35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Osasun arloko udal ordenantza, lagun egiteko animaliak babestea arautzen duena. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2021eko uztailaren 1ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguesibarko udal-mugartean lagun egiteko animaliak babestea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza. Onespen hori jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaraturik 2021eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an, bai eta Eguesibarko Udalaren ediktu-taulan ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork alegazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu gabe, eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betetzeko (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta argitara ematen da haren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, aipatu 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betetzeko, eta ohartarazten da ezen ordenantza honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela jarri errekurtsorik administrazio bidean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea); hortaz, behin betiko onespen honen aurka jotzen ahalko da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztuz, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz (Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen Legea).

Sarrigurenen, 2022ko urtarrilaren 25ean.–Alkatea, Amaya Marco Larraya.

OSASUN ARLOKO UDAL ORDENANTZA, EGUESIBARKO UDAL-MUGARTEAN LAGUN EGITEKO ANIMALIAK BABESTEA ARAUTZEN DUENA

Atarikoa

Animalien babesari buruzko 7/1994 Foru Legeari jarraikiz, Eguesibarko Udalak onetsi zuen Eguesibarko udal-mugartean animaliak edukitzea arautzen zuen osasun arloko udal ordenantza (1999ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko 19/2019 Foru Legea onestean, hark 7/1994 Foru Legea indargabetu zuen, eta beharrezkoa da aipaturiko udal ordenantza egokitzea lagun egiteko animaliak babestea arautzen duen lege berrira.

I. KAPITULUA

Xedea, helburua eta aplikazio eremua

1. artikulua.

1. Ordenantza honen xedea da arautzea animalien babesa eta ongizatea eta haiek edukitzeko baldintzak, era bateragarrian higienearekin, osasun publikoarekin eta pertsonen eta ondasunen segurtasunarekin, bai eta animaliei behar bezalako babesa eta tratu ona bermatzea ere.

2. Ordenantza honek xedatzen ez duen guztian, aplikatuko da arlo honetan indarrean dagoen legedia, eta, zehazki, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea.

2. artikulua.

Ordenantza honen helburua da animalien babes eta ongizate mailarik handiena lortzea, animalien edukitza arduratsua bermatzea, animalien galera eta abandonuak ahalik eta gehien murriztea, herritarren parte-hartzea sustatzea animalien defentsan eta babesean, bai eta animaliak errespetatzeari eta adopzioaren garrantziari buruzko pedagogia ere, eta pertsonen osasuna, lasaitasuna eta segurtasuna babestea.

3. artikulua.

1. Alkatetzari esleitzen zaio arlo honetako eskumena, eta ordenantza hau betetzen dela zaintzea, Udaltzaingoari eta Udaleko Ingurumen Alorrari. Horiek beste alorren laguntza eskatzen ahalko dute, behar izanez gero.

2. Arau-haustea delitua izan badaiteke, egitateak jurisdikzio eskudunari jakinaraziko zaizkio, eta prozedura penala hasten bada, zehapen-prozedura administratiboa eten eginen da, baldin eta hasita badago, harik eta penalean ebazpen irmoa eman arte.

3. Ordenantza honen eremutik kanpo geratzen dira, araudi espezifikoa baitute, ekoizpenerako animaliak –19/2019 Foru Legean ezarritakoaren arabera–, basafaunakoak, zezen-ikuskizunetan erabiltzen direnak, esperimentaziorako eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabiltzen direnak, eta parke zoologikoetan daudenak.

4. artikulua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie lagun egiteko animalien edukitzaileei, animaliak hazteko, egoteko eta saltzeko instalazio publiko edo pribatuetako leku edo bizitokiei, albaitaritzako osasun-establezimenduei, animalien babes eta defentsarako elkarteei eta antzeko beste edozein jarduerari; gainera, udal-agintaritzari lagundu beharko diote, haiekin lotutako animalien gaineko datu eta aurrekari zehatzak lortzeko.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua.

Ordenantza honen arabera, lagun egiteko animaliatzat hartuko dira pertsonek etxean, oro har, edukitzen dituztenak, konpainia-, aisia-, hezkuntza- edo gizarte-arloko helburu nagusiekin, inolako irabazizko jarduerarik gabe eta halakoen ekoizpenak kontsumitu edo aprobetxatzeko xederik gabe, tradizioz edo normalean gizakiak hazten eta edukitzen dituen espezietakoak izanik, etxekoturik bizi daitezen.

Legez edo erregelamenduz une bakoitzean zehazten diren animalia-espezieez gain, honako hauek hartuko dira betiere halakotzat:

A) Ugaztunak: zakurrak, katuak, hudoak, karraskariak eta untxiak –elikagaiak ekoizteko erabiltzen ez direnak–.

B) Ornogabeak –erleak, erlastarrak, moluskuak eta krustazeoak izan ezik–.

C) Animalia urtar apaingarriak.

D) Anfibioak.

E) Narrastiak.

F) Hegaztiak: hegazti-espezie guztiak, oilategiko hegaztiak izan ezik.

Aurreko apartatuan xedaturikoa gorabehera, ezin izanen dira hartu lagun egiteko animaliatzat babes bereziko araubidea duten espezieei, espezie mehatxatuei edo espezie exotiko inbaditzaileei buruz Estatuak edo autonomia erkidegoek egindako zerrenda edo katalogoetan dauden espezieak, baldin eta haiek edukitzea ez badago legez baimendurik, ez eta ingurune naturalean bizi diren basati bihurturikoak, halakoei basafaunari buruzko araudia aplikatuko baitzaie, ezertan galarazi gabe dagokion legedian ezarritakoa.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

–Ekoizpenerako animaliak: ekoizpenerako, ugalketarako, gizentzeko edo hiltzeko animaliak, larrugintzarako edo ehiza-jardueretako direnak barne, zeinak mantendu, gizendu edo hazten baitira elikagaiak ekoizteko edo animalia-jatorriko produktuak ekoizteko, edozein industria-erabileratarako edo merkataritzako edo irabazi-asmoko beste xede baterako.

–Jabea edo titularra: animalia baten zaintzaren erantzukizuna duen pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak animalia bere jabaripean baitauka, eta haren jabe gisa inskribaturik baitago Animalien Identifikaziorako Erregistroan. Erregistroko inskripziorik ez dagoen kasuetan, jabetzat hartuko da izaera hori froga dezakeen pertsona, zuzenbidean onartzen den edozein metodo erabiliz titulartasuna eta jabaria frogatzeko.

–Edukitzailea: aurreko puntuan ezarritakoaren araberako jabea izan gabe, animalia bat daukan eta/edo haren zaintza bere ardurapean duen pertsona fisikoa.

–Hilketa: lagun egiteko animalia bat hiltzea animalien osasun-arrazoiengatik, osasun publikoagatik, ingurumen-arrazoiengatik edo larrialdi- nahiz arriskugarritasun-arrazoiengatik, ahal den sufrimendurik txikiena dakarten metodoak baliatuz.

–Eutanasia: lagun egiteko animalia bat hiltzea era justifikatuan, izan ez dezan gaixotasun edo lesio bat edukitzeak dakarren alferreko sufrimendua, halakoak ez badio uzten animaliaren ongizate egokiarekin bateragarria den bizi kalitate bat izaten, betiere metodo ez-anker eta ez-mingarriak baliatuz.

–Tratu txarrak: animalia bati, berariaz eta justifikaziorik gabe, alferrikako mina, sufrimendua, ondoeza edo heriotza eragiten dion jokabide oro, egitez nahiz ez-egitez.

–Katu basatiak: etxeko felido-espeziea, pertsonekin sozializaturik ez dagoena eta, beraz, adoptatzeko modukoa ez dena. Katu basatiak agertzen dira esterilizaturik ez dauden etxeko katuek ihes egiten dutenean edo abandonatzen direnean, basati bihurtzen baitira aldi bat beren kasa bizitzen eman eta gero, edo, bestela, beste katu basati batzuen ondorengoak dira.

