39. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Ordenantza fiskala, lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak arautzen dituena familia ugarientzat.
Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2021eko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren ordenantza fiskalean, familia ugarientzako hobariak arautzeko.

Hasierako onespen hori 2021eko 279. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 14an, eta jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza fiskalaren aldaketa.

Horrenbestez, haren testua osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Lekunberrin, 2021eko otsailaren 1ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

ORDENANTZA FISKALA, LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA FAMILIA UGARIENTZAT

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko tributu erreala da, ondasun higiezinen balioaren gainean kargatzen dena, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 158.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoaren arabera (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Zerga-egitatea eta ez ordaintzeko kasuak.

Zerga honen zerga-egitatea izanen da jarraian zerrendatzen diren eskubideen titulartasuna edukitzea, landa- eta hiri-lurreko ondasun higiezinen eta ezaugarri berezidun higiezinen gainean:

a) Ondasun higiezinen gaineko edo horiei loturiko zerbitzu publikoen gaineko kontzesio administratiboa.

b) Azalera-eskubide erreala.

c) Gozamenerako eskubide erreala.

d) Herri-ondasunen kontraprestazio bitartezko aprobetxamendu eta gozamenerako eskubidea.

e) Jabetza eskubidea.

Aurreko apartatuan ezarritako zerga-egitate bat gertatuz gero, bertan ezarritako ordenan, kasuko ondasun higiezina ez zaio lotuko hor jasotako gainerako modalitateetako araubideari.

Zerga honen ondorioetarako, ondasun higiezintzat joko dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean horrelakotzat jotzen direnak.

Higiezin bera udal-mugarte batean baino gehiagotan kokatzen bada, zerga honen ondorioetarako, udal horietako bakoitzari dagokion ordainarazpena honako hau izanen da: kasuan-kasuan higiezina ukitzen duten balorazio txostenak (udalerriaz gaindiko balorazio txostena edo udaletako balorazio txostenak) aplikatzearen ondorioz ateratzen den balioa.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak udalerriaz gaindiko balorazio txosten partzial bat onesten ahalko du, metodo eta parametroak ezarri eta haien bidez balio bat esleitu ahal izateko bi udal-mugarte edo gehiago ukitzen dituzten azpiegiturei.

Zerga hau ez ordaintzeko kasuak:

a) Errepideak, bideak, lur gaineko bestelako bideak eta jabari publiko hidraulikoko ondasunak, baldin eta erabilera edo aprobetxamendu publikoa eta doakoa baldin badute. Itzaleko bidesaria delakoaren menpeko autobiak eta gainerako azpiegiturak zergari lotuta egonen dira.

b) Ondoko ondasun higiezinak, kokatuta dauden lurretako toki-erakundeen jabetzapekoak badira:

–Jabari publikokoak izanik, erabilera publikoa dutenak.

–Jabari publikokoak izanik, udalak zuzenean kudeatzen duen zerbitzu publiko bati lotuak daudenak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkien ondasun higiezinak badira.

–Ondare ondasunak eta herri-ondasunak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkienak.

3. artikulua. Salbuespenak.

Ondasun hauek zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

–Foru erkidegoaren, Estatuaren, autonomia erkidegoen edo toki-erakundeen jabetzakoak direnak, defentsa nazionalari, herritarren segurtasunari edo hezkuntza, osasun edo espetxe zerbitzuei zuzenean atxikita badaude.

–Unibertsitate ikasketak ematen dituzten zentroetarako eraikinak eta lursailak, bai eta araubide orokorreko irakaskuntza ez-unibertsitarioa ematen duten itunpeko ikastetxeetarako direnak ere.

–Eliza katolikoarenak eta legez onartutako elkarte konfesional ez-katolikoenak, baldin eta elkarte horiekin badago Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluak aipagai dituen lankidetza-hitzarmenetako bat, eta, betiere, hitzarmeneko irizpideekin bat.

–Espainiako Gurutze Gorriarenak.

–Atzerriko gobernuenak, erabiltzen dituztenak ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrerako edo erakunde ofizialak paratzeko, elkarrekikotasunik bada edo halaxe ezarrita badago nazioarteko hitzarmenetan.

–Nazioarteko hitzarmenen arabera salbuespena aplikagarri zaien erakunde edo entitateenak.

–Trenbideek okupatutako lursailak eta lursail horietan dauden eraikinak. Eraikin horiek izan behar dute geltokiak, biltegiak edo trenbideak ustiatzeko nahitaezkoak diren bestelako zerbitzuak. Hortaz, ez dira ordaintzetik salbuetsita egonen ostalaritza, ikuskizun, merkataritza eta aisialdirako establezimenduak, enplegatuen etxebizitzak, zuzendaritzaren bulegoak eta industria instalazioak.

–Urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean berariaz eta banan-banan kultura-intereseko ondasun deklaratutakoak, edo kultura-intereseko monumentu edo lorategi historiko deklaratutakoak, errege-dekretu bidez, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 9. artikuluan ezarritako moduan, eta 12. artikuluan aipatutako Erregistro Orokorrean Espainiako ondare historikoaren osagai gisa inskribatutakoak; bai eta lege horren lehenengo, bigarren eta bosgarren xedapen gehigarrietan jasotakoak ere.

Salbuespen horrek ez ditu barne hartuko eremu arkeologiko, leku eta multzo historikoak mugatzen dituen perimetroaren barruan kokatutako hiri-ondasun guztiak, baizik eta, soil-soilik, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Eremu arkeologikoetan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluan aipatutako hirigintza-plangintzako tresnan babes bereziko objektu gisa sartutakoak.

–Gune edo multzo historikoen artetik, berrogeita hamar urteko edo gehiagoko antzinatasuna dutenak eta Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan aurreikusitako katalogoan babes integraleko objektu gisa jasota daudenak, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 21. artikuluan xedaturiko moduan.

  • Subjektu pasibo bakoitzak udalerri batean dituen ondasun guztiak, katastro-balioen batura 1.202,02 eurotik beherakoa denean. Zenbateko hori eguneratzen ahalko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan.
  • Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoek ez dute zergarik ordainduko erabilera edo zerbitzu publikoko ondasunengatik.
  • Plangintza orokorrerako mankomunitateak, eskualdeak eta mankomunitateak, bai eta haiek beren helburuak betetzeko sortutako entitate juridikoak ere, Udala haien parte denean, salbuetsita egonen dira lurraren kontribuzioa ordaintzetik.
  • Foru lege bidez ezarritako beste guztiak.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasiboak dira, zergadun gisara, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak eta entitateak, zerga honen ondorioetarako zerga-egitate bat sortzen duen eskubidearen titularrak direnak.

Subjektu pasiboa izanen da, betiere, zerga sortzen den egunean eskubidearen titularra dena. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz titular aldaketa eginez gero, ez da kontuan hartuko horren ondoriozko aldaketa juridikoa zein unetan sartzen den katastroan.

Ondasun higiezin baten gainean kontzesiodun bat baino gehiago baldin badira, kanonik handiena ordaindu behar duena izanen da zergadunaren ordezkoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboek jasandako tributu-karga zuzenbide komuneko arauei jarraikiz jasanarazteko duten ahalmena.

Era berean, zergadunaren ordezkoak ahalmena izanen du kuota likidoaren zatia beste kontzesiodunei jasanarazteko, bakoitzak ordaindu beharreko kanonen arabera dagokien neurrian.

Udalak zergaren kuota likido osoa jasanaraziko die honako hauei: zergaren subjektu pasibo izan gabe haren jabari publikoko ondasunak edo ondare ondasunak kontraprestazio bat tartean dela erabiltzen dituztenei.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga honen zerga-oinarria izanen da ondasun higiezinen katastro-balioa. Balio hori kalkulatu, aditzera eman eta aurkaratzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeari jarraikiko zaio, deusetan galarazi gabe Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 143.5 artikuluan xedatua.

Katastro-balioak legez ezarritako kasuetan eta moduan berrikusi, aldatu eta eguneratzen ahalko dira.

6. artikulua. Likidazio-oinarria.

Zerga honen likidazio-oinarria izanen da zerga-oinarrian legez ezarritako murriztapenak –eta bereziki ordenantza fiskal honetako 7. artikuluan aipatzen dena– egitetik lortzen den emaitza.

7. artikulua. Murriztapenak oinarrian.

Balorazio txosten oso bat onesteagatik, katastro-balioen aldaketa kolektiboa egiten bada eta, horren ondorioz, balio guztien batez bestekoa aurreko balioen batez bestekotik %25 baino gehiago igotzen bada, Udaleko osoko bilkurak ahalmena izanen du zergaren zerga-oinarrian murriztapenak onesteko, bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 138. artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

8. artikulua. Tributu-kuota, karga-tasa eta errekargua.

Zerga honen kuota osoa izanen da zerga-oinarriari hurrengo apartatuan aipatzen den karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa %0,25etik 0,50era bitartekoa izanen da.

Deusetan galarazi gabe, dena den, ezarririk dagoena otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrean eta azken xedapenetako bigarrenean (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea).

Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako; 1. eranskinean ageri dena, alegia.

9. artikulua. Hobariak.

1.–Urbanizazioa, eraikuntza eta higiezinen sustapena.

