzea, baita ziurtatzea ere egin beharreko gastuak Suspertze Planean aurreikusitako jarduera eta helburuetara egokitzen direla.

Definitutako kontrol-sistema orokorra eta integratua denez, Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 98.3 artikuluaren arabera, non fiskalizazio mugatua jasotzen baita, ezartzen da zer egiaztatu behar den lizitazioak onartzeko egintzetan edo SEEP funtsekin finantzatutako gastua baimentzen duten dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzeko egintzetan:

A.–Kontratazio-espedienteetan eta dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzeko espedienteetan egiaztatu beharreko alderdi komunak:

1. Badagoela aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa kontuan izanik gastuaren izaera eta hartu nahi den betebeharra.

2. Fiskalizatzen ari den egintza sinatzen duen organoak baduela horretarako eskumena.

3. Dagokion kudeaketa-plana dagoela, eta plan horretan ezartzen dela onetsi nahi den kudeaketa-tresnak lotura izan behar duela horiek txertatzen diren azpiproiektuaren mugarriak eta helburuak lortzearekin.

4. Espedientean erreferentzia bat dagoela jarduera SEEP programan txertatzeari buruz, adierazita zein den SEEP programaren agintaritza arduradunak azpiproiektuari esleitutako erreferentzia bakarra.

5. Espedientean jasota dagoela iruzur-arriskuaren ebaluazioa, Nafarroako Gobernuaren Erabaki honen 3.3.4 puntuan adierazia, eta pleguetan edo oinarri arautzaileetan jasotzen direla arrisku hori arintzeko ezarritako neurriak.

6. Espedientean sartu direla interes-gatazkarik ezaren adierazpenak (IGEA), kontratazio-organoaren titularrarena edo oinarri arautzaileak onesten dituen organoarena, edo espedientea prestatzean esku hartu duten pertsonenak.

7. Kudeaketa-planak barne hartzen duela Nafarroako Gobernuaren erabaki honen 3.4.1 apartatuan eskatzen den ingurumen-arriskuaren analisia, eta oinarri arautzaileek edo kontratazio-pleguek ingurumen-arriskuko elementu gisa jasotzen eta tratatzen dituztela adierazitako elementuak, baita horiek betetzen direla egiaztatzeko mekanismoak edo moduak ere.

8. Administrazio-klausulen eta preskripzio teknikoen agiriek, edo dirulaguntza arautzen duten oinarriek, kasua zein den, zerbitzu juridiko eskudunaren aldeko txostena jaso dutela.

9. Aldekoak izatea egiten diren txosten juridiko guztiak.

10. Organo kudeatzailearen proposamen batean adieraztea aplikatzekoa den araudia betetzen dela.

B.–Kontratazio-espedienteetan, egiaztatuko da honako hauek ere jasotzen direla baldintza-pleguetan:

1. Kontratua gauzatzeko epeak koherenteak direla azpiproiektuaren helburuak lortzeko epeekin, eta kontratuaren jarraipena egiteko mekanismoak eta kontratuaren konplimendua bermatzeko zigor egokiak ezartzen direla.

2. Hauek direla kontratistak informazioa emateko dituen betebeharrak, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8.2 artikuluan aurreikusitakoak:

–Kontratistaren eta azpikontratistaren IFZ, izena edo sozietatearen izena eta helbide fiskala.

–Inplikatutako administrazio publikoen arteko datuen komunikazioa onartzea, aplikatzekoa den Europako araudian aurreikusitakoa betetzeko eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz.

–Erantzukizunpeko adierazpena, SEEPak ezartzen dituen zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoari buruzkoa, baldin eragina izan balezakete kudeatu beharreko eremuan.

–Kontratistek egiaztatu behar dute inskribatuta daudela Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan edo Foru Komunitateko zerga administrazioko errolda baliokidean, adierazita benetan zer jardun egina duten lizitazio-prozeduran parte hartzen duten egunean.

–Kontratistak eta azpikontratistek informazioa eman behar dute funtsen azken onuradunaren benetako titularraren izenari eta jaiotegunari buruz.

3. Funtsen azken hartzaileek berariazko baimena eman behar dietela Europako Batzordeari, Iruzurraren aurkako Bulegoari, Europako Kontuen Auzitegiari eta Europako Fiskaltzari kontrolak egiteko, bai eta organo horiek kontratuari buruzko informazioa eskuratzeko duten eskubidea bermatzeko ere.

C.–Oinarri arautzaileak onesteko proposamen-espedienteetan, honako hauek egiaztatuko dira:

1. Kudeatzaileak jakinarazten duela estatuko laguntzei buruzko Europako araudia betetzen den ala ez (oinarri arautzaileetan jasotzen da), baldin eta dirulaguntza kategoria hauetako batean badago:

–De minimis laguntzak.

–Kategorien araberako salbuespen erregelamendu batek estalitako laguntzak.

–Batzordeari jakinarazitako laguntzak eta, bereziki, COVID-19aren denbora-esparruan emandako laguntzak.

De minimis laguntzen kasuan, baldintza hori berariaz jakinarazi beharko da oinarri arautzaileetan. Hor, halaber, berariaz aipatu beharko da laguntza emateko ebazpenean onuradunari dirulaguntza gordinaren zenbatekoaren berri emateko betebeharra. Onuradunak betebeharren artean izanen du aitortzea, guztira, zer beste de minimis laguntza jaso dituen aurreko bi zerga-ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga-ekitaldian.

2. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak koherenteak direla dagokien azpiproiektuaren mugarriak eta helburuak lortzeko epeekin.

3. Oinarri arautzaileek ohartarazten dute finantzaketa bikoitza debekatuta dagoela, eta onuradunari jakinarazten diote informazioa eman behar duela kostu berberak finantzatzen lagundu duten beste edozein funts publiko edo pribaturi buruz.

4. SEMaren Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera, oinarri arautzaileek honako hauen berri ematen diete eskatzaileei:

–Dirulaguntzaren erregistroa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

–Foru Komunitateko Administrazioak eta SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organo guztiek aukera izatea Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

–Informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

5. Oinarri arautzaileek aurreikusten dute onuradunaren betebeharra dela funtsen azken hartzaileari buruzko datuak ematea, hartzailea bera ez denean, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, funtsen azken hartzailea botere adjudikazio-emailea denean.

6. Deialdiaren oinarri arautzaileek honako baldintza hau ezartzen dute laguntza emateko: konpromisoa idatziz hartzea beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak emateko Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2202321