–Animalia abandonatua: animalia identifikatu gabea edo identifikatua, zeinaren galera edo desagerketa ez baitzaio inongo agintaritza eskuduni jakinarazi araudian ezarritako gehieneko epean –eta halakorik ez dagoenean, gehienez ere 72 orduko epean, galtzen edo desagertzen denetik–; eta, oro har, edozein animalia, jabeak edo edukitzaileak nahita eta berariaz uko egin dionean haren jabetzari eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudian ezarritako zaintza- eta gobernu-betebeharrak betetzeari. Animalia abandonatutzat joko da, halaber, epe adostuan jabeak edo edukitzaileak hartu ez duena, lagun egiteko animalien zentro batean dagoenean.

–Animalia galduak: lagun egiteko animalia identifikatuak edo identifikatu gabeak, zeinak noraezean eta kontrolik gabe alderrai ibiltzen direnak, baldin eta haien jabeek edo edukitzaileek galera edo desagerketa jakinarazi badiote edozein agintaritza eskuduni.

–Animalia identifikatu gabea: jabearekin edo arduradunarekin doala, identifikaturik ez dagoena.

–Gune zoologikoak: animaliak erakusteko taldekatze zoologikoak, lagun egiteko animaliak mantentzeko instalazioak, animaliak biltzeko zentroak, animaliak saldu eta hazteko establezimenduak, partikularren etxebizitza, baldin animaliekin salmentak edo bestelako transakzioak egiten badira, eta antzeko ezaugarriak dituztenak, erregelamenduz zehaztuak. Kanpo geratzen dira animaliak hartzen dituzten instalazioak, haien helburua denean haragia, larrua edo gizakiarendako baliagarria den beste produkturen bat ekoiztea, bai eta zama-abereak eta nekazaritzan erabiltzen direnak ere.

–Animalien babes eta defentsarako elkarteak: irabazi-asmorik gabeko elkarteak, legez eratuak, helburu nagusitzat animalien babesa eta defentsa dutenak.

–Entitate laguntzaileak: Foru Komunitatearen jarduketa-esparruan halakotzat aitortuta eta erregistratuta dauden animalien babes eta defentsarako elkarteak, albaitaritza-zentroak eta bestelako entitateak.

–Lagun egiteko animalien zentroak: gune zoologiko gisa erregistratutako establezimenduak, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, haien xedea denean lagun egiteko animaliak mantentzea, kostu bidez edo dohainik, salbu eta albaitaritzako klinika, zentro edo ospitaleak.

–Harrera-etxea: bizileku partikular erregistratua eta harrera-zentro baten mendekoa, zeinean animalia abandonatu edo galduak mantentzen baitira haiek behin-behinean zaintzeko, animalia higiene eta osasun egoera egokian zaindu, artatu eta mantenduko dela bermaturik.

–Katu-kolonia: aske baina giza ingurunearen mende bizi den katu-multzoa, eta espazio publikoetan dagoena udalen, udalerriaz gaindiko entitateen edo eskualdeen baimen eta kontrolaren mende.

III. KAPITULUA

Betebeharrak eta debekuak

6. artikulua.

Jabeen edo edukitzaileen betebeharrak.

1. Animalia baten edukitzaileak betebehar hauek izanen ditu:

a) Animalia egoera egokian edukitzea higienearen eta osasunaren aldetik, animalia-ongizatea eta zaintza emanez, espezie bakoitzaren ezaugarrien arabera.

b) Bizitoki egokia ematea, arrazaren edo espeziearen arabera.

c) Normal hazteko behar duten mantenua ematea.

d) Albaitaritzako oinarrizko arta ematea, bai eta nahitaezkotzat deklaratzen diren albaitaritza-tratamenduak ere, kasuan-kasuan eskatzen direnak. Animaliei ematea nahitaezkotzat deklaratzen diren tratamendu prebentiboak, bai eta bestelako edozein albaitaritza-tratamendu prebentibo, aringarri edo sendagarri ere, haien osasun egoera ona mantentzeko funtsezkoa dena.

e) Behar diren neurriak hartzea, saiheste aldera bide eta espazio publikoak edo erabilera komuneko pribatuak zikin ditzaten, eta hala gertatuz gero, garbitzea.

f) Animalia babestea beste animalia edo pertsona batzuen eraso eta arriskuetatik.

g) Animaliak egoki garraiatzea, eta indarreko legedian ezarritako moduan beti, garraioak dirauen bitartean bide-segurtasuna eta animalien erosotasuna bermatuz, baita ibilgailu partikularretan garraiatzen direnean ere.

h) Behar diren neurriak hartzea saiheste aldera animalien edukitza, ukaitza edo zirkulazioa arrisku edo mehatxu bat izan daitezen, eragozpenak sor ditzaten edo kalteak eragin diezazkieten pertsonei, lagun egiteko edo ekoizpeneko beste animalia batzuei edo gauzei, animalia horiek heziz funtsean erasokorrak eta indarkeriazkoak ez diren metodoen bidez, eta jokabide-aldaketarako teknikak erabiliz albaitari batek egokitzat jo eta hala agintzen duenean. Bestetik, animaliek ezin izanen dute borroketan parte hartu. Hiri-espazio publikoan, zakurrak uhalez edo katez loturik eraman behar dira.

i) Animaliaren galera salatzea, zuzenean animalien osasunaren alorreko agintaritza eskudunari edota Udalaren bidez, galtzen denetik hirurogeita hamabi orduko epean (edo legez edo erregelamenduz ezarritakoan, laburragoa bada), eta behar diren segurtasun eta babes neurriak hartzea, animaliek ihes edo alde egitea saihesteko.

j) Agintaritza eskudunei edo agintaritza-agenteei informazioa edo laguntza ematea, hala eskatzen zaienean.

k) Behar diren neurriak hartzea, lagun egiteko animalien ugalketa kontrolgabea saihesteko.

l) Agintaritza eskudunaren edo haren agenteen eskura jartzea eskaturiko dokumentazioa, kasuan-kasuan aginduzkoa dena, une bakoitzean beharrezkoa den informazioa lortzen lagunduz eta, oro har, agintaritza eskudunak egiten dizkion gomendio guztiak betez.

2. Animalia baten jabeak betebehar hauek izanen ditu:

A) Aurreko apartatuan edukitzailearendako xedaturikoak.

B) Animalia behar bezala identifikatua izatea, araudi aplikagarriak ezarritako modu eta baldintzetan, bai eta kasuan-kasuan behar diren erregistroetan inskribatua ere.

C) Indarrean dagoen kasuan kasuko araudiak ezarritako osasun-neurri guztiak hartzea, bai eta gaixotasunen prebentziorako eta pertsonen eta animalien osasuna babesteko ezarritakoak ere.

D) Animaliaren edo jabearen datuei buruzko aldaketa oro jakinaraztea, bai eta animaliaren heriotza ere, zuzenean animalien osasunaren alorreko agintaritza eskudunari edota Udalaren bidez, gehienez 72 orduko epean (edo legez edo erregelamenduz ezarritakoan, laburragoa bada), Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan inskribaturik egon behar duten espezieen kasuan.

E) Ezabatu edo suntsitzea ardurapean dituzten lagun egiteko animalien gorpuak, araudian ezarritako modu eta baldintzetan.

F) Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea, erregelamenduz hala ezartzen den kasuetan.

G) Zaintza-zakurrak jabeen erantzukizunpean egonen dira, pertsonei kalterik egitea eragotziko dieten esparru batzuetan. Ikusteko moduko tokian ohartarazi beharko da han badirela zaintza-zakurrak.

3. Albaitariek, beren lanbidean jardutean, dauden betebeharrak bete beharko dituzte artatzen dituzten animalien identifikazioaren, kontrolaren eta tratamenduaren aldetik, eta administrazio eskudunari jakinarazi beharko dizkiote nahitaez deklaratu beharreko gertaera garrantzitsuak, bat etorriz legeetan, haiek garatzeko arauetan eta ordenantza honetan xedaturikoarekin.

