39. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LATASA

Ordenantza, Auzo-bideen eta mendiko pisten erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Latasako Kontzejuak, 2022ko urtarrilaren 30ean egin batzarrean, behin betiko onetsi zuen Latasako Kontzejuko Auzo-bideen eta mendiko pisten erabilera arautzen duen ordenantza, behin hasiera batez onetsi ondoren 2021eko maiatzaren 28an egindako batzarrean, eta testuaren kontrako alegaziorik jaso gabe. Agintzen da argitara daitezela erabaki hau eta ordenantzaren testu osoa.

Latasan, 2022ko otsailaren 1ean.–Alkatea, Aritz Gorostiaga Eskubi.

AUZO-BIDEEN ETA MENDIKO PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek Latasako (Imotz) kontzeju-mugarteko auzo-bideen eta mendiko pisten erabilera arautzen du.

2. artikulua. Kategoriak.

Latasako Kontzejuko auzo-bideak eta mendiko pistak nolakoak diren, hartarako erabiliko dira, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bideetan kalte egiten dutenak edo trafikoaren segurtasunaren kontrakoak.

3. artikulua. Finka mugakideak.

Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte.

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debekatuta dago ibilgailu motordunekin zirkulatzea, lur irekietan eta bide eta pistetatik kanpo.

Debeku hori ez zaie jabeei aplikatuko beren finketan sartzeko, ezta nekazaritzan, abeltzaintzan eta oihangintzan aritzeko zirkulazio motordunari ere.

5. artikulua. Sarbide kontrolatuko pistetan ibilgailu motordunetan zirkulatzeko baimena.

A) Honako hauek dute zirkulatzeko baimena:

a) Kontzejuan erregistratutako auzotar guztien ibilgailuak. b) Erakunde publikoek, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

B) Partikularrak, edozein izaera juridikoko sozietateak, elkarte eta erakundeak, publikoak zein pribatuak, behartuta daude baimena Kontzejuari eskatzera, ondoko artikuluetan ezarritako eran eta baldintzetan. Latasako Kontzejua da salbuetsirik dagoen bakarra.

6. artikulua. Bideak eta pistak ixtea

Latasako Kontzejuak bere eskumeneko bideak eta pistak itxi ditzake.

A) Kontzejuko auzotar guztiek izanen dute itxituren giltza izateko eskubidea, bai eta bide eta pisten ixteak ukitutako finken jabeek eta errentatzaileek ere.

B) Bide eta pisten itxituren giltza emanen zaie Udaleko abeltzaintza- eta oihan-kudeaketako zerbitzu publikoei; gainerakoek eskatzea izanen dute.

C) Latasako Kontzejua bide eta pisten itxitura guztiak giltza berberarekin edukitzen saiatuko da, erabiltzaileei sarbidea errazteko.

D) Bidea ixteko giltza izateko eskubidea emanen zaie Mandategiko bordei eta Urritzako Kontzejuari, mugakideak direnez bideak erabil ditzaketela ulertzen baita.

6. artikulua. Kontzejuaren berariazko baimena behar duten jarduerak.

A) Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira, salbu etxeko egurra.

B) Eraikuntzako materialak pista eta bide horietan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

C) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Latasako Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

D) Latasako Kontzejuko barrutien ehiztari errentariek sarbide kontrolatuko pistetan zirkulatzea.

E) Pistetan ibilgailu motordunak iragatea aisialdirako eta beste erabilera batzuetarako.

F) Era guztietako materiala pilatzea bide edo lursail publikoan.

G) Aurretik zehaztu ez den beste edozein jarduera edo erabilera.

Erabat debekaturik dago pista horietan oihaneko gaiak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude.

Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da. Egindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain, garraiatutako oihaneko gaiek edo eraikuntzako materialek balio dutenaren halako bi ordainaraziko da, isun gisa.

7. artikulua. Baimena eskatzera behartutako subjektuak.

A) Zura denean, zurketariak edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresak. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

B) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzaileak.

C) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituenak.

D) Aurretik aipatutakoez bestelako erabilera egiteko sartu nahi duten partikularrak.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuko buruak emanen du pistetan barna ibiltzeko baimena.

9. artikulua. Baimena izapidetzea.

Aipatutako bide eta pistetatik igarotzen direnek aldez aurretik eskatu beharko dute baimena Latasako Kontzejuan, eta adierazi beharko dute aurreikusitako erabilera, zuraren edo beste materialen kantitatea eta horiek garraiatu behar dituzten makina astunen tonajea.

Oihana edo beste baliabide batzuk erabiltzeko eta ustiatzeko behar diren baimen ofizialak izanen dituzte.

Zuraren edo eraikuntzako materialen garraioa edo makina astunen pasatzea euri edo elur garaian egiten bada, Kontzejuari jakinarazi beharko zaio, une horretan pasatzea egokia den ebaluatzeko, eta zuhurtasun handienaz jokatuko da pista eta bideetan kalteak galaraztearren.

10. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Gehieneko abiadura 20 km/h-koa izanen da.

Oinezko, txirrindulari eta animaliei istripuak eta eragozpenak izateko arriskua murrizteko, gidariek abiadura jaitsiko dute behar den neurrian, haiek hurbil direnean.

Halaber, abiadura doitu eginen da malda handiko tarteetan, sestra-aldaketetan eta ongi ikusten ez den tokietan, bai eta sasoi lehorretan ere, horietan hautsa pilatzen baita pistetan.

11. artikulua. Jarduera debekatuak.

Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarriak badira.

Salbuespenez, Latasako Kontzejuak baimena eman dezake lehiaketa ofizialak eta taldeko jarduera turistiko antolatuak egiteko, aldez aurretik fidantza ordainduta.

12. artikulua. Erantzukizunak eta fidantzak.

Bide horiek erabiltzen dituztenek beraien jarduerarekin eragiten dituzten kalteak konpondu beharko dituzte.

Hartara, jarduera hasi baino lehen, behar den fidantza utzi beharko dute Latasako Kontzejuan. Kasu bakoitzean Kontzejuak kalkulatuko du fidantza, bideetan ustez sor dezaketen arriskuaren arabera.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoen arabera, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Orobat, arau-haustea izanen da baimenik ez eskatzea, edota, oro har, ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea.

Arau-hausteak 200 eta 1.000 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira (egindako arau-haustearen arabera baloratuko da isunaren graduazioa), baina isun horrek ezin izanen du gainditu Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan aurreikusitakoa.

14. artikulua. Kalte-ordainak.

Bideetan eragindako kalteak konponduko dira ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kargura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Iragarkiaren kodea: L2201698