Zergaren kuotan %90eko hobaria izanen dute urbanizazioko, eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko enpresen jardueraren xede diren higiezinek, ibilgetuko ondasunen artean ez badaude.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako onurei buruzko erabakiak alderdi batek eskatuta hartuko dira.

Hobariaz gozatzeko epeak urbanizazio- edo eraikuntza-denbora hartuko du barne, eta urtebete gehiago obrak amaitzen direnetik aurrera; epe hori ezin izanen da hiru urtetik gorakoa izan, urbanizazio- eta eraikuntza-obrak hasten direnetik aurrera.

2.–Familia ugariak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak.

Zergaren kuotaren %90 bitarteko hobaria izanen da, adierazitako errenta-tarteen arabera, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboentzat. Ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari soilik aplikatuko zaio hobari hori.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko errentaren hartzaile direnei.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena aurreko bost urteko epean egina izatea, gehienez ere.

Errenta tarteak eta hobariaren ehunekoa.

ERRENTA TARTEA

HOBARIA (%)

3.350 eurotik beheitiko per capita errenta

%90

3.350,01 - 5.500 euro bitarteko per capita errenta

%80

5.500,01 - 6.650 euro bitarteko per capita errenta

%70

6.650,01 - 7.980 euro bitarteko per capita errenta

%60

7.980,01 - 9.300 euro bitarteko per capita errenta

%50

9.300,01 - 10.700 euro bitarteko per capita errenta

%40

10.700,01 - 12.400 euro bitarteko per capita errenta

%30

12.400 - 15.000 euro bitarteko per capita errenta

%20

15.000 eurotik goitiko per capita errenta, eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 4tik beheitikoa, edo horren parekoa, gehienez

%10

Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien ehunekoak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaz.

Hobari hori erregutua da, eta zerga-onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi beretik aplikatuko da, baldin eta zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera egiten bada likidazioa irmoa eta onartua izan aurretik.

Eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

Etxebizitzarako hobaria familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboentzat, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskabide sinatua, adierazirik familia-unitatearen ohiko bizilekua dela eskatzen ari den hobariaren xedeko bizitegi-erabilerako hiri-unitatea.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa familia ugari baten, guraso bakarreko familia baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular dela.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Etxebizitzarako hobaria kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboentzat, haien ohiko bizilekua denean:

a) Eskabidea, non jasoko baita katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea adierazita.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

Subjektu pasiboa ez da beharturik egonen agiriak aurkeztera, baldin udalari lehendik eman badizkio beste izapide batzuetan. Kasu horretan, inguruabar hori eskabidean jasoko beharko da, eta zer prozeduratan aurkeztu ziren adierazi.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatu beharko da ondorioak izanen dituen zergaldiaren lehen eguna baino lehen. Eskabidea aurkeztu beharko da uneko urteko abenduaren 31 baino lehen, ondorioak izan ditzan aurkeztu den urtearen ondoko ekitaldietan.

Behin zerga-hobaria emanda, ez da beharrezkoa izanen eskaera berriro egitea etorkizunean aplikatzeko, salbu eta hobaria ematea justifikatu zuten inguruabarrak edo aplikatu beharreko araudia aldatzen badira.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Hobari hau izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

10. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.

Zerga sortuko da zergaldiaren lehen egunean.

Zergaldia urte naturalari dagokio. Dena dela, kuota epe laburragoetan zatikatzen ahalko da.

Kargaturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeak aipatzen duen deklaratu beharra sortu eta hurrengo zergaldian.

Balorazio txosten bat onesten bada edo ondasun bat ondasun berezi gisa kalifikatu edo deskalifikatuz gero, aldaketa juridiko horren ondoriozko balioak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua. Ordainketarako afekzioa.

Edozein arrazoirengatik 2/1995 Foru Legearen 134. eta 137. artikuluetan aipatzen diren eskubideen titulartasuna aldatzen den kasuetan, eskubide horien xede diren ondasun higiezinengatik ordaintzeke geratu diren zerga-zor eta errekargu guztiak hartuko ditu bere gain titular berriak.

Zerga-akzioa lotutako ondasunen aurka deribatzeko, erregelamenduz jakinarazitako administrazio-egintza beharko da. Eskuratzaileak ordainketa egiten ahalko du, jarduketak aurrera egin dezan utzi edo erreklamazioa egin, egindako likidazioaren aurka edo deribazio horren jatorriaren aurka.

Deribazioaren muga izanen dira zerga honengatik ordaintzeke dauden zerga-zor eta errekargu guztiak, titulartasunean aldaketa izan duten ondasunei dagokienez.

12. artikulua. Zerga kudeatzea eta berrikustea.