7. artikulua.

19/2019 Foru Legearen 7. artikuluan berariaz debekatzen diren praktikez gain, honako hauek debekatzen dira:

A) Lagun egiteko animalien eta katu basatien hilketa, ez badira betetzen lege aplikagarrien eta ordenantza honen xedapenak.

B) Haztea eta edukitzea oilategiko animaliak, hiltegiko edo ekoizpeneko animaliak eta ekidoak hiriguneko eta bizitegi-urbanizazioetako etxebizitza, lurzati eta orubeen barnean. Kontzejuetako hiriguneetan, biztanleguneetan eta landa-inguruneko etxebizitzetan, posible izanen da baldin bizitokiaren inguruabarrek eta instalazioen egokitasunak ahalbidetzen badute, higieneari eta osasunari dagokienez nahiz auzokideei traba edo eragozpenik ez sortzeari dagokionez.

C) Animaliek ohiko bizitokitzat izatea bizilagunen erkidegoen espazio komunak, hala nola argi patioak edo balkoiak, garajeak, pabiloiak, sotoak, terrazak, teilatu lauak... Halaber, debeku da lagun egiteko animaliak edukitzea ibilgailuetan, lorategi partikularretan edo beste edozein lokal edo jabetzatan, baldin auzokideei edo iragaten diren pertsonei eragozpen objektiboak sortzen badizkiete. Horrez gain, 25 kg-tik gorako animalien bizitokiek ezin izanen dute 3 m² baino gutxiago izan, salbu eta udal zakurtegietan.

D) Animaliak ibilgailuen barnean egotea, jabeak edo edukitzaileak gainbegiratu eta kontrolatu gabe.

E) Zakurrak ibiltzea uhalez edo katez loturik eraman gabe espazio publikoetan edo bizilagunen erkidegoen espazio komunetan.

F) Animalien gorpuak uztea bide publikoan, zabor-edukiontzietan, eremuetan, orubeetan, akuiferoetan edo legez ezarritakoarekin bat ez datorren beste toki orotan.

G) Hegaztiak eta, oro har, animaliak gauez uztea (22:00etatik 08:00ak arte) eraikinen kanpoko aldeetan, hala nola patio, terraza, galeria edo balkoietan, baldin beren soinu, oihu edo kantuekin auzokideen atsedena edo lasaitasuna eragozten badute.

H) Animaliak egotea inor bizi ez den etxebizitza edo bizitokietan, honako kasu hauetan:

1.–Higiene eta osasun egoera egokian ez edukitzeagatik salaketa jarri, eta hala egiaztatu duenean osasun ikuskapen batek.

2.–Etengabeko zaratengatik salaketa jarri, eta hala egiaztatzen denean.

I) Espezieak sartu eta askatzea, aloktonoak izan zein ez, urmaeletan, aintziretan eta, oro har, Eguesibarko udal-mugartean.

J) Jaten ematea animalia basatiei edo basati bihurturikoei, eta, oro har, edozein animaliari, bide publikoan.

K) Animaliak bainatzea apaindurazko iturrietan, aintziretan eta antzekoetan, eta animaliek ura zuzenean edatea jendeak edateko ur iturrietatik.

Artikulu honetan xedaturikoa betetzen ez bada, hori aski arrazoi izaten ahalko da Animaliak Biltzeko Udal Zerbitzuak animalia horiek bil ditzan. Bete ez duenak sorturiko gastuak ordainduko dizkio Udalari.

IV. KAPITULUA

Animaliak edukitzea eta eramatea

8. artikulua.

1. Behar den espazioa izanen du lagun egiteko animaliak hartzeko bizitokiak, espeziearen eta/edo arrazaren arabera, tamainaren arabera eta adinaren arabera. Halaber, behar adina janontzi eta edontzi edukiko ditu, eta horiek egoera egokian mantendu beharko dira higienearen eta osasunaren aldetik. Bizitokiaren taxuak eta materialek ahalbidetuko dute animalia babesturik geratzea eguraldi txarretik, kanpoaldean egon behar duenean, eta zakurren aterpeek, bereziki, estalkidunak izan beharko dute, eta gutxienez hiru paramentu bertikal izan.

2. Behar denean higienizatuko dira animaliak egoten diren esparruak, une oro saihesteko eginkari solidoak eta likidoak egon daitezen eta, hala, eragozpenik, usainik edo trabarik sor ez ditzaten eta intsektu eta/edo karraskarien erakargune izan ez daitezen. Aldian-aldian desinfektatu egin beharko dira, orobat.

3. Garraiobide edo edukiontziek ezaugarri egokiak izanen dituzte animaliak babesteko egurats zabaletik eta eguraldi txarretik. Zehaztu beharko dute barnean animaliak daramatzatela. Halaber, behar adinako espazioa izanen dute eramaten duten espeziearendako.

Animaliak arriskutsuak badira, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira garraiorako.

4. Denbora gehiena kanpoaldean eman behar duten animalien bizitokiek material iragazgaitzez eta isolatzailez eginak izan beharko dira, eguraldi txarretik babesteko modukoak, eta kokatu beharko dira animaliek zuzenean ez egoteko, luzaz, ez eguzkipean, ez euripean. Bizitokiak izan beharko du behar adinako luzera, animalia barnean eroso kabitzeko. Garaierak zutik egoten utzi beharko dio animaliari, lepoa eta burua luzaturik; zabalera izanen da bizitokiaren barnean animaliak buelta eman ahal izateko adinakoa. Betiere, 3 metro koadro izan beharko ditu gutxienez.

5. Etxeko animalien jabe edo edukitzaileek behar diren neurriak hartu beharko dituzte saiheste aldera animaliek zarata egin dezaten edo auzokideei eragozpenak sor diezazkieten, eguneroko bizikidetzaren kaltetan.

Debeku da hegaztiak eta, oro har, animaliak gauez uztea (22:00etatik 08:00ak arte) eraikinen kanpoko aldeetan, hala nola patio, terraza, espazio komun, galeria edo balkoietan, baldin beren soinu, oihu edo kantuekin auzokideen atsedena edo lasaitasuna eragozten badute.

Halaber, egunez, kanpoko alde horietatik kendu beharko dira animaliak, baldin eta era nabarmenean eragozpenak sortzen badizkiete eraikinean bertan edo ondoko edo hurbileko eraikinetan bizi direnei.

Eragozpentzat jotzen da udaltzainek eta/edo ikuskatzaileek egiaztatzen dutena, beren salaketetan. (Ziurtatzen denean ezin dela solas normalik izan, animalien zaratak direla kausa).

6. Terrazen eta antzekoen kasuan, pribatuak edo erkidego batenak direnean, jabe edo edukitzaileek behar diren neurriak hartu beharko dituzte saihesteko animaliek ihes egin dezaten, eta saihesteko haien gorozkiek eta gernuak eragin diezaieten goiko edo beheko solairuei, albokoei eta bide publikoari. Esparru horiek egoera egokian izan beharko dira beti, higiene eta osasunaren aldetik nahiz apaintasunaren aldetik.

7. Animaliaren titular edo edukitzailea ibiltzen denean espazio publikoetan eta pribatuak edo erkidego batenak diren eremuetan, katea eraman beharko du, eta gorozkiak biltzeko poltsa eta gernua diluitzeko poltsa edo botila bete ur.

Betiere, animalien jabe eta edukitzaileek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Une oro eragotzi beharko dute animaliek espazio publikoetan eta eraikinen fatxadetan kalteak eragitea edo haiek zikintzea. Bereziki, jokabide hauek bete beharko dira:

1.–Debeku da animalien gorozkiak uztea espaloietan, orubeetan, parterretan, berdeguneetan edo terrazetan, bai eta bide publikoko gainerako elementuetan ere, herritarrak egoteko edo iragateko izan zein ez izan. Debeku horrek barne hartzen ditu espazio pribatuak eta jabeen erkidegoen espazio komunak.

