41. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

11/2022 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez izendatzen baita errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko azterketak berrikusteko epaimahaia, Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako.

Errepideko garraiolari gisa jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau komunak ezarri zituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1071/2009 (EE) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, errepideko garraiolari gisa aritzeko betebeharretako bat da gaitasun profesionala izatea. Hori horrela, Erregelamenduaren 8. artikuluak ezartzen du, betebehar hori egiaztatzearren, interesa duten pertsonek nahitaezko azterketa idatzi baten bidez erakutsi beharko dutela behar bezalako ezaupideak dituztela. Azterketa hori interesdunen ohiko bizilekua den Europar Batasuneko estatuan edo lan egiten duten Europar Batasuneko estatuan eginen dute.

Autonomia erkidegoek ziurtagiri hori eskuratzeko probak egiteko ahalmena dute, modalitate guztietan, ahalmenak autonomia erkidegoei eskualdatzeari buruzko uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren 13. artikuluak eskuordetutako ahalmenen arabera.

Irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduak, otsailaren 15eko 70/2019 Errege Dekretuak onetsitako aldaketaren ondoren, II. eranskinean jaso du errepideko garraiorako gaitasun profesionalaren ziurtagiria azterketa baten bidez lortzeko araubidea.

II. eranskinean ezartzen denez, azterketak egiteko eskumena duen organoak azterketak berrikusteko epaimahai bat izendatuko du. Epaimahai horren eginkizuna izanen da ziurtagiria lortzeko izangaiek egindako erreklamazioak ebaztea, halakorik bada, baldin eta uste badute azterketan planteatutako galdera edo kasu praktikoetako bat okerra dela edo aplikazioak gaizki kalifikatu duela.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi duenez, eranskineko 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko azterketak berrikusteko epaimahaia bost pertsonak osatuko dute: epaimahaiburuak, hiru epaimahaikidek eta idazkariak, azken horrek hitza eta botoa izanen dituela. Haien guztien ordezkoak izendatzen ahalko dira. Epaimahaiburua eta epaimahaiko beste bi kide goi mailako titulazioa duten eta azterketen gaietan espezializatuak diren funtzionario publikoak izanen dira.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko azterketak berrikusteko epaimahaia izendatzea Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Izendatzea errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko azterketak berrikusteko epaimahaia Nafarroako Foru Komunitatean eginen diren probetarako. Honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: María Aránzazu Murillo Zabalza, Kudeaketa Ataleko burua.

Ordezkoa: Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría, Mugikortasun, Logistika era Garraio Ataleko burua.

Epaimahaikideak:

–Ana Serrano Herrera, Garraio Baimenen Bulegoko burua.

–Laura Echeverría Iturbide, Garraioaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

–Santiago Alemán Carrica, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoak:

–María Jesús Gutiérrez Gutiérrez, Garraio Ikuskapenaren Bulegoko burua.

–María Senosiáin Labat, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

–María Begoña Goñi Encinas, Garraioko Zehapenen Bulegoko burua.

Idazkaria: Oscar Molviedro Barea, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

Ordezkoa: Loreto Gabari Sorozabal, Garraio Baimenen Bulegoari atxikitako administraria.

2. Ezartzea ezen errepideko garraio publikoan aritzeko gaitasun profesionalaren ziurtagiria lortzeko probetako azterketak berrikusteko epaimahaia erreklamazio bakoitzarekin batera eratuko dela.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari eta epaimahaikideei igortzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 8an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2202077