37. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MARTZILLA

Udal hilerria arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Martzillako Udalak, 2021eko maiatzaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Martzillako udal hilerria arautzen duen udal ordenantza, 62/2021 administrazio espedientean ageri denarekin bat etorriz.

Iragarkia argitaratu zen 2021eko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 6an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Martzillan, 2022ko urtarrilaren 28an.–Alkatea, Mario Fabo Calero.

MARTZILLAKO UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Martzillako Udalak ez du hilerriaren espazioa orokorki arautzen duen ordenantzarik. Orain arte kudeatu da udalbatza bakoitzak komenigarritzat jo dituen irizpideen arabera, planteatzen zen kasu zehatz bakoitza kontuan hartuz.

Beraz, beharrezkoa da gaia arautzea, Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuak zehazten duen arau esparruaren barruan, honako hauek argitzeko: ehorzketa eskubideen egoera juridikoa, eskubide horien eskualdaketak, haien denbora-muga, gorpuzkiak ehorzteko nahiz desobiratzeko eragiketak, hilobien eraikuntza eta zainketa, eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

I. TITULUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Martzillako udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa, Udala baita jabea eta hari baitagozkio hilerriaren kudeaketa, administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, ordenantza honetako xedapenekin bat, eta deusetan ukatu gabe beste administrazio publiko batzuenak diren eskumenak.

Udal hilerria kokaturik dagoen lurra Udalaren ondasun publikoa da, eta ehorzketa zerbitzuetarako da; beraz, haren gainean onartzen diren okupazioak edo erabilerak kontzesio administratiboen kalifikazio juridikoa dute, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 3.3, 97. eta ondoko artikuluetan, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan jasota baitago.

2. artikulua. Udalari dagozkio:

a) Hilerria antolatu, kontserbatu, mantendu eta egokitzea, bai eta zaindu eta garbitzea ere.

b) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua, hilobien gaineko kontzesioak ematea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea, baita horiek aldatzea eta horiek iraungi direla deklaratzea ere.

c) Eskuratzea ordenantza fiskalean ezartzen diren eskubideak eta tasak, edo lizitazio sistemaren bidezko adjudikazioetatik ondorioztatutakoak.

d) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, horretarako gailuak erabiliz, gorpuzkiak izan gabe, hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnean.

e) Hilotzak eta gorpu-hondakinak ehortzi, desobiratu, berrehortzi eta lekualdatzea, bat eginez hileta-osasuneko arauekin.

f) Hilerriaren zerbitzuekin eta hilotzen gaineko osasun jarduerarekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Udalak udalerriko bizilagunen eskakizunei erantzuteko adina hilobi eraiki eta banatuko ditu.

Hilerrian nitxoak eta hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

4. artikulua. Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

5. artikulua. Hilerriak izanen ditu indarrean dagoen legeriak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak.

6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egonen da jendearendako, zerbitzuaren beharrizanekin bat etorriz Udalak ezartzen duen ordutegian.

7. artikulua. Ez zaio hilerrian sartzen utziko hilerriko seriotasunari eta antolamendu egokiari traba egin diezaiekeen animalia orori. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira udal zerbitzuko ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunarenak eta hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak; betiere, gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badituzte.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izanen dira hilerriko bide eta instalazioetan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak daude, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, erantzukizun hori bera berehala eskatzen ahal zaio kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari.

8. artikulua. Udalaren organo eskudunek dute hilerria zaindu eta garbitzeko lan orokorren ardura.

Titularren betebeharra da hilobiak, gauzak eta instalazioak zaintzea, behar bezala betez segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko lanak has ditzaten. Hori ez egitea nahikoa izanen da ehorzketak debekatzeko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da. Hori guztia, titularrak ehorzketa-eskubideari bere borondatez uko egiten ahal diola ukatu gabe.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko inolako ekintzarik esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka kaltetzen duenik, edo berekin dakarrenik hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

11. artikulua. Baldin hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak jaso nahi badira irudi, argazki, marrazki edo pinturetan, Udalaren baimena beharko da lehenik.

12. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortuko da, honako atal hauek jasoko dituena:

a) Hilobiak.

b) Ehorzketak.

c) Desobiratzeak eta lekualdatzeak.

d) Errausketak.

e) Erreklamazioak.

Hilerriaren administraritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko dira, datuen segurtasuna bermatzeko eta eragozteko horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatzea edo inor sartzea.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adierazita.

