35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

XIX/S2 sektoreko plan partzialaren ingurumen txosten estrategikoa. Onespena

Iruñeko Udaleko Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak ondoko ebazpena eman zuen, 2022ko urtarrilaren 21ean:

Ikusirik ondoren ematen den txostena, Agenda 21eko Zerbitzuko teknikariek prestatua, eta betez 17/2020 Foru Legearen 10. artikulua (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea):

INGURUMEN TXOSTENA

(Iruñeko Udal Planeko XIX/S2 sektoreko plan partziala)

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan xedatzen da ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua, eta ingurumen ebaluazio sinplifikatua ezartzen da plan partzialetarako, hiri-jarduketarako plan berezietarako eta udal plan orokorraren aldaketa xehatuetarako.

Kasu hau dagokio Iruñeko Udal Planeko XIX/S2 sektoreko plan partzialari, eta epai judizial batek plan hori deuseztatu bazuen ere, haren esparrua definiturik dago homologatzeko eta 35/2002 Foru Legera egokitzeko dokumentuan eta XIX. unitate integratuko (Arrosadia) S2 sektoreko udal planaren aldaketa egituratzailean. Hori dela-eta, prozedura da ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatu bat.

Bestalde, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean (Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea) aditzera ematen da lurralde- eta hirigintza-plangintzako tresnak behin betiko onesteko eskumenak esleituta dituzten toki-erakundeek ingurumen organo gisa jardunen dutela. Horrek esan nahi du Iruñeko Udala dela ingurumen organoa 2021eko ekainaren 22az geroztik, eta berak ebazten duela bere baliabide propioekin plan horren espedientearen ingurumen ebaluazio sinplifikatua.

Aragón Terroba I., Lamana Pastor L. eta Ramírez Sánchez J.M. enpresak azaroaren 5ean aurkeztu zuen, izapidetu zedin, Iruñeko Udal Planeko XIX/S2 sektoreko plan partziala, El Sario SLk eta Jamyda Patrimonio SLk sustatua. Tokiko Gobernu Batzarrak hasiera batez onetsi zuen plan partziala; dokumentu hauek dauzka: Memoria, Araudia, Sortutako mugikortasunaren azterketa, Bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoari buruzko azterketa, Herritarrek parte hartzeko prozesua, Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua, eta proiektuaren planoak.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 4 hilabeteko epea ezartzen du, hasteko eskabidea eta harekin bat aurkeztu beharreko dokumentuak jasotzen direnetik zenbatzen hasita. Tokiko Gobernu Batzarrak, azaroaren 18an, ingurumen txosten estrategikoa emateko erabakiaren ebazpena igorri zuen Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrera (ingurumen organoa).

Plan partzialaren xedea da ezartzea, hirigintza-antolamenduko tresna den aldetik, XIX. unitate integratuko (Arrosadia) S-2 sektoreko antolamendu xehatua, honako lurzati hauek ukituz: katastroko 4. poligonoko 2501, 2502, 2503, 2505, 2056, 2507 eta 2508. lurzatiak (101, 102, 103, 104, 120, 124, 161, 163, 2030, 2069, 2828, 2829, 2830 eta 2831. lurzatiak, katastroko beste izendapen baten arabera).

Jarduketa-eremua 59.463 m²-ko azalera batean gauzatzen da, eta Iruñeko Udal Planaren arabera hiri-zuzkidurakoa da. Egungo erabilera berdegunearena da (Sadar ibaiko parkea) iparraldeko mugan, eta aparkalekuarena; gainera, ipar-ekialdean animaliei laguntzeko zentroa dago, bai eta gasolindegi bat ere. Plan partzialak ordenamendu-proposamen hauek ditu:

–Sadar kaleko bidea luzatzea Nafarroa etorbideraino, eta bide perpendikularra sortzea Zaragozako etorbidearekiko.

–Iparraldea ibaiko parke gisa erabiltzen segitzea.

–Hirugarren sektoreko erabilerak.

–Egoitza komunitarioko edo behin-behineko egoitzako erabilera.

–Plaza publikoa, Cordovillako udalerriarekin muga egiten duen aldean.

–Aparkalekuak.

Proiektuak ez du alternatibarik aurkezten, proposamenaz gain.

Aragón Terroba I., Lamana Pastor L. eta Ramírez Sánchez J.M. enpresak aurkeztutako ingurumen-azterketa Ambere enpresari kontratatu zion, eta bertan eremuaren ezaugarriak ematen dira. Espazio gehiena urbanizaturik dago.

Haren natura-balioei dagokienez, gehienbat ez dira nabarmengarriak. Geologiari dagokionez, lurra tupa grisez osaturik dago, Iruñerri osoan bezala, oro har.