2.–Animaliaren jabea –eta, subsidiarioki, hura daraman pertsona– izanen da erantzulea animaliak bide publikoa zikintzen badu.

3.–Berehala garbitu beharko dira eragindako elementuak, eta gorozkiak bildu eta bota. Horiek, ahal dela, poltsetan sartu beharko dira, ongi itxita, eta paperontzietan edo hiri-hondakin solidoak biltzeko edukiontzietan utzi. Aurrekoa betetzen ez bada, Udaleko agintaritza-agenteek eskatuko diote jabe edo edukitzaileari eragindako elementuak garbi ditzala.

4.–Bide publikoan gernu egiten duten animalien jabeek beharrezko neurriak hartuko dituzte ur zikinak diluitzeko, ura botaz, orbanekin ez zikintzeko, usainik ez sortzeko, eta iragaten diren gainerako pertsonei ez eragozteko.

Gomendatzen da eramaten den botilan iturriko ura eta ozpin zuria nahasteko (bi kikarakada ozpin zuri eta bi kikarakada ur), eta nahasketa hori zakurraren gernuaren gainean botatzeko.

Disoluzio hori egin beharko da eragozpenik sortu gabe eta eragin gabe iragaten diren gainerako pertsonei, ez eta jabetza publiko edo pribatuei ere.

b) Lagun egiteko animaliak sartzen ahalko dira bide publikoan, espazio publikoetan eta higiezin kolektiboetako espazio komunetara, beren jabe edo edukitzaileekin doazenean, baldin eta arriskurik ez badakarte iragaten diren pertsonendako edo beste animalia batzuendako.

Horretarako:

1.–Loturik joan beharko dute lepoko edo arnes batekin eta uhal edo kate batekin –horiek animaliari lesiorik eragin gabe–, salbu eta lagun egiteko animalien aisiarako eremu berezietan (zakurren aisiarako eremuak eta horretarako berariaz gaitutako beste edozein toki), haietan soltean egoten ahalko baitira. Agintaritza eskudunak mozala erabiltzeko agintzen ahalko du, inguruabarren arabera hala komeni denean.

2.–Zakur, katu eta hudoek banakako identifikazioa eraman beharko dute.

9. artikulua.

1. Animalia baten edukitzaileak izanen dira erantzuleak hark sorturiko kalte eta eragozpenengatik; hala ere, horrek ez du galaraziko jabearen erantzukizun subsidiarioa.

2. Animalien jabe eta edukitzaileek ahalbidetu beharko diete Udaleko agintaritza-agenteei eta/edo albaitaritzako ikuskatzaileari behar diren etxeko bisitaldiak egin ditzaten, ikuskapena egiteko eta aurreko artikuluetan aintzat hartzen diren inguruabarrak zehazteko; halaber, eman beharko dute agintaritza eskudunek edo haien agente eta ikuskatzaileek eskatzen dieten datu eta informazio oro. Betiere aplikatu beharko dira udal agintaritzak ezarritako neurri higieniko-sanitarioak.

3. Etxebizitzetan eta beste espazio pribatu batzuetan lagun egiteko animaliak edukitzeko, baldintza izanen da haien bizitokia egokia izatea higienearen eta osasungarritasunaren aldetik, arriskurik ez egotea osasun publikorako, eta behar diren neurriak hartzea auzokideei eragozpenik eta trabarik ez sortzeko.

Dauden inguruabarrengatik, irizten bazaio ez dela onargarria animaliak egotea etxebizitza edo lokal batean, jabeek handik atera beharko dituzte, eta animalia abandonatuendako harrera-zentro baimendun batera eraman. Ez badute hori borondatez egiten, horretarako errekerimendua egin eta gero, Animaliak Biltzeko Udal Zerbitzuak eginen du, aurretiaz baimen judiziala eskuraturik beharrezkoa bada, eta sorturiko gastuak jabeak edo edukitzaileak ordaindu beharko ditu.

4. Debeku da etxebizitza edo lokal batean 5 animalia baino gehiago edukitzea, zakur espeziekoak, katu espeziekoak edo erregelamenduz ezartzen den beste batekoak, salbu eta Udalak hala baimentzen badu.

Etxebizitza partikular batean edukitzen ahal diren lagun egiteko, jostetarako edo aisiarako animalien kopurua zehazteko, kontuan hartuko dira instalazioen egokitasuna, animalien ongizatea, auzokideei eragozpenik ez sortzea, eta indarreko araudia.

5. Udal agintaritzak animaliak kentzeko eskatzen ahalko du, arrisku fisiko edo sanitariorik ekarriz gero, edota irizten bazaio auzokideei behin eta berriz eragozpenak sortzen dizkietela, baldin eta hala egiaztatzen bada. Ez badute hori borondatez egiten, horretarako errekerimendua egin eta gero, Animaliak Biltzeko Udal Zerbitzuak eginen du (aurretiaz baimen judiziala eskuraturik, beharrezkoa bada), eta sorturiko gastuak ordaindu beharko zaizkio.

10. artikulua.

1. Zaintza-zakurrak jabeen erantzukizunpean egonen dira, pertsonei kalterik egitea eragotziko dieten esparru batzuetan. Ikusteko moduko tokian ohartarazi beharko da han badirela zaintza-zakurrak. Esterilizaturik egon beharko dute, bai eta etxebizitzetatik kanpora ateratzen ahal diren katuek ere.

2. Hirigunean, etxeko animaliak edukitzea hirigintzako arauaren mende egonen da, eta ez da inoiz onartuko auzokideei eragozpenik sortzea.

3. Identifikaturiko jaberik ez bada, higiezinaren jabea hartuko da animaliaren erantzuletzat, salbu eta animaliak jabetza pribatu batean sartu aterpetzeko, eta jabeak Udalari horren berri ematen badio.

11. artikulua.

1. Debeku da bide publikoetan ibiltzea zentsu-identifikazioa ez daramaten zakurrak. Halaber, lagundurik joan beharko dute, eta katez loturik eraman beharko dira, edo uhal sendo batez. Mozala eraman beharko dute hala komeni denean animaliaren aiurriagatik, jabearen erantzukizunpean. Nahitaezkoa izanen da mozala erabiltzea “arraza potentzialki arriskutsuak” deiturikoen kasuan. Debeku da jabe berak aldi berean paseoan eramatea “arraza potentzialki arriskutsuak” deituetako bi zakur edo gehiago.

2. Zakurrak eta beste animalia batzuk soltean egoten ahalko dira Udalak baimendu eta zedarrituriko eremuetan. Horretarako, honako ordutegi eta eremu hauek zehazten dira, soltean ibili ahal izateko (behar bezala seinaleztaturik egon beharko dute):

Eremuak:

–Maristen atzeko eremua Sarrigurenen (katastroko 15. poligonoko 261. lurzatia).

–Elizmendi kalearen ondoko eremua Sarrigurenen (katastroko 15. poligonoko 263. lurzatia).

–Joan Paulo II.aren parkeko eremua Gorraitzen (katastroko 13. poligonoko 608. lurzatia).

Ordutegiak:

–Maiatzaren batetik urriaren hogeita hamaikara bitarte, 22:00etatik 08:00ak arte.

–Azaroaren batetik apirilaren hogeita hamarrera, 20:00etatik 08:00ak bitarte.

Debeku da zakurrekin eta beste animalia batzuekin sartzea haurrendako jolastokietan. Halakotzat jotzen dira aire zabaleko eremuak, berariazko ekipamendu edo egokitzapenez horniturik daudenak, adingabeen jolas eta aisiarako.

3. Animaliek daramatzatenek nahitaez eraman beharko dituzte poltsak edo bilgarri egokiak, animalien gorozkiak berehala biltzeko. Orobat, horiek bota beharko dituzte paperontzietara eta egokiak diren beste elementu batzuetara. Hori betetzeko erantzukizuna animaliak daramatzatenek izanen dute, edo, subsidiarioki, animalion jabeek.

