35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Aldaketa, Bide publikoa eta herri-lurrak okupatzeko tasak arautzen dituen ordenantzan (14., 16. eta 17. artikuluak). Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2021eko azaroaren 25ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 14., 16. eta 17. artikuluak aldatzea Bide publikoa eta herri-lurrak okupatzeko tasak arautzen dituen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 276. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Castejonen, 2022ko urtarrilaren 31n.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

4. ORDENANTZA, CASTEJONGO UDALAREN BIDE PUBLIKOA ETA HERRI-LURRAK OKUPATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da bat etorriz martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.4 artikuluarekin. Foru lege horrek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu zuen, tasei eta prezio publikoei dagokienez.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Ordenantza honen zerga-egitatea da Udalaren erabilera publikoko ondasun edo instalazioen erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia; zehazki, honako hauena:

a) Erabilera publikoko lurrak okupatzea honako hauekin: salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntel, euskarri, aldamio edo gisako instalazioak, garabiak eta karga-jasogailuak barne.

b) Bide publikoan edo haren lurgaineko espazioan kokatutako errailak, aldamioak eta antzekoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo konexio kaxak, baskulak, salmenta automatikorako aparatuak eta antzekoak.

c) Irabazi-asmoz, mahai eta aulkiak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

d) Bide publikoan kokatutako kioskoak.

e) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta antzeko atrakzioak, kalez kaleko industriak jartzea eta zinemako filmaketak egitea.

f) Beste edozein aprobetxamendu berezi edo erabilera pribatibo.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. 1. Bide publikoa okupatzeagatik tasa ordaintzeko betebeharra dute udal-lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, edo nortasun juridikorik gabeko subjektuek.

2. Lizentzia edo emakidarik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

3. Aprobetxamendua egiteari utzi eta Udalean baja aurkezten ez dutenak.

4. Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat.

Karga-oinarriak

4. artikulua. Honakoak dira karga-oinarriak:

a) 2. artikuluko a) apartatuan jasotako okupazioaren kasuan, okupatutako azalera izanen da, salbu eta puntel, euskarri eta, oro har, eraikinetako zurkaitzetarako, horiei dagokienez erabilitako elementu kopurua izanen baita.

b) 2. artikuluko b) apartatuan jasotako aprobetxamenduen kasuan, aprobetxamenduak eta haren instalazio osagarriek okupatzen duten azalera izanen da, edo luzera (metro linealetan) edo jarritako elementuen kopurua.

c) Baimendutako mahai kopurua.

d) Azalera, metrotan zenbatua.

e) Kioskoak okupatzen duen azalera, metro karratutan edo zatikitan zenbatua.

f) Modu ez iraunkorrean okupatzeagatik 2.e) artikuluan jasotako instalazioren batekin, aprobetxamenduak eta haren instalazio osagarriek okupatzen dituzten metro linealak eta horien iraupena.

g) Beste edozein aprobetxamendu berezi edo erabilera pribatibotarako, metro karratu edo zatikien kopurua eta egun kopurua.

Tarifak

5. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak eranskinean agertzen dira eta indarra izanen dute harik eta Udalak osoko bilkuran aldatu arte.

6. artikulua. Hornidura-zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek egindako aprobetxamenduen kasuan, auzokide guztiei edo askori eragiten badiete, prezio publikoaren zenbatekoa izanen da, beti eta inolako salbuespenik gabe, Castejongo udalerrian urtero lortzen duten fakturazioko diru-sarrera gordinen %1,5.

Tributu-kuota

7. artikulua. Tributu-kuota.

8. artikulua. Udalak baimenak ematen dituenean sortuko dira ordenantza honetan arautzen diren tasak edo, baimenik gabe jardun bada, aprobetxamendua hasi zenetik.

9. artikulua. Sortutako kuotak ordainduko dira baimenean zehazten den lekuan, betiere hogeita hamar eguneko epearen barnean, aipatutako baimena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua. Tasak ordaintzetik salbuetsita daude Organización Nacional de Ciegos Españolesen kioskoak.

11. artikulua. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasen ordainarazpenetik.

Kudeaketa arauak

12. artikulua. Ordenantza honetako 2. artikuluko a apartatuan jasotako instalazioetako batekin erabilera publikoko lurrak okupatu nahi dituztenek arau hauek bete beharko dituzte:

1. Aprobetxamenduak lortu nahi dituzten pertsona fisikoek, juridikoek edo nortasun juridikorik gabeko subjektuek Udalean aurkeztuko dituzte eskaerak eta bertan honako alderdi hauek adieraziko dituzte: aprobetxamendu mota, iraupena, non egin nahi den zehazki, mugaketa sistema eta, oro har, egin nahi den aprobetxamendua zehazki zehazteko beharrezkoak diren argibide guztiak.

