35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Dirulaguntza deialdia, merkataritza establezimenduetako irudi publikoan euskararen erabilera sustatzeko 2022. urtean

DDBN (identif.): 608719.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/608719).

Berriobeitiko Udalaren Gobernu Batzordeak, 2022ko urtarrilaren 28an egin duen bilkura arruntean, dirulaguntzak ematea onetsi du, udalerrian kokatutako establezimenduei beraien irudi publikoan euskara erabiltzen badute.

1. Xedea.

Deialdi honetan, kontuan hartuko dira komertzioen kanpoko eta barneko errotulazioa, baita ibilgailuena ere. Halaber, aintzat hartuko dira komertzioen proiekziorako Interneten erabil daitezkeen euskarriak: webguneak, blogak, aplikazioak eta abar.

2. Hizkuntzen trataera.

Errotuluak euskaraz eta gaztelaniaz egiten badira, hizkuntza bakoitzean agertzen den testuak antzekoa izan beharko du neurriari, kokapenari eta gainerako ezaugarriei dagokienez. Interneteko euskarrietan ere, euskarazko atalei berdintasunezko trataera eman beharko zaie. Dirulaguntza jaso ahal izateko, testuek zuzen idatzita egon beharko dute. Horretarako, laguntzen onuradun izan daitezkeen haiek Udaleko Euskara Zerbitzuaren doako itzulpen, zuzenketa eta aholkularitza zerbitzua erabili ahal izango dute.

3. Kopurua.

Berriobeitiko Udalak euskara erabiltzeko euskarri berriak sortzeagatik edo euskarriak egokitzeagatik eragindako gastuaren %50 diruz lagunduko du. Gehienez ere 300 euroko laguntza emanen du euskarri berri bakoitzeko. Gauza bera aplikatuko da aipaturiko Interneteko euskarriak euskaraz eskaintzeko sortutako gastuen kasuan.

4. Eskaerak egiteko epea.

Deialdi hau irekita egonen da onartzen den datatik aurtengo abenduaren 2ra arte.

Berriobeitin, 2022ko otsailaren 2an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

Iragarkiaren kodea: L2201542