37. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

2022ko lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Zizur Zendeako Udaleko alkate udalburuak 507/2021 Ebazpena eman zuen, 2021eko abenduaren 31n. Hona hemen haren testua:

Abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuak zehazten du Nafarroako Administrazio Publikoetako lanaldiaren urteko ordu kopurua; haren egunez eguneko banaketa 2021erako lan-egutegia onestearekin batera ezarri behar da, alde batera utzi gabe Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan-ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onesten dituena; kontuan harturik, halaber, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak eman maiatzaren 10eko 177/2019 Ebazpena, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2022ko jaiegunen egutegi ofiziala; hori guztia Udalak bere langileekin sinaturiko lan hitzarmenari dagokionez (langileek hitzarmen hori luzatzeko eskatu dute); eta ikusirik espedientean agertzen den dokumentazioa.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1985 Legearen 21.1-h) artikuluak Alkatetzari ematen dizkion eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–2022rako luzatzea «‘Zizur Zendeako Udala’ enpresaren lan hitzarmena (lan-kontratudunak)», 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera indarra duena, Udalak ez baitu salatu haren indarraldia, amaitu baino bi hilabete lehenago (2021eko abenduaren 31n).

Bigarrena.–Onestea Zizur Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2022. urteko jaiegunen lan-egutegia, honako hau izanen baita:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 14a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 15a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 18a: Pazko astelehena.

–Uztailaren 6a, 7a, 8a eta 11: Sanferminak.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

–Azaroaren 1a. Santu Guztien Eguna.

–Azaroaren 29a San Saturnino.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 5a: Konstituzioaren bezpera.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 7a: Andre Maria Sortzez Garbiaren bezpera.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 9a Ama Birjina Sortzez Garbiaren biharamuna.

–Abenduaren 26a: Eguberri bigarrena.

Halaber, epeak zenbatzeari dagokionez, baliogabeak deklaratzen dira Udalaren langileentzako jaieguntzat eman direnak.

Hirugarrena.–Zizur Zendeako Udaleko Administrazioan lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1592 ordukoa izanen da, eta honela banatuko da:

1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia 7 ordu eta 24 minutukoa izanen da, orokorrean, 9:00etatik 14:30erako tartea ordutegiaren zati finkoa eta nahitaez lanpostuan bertan egotekoa izanik. Langileek malgutasunez eginen dituzte gainerako laneko 114 minutuak, haiek nahi dutenean, betiere 7:30etik 9:00etara eta 14:30etik 16:50era.

2 Artikulu honetako aurreko apartatuetan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuaren beharrak direla eta, lanaldi berezia duten langileei, ezta ordu konpentsazioren bat dutenei ere (txandakako lana, gauekoa etab.), horiek lan-egutegi berariazkoa izanen baitute.

Halakoetan, urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarri ez bezalako sistema baitute, lan-egutegi berezi hori, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen sistemari lotuko zaio bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du ukatzen beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako sistemak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek halakorik komenigarri egiten badute.

Laugarrena.–Zizur Zendeako Udaleko Erregistro Orokorra 09:00etatik 14:00ak arte egonen da irekita, jendea hartzeko, astelehenetik ostiralera.

Bosgarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Udaletxeko iragarki-taulan paratzea.

Seigarrena.–Ebazpen hau Udaleko Langileria Departamentura igortzea.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan, eta bereziki ohartarazten da errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara, ebazpen honen aurka, bakoitzean aipatzen diren epeetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita: Berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetza honi edo Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean; edo Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Gazolatzen, 2021eko abenduaren 31n.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

Iragarkiaren kodea: L2202171