2. Ez bada iraupena zehazten, Udalak likidazioak egiten jarraituko du tarifetan ezarritako prezioekin, zergadunak dagokion baja deklarazioa egin arte.

3. Eraikuntzako elementu osagarriak erabiltzea edo bide publikoa okupatzea nahitaezkoa denean udal ordenantzen arabera, eskubidea sortuko da nahiz eta partikularrek ez eskatu.

4. Araututako aprobetxamenduek kalteak eragiten badituzte bide publikoan edo herri-lurretan, zoladuran edo udal-zerbitzuen instalazioetan, partikularrek nahitaez itzuli beharko dute kalteak berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa, eta kostu horiek ordainaraziko dira Udaleko Zerbitzu Teknikoek egindako balorazioaren arabera.

5. Edonola ere, bide publikoa okupatuko da Udaltzaingoak adierazitako moduan.

13. artikulua. Ordenantza honetako 2. artikuluko b apartatuan jasotako instalazioetako batekin erabilera publikoko lurrak okupatu nahi dituztenek arau hauek bete beharko dituzte:

1. Udalean aurkeztuko dute egin beharreko instalazioen deklarazio zehatza, dagozkien planoekinn batera.

2. Baimendutako aprobetxamenduetan egindako aldaketa oro Udalari jakinarazi beharko zaio, horrek dagokion likidazioa egin ahal izan dezan, gertakari horiek kuota handiagoak aplikatzea eragiten dutenean. Kuota handienaren eta jada ordaindutakoaren arteko aldea baino ez da likidatuko.

3. Era berean, deklarazioak aurkeztu beharko dira emandako aprobetxamenduen baja osoa edo partziala gertatuz gero. Deklarazio horiek aurkezten diren lauhilekoaren ondokoan izanen dituzte ondorioak.

14. artikulua. Irabazteko xedearekin mahai eta aulkiak eta barra-mostradore eramangarriak jartzeko, arau hauek errespetatuko dira:

1. Jarri nahi dutenek eskabidea aurkeztuko dute udaletxean, bertan zehaztuta aprobetxamenduaren tamaina, paratuko den mahai hankabakarren kopurua, baita zenbat denboraz jarri nahi diren ere. Eskabidea gutxienez hamabost egun lehenago aurkeztu behar da, Udalak emandako ereduari jarraikiz.

2. Bide publikoa okupatu daiteke urte osoan zehar edo denboraldika (uda edo urteko gainerako egunak) eta asteko egunetan, erantsitako ereduaren arabera.

3. Baimenak urte osorako edo eskatutako denboraldirako emanen dira, eta interesdunek eskabide berria aurkeztu beharko dute ondoko urteetarako edo aldi baterako duten baimena luzatzeko. Eskaerak 15 egun lehenagotik aurkeztu behar dira, gutxienez.

4. Baimenaren titularrek okupatutako bide publikoa garbi mantentzeko ardura dute, eta egunero garbitu behar dute establezimendua ixten denean edo, bestela, hurrengo eguneko 08:00ak baino lehen.

5. Kontzesioak iraun bitartean, Udaltzaingoaren eskura izanen da baimenaren kopia bat eta mahai eta aulkien kokapenaren krokisa.

6. Edonola ere, Udaltzaingoak aprobetxamenduaren azalera mugatuko du.

7. Baimendu baino mahai gehiago jartzen badira eta Udaltzaingoak behar den agirian horrela jaso badu, gehitutako elementuei dagokien tasa likidatuko da, hasiera batez emandako baimenean jasotako epe osoari dagokiona, alde batera utzita egindako arau-hausteagatik dagokion zehapen espedientearen tramitazioa, ordenantza honen 16. artikuluaren arabera.

8. Ezin izanen da bozgorailurik edo musikarik jarri kanporantz edo kanpoan, Udalak aldez aurretik baimendu gabe.

Merindades kalea mozteko ordutegiak errespetatu beharko dira:

–Ekainetik irailera (udako denboraldia):

  • Ostiraletan 19:00etatik 01:45era.
  • Larunbatetan 12:00etatik 15:00etara eta 19:30etik 01:45era.
  • Ingandeetan 12:00etatik 15:00etara eta 19:30etik 01:45era.