4. Animaliak ibilgailu partikularretan garraiatzeko moduak ez du oztopatuko gidariaren jarduna, ez du trafikoaren segurtasuna arriskuan jarriko, edo ez du egoera desegokirik ekarriko alde etiologiko edo fisiologikotik. Ibilgailuaren atzealdean joan beharko dute ibilbidean zehar, eta ainguratze sistema bat izan, gidariari eragozpenik ez sortzeko. Beroa dagoenean, ez da animalia ibilgailu barnean utziko, eguzkipean eta aireztapenik gabe; beti bermatu beharko da 25 gradutik beherako tenperatura egotea eta animalia bi ordu baino gehiago ez ematea ibilgailuaren barnealdean.

5. Itsu-zakurrak izan ezik, jabeek beren establezimendura sartzea debekatzen ahalko diete zakurrei hotel, pentsio, taberna-jatetxe, kafetegi eta antzekoetan. Debeku horren seinalea ikusteko moduan jarri beharko dute lokalaren sarreran.

12. artikulua.

Debeku da animaliak honako hauetan sartzea:

A) Elikagaiak manipulatzeko edo biltegiratzeko alde zehatzetan, elikagaiak manipulatzen edo biltegiratzen diren lokaletan (sukaldea, barra, despentsa...).

B) Masa-ikuskizun publikoetan, kirol-ikuskizunak barne.

C) Erabilera edo zerbitzu publikoa xedetzat duten administrazio publikoen eraikin eta bulego ofizialetan.

D) Aurreko paragrafoan aurreikusita ez dauden eta jendearendako irekita dauden beste establezimendu batzuetan, hala nola kulturarako eta aisialdirako lokal, instalazio eta esparruetan (museoak, antzokiak, zinemak, igerilekuak, erakusketa-aretoak eta gisako beste edozein zentro).

Artikulu honetan ezartzen diren mugak, animaliak bide, garraio eta establezimendu publikoetan ibili eta sartzeari dagokionez, ez zaizkie aplikatuko laguntza-zakurrei, baldin eta izaera hori aitorturik badute, bat etorriz otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita desgaitasuna duten pertsonak, laguntza-zakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna. Era berean, muga horiek ez dira aplikatuko zakurrak, genero-indarkeriako kasuetan, lagundutako terapiarako erabiltzen direnean.

13. artikulua.

1. Animaliaren jabe edo edukitzaileak behar diren neurriak hartu beharko ditu saihesteko bide eta espazio publikoak zikin daitezen; hala, debeku da toki horietan uztea zakur, katu edo beste animali batzuen gorozkiak, eta azken horiek bildu eta paperontzietan edo zabor-edukiontzietan uzteko erantzukizuna izanen dute.

2. Horrez gain, debeku da zakur, katu eta lagun egiteko gainerako animaliak sartzea udalerriko plaza, lorategi eta parkeetan, berariaz debekatzen denean, horretarako seinalea paraturik. Salbuesten dira Udalak berariaz gaituriko eremuak.

3. Etxeko animalia hiltzen denean, gorpuaren ezabaketa higienikoa eginen da, kudeatzaile baimendun baten esku utziz, ezertan galarazi gabe erakunde eskudunek onetsitako berariazko araudiak epizootien eta zoonosien kontrolerako.

V. KAPITULUA

Udal zentsua eta identifikazioa

14. artikulua.

Udalerrian bizi diren edo hartan zirkulatzen duten zakur, katu eta hudoen jabe edo edukitzaileek identifikaturik eduki beharko dituzte animalia horiek, mikrotxip homologatu baten bidez, dagokien osasun-txartela eman beharko diete, eta Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan inskribatu beharko dituzte, animaliak hiru hilabete betetzen dituenean edo eskuratu eta hilabetera, salbu araudian epe laburragoa ezartzen bada. Halaber, inskripzio hori egiaztatzen duen agiria izan beharko dute.

Horrez gain, Eguesibarko udal-mugartean bizi diren zakur-edukitzaileek izan beharko dute Eguesibarko Udalan emaniko txartela, non jasoko baitira zakurraren arraza, izena, jabearen izena, helbidea eta telefonoa, eta zakurraren argazki bat. Datu horietako edozein aldatzen bada, Udalari jakinarazi beharko zaio aldaketa gertatzen denetik hamabost eguneko epean, horren egiaztagiria aurkezturik, txartel berria emateko edota lehengo txartela ezerezteko.

15. artikulua.

1. Albaitari elkargokide batek ezarriko du mikrotxipa. Albaitariaren ardura izanen da identifikaturiko animalia dagokion erregistroan sartzea, gehienez 15 eguneko epean. Jabe bat albaitari baten kontsultara badoa, eta ez badu bere animalia identifikaturik edo ez badu haren identifikazioa ematen, albaitariak Udalari eman beharko dio horren berri, gehienez 15 eguneko epean. Era berean, zentsuko edozein datu aldatzen bada (jabea aldatzea, helbidea aldatzea...) edo animalia hiltzen bada, aldaketa hori epe berean egin beharko da, jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Animalia erregistratu baten zentsuko datuak aldatzeko, aurretiaz eskatu beharko du aldaketa justifikatzen duen agiria (salerosketako edo lagapeneko agiria).

16. artikulua.

Animaliek beti eraman beharko dute beren zentsu-identifikazioa.

17. artikulua.

Animalien jabeak beharturik egonen dira haiek inskribatzera aurreko artikuluetan aipatzen diren zerbitzuetan, baldin animaliak hiru hilabete baino gehiago baditu eta oraindik inskribaturik ez badago.

18. artikulua.

Prestatzen diren zentsuak egonen dira haiek behar dituzten udal zerbitzuen eskura.

19. artikulua.

Tasa fiskala izaten ahalko dute zentsu-zerbitzuak, txartelak emateak, zaintzak, ikuskapenak, baimentzeak eta animalia abandonatuak biltzeak.

20. artikulua.

1. Animalia abandonatuei dagokienez, Udala arduratuko da haietaz eta atxiki eginen ditu harik eta berreskuratzen edo lagatzen diren arte. Ez da halakotzat joko, baina, edukitzailearekin batera dabilen animalia, nahiz eta ez eraman uhalez eta lepokoz loturik une jakin batean.

2. Animalia abandonatutzat hartuko da, inork kontrolatu gabe, batere identifikaziorik ez daramana bere jatorriari edo jabeari buruz, bai eta, identifikazioa eraman arren, jabeak haren galera salatu ez duena galtzen denetik hirurogeita hamabi orduko epean (edo legez edo erregelamenduz ezarritakoan, laburragoa bada), edo jabeak berreskuratzen ez duena 7. apartatuan ezarritako moduan.

3. Animaliaren agiriak galtzen badira, jabeak gehienez 15 eguneko epean erdietsi beharko ditu.

4. Animaliak abandonatzea delitua da, arriskua badakar haien bizitza edo osotasunerako, eta, gainera, osasun publikorako arrisku gisa zigortzen ahalko da. Etxeko animalien jabeek ezin badute segitu haiek edukitzen, animalien harrera-zentro batean utzi beharko dituzte, eta horren berri eman bai Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroari, bertan inskribaturiko animaliak badira, bai Eguesibarko Udalari, behar diren ondorioetarako.

5. Lehentasunezkoa izanen da adopzioa sustatzea modu baten zein bestean abandonatu-izaera hartzen duten animalia guztiendako.

Adopzioaren xede diren animaliek aginduzkoak diren prebentzio- edo sendaketa-tratamenduak jasota eduki beharko dituzte, identifikatuta eta esterilizatuta egon beharko dute, edo epe jakin batean esterilizatzeko konpromiso bat egonen da –gehienez hilabeteko epean–, baldin eta adopzioaren unean gomendagarria ez bada arrazoi sanitarioengatik, eta animalia ez ugaltzeko konpromiso bat ere egonen da; agiri horien kopiak zentroan geratuko dira agintaritza eskudunaren eskura, hiru urtez gutxienez. Esterilizazioa albaitariaren ziurtagiri batez frogatu beharko da.

