38. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Bideokamerak instalatu eta erabiltzeko baimena, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko

Alkatetzaren 13. Ebazpena argitara ematen da, 2022ko otsailaren 1ekoa.

“Kontuan hartuta Lodosako hirian hainbat arazo daudela trafikoari dagokionez, eta zirkulazioko gorabehera horiek kontrolatzea zaila dela; ikusten da trafikoa aurrez aurre erregulatzeko eta kontrolatzeko ohiko moduak ez direla nahikoa eta komeni dela laguntza teknologikoa ematea Udaltzaingoak trafikoa zaintzeko, kontrolatzeko eta erregulatzeko dituen funtzioak hobeki bete ditzan.

Horregatik, Lodosako Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera gehitzea bere eskumenekoa den zerbitzuari, bide segurtasuna zaintzeko eta trafikoa eta ibilgailuen aparkalekua kontrolatzeko.

Kontuan hartuta abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoak, Segurtasun Indar eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duenak, zortzigarren xedapen gehigarrian ezartzen duela “Trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa erregulatzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, honen bidez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz xedaturik dagoena Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatua Arautzeko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (gaur egun DBLO) eta Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan, lege honetan haiek erabiltzeko ezarritako printzipioei jarraikiz”.

Segurtasun Indar eta Kidegoek toki publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatu eta betearazteko erregelamendua onesten duen apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak honako hau ezartzen du trafikoaren zaintza, kontrol eta diziplinarako bideokamerei aplikatu beharreko araubideari dagokionez:

“1. Eremu publikoetan trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko irudiak jaso eta erreproduzitzeko bideokameren eta beste edozein baliabideren instalazioa eta erabilera, ondoko honi jarraituz eginen da: 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian eta xedapen honetan ezarritakoa.

2 Trafikoa arautzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie aurreko apartatuan aipatutako gailuen ezarpena eta erabilera baimentzea.

3 Irudiak hartu eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera agintzeko ebazpenak jasoko du zer bide publikotan edo bide tartetan hartuko diren irudiak, oro har identifikatuta, zer neurri ezarriko diren grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta zer organo arduratuko den haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean”.

Ikusi da ezarri nahi den sistemak identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzakeela; hortaz, tratamendu horiek Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko dira; izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).

Kontuan hartuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 g) artikuluak udal eskumen propio gisa hartu zuela “trafikoa, ibilgailuen aparkalekua eta mugikortasuna”, Toki administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak egindako idazketaren ondoren.

Horiek horrela eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz:

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezartzea eta erabiltzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokalekua: Espainiako plaza, zk.g. (Kioskoa).

2. Datuen babesa. Lodosako Udalak kartel ikusgarriak jarriko ditu, trafikoa kontrolatzeko zaintza sistema bat dagoela adierazteko. Tratamenduaren jardueren erregistroa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Lodosako Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamendu-jarduna.

Datuen babeserako ordezkaria: Lodosako Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako ordezkariak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean.

Segurtasun neurriak. Erabaki honen bidez sortzen diren fitxategi automatizatuetan integratzen diren kamerek hartutako irudiak zaintzeak, kontserbatzeak eta, hala badagokio, suntsitzeak bete egiten ditu abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun neurriak eta eskakizunak (dekretu horren bidez onesten da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua). Era berean, Udala bera izanen da datuak eskuratzeko eta ezerezteko eskaeren zaintzaz eta ebazpenez arduratuko den organoa.

3. Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen hau argitaratzeko agintzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

4. Udalbatzari honen berri ematea, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran, eta zehaztea alkatetzaren ebazpen honen aurka, zeina irmoa baita administrazio-bidean, errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Lodosan, 2022ko otsailaren 1ean.–Alkatea, Lourdes San Miguel Rojo.

Iragarkiaren kodea: L2201776