39. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ekainaren 1eko 210/2009 Foru Agindua, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena du gizarte laguntzaren arloan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan ezarri bezala.

Eskumen hori garatzeko, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea ezarri zen, zeinak bermatzen baitu jende orok gizarte zerbitzuak eskura izanen dituela.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak –aipatutako foru legea garatzeko ezarri baitzen– gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazio guztiak zehazten ditu. Haren xedapen gehigarriak zerbitzuari lotutako prestazioa ezartzen du, zerbitzu jakin baterako eskubidea egonik gizarte zerbitzuen sistema publikoaren barruan zerbitzu hori erabilgarri ez dagoenean; kasu horietan, zerbitzuaren ordez prestazio ekonomikoa ematen da, betiere zerbitzu hori eskuratzeari lotuta egonen dena.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ekainaren 1eko 210/2009 Foru Aginduaren bidez, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautu ziren.

Foru agindu hori hainbat aldiz aldatu da abenduaren 14ko 39/2006 Legearen eta haren lege-aldaketen ezarpen progresibora egokitzeko (lege hori autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa da); aldaketen beste arrazoia izan da zerbitzuari lotutako prestazioen zenbatekoa eguneratu beharra.

Prestazioaren arauak egokitu egin behar dira prestazioa ematen deneko egoera desberdinetara; izan ere, egoera horietako batzuk ez ziren hasieran aurreikusi edo aldatu egin ziren mendekotasun-sistemaren aplikazio progresiboaren ondorioz. Horregatik beharrezkoa da zerbitzuari lotutako prestazioa arautzen duen foru agindua aldatzea.

Ildo horretatik, prestazioen zenbatekoak egokitzen dira zerbitzuen moduluen erreferentzietara eta plaza asistentzialak ituntzeko sistemetara.

Gainera, zenbait aldaketa egin dira ekainaren 1eko 210/2009 Foru Aginduan, koherenteagoa eta ulerterrazagoa izan dadin.

Arau honi buruzko kontsulta egin zaie Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluari, Desgaitasuna duten Pertsonen Nafarroako Kontseiluari eta Nafarroako Adinekoen Kontseiluari, bat etorriz kontsulta-organo horiek arautzen dituen araudian eskatutakoarekin.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ekainaren 1eko 210/2009 Foru Agindua, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen dituena.

Jarraian aipatzen diren aldaketak egiten dira Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ekainaren 1eko 210/2009 Foru Aginduan, zeinaren bidez zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen baitira.

Bat.–1. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. artikulua. Zerbitzuari lotutako prestazioaren kontzeptua eta hori eskuratzeko baldintzak.

Zerbitzuari lotutako prestazioa aldizkako prestazio ekonomiko bat da, eta foru agindu honetan aurreikusitako moduan aitortuko da, Gizarte Zerbitzuen Zorroan aurreikusitako zerbitzu baterako eskubidea izanik plaza publiko batean zerbitzua eskuratzerik ez dagoenean.

Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa eskuratu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Onuradunak betetzea Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan zerbitzu zehatz horretarako ezarritako betekizunak.

b) Ez egotea plaza publikorik erabilgarri, Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarritakoaren arabera.

c) Zerbitzura modu pribatuan sartzea.”

Bi.–2. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2. artikulua. Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa zehaztea.

Zerbitzuari lotutako prestazioa zehazteko, honako hauek hartuko dira kontuan: onuradunaren mendekotasun-maila, jaso beharreko gutxieneko edo gehieneko zenbatekoa, zerbitzuaren tarifa publikoa eta interesdunak ordaindu beharreko prezio pribatua, bai eta haren ahalmen ekonomikoa ere.

Egoitza-zerbitzuetan eta eguneko edo gaueko arreta-zerbitzuetan, zerbitzuari lotutako prestazioaren zenbatekoa izanen da –arau orokor gisa– jasoko den zerbitzuaren prezio pribatuaren eta zentro publikoetan zerbitzu horretarako finkatutako tarifa publikoaren arteko aldea, 2 bis artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

Arau orokorraren arabera finkatutako zenbatekoa handitzen ahalko da tarifa publikoaren eta onuradunak benetan egiten duen ekarpenaren arteko aldetik datorren zenbatekoan, 10. artikuluan ezarritako mugen barruan. Adinekoendako egoitza-arreta iraunkorreko zerbitzuan eta zentro psikogeriatrikoko egoitza-arretako zerbitzuan, onuradunek zenbateko gehigarri hori itzuli egin beharko dute, nahiz eta, hala badagokio, aldez aurretik bermeak eratzearen baldintzapean emanen den.”

Hiru.–2 bis artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“2 bis artikulua. Prestazioaren zenbatekoak. Salbuespenezko zenbatekoak.

