35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 21ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi hau: “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2022”. DDBN identifikazioa: 606984.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2022” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak onestea, 50.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartu behar da aipatu gastua baimentzeko, bai helburua bai baldintzak betetzen direla, baita legez ezarritako betebeharrak ere, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat 2022” dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4816-334200: Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat

2022

50.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 21ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

Ediziorako laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, 2022

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua

1.1. Deialdiak hauxe du helburu: irabazi-asmorik gabeko entitateei ekonomikoki laguntzea liburuak eta aldizkariak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan, edo argitalpen diskografikoak, baldin eta edukiak artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak badira. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, eta 2021eko azaroaren 24tik 2022ko azaroaren 24ra bitarte argitaratuak, bi data horiek barne.

1.2. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira obrak.

1.3. Deialdi honen ondorioetarako, ez da argitalpen artistiko, kultural edo zientifikotzat hartuko:

–Kultur edo eskola buletinak, gida didaktikoak, ikuskizun gidak, urtekariak, auzo aldizkariak, katalogoak eta antzekoak.

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.

–Urteko ale guztiak hartuta, espazioaren %30etik gora, batez beste, publizitateari uzten diotenak.

–Beste argitalpen baten gehigarri edo ale berezi gisa edo harekin batera eskaintzen diren argitalpenak.

–Maiztasun egonkorra ez duten aldizkako argitalpenak.

–Web-orriak.

–Egileen eta haien lanen zabalkunderako erabiltzen diren argitalpenak, balorazio batzordearen iritziz.

–Erakusketetako katalogoak.

–Batzordearen iritziz, kultur objektu bat sortzeko erabiltzen diren material edo bitarteko teknikoei buruzkoak direnak nagusiki, edo gaitzat dituztenak, gehienbat, kultur jardueraren sektore bakoitzeko profesionalen gaiak.

–Berrinprimatzeak, berrargitaratzeak eta argitaratutako obren itzulpenak.

1.4. Ez dira onartuko aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektu argitaratu gabeak, non ez dituzten funtsezko aldaketak jasotzen (edukiaren %30 gutxienez).

1.5. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

2.1. Laguntza hauen entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Haren estatutuetan agertuko da helburu kulturala duela.

b) Legez 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren entitateak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.4. Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Toki-erakundeak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak.

–Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeen partaidetza nagusia duten fundazioak eta sozietate publikoak.

–Sindikatuak eta entitate korporatibo profesionalak.

–Nafarroako Gobernuaren 2022ko aurrekontuetan deialdi honen xede diren proiektuak egiteko partida izenduna duten entitateak.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (50.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa, puntuazioaren arabera.

3.3. Entitate bakoitzeko laguntza ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen.

3.4. Entitate onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, hori banatu daiteke proportzionalki 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak lortu dituzten proiektuen artean, oinarri hauetan ezarritako laguntzaren portzentajea eta gehieneko zenbatekoa errespetatuz betiere.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.es/eu/). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo Cl@ve sistema eduki beharko da. Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da.

4.3. Laguntza eskabidea eskabide ereduaren (I. eranskina) arabera aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

a) II a) eranskina. Liburuaren datu orokorrak eta ezaugarri teknikoak.

b) II b) eranskina. Obraren kostuak, BEZa banakatua.

c) Argitalpenaren aurkibidea eta argitalpen osoa edo, gutxienez, kapitulu bat, edo diskoaren maketa, argitalpenari dagokionez ahalik eta aurreratuena eskabidea aurkezten den unean. Proiektua 2021eko azaroaren 24tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte editatua bada, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

d) Oroitidazki bat (gehienez hiru orrialdekoa), ondoko hauekin:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehaztuko dira.

–Egilearen CV laburra.

e) Entitatearen estatutuak.

f) Legez 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

g) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

4.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko e), f) eta g) apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.6. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona eskatzaileari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko, eta liburua, aldizkaria edo diskoa argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan eginak badira, mugaeguna 2022ko azaroaren 24a izanik. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira argitalpena garatzean egiten diren hauek:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Itzulpena, idazketa, zuzenketa edo dokumentazioa, entitate eskatzaileak eginak ez direnak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.

–Grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada, entitate eskatzaileak eginak ez badira. Proiektua gauzatzeko ezinbesteko gastuak, hala nola estudioa alokatzea, grabazio eta argitalpen lanak, musikariak kontratatzea, argazkia, libretoaren diseinua, azala eta galleta, masterizazioa, CDaren inprimaketa, etab.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Igorketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak, baita langileria gastuak ere.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal duena.

–Ostatu, bidaia gastuak eta dietak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko ditu, ebazpen bidez, batzorde horretako kideak, eta haien izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (http://www.nafarroa.eus/home_eu/Servicios/). Honako hauek izanen dira:

–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua eta Argitalpen Bulegoko burua.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea: Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea: Ebaluazio batzordeak onartzen diren proiektuak jaso eta aztertuko ditu, modu independentean eta banaka.

3. fasea: Ebaluazio batzordeak, puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, ebaluazio batzordeak zehaztuko du 7. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera eman litezkeen laguntzen baturak deialdian ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da eta proportzionalki jaitsiko da zenbatekoa, puntuazioaren arabera.

Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sortze-indarra, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (35).

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (20).

–Egileen ibilbidea (10).

–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (5).

b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 15 puntu:

–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiekin jarraitzen bada ere (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, antropologia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), gai esparru berriei bide eman nahi zaie, tokia egiteko gaur egunekoagoak diren alderdiei (soziologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak, filosofia, arte garaikidea, kultur aniztasuna edo herritarren parte-hartzea) (8).

–Euskararen presentzia (5).

–Emakumeek edizioaren balio-katean parte hartzea (egiletza, diseinua, maketazioa) (2).

c) Nafarroarekiko lotura, gehienez ere 5 puntu:

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.

d) Entitate eskatzailearen ibilbidea (gehienez ere 10 puntu).

–Entitatearen lurralde eremua edo lurraldeari dagokionez duen garrantzia (gehienez ere 5 puntu).

–Entitateak jardueran emandako urte osoak (5 puntu).

  • 10 urte baino gehiago: 5 puntu.
  • 7tik 10 urte bitarte: 3 puntu.
  • 4tik 6 urte bitarte: 2 puntu.
  • Urte 1etik 3 urtera bitarte: 1 puntu.

7.2. Erabakia hobeki hartu ahal izateko, batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzeko ere.

Ez dute inolako laguntzarik jasoko 50 puntu lortzen ez dutenek.

7.3. “Argitalpenaren kalitate artistikoa eta interesa” 7.1.a) apartatuan gutxienez 35 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira kontuan hartuko.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Horretaz gainera, entitate eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka, entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: pvpubli@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, erakunde onuradunek gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematiko bidez, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa oinarri hauen III. eranskinean kontsultatzen ahalko dira, eta Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

10.2. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, entitate eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

10.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.4. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2021eko azaroaren 24tik 2022ko azaroaren 24ra bitartean, bi data horiek barne.

10.5. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.6. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.7. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: “Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura eta Kirol Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura y Deporte”; horrez gain, haren logotipo ofizialaren erreprodukzioa ere izan du, Agenda 2030aren logotipoarekin, eta hori beti esaldiari lotuta agertu beharko da.

F2201049_0.pdf

Logotipoa eta hura erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orri honetan lortuko dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, liburua, aldizkaria edo CDa inprentara igorri baino lehen.

Diruz lagundutako proiektuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori konplitu beharko dute eranskailu bat jarriz argitalpen enpresen eskuetan dauden aleetan.

10.8. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

10.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.12. Dirulaguntzaren entitate onuradunek argitaratutako obraren ale bat aurkeztu beharko dute.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %60 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, entitate onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2022ko azaroaren 24ra arte, egun hori barne:

a) Egindako argitalpenaren ale bat.

b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

Konturako ordainketaren bat egin bada, entitate onuradunek abenduaren 22a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

13. Laguntza itzultzea.

Entitate onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun printzipioari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Deialdi honen bidez dirulaguntza lortuz gero, ezin izanen da proiektu bera aurkeztu Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan.

14.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, baldin laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua (DOC).

II.A eranskina.–Obra bakoitzaren datuak (XLSa).

II.B eranskina.–Obra bakoitzaren datu ekonomikoak (XLSa).

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena(PDFa).

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2201049