6. Behar bezala gaiturik egonen dira animaliak biltzeko eta garraiatzeko zerbitzuak ematen dituzten langileak edo enpresak, behar diren bitartekoak izanen dituzte animaliei alferrikako kalterik edo estresik ez eragiteko, eta behar diren higiene- eta osasun-betebeharrak beteko dituzte.

7. Animalia abandonatu bat atxikitzeko epea izanen da gutxienez 10 egun naturalekoa, baina, alerta sanitarioa gertatuz gero, 15 egun naturalekoa izanen da. Ez bada erreklamatzen epe horietan, gerta daiteke animalia beste norbaiti ematea jabetzan edo lagatzea. Ezin bada jabea aurkitu, animalia mantenduko da udal instalazioetan, Udalak biltzeko kontrataturiko enpresan, edo animalien babeserako elkarte baten edo partikular baten zaintzapean, horiek agiri bat sinatzen badute animalia aldi baterako hartzera konprometitzeko.

8. Animaliak identifikazioa badarama, Udalak jabe edo edukitzaileari jakinarazi behar dio hamar egun naturaleko epea duela hura berreskuratzeko, eta aurretiaz sortu diren gastu guztiak ordaintzeko. Epe hori iragandakoan, jabe edo edukitzaileak ez badu animalia hartu, abandonatutzat joko da, eta aukera egonen da hura lagatzeko, aldi baterako hartzeko edo adoptatzeko. Aukera horien berri eman beharko da aipatu berri den jakinarazpenean. Era berean, azken kasu horretan, animaliaren jabetzat ageri den pertsonak gastu guztiak ordaindu beharko ditu lagapena, aldi baterako harrera edo adopzioa gertatu bitarte, horrek ezertan galarazi gabe bidezko diren zehapenak.

9. Hildako animalia bat biltzen bada, haren identifikazioa begiratu beharko du Udalak, eta hil izana jakinarazi Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroari, inskribatu beharreko animalietako bat izanez gero, baja eman diezaion.

10. Soltean zebiltzan animaliak biltzen direnean, identifikatzen badira eta, jabeari abisatu arren legez ezarritako bideak baliatuz, ez badu bere animalia berreskuratzen, behar den zehapen-espedientea hasiko da.

11. Animalia abandonatu bat albaitaritza-zentro batera eramaten denean, azken horrek ahalik eta lasterrena jakinarazi beharko dio Udalari (Udaltzaingoa), eta beti 72 ordu iragan baino lehen animaliak identifikazioa daramanean.

VI. KAPITULUA

Erasoak

21. artikulua.

1. Animalia erasotzailearen jabeak horren berri eman beharko dio Udalari (Udaltzaingoa) 24 orduko epean gehienez, animalia bidal dadin kontrol sanitarioa egitera. Halaber, jakinarazi beharko ditu animalia erasotzailearen eta erasoa jasandako pertsonaren datuak, bai eta bere legezko ordezkariak, edo agintaritza eskudunei. Jabeari jakinarazpen ofiziala egin zaionetik 72 ordu iragaten direnean, ez badu bete xedatu den hori, udal agintaritzak behar diren neurriak hartu, eta izapide egokiak hasiko ditu animalia itxirik atxikitzeko eta bidezko diren erantzukizunak eskatzeko.

2. Agintaritza eskudunak atxikitzen ahalko ditu pertsona bati lesioak egin dizkioten animaliak, albaitaritzako behaketa ofiziala egiteko, gehienez 21 egunez. Epe hori iraganik, jabeak berreskuratzen ahalko du, salbu eta arrisku nabaria badakar segurtasun edo osasun publikorako.

3. Aurreko apartatuan xedaturikoa gorabehera, jabeak hala eskaturik, zakur erasotzailearen behaketa jabearen etxean egiten ahalko du dagokion albaitaritza-zerbitzu ofizialak edota beregain diharduen albaitari batek.

4. Erabakitzen bada animalia erasotzaileen zaintza etxean egitea, horien jabe edo edukitzaileek bakartu egin beharko dituzte, gal ez daitezen eta kontakturik izan ez dezaten inongo pertsona edo animaliarekin.

5. Beregain diharduten albaitariek, animalia erasotzaileei amorruaren kontrako zaintza egiten dietenean, ardura hori idatziz hartu beharko dute beren gain behar diren albaitaritza-zerbitzu ofizialen aurrean. Halaber, albaitaritzako txostena eman beharko diote zaintza horren emaitzari buruz aipatu albaitaritza-zerbitzuei, zaintza hori bukatzen denetik gehienez 48 orduan.

6. Animalia erasotzailearen jabeak ordainduko ditu horiek atxiki eta kontrolatzeak sorturiko gastuak.

7. Inplikatutako pertsonek lagundu eginen dute aurkitzen eta harrapatzen alderrai dabiltzan edo abandonatuak diren animalia erasotzaileak.

VII. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien babes eta defentsarako elkarteak

22. artikulua.

1. Elkarte horiek inskribaturik egon beharko dute dagokien foru erregistroan.

2. Udala lankidetzan aritzen ahalko da animalien babeserako elkarte horiekin, baldin eta beren instalazioak mantentzen badituzte behar den egoera higienikoan eta betetzen badituzte legean eta estatutuetan esleiturik dauzkaten helburuak. Era berean, Udalak animalia galdu edo abandonatuak biltzeko eta/edo hartzeko zerbitzua ituntzen ahalko du haiekin, Foru Komunitateko Administrazioarekin, beste toki-erakunde batzuekin, animalien babes eta defentsarako elkarteekin edo helburu hori duten beste pertsona juridiko edo fisiko batzuekin.

VIII. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliak saltzeko establezimenduen gaineko arau orokorrak

23. artikulua.

1. Establezimendu horiek honako arau hauek bete beharko dituzte:

–Ikusteko moduan eta sarreran jartzea kartel bat, gune zoologikoaren zenbakia adierazirik.

–Alta emanda egotea gune zoologiko gisa, behar den departamentuan.

–Behar den irekitzeko udal lizentzia izatea.

–Egoera egokia izatea higienearen, osasunaren eta ongizatearen aldetik, albaitaritza-zerbitzu baten ardurapean eta zaintzapean.

2. Ezin izanen da lagun egiteko animaliarik erakutsi erakusleihoa duten establezimenduetan.

IX. KAPITULUA

Katu-koloniak eta animaliak biltzeko jarduera-protokoloa

24. artikulua.

1. Udalak katu-koloniak ezarriko ditu, alkateak zehazturiko kokaguneetan, kontrolatu eta babeste aldera udalerrian aske eta identifikatu gabe bizi diren katuen populazioa.

Animalia horiek harrapatu, eta haien kontrol sanitarioa egin ondoren, identifikatu eta esterilizatu eginen dira, eta kolonia baimendunera atzera eraman.

2. Haien identifikazioa eta zentsua eginen dira Udalaren izenean beti, eta hari dagozkio populazio horien zaintza sanitarioa eta kontrola.

3. Partikularrak edo boluntarioak laguntzaile aritzen ahalko dira jada eraturiko katu-kolonian, Udalak ezarritako baldintzetan eta zeregin hauetarako: elikadura, ura, garbiketa, koloniako katuen zenbaketa, adoptatzeko laguntza (sozializa daitezkeen animalia gazteen kasuan), harrapaketa eta abar. Laguntzaile horiei txartel bat emanen zaie, beren burua identifika dezaten.

4. Katu-koloniak, behin eraturik, laguntzaileek eta/edo Udaleko langileek gainbegiratu eta mantenduko dituzte, jakiteko zer osasun-egoeratan dauden, ea kide berririk iritsi den koloniara, ea badiren harrapatu ezin ziren eta kumeak egin dituzten emeak, edo ea baden animalia gaixoren bat, harrapatu eta tratatzeko. Azken kasu horretan, behin suspertu ondoren, ebaluatu eginen da ea berriz solte utzi, aterpe batera eraman, adopzioan eman ala eutanasia aplikatu behar den, albaitarien irizpidearen arabera, betiere.