1. 2. artikuluan ezarritakoa ukatu gabe, prestazioaren zenbatekoa honako irizpide hauen arabera kalkulatuko da:

a) Egoitza-arretako zerbitzua edo eguneko nahiz gaueko arreta-zerbitzua ematen denean Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin plaza itunduak dituzten egoitza-zentroetan, zerbitzuaren prezio pribatua handiagoa bada zentro bereko modulu-plaza itunduaren prezioa baino, modulu-plaza itunduaren prezioa hartuko da zerbitzu pribatuaren preziotzat, jaso beharreko prestazioa kalkulatzerakoan.

Arreta psikogeriatrikoko zerbitzuan, gaixotasun mentala dutenendako laguntzadun egoitzako zerbitzuan eta gaixotasun mentala dutenendako tutoretzapeko etxebizitzako zerbitzuan, honako batura hau hartuko da zerbitzu pribatuaren preziotzat, prestazioa kalkulatzerakoan: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak itundutako modulu-plazaren prezioa gehi Osasun Departamentuak itundutako osasun modulua.

b) Egoitza-arretako zerbitzua edo eguneko nahiz gaueko arreta-zerbitzua ematen denean Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin plaza itundurik ez duten adinekoendako egoitza-zentroetan, zerbitzuari lotutako prestazioa kalkulatzerakoan, zerbitzu pribatuaren muga-preziotzat hartuko da modulu-plaza itunduen preziorik txikiena (une bakoitzean indarrean dagoen plaza itunduen sistemaren barruan). Zerbitzuaren prezio pribatua txikiagoa bada modulu-plaza itunduaren preziorik txikiena baino, hura izanen da prestazioa kalkulatzerakoan kontuan hartu beharreko prezioa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin itundutako plazarik ez duten eguneko zentroetan, prestazioa kalkulatzerakoan, zerbitzu pribatuaren muga-preziotzat hartuko da une bakoitzean indarrean dagoen modulu-plaza itunduaren prezioaren %70.

c) Desgaitasuna eta/edo gaixotasun mentala duten pertsonendako egoitza-zentroen eta arreta-pisuen kasuan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin itundutako plazarik ez dutenean, zerbitzu pribatuaren muga-preziotzat hartuko da Nafarroako Autonomiaren eta Pertsonen Garapenaren Agentziak itunduta dituen antzeko bitartekoen modulu-plaza itunduaren prezioa, baldin eta entitateek frogatzen badute zerbitzu berdinak ematen dituztela antzeko langile-ratioak betez eta antzeko soldatak ordainduz. Bestela, zerbitzu pribatuaren muga-preziotzat hartuko da zerbitzuari benetan atxikitako langileen eta bitartekoen kostua kalkulatzearen emaitza.

Nahasmendu mental larria duten pertsonak egoitzetan edo plaza psikogeriatrikoetan sartzen direnean, Osasunaren eta Eskubide Sozialen departamentuen arteko batzordeak balioetsi eta aholkatu ondoren adostuta egiten bada, zerbitzu pribatuaren muga-preziotzat hartuko da modulu-plaza itunduaren preziorik handiena (Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziarekin itunduta dauden eta antzeko ezaugarriak dituzten plazen artean), aintzat hartuta a) apartatuan xedatu dena zerbitzu horien modulu-plaza itunduaren kalkulua egiteko, baldin eta entitateek frogatzen badute zerbitzuak ematen dituztela antzeko langile-ratioak betez eta antzeko soldatak ordainduz.

d) Garraio-zerbitzu bermatuari lotutako prestazioa kalkulatuko da 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2. Salbuespenezko zenbatekoak.

Salbuespen gisa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, zerbitzuari lotutako prestazioak ematean, gainditzen ahalko ditu foru agindu honetan ezarritako gehieneko zenbatekoak. Honako inguruabar hauetako bat gertatzen denean egiten ahalko du:

a) Desgaitasuna, nahasmendu mental larria edo arreta psikogeriatrikoaren beharra duten pertsonen kasuan, aldeko egokitasun-txostena badute (administrazio-organo eskudunak edo Osasun Mentaleko Zentroak emana), haiei eman beharreko zenbatekoa izanen da, gehienez ere, beren ekarpenaren eta –egoera bakoitzaren arabera– modulu-plaza itunduen prezio handienaren arteko aldea.

b) Baliabide ekonomiko eskuragarririk ez duten eta sor dezaketen zorragatik bermeak ezartzen dituzten pertsonen kasuan, eman beharreko zenbatekoa izanen da, gehienez ere, beren ekarpenaren eta modulu-plaza itunduaren prezioaren arteko aldea. Plaza itunduko modulurik ez badago, 2 bis 1 b artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

c) Gizarte-mendekotasuneko egoera aitortuta duten pertsonen kasuan, prestazioaren zenbatekoa handitzen ahalko da, gehienez ere Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak mendekotasun-mailaren arabera zerbitzurako ezarrita duen tarifa publikoa adinakoa izan arte, beren ekarpenaren eta, maila aintzat hartuta, gehieneko prestazioaren batura tarifa publikoa baino txikiagoa denean.

d) Zentro egokian sartzeko agindu judizialaren kasuan, zerbitzuari lotutako prestazioaren gehieneko zenbatekoa honako alde hau izanen da: zerbitzuaren prezio pribatuaren eta onuradunak bere errenta eta ondareagatik egin dezakeen ekarpenaren arteko aldea.

e) Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk daudenean, aurreko ataletako batean sartu ezin direnak; kasu horiek justifikatu beharko dira dagokion administrazio unitateak egindako txosten tekniko baten bidez, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen onespena beharko da.

