35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 21ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2022”. DDBN identifikazioa: 606971.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak txostena egin du, eta bertan proposatu du onestea “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2022” izeneko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 120.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Bestetik, kontuan hartzen da betetzen direla aipatutako gastua baimentzeko beharrezkoak diren helburua eta legez ezarritako baldintzak eta betebeharrak, eta espedientean ageri dela kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2022” dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den gastua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20000-A2010-4709-334200: Ediziorako laguntzak enpresa pribatuentzat

2022

120.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 21ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK

Ediziorako laguntzak argitalpen enpresa eta profesionalentzat, 2022

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiak hauxe du xede: dirulaguntzak ematea argitalpen enpresei eta profesionalei kultur edukia duten liburuak argitaratzeko, bai ohiko euskarrian (papera) bai euskarri elektronikoan. Obrak jatorrizkoak eta argitaragabeak izanen dira, faksimileak, aurrenekoz euskaratutako edo gaztelaniaratutako lanak edo agortutako jatorrizko liburuen berrinprimatzeak (baldin eta azken inprimatzea duela hamar urte baino gehiagokoa bada, eduki berriak gutxienez %15 badira eta liburuek maketa eta ISBN berriak badituzte). Aurkeztutako liburuek genero hauetako batekoak izan beharko dute: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazteentzako literatura, komikia, saiakera eta giza zientziak.

1.2. Deialdiaren helburua da Nafarroan edizioa eta kalitatezko eskaintza anitza sustatzea, egileen literatur jarduna eta lana bultzatzen dituena. Irakurketari, liburuari eta liburutegiei buruzko ekainaren 22ko 10/2007 Legearen atarikoak adierazten duenez, irakurketa garapen pertsonal eta sozialerako oinarrizko tresna da: “Liburua euskarri fisiko bat da, bere baitan giza pentsamenduaren, zientziaren eta literatur sorkuntzaren isla biltzen duena, gizakientzat traszendental eta bakarra den egintza posible eginez, irakurketa alegia”. Irakurketak “aberastu eta garatzen du pertsonen gaitasun kritikoa, hain beharrezkoa dena”. Liburuaren izaera oinarrizkoaz gain, kultura zabaltzeko tresna den aldetik, argitalpenaren sektoreak eragin ekonomiko handia du, industria askok lotura baitute harekin: inprimategiak, liburu-dendak, diseinua, egiletza, itzulpengintza, ilustrazioa, banaketa eta abar.

1.3. Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan onartuko dira obrak.

1.4. Obrak 2021eko azaroaren 24tik 2022ko azaroaren 24ra bitarte argitaratutakoak izan beharko dira, biak barne.

1.5. Deialdi honen ondorioetarako, honakoak ez dira arte edo kultur liburutzat hartuko:

–Edozein entitate publikok eta beren erakunde autonomoek enkargatutako argitalpenak.

–Testuliburuak, bidaia gidaliburuak, sukaldaritza liburuak, entziklopediak, hiztegiak, saltzekoak ez diren lanak, agendak, dietarioak eta antzekoak, gida didaktikoak edo aldizkako argitalpenak.

–Xede-hizkuntzan argitaratuta dauden lanen itzulpenak: euskaraz edo gaztelaniaz.

–1.1 puntuan (Oinarrien xedea) adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten berrinprimatzeak eta berrargitalpenak.

1.6. Ez dira onartuko aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektu argitaratu gabeak, non ez dituzten funtsezko aldaketak jasotzen (edukiaren %30 gutxienez).

2. Enpresa edo profesional eskatzaileen baldintzak.

2.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte argitalpen enpresa guztiek; halakotzat hartzen dira soilik merkataritza izaerako entitate pribatuak edo pertsona fisikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Profesionalak:

–Alta emanik egotea EJZren 863. taldean, idazlearenean, edo 476. taldean (Liburuen edizioa).