–Irailetik ekainera (neguko denboraldia):

  • Ostiraletan 19:00etatik 01:45era.
  • Larunbatetan 12:00etatik 15:00etara eta 19:30etik 07:30era.
  • Igandeetan 12:00etatik 15:00etara eta 19:30etik 07:30era.

Udalak ordutegi horiek alda ditzake, Udalaren, zerbitzu publikoen edo trafikoaren beharrek eraginda.

Gainerako kasuetan Udaltzaingoak agindutakoa edo Udalak adierazitakoa beteko da.

9. Espaloietan dauden terrazetan metrobeteko pasabidea utzi beharko da libre oinezkoendako, desgaitasuna duten pertsonendako, haurtxoen aulkiendako, haurren aulkitxoendako eta abarrendako.

Horretarako, Udala, Udaltzaingoarekin batera, establezimenduaren esanetara egonen da aukerarik onena elkarrekin zehazteko.

15. artikulua. Edozein pertsona fisikok, juridikok edo nortasun juridikorik gabeko subjektuk bide publikoa edo herri-lurrak okupatu nahi baditu arestian aipatu ez den instalazioren batekin, Udalari idatziz eskatu beharko dio, honako hauek adierazita: zein instalazio mota den, okupatu beharreko azalera, instalazioaren planoa edo krokisa, kokalekua eta Udalak eskatzen dion informazio guztia, lizentzia baimentzeko edo ukatzeko beharrezkoa bada.

16. artikulua. Arau-hauste kasuak eta kalifikazioa.

1.–Arau-hauste arinak:

a) Bide publikoa edo herri-lurrak okupatuz aprobetxamendua egitea beharrezko udal lizentziarik gabe.

b) Aprobetxamenduan jarraitzea lizentzia iraungitakoan.

c) Azalera handiagoa okupatzea edo behar baino elementu gehiago erabiltzea, ezarritako mugak gaindituz.

2.–Arau-hauste astunak:

–Aurreko puntuko a), b) eta c) apartatuetan adierazitako ez-betetzeekin jarraitzea, Udaltzaingoak edo Udalak behin jakinarazi ondotik.

3.–Arau-hauste oso astunak:

–Lehenengo puntuko a), b) eta c) apartatuetako ez-betetzeekin jarraitzea, Udaltzaingoak edo Udalak birritan jakinarazi ondotik.

17. artikulua. Zehapenak.

–Arau-hauste arinengatik: idatzizko ohartarazpena.

–Arau-hauste astunengatik: 300 euroko zehapena.

–Arau-hauste oso astunengatik: bide publikoa okupatzeko baimena kentzea sei hilabetetik urtebetera eta 500 euroko zehapena. Bide publikoa okupatzen duten elementuak establezimenduaren jabearen kontura kenduko dira; Udalaren errekerimenduei kasurik egin ezean, jabearen kargura kenduko dira eta horrek bere gain hartuko ditu gastu guztiak.

Zehapen ekonomikoak %50 murriztuko dira ordainketa egiten bada zehazpena jakinarazi eta ondoko hilabetearen barnean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du behar diren tramiteak bete ondotik eta ondorioak sortuko ditu 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, aldatu edo indargabetu arte izanen baitu indarra.

Tarifak

TASEN TARIFA, LURZORU, LURGAIN ETA LURPEKO APROBETXAMENDUAGATIK

2022. URTEA
(euroak)

Salgaiz, obra hondakinez eta edukiontziz okupatzea (m²/eguna)

0,3841

Beste aprobetxamendu batzuk (m²/eguna), karpak, eguzki-oihalak, markesinak eta kanpoko altzariak (mahaiak eta aulkiak izan ezik)

0,20

Mahaiak eta aulkiak

–Udako denboraldia (ekainaren 1etik irailaren 30era arte - 122 egun)

Indizea, I. eremua (mahaia/eguna)

0,38

Indizea, II. eremua (mahaia/eguna)

0,28

Indizea, III. eremua (mahaia/eguna)

0,17

Urteko gainerako egunak (urriaren 1etik maiatzaren 31ra - 243 egun)

Indizea, I. eremua (mahaia/eguna)

0,1267

Indizea, II. eremua (mahaia/eguna)

0,0933

Indizea, III. eremua (mahaia/eguna)

0,0567

Postuak, barrakak, txosnak (metro lineala/eguna)

2,00

Merkatu txikia (metro lineala/eguna)

1,50

Merkatu txikia (metro lineala/eguna, sasoiko nekazariak)

5,42

Antzerki edo zirkuak (fidantza)

150,00

Lur okupazioa (m²/eguna)

0,87

Iragarkiaren kodea: L2201515