III. TITULUA

Hilotzak ehortzi, desobiratu, berrehortzi, lekualdatu eta erraustea

Ehorzketak, desobiratzeak eta lekualdatzeak

13. artikulua. Gorpuak eta gorpuzkiak ehortzi, desobiratu, berrehortzi, lekualdatu eta errausteko, hileta-osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, eta ordenantza fiskalean ezarritako tasak sortuko dira.

IV. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

Hilobien kontzesioa.

14. artikulua. Martzillako hilerrian, hiru hilobi mota egonen dira:

a) Nitxoak.

b) Kolunbarioak.

c) Panteoi/lurreko hilobia.

15. artikulua. Nitxoen, kolunbarioen eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea sortuko da kontzesioaren ekintzaren bidez. Horretarako, ordaindu beharko da ordenantza fiskalean ezarritako tasa edo adjudikazioa hartzen duen proposamenaren balio ekonomikoak zehaztutakoa.

16. artikulua. Nitxoak, kolunbarioak eta lurreko hilobiak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da. Besterik adierazi ezean, eskaera egiten duen pertsona izanen da titularra, dela zuzenean dela hileta zerbitzuen enpresa baten bitartez.

17. artikulua. Nitxoak eta kolunbarioak erabiltzeko kontzesioak emanen dira ehorzleku mota bakoitzaren zenbaki korrelatiboaren ordenari jarraikiz, edo dauden leku hutsak osatuz; 50 urteko iraupena izanen dute, eta bi aldiz luzatzen ahalko dira: hasieran 25 urteko aldirako eta gero 24 urteko aldirako.

Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioak emanen dira behin betiko adjudikazioarekin, betiere publizitate eta lehia printzipioekin bat tramitatuko den prozeduran; 50 urteko iraupena izanen dute, eta bi aldiz luzatzen ahalko dira: hasieran 25 urteko aldirako eta gero 24 urteko aldirako.

Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak enkantean jartzeari buruzko iragarkia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udaleko ediktu tauletan eta tokiko bi egunkaritan gutxienez. Udalak partikularren eskura jarriko du adjudikazioa arautuko duen baldintza agiria.

Kontzesioen luzapena, kasua bada, hasierako epea amaitu baino lehen eskatu beharko da, eta dagokion tasa ordaindu ondotik adostuko da.

18. artikulua. Nitxo, kolunbario edo panteoi berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute kontzesio epea aldatuko.

19. artikulua. Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da inskripzioa eginda hilerriko erregistroan, eta haren inguruabarrak izanen dira dagokion inskripzioak adierazten dituenak.

20. artikulua. Hilobiak erregistroko hilobien atalean inskribatuko dira, eta inskripzio bakoitzean hurrengo datuak aipatuko dira:

a) Hilobiaren identifikazioa.

b) Kontzesioa eman den eguna.

c) Ordaindutako tasak.

d) Eskubidearen titularraren izen-abizenak eta helbidea.

e) Eskubidea gauzatzeko titularrak oro har izenda dezakeen ordezkariaren izen-abizenak eta helbidea.

f) Hala denean, titularrak hautatutako onuradunaren izen-abizenak eta helbidea.

g) “Inter vivos” edo”mortis causa” egintzen ondoriozko eskualdaketak, ondoz ondoko titularren eta, hala denean, ezkontide gozamendunaren izen-abizenak eta helbideak adierazita.

h) Ehorzketak, desobiratzeak eta lekualdaketak, honako hauek adierazita: zein gorpu edo hondakin den, pertsona horren izen-abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

i) Mugak, debekuak eta itxiera, bidezkoa bada.

j) Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gorabehera.

21. artikulua. Kontzesioa administrazio agiri batean gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, adjudikazio eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek eskubidea izanen dute hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko.

22. artikulua. Ehorzketa-eskubideen kontzesio guztiak dagokion erregistroan inskribatuko dira, Martzillako udal bulegoetan.

Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistroan, hurrengo zehaztasunekin:

–Herentziaz edo beste titulu baten bidezko hurrenez hurreneko eskualdaketek titularkidetasuna dakartenean, partaideek erregistroan titular gisa agertuko den pertsona hautatu beharko dute, guztiak ados egonda. Udalak ez du baimenduko titulartasuna aldatzea, adostasun hori egiaztatzen ez bada, nahiz eta edozein partaidek ehorzketa eskubidea gauzatzea baimenduko duen, besteak horren kontra ez badaude.

