38. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

47/2022 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hauteskundeetarako deialdia onesten baita Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko gobernu organoak berritzeko.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari buruzko apirilaren 10eko 17/2015 Foru Legeak III. tituluan arautzen du Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren hauteskunde-araubidea.

Estatuko oinarrizko araudiak Industriaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Ministerioari esleitzen dio hauteskunde-prozesuaren irekiera, eta Ganberaren gobernu organoen berrikuntzarako hauteskundeetarako deialdia tutoretza duen administrazioari dagokio. Hala, irailaren 30eko ICT/1074/2021 Aginduaren bidez, irekitzat jo zen Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen osoko bilkurak berritzeko hauteskunde-prozesua. Hauteskunde-prozesu hori 2021eko urriaren 7an ireki zen, eta 2023ko azaroaren 15ean bukatuko da.

Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 9an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne araubidearen Erregelamenduan araututa dago ganbera horren hauteskunde-prozesua, IV. tituluko II. kapituluan zehazki.

Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne araubidearen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat (Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 9an hartutako Erabakiaren bidez onetsia), hautesle-errolda jendaurrean jarri zen, berrikus zedin, 2021eko urriaren 26tik azaroaren 26ra, eta ez da alegaziorik edo erreklamaziorik jaso enpresak kasuan kasuko talde edo kategorietan sartzeari edo handik kanpo uzteari buruz.

Horrenbestez, behin nahitaezko kontsulta eginik Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialari, bidezkoa da hauteskundeetarako deialdia egitea.

Horrenbestez, eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialeko gobernu organoak berritzeko hauteskundeetarako deialdia egitea, zehaztapen hauekin:

a) Talde bakoitzak 2022ko apirilaren 7an emanen du botoa, 09:00etatik 20:00ak arte.

b) Hautesleku bakarra izanen da, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren egoitzan, Iruñeko Chinchilla jeneralaren kaleko 4an. Han eratuko da hauteskunde-mahaia hauteskunde egunean.

c) Botoa posta bidez emateko, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne araubidearen Erregelamenduaren 61. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Horrela, botoa Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzara igorriko da posta ziurtatuaren bidez eta behar den denboraz, 2022ko apirilaren 6ko 20:00ak baino lehen irits dadin.

d) Hauteskunde Batzordearen egoitza Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren egoitza bera izanen da, b) atalean adierazitakoa, hain zuzen.

e) Honako hauek onesten dira: hautagaiak, abalak eta exijitutako baldintzak aurkezteko eredu normalizatuak, posta bidezko botoa eskatzeko ereduak eta botoa emateko txartelenak eta gutunazalenak. Ganberaren web orrian eskuratzen ahalko dira: www.camaranavarra.com.

2.–Ebazpen honetan berariaz ezarri ez den guztirako, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera Ofizialaren barne araubidearen Erregelamendua aplikatuko da, Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 9an hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoa.

3.–Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 1ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2201735