–Nafarroan erroldaturik egotea 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik. Egoera hori erroldatze-agiriaren bidez frogatu beharko da, eta laguntzak irauten duen bitartean horri eutsi beharko zaio.

b) Argitalpen enpresak:

–Argitaletxe gisa legez eratuta egotea 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako kasuetakoren batean dauden pertsona edo argitalpen enpresei.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren enpresak, edo, hala bada, zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

2.4. Lege Gordailuaren betebeharra bete ez duten pertsona edo argitalpen enpresei ezin izanen zaie laguntzarik eman.

3. Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren zenbatekoa 120.000 eurokoa izanen da.

3.2. Liburu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa eta gehienez ere 4.000 euro liburuko.

3.3. Eskatutako dirulaguntza II. B eranskinean adierazi behar da. Eskatutako zenbatekoak 3.2 puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, murriztu eginen da muga horietara egokitu arte.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Enpresa edo profesional onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Argitalpen enpresa edo profesional bakoitzak lau liburu aurkezten ahalko ditu gehienez ere, baldin eta deialdi honen 1. oinarria betetzen badute.

4.3. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo cl@ve eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

4.4. Eskabidearekin batera (I. eranskina), dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) II. A eranskina, datuekin, eta II. B eranskina, obra bakoitzaren kostuekin.

–Kostuak BEZa gabe jasoko dira.

b) Argitalpenaren aurkibidea eta liburu osoa edo, gutxienez, kapitulu bat, argitalpenari dagokionez ahalik eta aurreratuena eskabidea aurkezten den unean. Liburuak 2021eko azaroaren 24tik deialdian emandako laguntzei buruzko ebazpenera bitarte argitaratuak badira, nahitaezkoa izanen da ale bat aurkeztea.

c) Oroitidazki bat (gehienez hiru orrialdekoa), ondoko hauekin:

–Edukiaren laburpena.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Egileen CV laburra.

d) Argitalpen enpresak:

–Entitatearen eskriturak.

–Legez 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

–Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

–Aurreko bi urteetan (2020-2021) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

e) Profesionalak:

–EJZren 863. edo 476. taldean alta emanda egotea frogatzen duen agiria.

–Nafarroan 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–EJZren 863. taldearen kasuan, idazlearenean, argitaratutako lanen eta berrargitalpenen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

–EJZren 476. taldearen kasuan (Liburuen edizioa): Aurreko bi urteetan (2020-2021) argitaratutako eta berrargitaratutako lanen zerrenda. Zerrendan jaso beharko dira izenburua, egilea, ISBNa eta Lege Gordailua.

4.5. Aurreko deialdietan parte hartu duten entitateek ez dituzte aurreko puntuko d) apartatuan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non eta ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.7. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, pertsona edo entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.8. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, eta liburua argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan eginak badira, mugaeguna 2022ko azaroaren 24a izanik.

Kontuan hartuko dira argitalpen enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu diruz lagungarri hauek:

–Argitalpen produkzioari buruzko gastuak, argitalpenerako behar diren prozesu guztiak barne: azalaren eta barrenaren diseinua eta maketazioa, ilustrazioa, argazkilaritza eta irudien tratamendua (formatuen edo erresoluzioen aldaketa, digitalizazioa, ukituak eta garbiketa).

–Erreprodukzio eskubideak (SGAE, etab.).

–Egile eskubideak.

–Itzulpen, idazketa, zuzenketa edo dokumentazio lanak.

–Argitalpenen inprimaketa. Kudeaketa argitalpen digitalaren plataformekin.

–CDa, DVDa edo multimedia grabatzea, proiektuaren azken produktu osoa edo horren zati bat bada.

–Gastu horiek argitalpen enpresako langileek edo kanpokoek eginak izan daitezke.

Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Bidalketa gastuak, biltegikoak, alokairukoak, ekipamendukoak eta banaketa, sustapen eta komunikaziokoak.

–Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskuratzen ahal duena.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

6.2. Ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatuko ditu batzorde horretako kideak, ebazpen bidez, eta haien izenak Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan (www.navarra.es/home_eu/). Honako hauek izanen dira:

–Batzordeburua: Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kideak: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko bi kide, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko burua, Argitalpen Bulegoko burua eta argitalpenaren sektoreko aditu bat.