–Bi ezkontideak titularrak izanen dira, lurzati edo panteoi baten lehenengo adjudikazioan hala eskatzen badute.

–Titularra pertsona juridikoa bada, ehorzketa eskubidea gauzatuko du estatutuen arabera eskumen hori dagokion kargua betetzen duen pertsona fisikoak edo, bestela, lehendakariak edo maila handieneko zuzendari edo instituzio kargudunak.

–Ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan ehorzketa zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo bestelako entitate juridikoak, baldin eta, haien jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denerako lurperatzeko eskubidea ematen badute.

Aurreko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera, barnean hilotzak eta gorpuzkiak ehorzteko eta gordetzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

Berariaz debeku da ehorzketa eskubideen salmenta. Eskubide horien eskualdaketak eginen dira ordenantza honetan aurreikusten denari jarraikiz, eta betiere galaraziko da horien kontura inork etekinik ateratzea edo espekulatzea.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidearen aldaketa

1. ATALA

‘’Mortis causa’’ eskualdaketak

23. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak, noiznahi, kontzesioaren onuraduna izendatzen ahalko du eskritura publikoan, bera hil ondorako, hilobiaren datuak eta onuradunaren izen-abizenak eta helbidea adierazita. Era berean, ordezko onuraduna hautatzen ahalko du, hura lehenago hiltzen ote den.

Ehorzketa eskubidearen eskualdaketen ondoriozko titular berriek ere berdin egiten ahalko dituzte onuradunen izendapenak.

24. artikulua. Izendapena ondoriorik gabe geldituko da, onuraduna eskubidearen titularra baino lehenago hiltzen denean eta onuradunaren ordezkoa izendatu ez denean. Halakoetan, eskubidea “mortis causa” oinordetzari jarraikiz eskualdatuko da, hurrengo artikuluetan ezarri bezala.

25. artikulua. Onuradunik egon gabe, titularrak modu baliozkoan xedatu badu ondorengotza, eskubidean hurrengo den eta herentziari uko egin ez dionaren aldeko eskualdaketa eginen da.

Titularrak ondorengotzarik xedatu ezean, ehorzketa eskubidea senideei eskualdatuko zaie, lege zibilak ezarritako ordenari jarraikiz.

26. artikulua. Alargunak kontzesioaren usufruktua baldin badu, hilobiaren erregistroko inskripzioan gozamendunaren izena adieraziko da. Pertsona horrek eskubidearen titularrari dagozkion ahalmen eta betebeharrak izanen ditu, onuraduna izendatzekoa izan ezik.

2. ATALA

Inter vivos eskualdaketa

27. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularrak eskubide hori doan lagatzen ahalko die honako hauei, inter vivos egintzaren bidez: aurreko, ondorengo eta alboko ahaideei (odol-ahaidetasuneko laugarren mailara arte eta ezkontidearen bidezko ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arte), eskualdatu baino lehen titularrarekin afektibitate harremana eta bost urteko gutxieneko bizikidetza izan dituztela egiaztatzen duten pertsonei, edo irabazi asmorik ez duten eta ongintza edo laguntza xede duten pertsona juridikoei.

Eskualdaketak debeku dira, baldin eta aitzineko paragrafoan aipatzen diren ahaideen artean ez badira.

28. artikulua. Titulartasun aldaketa dohainik eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahal da beste pertsona batzuen alde, Udalak uste badu zioren bat badela eskualdaketa arrazoitzeko, baldin kontzesioa eman zenetik hilobian inor ehortzi ez bada eta gutxienez hamar urte iragan badira.

3. ATALA

Behin-behineko titulartasuna

29. artikulua. Ezin bada modu fede-emailean zehaztu nori eskualdatzen zaion eskubidea, dela titularraren heriotza ezin delako justifikatu, dela aurkeztutako dokumentazioa nahikoa ez delako, dela beste arrazoi batzuengatik, titulartasuna behin-behinean onartzen ahalko zaio aldaketa eskatu eta, kapitulu honen 1. atalean xedatutakoaren arabera, horretarako eskubidea izan dezakeenari.

30. artikulua. Behin-behineko titulartasuna onartuko da eskubide hobeko hirugarrenei kalterik egin gabe, eta debekatu eginen da, gerora, epailearen baimenik gabe desobiratzea aurreko titularraren ezkontidearen gorpua edo hondakinak, bai eta aipatu titular horren aurreko, ondorengo eta alboko ahaideenak ere, betiere odol-ahaidetasuneko laugarren mailaraino eta ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino.

