39. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19/2022 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, deialdi honetarako gastua baimendu eta oinarriak aldatzen dituena: nekazaritzako lanbide erakundeek informazioko, orientazio profesionaleko eta enpresen prospekzioko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 608603.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 31ko 323/2020 Ebazpenaren bidez, nekazaritzako lanbide erakundeek informazioko, orientazio profesionaleko eta enpresen prospekzioko jarduketak egiteko dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onetsi ziren.

Hortaz, bidezkoa da aldatzea 5 c) oinarria, jarduketa diruz lagungarrien epeari buruzkoa, eta 2022. urterako gastua baimentzea, lehen aipatu dirulaguntzen deialdiari dagokiona.

Horrenbestez, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, bere 12. artikuluan ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiaren 5.c) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“Jarduerak 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 15era bitarte egitea”.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko “Nekazaritzako enpleguari arreta emateko programetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950001 96100 4819 241108 partidaren kargura; DDBN: 608603.

3. Ebazpen hau igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura eta kontu-hartzailetza delegatura.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2201787