38. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIPA

Ordenantza, herri-ondasunen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, jendaurrean jartzen da Herri-ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren testu osoa. Ordenantza hori behin betiko onetsi zen, haren kontra ez erreklamaziorik ez alegaziorik ez baitzen jaso, 2021eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofizialean hasierako onespena argitaratu ondoren, azaroaren 9an, horrela betez apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 49. artikuluak agindutakoa (Lege horren bidez aldatu zen Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legea).

Erripan (Odieta), 2022ko urtarrilaren 10ean.–Kontzejuko burua, Letizia Altuna Cueli.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.–Ordenantza honen xedea da Erripako Kontzejuaren (Odieta) herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua.–Herri-ondasunak dira herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.–Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua.–Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua.–Herri-ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Erripako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Erripako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.–Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publiko edo soziala, eta hori baino lehenago, Erripako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Erripako Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua.–Erripako Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua.–Erripako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.–Erripako Kontzejuak Gobernuari jakinaraziko dizkio Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuak, finken immatrikulazioari buruz edo herri-lurrekin mugakide diren finken gehiegizko hedadurei buruz. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

10. artikulua.–Erripako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua.–Baimena, emakida edo beste zernahi bide dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Erripako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua.–Erripako Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu egingo ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua.–Erripako Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, herritarren ekimenaren txanda izanen da zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Erripako Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua.–Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.–Erripako Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

16. artikulua.–Oro har, Erripako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Odietako Udaleko Biztanleen Erroldan Erripako bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez duela lau urte.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Kontzejuan abeltzaintzako ustiategi bat edo gehiago (hiru urteko antzinatasunarekin) duten familia-unitateek lehentasuna izanen dute herri-lur eta -larreen aprobetxamendurako.

2. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Erripako Kontzejuko osoko bilkurak, Herri-lurren Batzordeak, behar denean, txostena egin ondotik.

17. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

II. KAPITULUA

Herri-lurren aprobetxamendua

18. artikulua.–Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua.

19. artikulua.–Kontzejuak erabakiko du zenbateko kanona ordaindu behar den herri-larrearengatik, larrearen kategoriari erreparatuta.

Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

20. artikulua.–Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo esleipenaren zenbatekoa, abenduaren 25a baino lehen.

21. artikulua.–Herri-lurrak aprobetxatzeko epea 8 urtekoa izanen da.

22. artikulua.–Erripako Kontzejuak ezarriko du herritar bakoitzari adjudikatuko zaion larre-azalera, kontuan harturik herri-lurrek zenbaterainoko aukerak ematen dituzten.

23. artikulua.–Onuradunek herri-lurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimena izan gabe, adjudikaziokoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako, hala nola artoa edo soja hazteko, berotegiak jartzeko eta abar.

24. artikulua.–Adjudikaturiko herri-lurretan itxiturak egiteko, beharrezkoa izanen da Erripako Kontzejuaren baimena. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, adreiluz edo hormigoi-blokez.

Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.

25. artikulua.–Ezin izanen da trukatu herri-lurren aprobetxamendua onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu, eta Kontzejuak baimena eman ezean.

26. artikulua.–Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

27. artikulua.–Nahitaezko baldintza izanen da urtean behin, gutxienez, ebakitzea eta ongarritzea. Baliabide mekanikoak erabiliz eginen da ebaketa, azienda bazkan ibili zein ez.

III. KAPITULUA

Mendiko larreen aprobetxamendua

28.artikulua.–Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie mendiko lursailetako herri-larreen aprobetxamendua.

29. artikulua.–Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskaturiko baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzkoa), eta bete beharko ditu, halaber, Foru Lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

30. artikulua.–Debeku da txerri-azienda bazkatzea.

31. artikulua.–Kontzejuak, larreen kategoria kontuan hartuta, ezarriko du aprobetxamendu mota horretako herri-larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona.

Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

32. artikulua.–Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo esleipenaren zenbatekoa, abenduaren 25a baino lehen.

33. artikulua.–Herri-lurrak aprobetxatzeko epea 8 urtekoa izanen da.

34. artikulua.–Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

35. artilulua.–Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Erripako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

36. artikulua.–Erripako Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

37. artikulua.–Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta ezin izanen dira saldu.

38. artikulua.–Etxerako egur aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

39. artikulua.–Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera, egurra eraman eta gero; dena dela, hondar horiek ezin izanen dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten beste toki batzuetan. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei bi urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

V. TITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

40. artikulua.–Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, hango ehizaren aprobetxamendua eginen da gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz.

41. artikulua.–Erripako Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. TITULUA

Adjudikatzeko prozedura

42. artikulua.–Kontzejuaren erabakiaren ondotik eta iragarki-taulan ediktuak argitaratuta, hamabost eguneko epe bat irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako aprobetxamenduetarako eskabidea aurkez dezaten.

43. artikulua.–Aprobetxamendu eskabideei honako hauen zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Kontzejuko bizilaguna izatearena, gutxienez lau urteko antzinatasunez, eta kontzejuan urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzearena.

b) Familia unitatea osatzen duten kideena, familia liburuaren fotokopiarekin batera.

c) Eskatzaileak kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatearena.

Aipatutako zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Erripako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatze aldera.

44. artikulua.–Eskaerak ikusita, Erripako Kontzejuak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, aprobetxamendu tokia edo lotea adierazita.

45. artikulua.–Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da jendaurrean behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.

46. artikulua.–Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak egonez gero, Kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetarako behin betiko bizilagun zerrendak onetsiko ditu, aprobetxamendu tokiak edo loteak adierazita.

VII. TITULUA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

47. artikulua.–Erripako Kontzejuak, VI. tituluan ezarritako prozedura aplikatu ondoan, herri-lur edo -larreak soberan baldin badaude, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek nekazaritzako KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan larreren bat soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

VIII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

48. artikulua.–Oro har, arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

c) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

d) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

e) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Lursailak urtean behin gutxienez ez ebakitzea eta ongarritzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

49. artikulua.–Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d) e) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez dituen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa.

Iragarkiaren kodea: L2200519