31. artikulua. Behin-behineko titulartasuna ondoriorik gabe geratuko da, hura onartu denetik hamar urteko epean erabakitzen ez bada titulartasuna aldatzea, eskubidearen eskualdaketa justifikatuta.

4. ATALA

Prozedura

32. artikulua. Ehorzketa eskubidearen titularra hildakoan, eskubidearen eskualdaketa jasotzen duen pertsonak titulartasuna bere izenean jartzeko eskatu beharko du eta, horretarako, eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuko ditu Udalean.

33. artikulua.

1. Ehorzketa eskubidearen titulartasuna aldatzea erabakiko da, hala badagokio, administrazio espedientean tramitatutako eskabidea aurkeztu eta gero; bertan entzunaldia emanen zaie gainerako interesdunei eta eskualdaketaren frogagiriak aurkeztuz frogatuko du bere eskubidea.

2. Prozedurako interesdunak ezezagunak direnean, prozeduran beharrezko tramitea izanen da iragarkia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaleko eta hilerriko ediktu tauletan, prozeduran bertaratu daitezen eta adierazitako epearen barnean alegazioak aurkez ditzaten.

34. artikulua. Eskualdaketaren onarpenak administrazio ondorioak baino ez ditu sorraraziko, arlo zibileko inolako aferarik aurretik juzgatu gabe.

35. artikulua.

1. Titularrak eskatuta erabakiko dira hilobiaren erabileraren klausula mugatzaileak, edo haien aldaketa edo deuseztapena; behar bezala erregistratuko dira eta heriotzaren ondoan irmoak eta behin betikoak izanen dira.

2. Erregistroko hilobien atalaren inskripzioen beste datu batzuk zuzendu eta deuseztatzeko, interesdunak eskatu beharko du, bidezko justifikazioaren edo egiaztapenaren ondotik.

III. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidea azkentzea

36. artikulua. Ehorzketa-eskubidea iraungiko da, eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoera dela eta, txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak arreta ez jartzea, nabarmen, egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan, ez aditu eginik horretarako aurretik egindako errekerimenduari.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, desobiratzeagatik edo nitxoak, kolunbarioak, panteoiak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

f) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

g) Hilerria ixteagatik.

h) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

Panteoiak eta panteoiak eraikitzeko lurzatiak erabiltzeko kontzesioak ezin izanen dira luzatu, hura amaitu aurreko 30 urtean horietan ez badira gorpuak edo gorpu-hondakinak ehortzi, desobiratu edo lekualdatu, edo titularra hilda edo haren nortasun juridikoa iraungita, titulartasun aldaketa baimendu ez bada beste pertsona baten alde.

Baldin eta iraungitzen bada kontzesio epea iragatea ez den beste arrazoiren batengatik, hala deklaratu beharko da espedienteari amaiera ematen dion berariazko ebazpen batean, eta betiere eskubideen titularrei jakinarazi beharko zaie.

Baldin eta iraungipena ekartzen badu aurri egoerak edo abandonatzeak, eta eskubidearen titularraren heriotza jasota baldin badago, interesdunei zitazioa eginen zaie, titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko eta hilerriko ediktu-tauletan.

Jaraunsleak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak agertzen badira eta eskualdaketa justifikatzen badute, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte horretarako ezartzen den epean.

37. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidea azkentzetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu eta ahaideek eskatzen badute haien kargura dagoen beste hilobi batera lekualdatzea.

Aldi baterako kontzesio epea amaitu eta gero, gorpuzkiak hobitik atera eta hezurtegi orokorrera eraman ahalko dira, salbu eta senideek erabaki badute haien kargura dagoen beste hilobi, nitxo edo gorpuzkietarako kolunbario batera lekualdatzea.

IV. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

38. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek bete beharko dituzte honako arau hauek:

a) Harria, marmola, metalak edo bestelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana horretarako adierazten diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura utziko dira igarobidea eragozten ez duten lekuetan.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den beste edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak hartuko dira, eta obrak egitearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzuletzat hartuko dira obrak eskatu eta egiten dituztenak.

e) Hilerriaren esparruan ibilgailuak erabiltzeari buruz dauden arauak errespetatuko dira eta ezin izanen da hilerriko ibilgailurik edo tresnarik erabili, berariazko baimenik gabe.

f) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak; baldintza hori bete ezean, ez zaio alta emanen hilobiari.

g) Zerbitzuak hobeto funtziona dezan, hilerriko administratzaileak kasu bakoitzean zehazten dituenak.