Udalak kudeatuko du zerga, katastroko datuetatik abiatuta. Katastroa Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 9. eta 21. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz eratuko da, eta bertan ondasun higiezinei buruzko informazio hau bilduko da: ondasunaren identifikazioa eta kokalekua, titularraren identifikazioa eta egoitza fiskala, katastro-balioa eta zerga ordainarazteko behar diren gainerako datuak.

Udalak, 1. apartatuan agertzen diren datuetan oinarrituta, urtero, martxoaren 31 baino lehen, behar diren likidazioak egin eta, tributu-zorrak zein diren zehaztuta, kobrantza-agiriak igorriko ditu, zerga-tasa aplikatu zaion ondasunaren katastro-balioa espresuki adieraziz. Ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritakoaren arabera murriztapenik aplikatu behar bada zerga-oinarrian, inguruabar hori aipatu eginen da, bai eta murriztapen horiek noiz arte aplikatuko diren ere. Kobrantza-agirietan adierazita egonen da, halaber, tributu-zorra non, zer epetan eta zer modutan ordaindu behar den, bai eta aurkaratze bideak zein diren ere.

Katastroan alta eman ondorengo likidazioek ez dute jakinarazpen indibidualik beharko, eta kolektiboki jakinarazten ahalko dira horren berri emanen duten ediktuen bidez, baldin eta aurreko zergaldikoen berdin-berdinak badira edo izan diren aldaketak orokorrak badira. Ediktuetan adierazita egon beharko du zein egunetan amaitzen den aldizkako erreziboa ordaintzeko epea eta zer errekurtso jar daitezkeen likidazioen aurka.

Kasuren batean frogatzen bada, kobrantza-agiriak igorri ondoren, subjektu pasiboa ez dela katastroan titular gisa agertzen zena zergaren sortzapeneko egunean, eginiko likidazioak behin-behinekotzat hartuko dira, eta egin behar ez ziren diru-sarrerak itzuli eginen dira.

Subjektu pasiboek ahalmena izanen dute egin zaien likidazioa aurkaratzeko, eta, horretarako, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan zehazten diren bideetako edozein erabiltzen ahalko dute (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Zerga-oinarriari dagokionez, eta ez bada ondasunaren balioa errekurritu, zeina Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera adierazi edo jakinaraziko baitzen, likidazioaren aurkako errekurtsoan ere aurkaratzen ahalko da katastro-balioa, baina soilik aldaketaren bat izan bada aurre-aurreko zergaldiko lurraren kontribuzioaren zerga-oinarri gisa hartu zen katastro-balioarekin alderatuta, eta balio-aldaketa hori ez bada izan aldaketa orokorren ondorio.

Apartatu honetan aurreikusitako errekurtsoren bat jartzeak ez du aurkaratutako egintzaren betearazpena etenen.

Udalean zerga-oinarriaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, udalak ondasunaren katastro-balioari buruzko txosten loteslea eskatuko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta eten eginen da errekurtsoa ebazteko epea, harik eta txosten hori toki-erakundeari igorri arte. Txostena jasotzen denean berriz irekiko da epea eta, errekurtsoarekin batera, prozeduran sortzen diren auzi guztiak ebatzi beharko dira.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du eskumenik ebazteko toki-erakundeek lurralde kontribuzioaren zergaren gainean emaniko egintzen aurka jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak, baldin eta zerga-oinarriari buruzko aurkaratzearen xedea Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin horri ezarritako balioa baldin bada.

Zergadunek ez baldin badute betetzen katastroko aldaketaren aitorpena egin beharra, Nafarroako Lurralde Aberastasunari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezartzen den bezala, behin egindako aldaketa katastroan jasoz gero, preskribitu gabe dauden aurreko zergaldiei dagokien zerga ordainaraziko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, itzuli eginen dira subjektu pasibotzat hartu behar ez zenak oker egindako diru-sarrerak, baina, betiere, preskripzio epea errespetatuko da diru-itzulketa hori egiteko.

Ondasunaren inguruan edo kargapean jarritako eskubidearen titularraren inguruan auzirik baldin badago, zerga administrazioak halakotzat hartu ahalko ditu katastroetan agertzen direnak, eta behin-behineko likidazioak igortzen ahalko dira. Gero, epaileek epai irmoa ematen dutenean edo beste edozein moduren bidez auzia bukatutzat jotzen denean, behin-behineko likidazio horiek zuzenduko dira edo behin betiko bihurtuko.

Azken xedapena

Ordenantza honek indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

ERANSKINA 1

Karga-tasa

Karga-tasa hau ezartzen da 2021etik aurrera: 0.2944.

Lekunberrin, 2021eko azaroaren 25ean.

Iragarkiaren kodea: L2201619