35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39E/2022 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatu egiten baitira abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenean ezarritako baldintzen inguruan eskatutako aldaketak (340E/2017 Ebazpena, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, aluminiozko profilak, txapak eta moldurak anodizatzeko eta lakatzeko instalazioa ixteko plana ezartzen duena). Instalazio hori Atarrabiako udal mugartean dago, eta titularra IONGRAF SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 429/2007 Foru Aginduaren bidez emana.

2021eko otsailaren 12an, titularrak abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenean jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen (340E/2017 Ebazpena, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, instalazioa ixteko plana ezartzen duena).

Zehazki, titularrak instalazioaren hegoaldeko hegalean kokatutako 40 m³-ko gasolio-andela ateratzeko betebeharra kentzea eskatu zuen, eta baliozkotzat onartu zuen andel horren gainean egindako inertizazioa eta ondorengo erauzketa, lekua berdegune publiko gisa egokitzeko obren barruan; halaber, nabearen sabaitik plakak kentzeko betebeharra ere kentzea eskatu zuen, gehienek amiantoa baitute, eta erretiratze hori geroago egitea, lekua berdegune publiko gisa egokitzeko obren barruan.

Era berean, titularrak bere eskaeran adierazi du indarrean dagoen Atarrabiako Udal Plan Orokorrak aurreikusten duela eraikinaren egungo kokalekuan parke publiko bat egitea, eta horrek, beste jarduketa material batzuen artean, IONGRAF SA enpresaren nabea eraistea dakarrela, eta abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenean plakak erauzteko ezarrita dagoen plana ezin izanen dela gauzatu eraispen hori egin arte; horrenbestez, nabearen sabaitik plakak kentzeko eta gasolio-andela erauzteko lanak plan orokor horren exekuzioaren barruko kontzeptu edo partida gisa sartuko lirateke.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eskaera berrikusi du, eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak emandako txostena eskuratu ondoren, baldintzak aldatzeko eskaera ezin dela onartu ondorioztatu da, arrazoi hauengatik:

–Gasolio-andeletik kentzeko betebeharra kentzea titularrak alegatu zuen bere garaian, eta alegazio hori baztertu egin zen, eta andela kentzeko betebeharra ezarri zen, etorkizun hurbilean eremu horretarako aurreikusitako erabileraren arabera.

–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 11ko 340/2017 Ebazpena, instalazioa ixteko plana ezartzen duena, irmoa da, ez baita errekurritu administrazio bidean; eta bertan ezarritako baldintzak ezin dira berrikusi ingurumen baimen integratua funtsean aldatzen ez duen prozedura baten bidez.

–Instalazioa ixteari buruzko betebeharrak instalazioaren titularrari dagozkio, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoaren arabera.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Ukatzea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 11ko 340E/2017 Ebazpenean ezarritako baldintzen inguruan eskatutako aldaketak. Ebazpen horren bidez, aluminiozko profilak, txapak eta moldurak anodizatzeko eta lakatzeko instalazioa ixteko plana ezartzen da. Instalazio hori Atarrabiako udal mugartean dago, eta titularra IONGRAF SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau IONGRAF SAri eta Atarrabiako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2201838