39. artikulua. Eskubideen titularren kargura izanen dira norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea.

40. artikulua. Hilerriko zerbitzuko langileen eta baliabideen bidez hilobiak irekitzeko eta ixteko lanak egin ezin direnean, enpresaburu partikularren laguntzaz eginen da, eta sortutako gastu gehigarriak izanen dira hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularraren konturakoak.

Nahi izanez gero, eskubideen titularrek beren gain hartzen ahalko dute hilarriak edo harlauzak kentzea, gorpuak eta gorpu-hondakinak ehorzteko edo desobiratzeko. Egin ezean, hilerriko zerbitzuari eskatzen ahalko diote, hilobia irekitzean, hilarria edo harlauza kentzeko; hala ere, ez dute eskubiderik izanen sortzen ahal diren kalteengatik kalte-ordaina jasotzeko.

41. artikulua. Edozein hizkuntzatan jar daitezke hilarrietako epitafioak, oroigarriak, bereizgarriak eta ikurrak, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Titularrarena izanen da erantzukizuna baldin idazkunek hirugarrenen eskubideen aurka jo badezakete.

42. artikulua. Landareak eraikuntzen osagarritzat joko dira eta horiek bete beharreko arau berberak errespetatu beharko dituzte. Eskubideen titularrak haiek zaintzeaz arduratu beharko dira eta ezin izanen dute inola ere bide publikorik okupatu, ezta alboko eraikuntzarik kaltetu ere. Edozein gehiegikeria haien kontura zuzenduko da, horretarako aurretik errekerimendua eginda.

43. artikulua. Nitxoetan eta kolunbarioetan ehortzea.

Nitxoen eta kolunbarioen hilarriak jarriko dira nitxoa ixteko estalkiaren eta adreiluzko hozkaduren arteko hutsunearen hondoan. Hozkadurak berriro ixten ahalko dira, baina gutxienez ere 3 zentimetroko bistako adreilua geratu beharko da alboan.

Hilarrien gainean ezin izanen da jarri adreiluzko pilastren planotik irteten den elementurik, ez eta beste nitxoak inbaditzen dituenik ere.

44. artikulua. Panteoiak eraikitzea.

Emandako lurzatietan panteoiak eraikitzeko obrak baimentzeko eta gauzatzeko, bete beharko dira hurrengo artikuluetan adierazten diren arauak, udal ordenantzak eta kasu zehatzetan ezartzen ahal diren baldintza partikularrak, eraikuntzak egokitu daitezen hirigintza eta eginkizunen aldetik hilerrian dauden premietara.

Lurzati baten kontzesiodunak honako hauek egin beharko ditu:

–Eraikuntza proiektu osoa aurkeztu 6 hilabeteko epean, kontzesioari buruzko jakinarazpena jasotzen denetik aurrera zenbatuta, eta obra lizentzia eskatu.

–Udaleko zerbitzu teknikoek proiektuan adierazitako akatsak zuzendu, horretarako ezarritako epean.

–Udal lizentziak ezarritako epean eraikuntza obrak abiarazi, eta horiek bukatu urtebeteko epean, lizentzia ematen denetik aurrera zenbatuta.

–Salbuespen gisa epe horiek luzatzen ahalko dira nahitaezko denborarako, obra motak, haren garrantziak edo kalitateak justifikatzen badu, aldez aurretik udal teknikariak txostena eginda.

–Aitzineko apartatuetan kontzesiodunari ezarritako betebeharretatik edozein betetzen ez bada, justifikatu gabe, kontzesioa eskubide osoz suntsituko da eta, hala badagokio, egindako obra galdu eta utzitako bermea konfiskatuko da. Adjudikatutako lurzatia libre deklaratuko da. Gainera, elementu erabilezinak kontzesiodunaren kontura eraitsiko dira.

Ezin izanen da hilobi partikularrik eraikitzen hasi lurzatia zuinkatu eta mugatu ez bada, dagokion lizentzia ematen ez den bitartean eta hura emateko tasak ordaindu direla justifikatzen ez den bitartean.

Lurzatia kokatzeko eta lur-erauzketak egiteko gastuak, hala badagokio, kontzesiodunaren konturakoak izanen dira.

