35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Aldaketa, Eraikinak birgaitzeko eta hiria berroneratzeko laguntzen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2022ko urtarrilaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Eraikinak birgaitzeko eta hiria berroneratzeko laguntzen udal ordenantzaren aldaketa.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Zizur Nagusian, 2022ko urtarrilaren 28an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ALDAKETA, ERAIKINAK BIRGAITZEKO ETA HIRIA BERRONERATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZAN

Aldaketa honek eragiten dio Eraikinak birgaitzeko eta hiria berroneratzeko laguntzen udal ordenantzaren tituluari eta 5. eta 7. artikuluei.

Artikulu bakarra.

Ordenantzaren titulua aldatzen da, eta 5. eta 7. artikuluetan honako alderdi hauek eransten dira:

Ordenantzaren titulua. Aldatzen da.

ORDENANTZA, LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA ERAIKINEN BIRGAITZE, IRISGARRITASUN ETA ENERGIA-EFIZIENTZIARAKO, ETA HIRIA BERRONERATZEKO

5. artikulua. 5.1.2 apartatua beste modu batera idatzita gelditzen da.

5. artikulua. Eraikinen / etxebizitzen gutxieneko baldintzak.

5.1.–Oro har, honako baldintza hauek betetzen dituzten higiezinek soilik jasotzen ahalko dituzte Udalaren laguntzak:

5.1.1.–Etxebizitza kolektiboaren edo familia bakarreko etxebizitzaren (bakartua edo atxikia) tipologietako etxebizitza-erabilera izatea edo, bestela, Udal Planean ondare arkitektoniko gisa katalogatuta egotea edo, bestela, monumentu historiko-artistiko deklaratua izatea.

5.1.2.–Eraikuntzek eta instalazioek 25 urte edo gehiago izatea eta/edo birgaitu beharreko eraikinak EOA-CT-79 araudia indarrean sartu baino lehen eginak izatea (Eraikuntzako Oinarrizko Arauak, eraikinen baldintza teknikoei buruzkoak).

Baldintza hori ez da eskatuko ordenantza honetako 4. artikuluko 4.1.3 eta 4.2.1 apartatuetan araututako jarduketetan.

5.1.3.–Jarduketa eremurako hirigintzako planeamenduan edo hori garatzen duen araudian ezarritakora egokitzea. “Antolamendutik kanpoko” eraikinetan egin beharreko obrek ezin izanen dituzte birgaitzerako udal laguntzak jaso.

5.2.–Betebehar partikularrak, erkidegoek inguratzaile energetikoa gauzatzeko sustatzen dituzten jardueretarako, 5.1 apartatuan jasotakoez gain:

5.2.1.–Nafarroako Gobernuaren birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazioaren espedientea lortu izana.

5.2.2.–Jarduketak, laguntzak jasotzeko “gai” izateko, Eraikinaren Ebaluazio Txostenean (EET) zehaztutako obrak gauzatzea aurreikusi behar du.

5.2.3.–Obrek, gutxienez, eraikinen inguratzaile termikoa gauzatzea aurreikustea, eta udal ekimenez sustatutako berroneratze energetikoko proiektuetan edo dagokion esku-hartze orokorreko proiektuan zehaztutako zehaztapen teknikoak eta konposiziokoak jasotzea.

7. artikulua. Beste modu batera idatzita gelditzen da.

7. artikulua. Laguntzak.

Jarduketa mota guztietan, aurrekontu babesgarria 1.000 euro/etxebizitza baino gehiago izan behar da (BEZa kenduta). Laguntzak honako hauek izanen dira:

7.1.–Etxebizitzen efizientzia energetikoa eta jasangarritasuna:

7.1.1.–Eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketak. Ehuneko finko bat (%5) lagunduko da diruz, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketetako aurrekontu babesgarriaren gainean. Gehienez ere 700 euro etxebizitza bakoitzeko, 15 etxebizitzako edo gehiagoko erkidegoetan, eta 900 euro, 15 etxebizitza baino gutxiagoko erkidegoetan edo familia bakarreko etxebizitzen kasuan, edo Udal Planean ondare arkitektoniko gisa katalogatutako eraikinen edo monumentu historiko-artistiko deklaratutako eraikinen kasuan.