Adierazi diren salbuespenak aplikatuta, zerbitzuari lotutako prestazioaren zenbatekoa ez da izanen honako hau baino handiagoa: mendekotasun handiko egoitza-arretarako ezarritako gehieneko laguntza bider 2,5.”

Lau.–5. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“5. artikulua. Prestazioa eskuratzea.

Onuradunak aukeratutako zerbitzu publikoa eskuragarri ez dagoela egiaztatu ondoren, zerbitzu pribatua benetan kontratatzeari lotutako prestazio ekonomiko bat eman zaiola jakinaraziko zaio.”

Bost.–6. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“6. artikulua. Prestazioa ordaintzea.

1. Prestazioak hilero ordainduko dira eta eskubidea aitortzen denetik aurrera sortuko dira.

2. Interesdunak edo haren legezko ordezkariak aukeratutako banku-kontuan ordainduko dira prestazioak. Prestazioen onuradunen egoera banaka baloratu eta haiek baimena eman ondoren, prestazio horiek zuzenean ordaintzen ahalko zaizkio zerbitzuak ematen dituen entitateari.”

Sei.–9.3 artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“9. artikulua. Prestazioaren amaiera.

3. Prestazioa iraungiko da iraungitzeko arrazoia gertatzen den egunetik aitzina. Egiten diren bidegabeko ordainketak itzuli egin beharko dira.”

Zazpi.–10. artikuluan, 1., 2. eta 4. apartatuak aldatzen dira eta testu hau izanen dute:

“10. artikulua. Prestazioen gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak.

1. Egoitza-zerbitzuak.

MENDEKOTASUN MOTA

GEHIENEZ

(euroak/hilean)

GUTXIENEZ

(euroak/hilean)

Mendekotasun handia

1.482,37

250,19

Mendekotasun larria

1.482,37

180,00

Familia-gatazkagatik edo familiako sostengu egokiaren faltagatik, etxean jarrai ez dezaketen pertsonen mendekotasun moderatua edo mendekotasunik eza

806,58

0,00

2. Eguneko arreta-zerbitzuak.

MENDEKOTASUN MOTA

GEHIENEZ

(euroak/hilean)

GUTXIENEZ

(euroak/hilean)

Mendekotasun handia

762,90

250,19

Mendekotasun larria

762,90

180,00

Mendekotasun moderatua

762,90

103,44

4. Garraio zerbitzu bermatua.

Garraio zerbitzu bermatuari lotutako prestazio bat emanen da, eta horren zenbatekoa zehaztuko da egindako kilometroen arabera, tarte hauek aintzat hartuta:

≤ 5 km

> 5 y ≤ -10 km

> 10 y ≤ 15 km

> 15 y ≤ 20 km

> 20 y ≤ 25 km

> 25 km EDO EREMUTIK KANPO

(euro/km)

80,00

110,00

134,00

165,00

200,00

0,20

Garraio zerbitzuari lotutako prestazioaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu une bakoitzean aplikatzekoa den garraio zerbitzu bermatuaren kontratuko moduluaren prezioa.

Erabiltzaileak zerbitzua ordaintzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa gutxienez ere izanen da zerbitzu publiko batean ordaintzen den zenbatekoaren parekoa.”

Zortzi.–Artikulu berri bat gehitzen da, 11. artikulua: “Prestazioen erregistroa, sexuaren arabera zehaztuta”; testu hau izanen du:

“11. artikulua. Prestazioen erregistroa, sexuaren arabera zehaztuta.

Prestazioak ematen dituen administrazio-unitateak sexuaren arabera zehaztuta erregistratuko ditu.”

Bederatzi.–Bigarren xedapen iragankorra gehitzen da, honako testu hau duena:

“Bigarren xedapen iragankorra.–Plaza itundurik ez duten zerbitzuetan prestazio ekonomikoaren zehaztapena aplikatzea.

Plaza itundurik ez duten zentroetako zerbitzuez 2 bis1 b) artikuluan xedatutakoa ez da aplikatuko zerbitzu horiek aldaketa hau onetsi ondoren kontratatu edo itundu ez diren neurrian.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 31n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2201496