Sadar ibaia hurbil dago, aparkaleku eremutik 70 bat metrora. Ibai horretan esku hartu da, eta Sadar ibaiko parkean integraturik dago. Uholde arriskua dakar. Azterketak Uholde Eremuen Kartografia Sistema Nazionalaren informazioa ematen du, 2020ko urtarrilekoa, eta ondorioztatzen du azterketa-eremuaren zati bat lehentasunezko fluxu eremuaren barnekoa dela, eta gainerakoa sarturik dagoela 500 urteko errepikatze-denbora duen uholde eremuan. Hala ere, kartografia sistema bera kontsultaturik 2021eko azaroan, uholde eremuak 100 urteko errepikatze-denbora du, bai eta 50 urtekoa ere, eta horrek uholde arrisku handiagoa dakar epealdi laburrago batean.

Inguruneko landaredi potentziala –Nafarroako Ipar-erdialdeko eta Nafarroa-Arabetako seriea– ametz ilaundunaren ameztia da (Quercus pubescens), baina hori ez dago, hau da, landaredi erreala ez dator bat potentzialarekin, salbu eta lizar arrunta (Fraxinus excelsior) eta haritz kanduduna (Quercus robur, lorategi aldean landatua, kasu honetan). Egungo espeziak dira Sadar ibaiaren ertzeetan berez egoten direnak (lizarrak, ereinotzak, zurzuriak, sahatsak, alboak, azken hori espezie landua izanik), eta zuhaitz-txorkoetan landaturik daudenak, espaloietan eta berdegune belardidunetan, hala nola izeiak, pinazi-pinuak, astigar gorriak eta picea generokoak. Oro har, interes handiko balioa dute, klima-aldaketa arintzen laguntzen duten heinean (CO2 hartzen dute eta itzala ematen).

Faunari dagokionez, ingurune gizatiartua bada ere, Sadar ibaia hurbil egonik, espezieak hartzeko ahalmena aberatsagoa da, hala nola hegaztiak (okil berdea, buztanikara horia, urretxindorra), ugaztunak (igaraba, bisoi europarra), edo arrainak (errutilo hegalgorria, iberiar zarboa, lotrea).

Ibai inguruneko berezko espezie horiek mehatxupean daude, kutsadura, azpiegiturak eta espezie exotikoak sartzea direla eta.

Inguru horretan zirkulazioa handitzean sortuko diren hots eta bibrazioen igorpenari dagokionez, ingurumen-inpaktu akustikoaren azterketak dio alde horretarako jarduketa-proposamenak bete egiten dituela kalitate akustikoari buruz eremu urbanizatuan bete beharreko helburuak, 1367/2007 Errege Dekretuarekin bat.

Ondorioak

Esparru urbanizatua da eta haren ingurumen-balioak ez dira nabarmengarriak. Hala ere, Sadar ibaiko ingurunearen hurbiltasuna eta hark dauzkan ingurumen-balioak direla eta (bisoi amerikarraren eta igarabaren hedatze-eremua, zuhaitz ibaitarrak), gomendio batzuk egin behar dira, aplikatu beharrekoak aldatzen edo osatzen baldin bada egun dagoen urbanizazioa:

–Azpiegiturarik ez gauzatzea Sadar ibaiaren ibilgutik hurbil.

–Ez egitea jarduketarik, baldin badakar ibai-inguruneko zuhaitzak edo zuhaixkak gutxitzea.

Bestalde, mesedegarri jotzen da plan partzialean neurri multzo bat ezartzea, integra dadin ondorengo urbanizazio-proiektuan. Horrela sortuko den espazioa, hain zuzen, jasangarriagoa izanen da, eta bateragarriagoa betetzeko NBEren garapen-helburuak (GJHak), Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoa (Udaleko osoko bilkuran onetsia), eta Iruñeko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia (hori ere Udaleko osoko bilkuran onetsia). Hurren, zenbait gomendio azaltzen dira aurreko dokumentu estrategikoen inguruan, eta S2 sektorea urbanizaturik dagoenez, kontuan hartu beharko dira egungo urbanizazioa eraldatzeko, hobetzeko eta mantentzeko jarduketetan.

–Tokiko landare-espezieak erabiltzea (zuhaitzak, zuhaixkak eta belarrak), eta ur-kontsumo txikiagokoak.

–Ingurumena errespetatzen duten altzariak erabiltzea, ekonomia zirkularrarekin bateragarri diren gaiez eginak.

–Argiteriak energia-eraginkortasun eta -efizientziarako neurriak izatea eta argi-kutsadura ez handitzea.

–Gainazal iragazkorrak maximizatzea.

–Azpiegiturek hegalak izatea, itzala emateko xedez, eguzkiaren eragina murrizte aldera, udan batik bat.

–Zuhaitzak ezartzea behar adinako tartearekin, sustraiak egoki garatzeko.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Iruñeko Udal Planeko XIX/S2 sektoreko plan partziala (Arrosadia)” planaren ingurumen txosten estrategikoa. Planaren sustatzaileak El Sario SL eta Jamyda Patrimonio SL dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Udaleko Hirigintza Gerentziari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 25ean.–Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkaria, Fermín Alonso Ibarra.

Iragarkiaren kodea: L2201422