7.1.2.–Ordenantzako 4.1.2 eta 4.1.3 apartatuetan zehaztutako instalazioetako jarduketak. %6,5 lagunduko da diruz, aurrekontu babesgarriaren gainean. Gehienez ere 400 euro etxebizitza bakoitzeko, 15 etxebizitzako edo gehiagoko erkidegoetan, eta 500 euro, 15 etxebizitza baino gutxiagoko erkidegoetan edo familia bakarreko etxebizitzen kasuan, edo Udal Planean ondare arkitektoniko gisa katalogatutako eraikinen edo monumentu historiko-artistiko deklaratutako eraikinen kasuan.

Era berean, 4.1.3 apartatuan jasotako kasuetan, jarduketa egiteko beharrezkoa denean xehetasun-azterketa bat tramitatzea, Udal Planeko hirigintzako araudiak hala eskatzen duelako, laguntza handiagoa emanen da: aipatu xehetasun-azterketaren tramitazio administratiboaren kostua gehituko baitzaio.

7.2.–Irisgarritasuna eta segurtasuna erabiltzeko orduan:

7.2.1.–Irisgarritasun unibertsalerako eta pertsona ororendako diseinurako jarduketak. Ehuneko finko bat (%5) lagunduko da diruz, aurrekontu babesgarriaren gainean. Gehienez ere 350 euro etxebizitza bakoitzeko, 15 etxebizitzako edo gehiagoko erkidegoetan, eta 450 euro, 15 etxebizitza baino gutxiagoko erkidegoetan edo familia bakarreko etxebizitzen kasuan, edo Udal Planean ondare arkitektoniko gisa katalogatutako eraikinen eta monumentu historiko-artistiko deklaratutako eraikinen kasuan.

Jarduera baldin bada eraikin batean igogailua lehen aldiz instalatzea, diruz lagunduko da aurrekontu babesgarriaren %10; gehienez ere, 16.800 euro emanen dira.

Jarduketa baldin bada etxebizitzaren barnealdea birgaitzea mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzeko, diruz lagunduko da aurrekontu babesgarriaren %15; gehienez ere, 4.000 euro emanen dira.

Betiere ezinbestekoa izanen da medikuaren txostena aurkeztea, etxebizitzan bizi denak, jarduketaren onuradunak alegia, zein motatako eta gradutako mugikortasun murriztua duen adierazteko; edonola ere, %40ko desgaitasuna edo handiagoa izan beharko du.

7.3.–Zaurgarritasun egoeran daudenendako ezohiko laguntzak.

7.3.1.–Udal laguntza bereziak arautu nahi dira, Zizur Nagusian kokatutako jabeen erkidegoetan, egoitza eraikinetan eta instalazioetan bizi diren eta zaurgarritasun ekonomikoko egoeretan dauden pertsonendako, baldin eta erabakitzen badute jarduketak egitea inguratzaile energetikoa gauzatzeko (oztopo arkitektonikoak kenduta edo ez), instalazio termiko zentralizatuen efizientzia hobetzeko (erregulazioa eta kontrola) eta energia berriztagarriak jartzeko.

7.3.2.–Zaurgarritasun egoeran daudenendako ezohiko laguntzak ordenantza honen I. eranskinean arautzen dira.

7.4.–Laguntza bereziak.

Zizur Nagusiko Udalak hitzarmenak adostu eta sina ditzake ezohiko birgaitze jarduketetan esku hartzeko, konbinatuz ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak eta, are gehiago, jarduketa horietan parte hartuz, baliabide ekonomiko bereziekin edo eskura dituen baliabide material eta teknikoekin eta giza-baliabideekin.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2201457