35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49/2022 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Politika Ekonomikoaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez epea irekitzen baita aholkulariak akredita daitezen eskatzeko, enpresa eta entitate publikoetan “InnovaRSE” metodologiaren arabera gizarte erantzukizuna ezartzeko.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) berria bost lehiakortasun faktore aurreikusten ditu: lehiakortasun ingurunea, pertsonak eta talentua, I+G+b, enpresa garapena eta nazioartekotzea. Era berean, trantsizio ekologikoak duen zeharkako lehentasunak nabarmenarazten du gizarte erantzukizuna txertatzeko garrantzia.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE). Ekintza hau 2009. urtetik lagundu da diruz.

InnovaRSE metodologia aplikatzen ahal duten entitateen tipologia ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, 2018an metodologia horren bi egokitzapen prestatu ziren: bat, lan autonomoarentzat eta mikroenpresentzat, eta bestea, sektore publikoarentzat.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak dituen eskumenen artean enpresaren gizarte erantzukizuna bultzatu eta sustatzea dago, halaxe xedatua baitago Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 26.e) artikuluan.

Nafarroako Gobernuak gizarte erantzukizuna sustatzen du, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu, beren enpresa estrategietan gizarte erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak 2022ko ekitaldirako daukan aurrekontuko zuzkiduraren barnean, 810012-81500-4709-494112 partida dago, “Gizarte erantzukizuna sustatzeko programa” izenekoa, 100.000,00 euro dituena.

Dirulaguntza eskatzen duten enpresek aukera izan dezaten InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologietan jarduketa diruz lagungarriak egiteko akreditazioa duten aholkulariekin harremanetan jartzeko, akreditazio epe bat irekitzen da.

Hauek dira aholkulari akreditatua izateko betebeharrak:

–Hiru urteko esperientzia akreditatzea enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta edo aholku lanetan.

–Jarduera profesionalaren zati handiena Nafarroan garatzea.

–Lan Zerbitzuak ematen duen prestakuntzan parte hartzea.

Akreditazioa lortu nahi duten pertsonek eskabide eredua aurkeztu beharko dute, eta bertan erantzukizunpeko adierazpen bat agertu beharko da aitortzeko hiru urteko esperientzia dutela enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta edo aholku lanetan eta beren jarduera profesionala gehienbat Nafarroan garatu dutela. Eskaerarekin batera curriculum eguneratua aurkeztuko da.

Akreditaziorako eskaera eta dokumentazioa hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuaren Interneteko www.nafarroa.eus Atariaren tramiteen katalogoan dagoen zerbitzu fitxa honen bidez: “InnovaRSE metodologiako kanpoko aholkularitza zerbitzuen akreditazioa”. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Aipatutako lehenengo bi baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda prestatzen denean, bertan agertzen direnei prestakuntza saio bat egitera deituko zaie.

Prestakuntza egin eta gero, InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologiak ezartzeko akreditatutako pertsonen zerrenda argitaratuko da goian aipatutako zerbitzu fitxan.

Honako aholkulari hauek ez dute eskaera aurkeztu beharko, ezta prestakuntza egin beharko ere: “Gizarte erantzukizuna sustatzeko 2021eko dirulaguntzak” izapidean, bai eta gizarte erantzukizunaren webgunean ere, 20-21erako akreditatuen zerrenda osoan agertzen direnak.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 10 egun naturaleko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, enpresa eta entitate publikoetan gizarte erantzukizuna InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologien arabera ezartzeko aholkulariak akredita daitezen eskatzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 3an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2201758