45. artikulua. Hilerrian eraikuntza partikularrak egiteko baldintzak:

a) Gehienez ere, sestra azpiko hiru solairu eta sestra gaineko solairu bat izanen dituzte lurperatzeko.

b) Ez dute teilatu-hegalik ez erlaitzik izanen, adjudikatutako lurzatiaren muga gainditzen badute.

c) Aurrealdea itxia egon beharko da, aldameneko eraikuntzen mugetaraino. Egungo eraikuntzaren batek atzeraemangunerik baldin badu alboko lerrokaduran, itxitura obra egin nahi duenak egin beharko du.

d) Ehorzketa eskubide bakoitzak konponbidea aurkituko du urak korridore publikorantz husteko. Debeku da ura aldeetara isurtzea. Ura isurtzeagatik ez zaie inola ere ez hirugarrenei ez jabari publikoari kalterik eginen.

e) Zorrotenak barnekoak izan beharko dira.

f) Hilerria ixteko paretekin muga egiten duten kontzesioetan egiten diren eraikuntzetan, hartaraino ailegatzen ez badira, eskatutako eraikuntzaren eta murruaren arteko hutsunea zigilatu beharko da, urik sar ez dadin.

g) Eraikuntza berri guztietan zuinketa egin beharko da, Udaleko langile eskudunekin.

Eraikuntza partikularreko hilobien kanpoko paramentuak eta haien apaingarriak material noblekoak izan beharko dira. Behar bezala kontserbatzeko bermerik eskaintzen ez duten guztiak debekatuko dira.

46. artikulua. Hilobi partikularra eraikitzeko eskabidearekin batera, proiektua aurkeztuko da, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion ikus-onespenarekin. Proiektu horretan eraikina osatzen duten solairuak, fatxada eta hori ulertzeko behar diren atalak adieraziko dira.

Kontzesiodunak aditzera eman beharko du obrak bururatu direla, eta aldaketaren bat izan bada haren berri emanen du. Eraikuntza partikularreko obra baimendutakoarekin bat bukatu ondoren, edo legeztatu ondoren, alta emanen da panteoian ehorzketak egiteko.

Obrak gauzatzeko epea iragaten bada horiek bururatu gabe, egindakoak aztertu eta egiaztatuko dira ofizioz eta, atzerapena justifikatuta ez badago, lizentzia iraungi dela erabakiko da.

47. artikulua. Harrizko, zeramikazko, ormigoi aurrefabrikatuzko, zurezko eta metalezko materialak jartzen ahalko dira eta, oro har, behar bezalako akabera duten guztiak.

Lehen xedapen iragankorra. Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako nitxo eta kolunbarioen kontzesioei 50 urteko beste kontzesio epe bat emanen zaie, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, horren truke inongo tasarik ordaindu beharrik gabe.

Bigarren xedapen iragankorra. Ordenantza hau indarrean jarri aurretik emanda diren panteoien kontzesioak hitzez hitz errespetatuko dira; hala ere, betirako emandako kontzesioak edo mugagabeak, benetan, gehienez 99 urterako kontzesio administratiboak dira.

Hirugarren xedapen iragankorra. Ordenantza honek indarra hartu baino lehen emandako lurreko hilobien kontzesioei 50 urteko beste kontzesio epe bat emanen zaie, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, horren truke inongo tasarik ordaindu beharrik gabe, alde batera utzirik ehorzketa eskubidea iraungitzeko kasuak (36. artikuluan ezarriak). Lurreko ehorzketek ez dute luzapenik izanen.

Udal hilerria lehenbailehen berrantolatzeko, hilobiak lekualdatu behar direnean, honako neurri hauek ezartzen dira lehen bost urteetan, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera:

–Lekualdatu beharreko hilobietako gorpuzkinak doan aldatzen ahalko dira nitxo edo kolunbario batera, Udalak bere gain hartuko baitu zerbitzu horren kostu ekonomikoa.

–Halakoetan, salbuetsirik geldituko dira nitxoan edo kolunbarioan ehortzeko kontzesioaren tasatik, kontzesioan hasierako epean (50 urte).

Xedapen gehigarria.–Ordenantza honek espresuki aipatzen ez duen orotan, indarrean dagoen legeria sektorialean ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin bat, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatuarekin.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geratuko dira, inolako baliorik eta ondoriorik gabe, ordenantza honetan ezarritakoaren aurka doazen udal-xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2201696