5. Udalak erregistro bat eramanen du bere udalerrian eraturiko katu-kolonien gainean, non jasoko baitira kolonia bakoitzeko katu basatien kopurua eta arduraduna edo arduradunak.

6. Udalak behar diren zabalkunde jarduerak eginen ditu, herritarrei informazio egokia helarazteko (kontrolpean dauden katu-kolonien zerrenda eguneratua, haien kokaguneak adierazirik, eta kolonia horiei dagokienez jokatzeko moduari buruzko jarraibideak).

7. Katu-koloniak kartel baten bidez identifikatu beharko dira, honako testu hau paraturik: “Udalaren kontrolpeko katu-kolonia” “Debekatuta dago jaten ematea, harrapatzea edo katu berriak ekartzea, baimendutako pertsona izan ezean”.

25. artikulua.

Lagun egiteko animaliak, biziak edo hilak, biltzeko jarduera-protokoloa.

1. Udalaren ardura izanen da “Lagun egiteko animaliak, biziak edo hilak, biltzeko jarduera-protokoloa” prestatzea, eta bere bitarteko elektronikoetan eta/edo iragarki-taulan zabalduko du. Gutxienez, honako eduki hau izanen du:

a) Jarraibideak animalia bizi edo hil bat aurkitzen dutenendako edo udalerrian lagun egiteko animalia bat galdu dutenendako.

b) Harremanetan jartzeko era (telefonoa eta helbide elektronikoa), argibideak emateko.

c) Udal-mugartean diharduten animalien babes eta defentsarako entitateen zerrenda: entitate erregistratuak eta entitate laguntzaile deklaraturikoak, eta batez ere Udalarekin hitzarmenen bat dutenak.

d) Udalak animaliak biltzeko dituen langileak eta baliabide materialak, edo zerbitzu horretarako kontrataturiko enpresa.

e) Zer toki edo web-orritan emanen den udal-mugartean biltzen diren animalien berri, eta adoptatzen ahalko direnen berri.

2. Udalak lan-prozedura normalizatu bat ezarriko du animaliak biltzen diharduten langileendako: hilak, abandonatuak, galduak edo katu basatiak.

X. KAPITULUA

Animalien babesaren arloko heziketa

26. artikulua.

Udalak honako prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduera hauek sustatuko ditu, besteak beste:

–Edukitza arduratsuari buruzko kanpainak (gutxienez kanpaina bat eginen da gorozkiak biltzeaz kontzientziatzeko), zabalkunde kanpainak animalia identifikatzeko betebeharrari buruz eta ugalketa kontrolgabea eta animalien abandonua saihesteko neurriak hartzeari buruz, eta harrera-zentro baimendunetan adopzioak sustatzeko kanpainak.

XI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

1.–Arau-hausteak.

27. artikulua.

Arau-hausteen sailkapena: arau-hauste arin, astun eta oso astun gisa kalifikatuko dira, irizpidetzat aintzat hartuz osasun publikorako edo animalien osasunerako arriskua, nahitakotasun maila, kaltearen larritasuna, eta zaintza eta kontrolerako zailtasunak.

1. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

a) Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak edo ordenantza honek eskatzen dituen erregistroak ez edukitzea, edo horiek osatu gabe edo gabeziekin edukitzea.

b) Lagun egiteko animaliak edukitzea identifikatu edo erregistratu gabe apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta/edo ordenantza honetan ezarritako moduan.

c) Lagun egiteko animaliak hemezortzi urteko adinaz beherakoei eta ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo zaintza duten pertsonen baimenik gabe.

d) Espezie orotako animaliak erakustea erakusleihoetan, merkataritza-establezimenduetan nahiz aisiarako edo jostetarako lokaletan.

e) Etxebizitza batean Udalak, udalerriaz gaindiko entitateak edo eskualdeak baimendu baino kopuru handiagoan edukitzea zakurrak, katuak edo erregelamenduz zehazturiko beste edozein espezietako aleak, behar den baimena eduki gabe.

f) Lagun egiteko animaliak garraiatzea modu desegokian edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan, animaliek kalterik pairatzen ez badute.

g) Espezie orotako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, behar den baimena eduki gabe.

h) Espezie orotako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.

i) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.

j) Lagun egiteko animalia galduak edo abandonatuak biltzeko jarduerak egitea horretarako baimenik ez duten entitate pribatuek.

k) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek egunean ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.

l) Zakurrak ez eramatea uhalez edo katez loturik hiri-espazio publikoetan edo bizilagunen erkidegoen espazio komunetan, edo ordenantza honen 11. artikuluan xedaturikoa bete gabe eramatea.

m) Hiri-espazio publikoak edo bizilagunen erkidegoen espazio komunak zikintzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin eta ez garbitzea.

n) Behar diren neurriak ez hartzea saihesteko norberaren zaintzapeko espezie orotako animaliek eragin ditzaketen kalteak edo eragozpenak.

o) Zakurrak eta beste animalia batzuk ibiltzea eta egotea ordenantza honek debekaturiko tokietan.

p) 19/2019 Foru legean edo ordenantza honen manuak ez betetzea dakarren edozein egite edo omisio, ez badago tipifikatuta arau-hauste astun edo oso astun gisa.

q) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste astuntzat hartzea merezi ez duenean.

2. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

a) Espezie orotako animaliak elikatuta edukitzea nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin.

b) Espezie orotako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, egoera higieniko eta sanitario onik gabe, dimentsio desegoki batzuen barnean edo, halakoen ezaugarriak, distantzia edo beste edozein arrazoi dela-eta, animaliak egunero egoki kontrolatu eta gainbegiratzeko aukerarik gabe.

c) Espezie orotako animaliak lotuta edo itxita edukitzea sufrimendu edo kalteak eragin diezazkiekeen denboran edo moduan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti bakartuta edukitzea, baldin eta espezie gregarioetakoak badira; eta zakurrak etengabe lotuta edukitzea, 19/2019 Foru Legearen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.

d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintaritza eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, ordenantza honen 20.5 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz, edo agintaritza eskudunek erabakitzen dutenean.

e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizatzea, txertatzea, tratamenduak edo edozein ebakuntza kirurgiko, edo halakoak egitea 19/2019 Foru Legean ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka.

f) Lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea, 19/2019 Foru Legearen arabera hala ezarrita dagoenean edo agintaritza eskudunak agintzen duenean.

g) Ez betetzea lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologikoak diren aldetik, ezarritako baldintzak eta betekizunak, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez badago.

h) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea 19/2019 Foru Legean edo ordenantza honetan ezarritakoa urratuz.

i) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea bete gabe indarreko araudian ezarritako betekizunak.

j) Espezie orotako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo saritzat ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo opari moduan ematea, animalia horien kostu bidezko transakzioak ez diren beste eskuratze batzuen ondorioz.

k) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo albaitariaren ziurtagiria eduki gabe, gaixotasunik ez dutela egiaztatzeko.

l) Albaitaritza-zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.

m) Animaliak erabiltzea, edozein espezietakoak, ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkuetan.

n) Animaliak, edozein espezietakoak, modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako edukitzea ibilgailuetan aireztapenik edo tenperatura egokirik gabe.

o) Animaliak, edozein espezietakoak, abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.

p) Erabili eta saltzea urkatze-lepokoak, ziridunak edo elektrikoak, baldin eta lagun egiteko animaliendako kaltegarriak badira, edo haiek erabiltzea 19/2019 Foru Legean edo ordenantza honetan ezarritakoa urratuz.

q) Espezie orotako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitaritza tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio tratamenduak edo behar dituzten funtsezko tratamendu sendagarriak.

r) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.

s) Uztea edo ez eragoztea animaliak, edozein espezietakoak, arrisku bat izan daitezen pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaieten.

t) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.

u) Laguntzarik ez ematea istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati, laguntza hori norberarendako edo hirugarrenendako arriskurik gabe ematen ahal denean.

v) Albaitari batek eginkizun jakin batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, gaikuntzan ezarritakoa ez betetzea.

w) Lagun egiteko animaliak garraiatzea modu desegokian edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan, animaliek kalteak pairatzen badituzte.

x) Hiru urteko epean egitea arau-hauste arin bat baino gehiago, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

y) Hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik arau-hauste oso astuntzat hartzea merezi ez duenean.

3. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:

a) Espezie orotako animaliei tratu txarrak ematea.

b) Espezie orotako animalien arteko borrokak antolatzea, haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek gauzatzea.

c) Espezie orotako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatu gabeko eszenen filmaketan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamenduak edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragiten ahal dizkieten jardueretan, 19/2019 Foru Legearen 7.13 ezarritakoaren arabera.

d) Espezie orotako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea, edo lan eginaraztea haien osasunari edo ongizateari kalte egiten dion modu batez.

e) Espezie orotako animaliak abandonatzea.

f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea horretarako ezarritako epean, 19/2019 Foru Legearen 15.3 artikuluan eta ordenantza honen 20.8 artikuluan xedaturikoaren arabera.

g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea 19/2019 Foru Legean eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.

h) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, 19/2019 Foru Legean ezarritako salbuespenekin.

i) Espeziea edozein dela ere, animaliaren sufrimendua edo heriotza eragiten duten edo eragin dezaketen hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da ugalketarako erabiltzea gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak, heriotza behar baino lehenago eragin dezaketenak edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak behar dituztenak.

j) Espezie orotako animaliei nahita tiro egitea, indarreko legedian jasotako kasuetan izan ezik eta espezie zinegetikoen kasuan izan ezik, baimendutako ehiza jardueretan betiere.

k) Espezie orotako animaliei ematea alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak.

l) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan deklaratutako espezieen kasuan, bai eta 19/2019 Foru Legean berariaz debekatutako animalien kasuan edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzeko zilegi direnen zerrendetan sarturik ez daudenen kasuan, debeku da haien espezimen, kume, arrautza edo beste atal edo produktu oro merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.

m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinean immobilizaturik dauden animaliak garraiatzea, edozein espezietakoak.

n) Lagun egiteko animalia baten osasun kontrolerako neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari gaixotasun transmitigarri baten kasuak ez jakinaraztea, halakoak susmatzen edo diagnostikatzen direnean, osasun alerta bat deklaratu denean.

o) Ezezkoa ematea 19/2019 Foru Legean ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari, edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.

p) Oztopatzea bete dadin 19/2019 Foru Legean edo ordenantza honetan ezarritako behin-behineko neurrietatik edozein.

q) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.

28. artikulua.

Arau-hausteen erantzukizuna:

1. Ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteen erantzule jotzen dira haiek egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, zabarkeria hutsez bada ere.

3. Ordenantza honen aurkako arau-hauste bat pertsona bati baino gehiagori egozten ahal zaionean, eta ezinezko gertatzen bada bakoitzaren parte-hartze maila zehaztea, solidarioki erantzunen dute eginiko arau-hausteei zein ezarritako zehapenei dagokienez. Era berean, pertsona juridikoek jarduera utzi badute, arau-haustea egin zen unean administratzaile kargua zutenak izanen dira ezarritako zehapenen erantzule subsidiarioak.

2.–Zehapenak.

29. artikulua.

Alkate udalburuak ezarriko ditu zehapenak –hori egiteko eskuordetza ematen ahalko badu ere– ordenantza honen arauen aurkako arau-hausteengatik, bere eskumenen esparruaren barnean, aurretiaz behar den zehapen-espedientea hasita eta, zehapenak mailakatzerakoan, kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuz; hori guztia, ezertan galarazi gabe epaitegiari erruduntasun-testigantza pasatzea edo eginiko jarduketak agintaritza eskudunei igortzea, hala behar denean arau-haustearen izaeragatik.

Zehapen-prozedura eginen da bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluko xedapenekin.

30. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteengatik zehapen hauek aplikatuko dira:

a) Arau-hauste arinengatik, 200 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauslearengan nahitakotasunik aurkitzen ez den arau-hauste arinen kasuan, baldin eta arau-hausle horri administrazio bidean aurreko hiru urteetan foru lege honetan ezarritakoetatik beste zehapenik ezarri ez bazaio, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, horrek ezertan galarazi gabe hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak.

b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna.

31. artikulua.

Zehapen osagarriak eta hertsapen-isunak:

1. Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan galarazi gabe, zehapen-espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabakitzen ahalko ditu:

a) Instalazioak, lokalak edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

b) Aldi baterako debekua edo desgaikuntza 19/2019 Foru Legean edo ordenantza honetan araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.

d) Animaliak edukitzeko debekua ezartzea gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.

e) Albaitari gaitu edo baimenduari aitorpen hori kentzea.

2. Orobat, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da. Haien zenbatekoa ezin izanen da handiagoa izan dagokion arau-hausteagatik ezarritakoaren %20 baino.

32. artikulua.

Zehapenen mailaketa:

1. Zehapena honako irizpide hauei jarraikiz mailakatuko da:

a) Nahitakosuna.

b) Animalien babesari, animalien osasunari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo sortutako arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.

c) Berrerortzea, urtebetean animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, administrazio bidean ebazpen irmoz hala deklaratu denean.

d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezaguera-maila handiagoa izatea, bere lanbideagatik eta ikasketengatik.

e) Arau-hausleak agintaritza eskudunari laguntza eman izana ala ez, gertaerak argitzeko eta babespeko ondasuna lehengoratzeko.

f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu izana.

2. Bi urteko epean berrerortze edo errepikatze soila gertatzen bada, zehapenaren zenbatekoa %50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz edo gehiagotan berreroriz edo errepikatuz gero, gehitzea %100ekoa izanen da.

3. Egitate berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.

33. artikulua.

Zehapena murriztea:

Proposatutako zehapena isun bat denean, zehapen-espedientean ebazpena eman baino lehen ordaintzen bada isunaren zenbatekoa, egitateen erantzukizuna aitortuko da, eta zehapenaren zenbatekoa %40 murriztuko da.

34. artikulua.

Kautelazko neurriak:

1. Udal zerbitzuek, era arrazoituan, behar diren kautelazko neurriak proposatzen eta hartzen ahalko dituzte hala komeni dela deritzotenean, bermatze aldera herritarren segurtasuna, higienea eta osasun publikoaren babesa, bai eta animalien ongizatea ere. Honako neurri hauek hartzen ahalko dira, besteak beste:

a) Animaliak konfiskatzea.

b) Agintaritza eskudunak ez ematea animaliak garraiatzeko legez aginduzkoak diren agiriak.

c) Jarduerak, instalazioak edo garraiobideak etetea edo geldiaraztea eta establezimenduak ixtea, aginduzkoak diren baimen edo erregistroak ez badituzte.

2. Kautelazko neurriak hartzeko, aplikatuko da xedaturik dagoena 19/2019 Foru Legearen 25. artikuluan eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Udal ordenantza honen esparruan sartzen diren animalien jabeek hilabeteko epea izanen dute, indarrean jartzen denetik hasita, bertan ezarritako betebehar formalak betetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Ordenantza hau argitaratzearekin bat, indargabeturik gelditzen da Eguesibarko udal-mugartean animaliak edukitzea arautzen zuen osasun arloko udal ordenantza, 1999ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 27an.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau, behin betiko onetsia izan ondoren eta legez ezarritako moduan argitaratu ondoren, indarrean jarriko da bat etorriz xedaturik dagoenarekin apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan eta harekin bat datozenetan (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Ordenantza honen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) eta uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluarekin eta harekin bat datozenekin (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea).

Iragarkiaren kodea: L2201475