–Idazkaria: Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Ataleko teknikari bat.

6.3. Balorazio prozesua.

1. fasea: Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, eskatzaileak deialdian onartzeko baldintzei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea: Ebaluazio Batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jaso eta aztertuko dituzte, zeinek bere aldetik eta banaka-banaka.

3. fasea: Ebaluazio Batzordeak, puntuazioak bateratzeko bildu eta gero, azken puntuazioa proposatuko du.

Behin onartutako aurrekontuak ezarririk eta proiektu guztien bideragarritasuna segurtaturik, Ebaluazio Batzordeak zehaztuko du eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

Azkenik, Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

6.4. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak, Ebaluazio Batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek 50 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez, eta horietatik 35 puntu, gutxienez, “Argitalpenaren kalitatea eta interesa” atalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

7.2. Aurkeztutako proiektuak baloratzeko, Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Argitalpenaren kalitatea eta interesa, gehienez ere 70 puntu. Xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

–Lanaren interesa: berrikuntza, originaltasuna eta sortze-indarra, aintzat harturik nori zuzentzen zaion (35).

–Lanaren kalitatea, edukien antolamendua, maketazioa, azaleztatzea, inprimaketa eta ilustrazioak sartzea (20).

–Egileen ibilbidea (10).

–Obran sartzea genero estereotipoak hausten eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen dituzten edukiak (5).

b) Proiektua bat etortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen helburuekin, gehienez ere 15 puntu:

–Garaikidetasuna eta tradizioa: Vianako Printzea Erakundearen ezaugarri izan diren edukiak (historia, artea, artearen historia, etnologia eta etnografia, antropologia, arkeologia, ondarea, bibliografia, filologia, literaturaren historia), eta gai esparru berriak, gaur egunekoagoak (soziologia, zinema, antzerkia, musika, dantza, sormen industriak, museoak, filosofia, arte garaikidea, kultur aniztasuna edo herritarren parte-hartzea) (8).

–Euskararen presentzia (5).

–Emakumeek edizioaren balio-katean parte hartzea (egiletza, diseinua, maketazioa) (2).

c) Nafarroarekiko lotura, gehienez ere 5 puntu:

–Lotura izatea Nafarroako errealitate kultural, sozial eta linguistikoarekin, eta Nafarroako balio kultural, historiko, herriko eta tradizionalak ezagutarazteko balio duten lanak.

d) Argitalpen enpresak edo profesionalak EJZren 476. taldearekin (Liburuen edizioa) izan duen ibilbidea azken bi urteetan (2020-2021), gehienez ere 10 puntu:

–Lan argitaratuak (5):

  • 20 liburu edo gehiago: 5 puntu.
  • 15 -19 liburu: 3 puntu.
  • 5 - 14 liburu: 1 puntu.

–Berrargitalpen kopurua (5):

  • Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.

e) Profesional eskatzaileak EJZren 863. taldearekin (idazlearena) izan duen ibilbidea, gehienez ere 10 puntu:

–Lan argitaratuak (5):

  • 10 liburu edo gehiago: 5 puntu.
  • 5 - 9 liburu: 3 puntu.
  • 1 - 4 liburu: 1 puntu.

–Berrargitalpen kopurua (5):

  • Puntu bat berrargitaratutako liburu bakoitzeko.

7.3. Erabakiak hobeki hartu ahal izateko, Batzordeak informazioari buruzko argibide gehiago eska dezake, baita eskatzailea bera agertzea ere.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira (http://www.navarra.es/home_eu/servicios), eta eskabidean emandako helbide elektronikora bidaliko dira.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jotzen ahal da, helbide elektroniko honen bidez: ipvpubli@navarra.es.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek, baldin lege horren 4.f) artikuluan aurreikusitako pertsonek egiten badituzte, interes soziala izanen dute. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

10. Enpresa edo profesional onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, pertsona juridiko diren onuradunek adierazpena aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruz, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa oinarri hauen III. eranskinean kontsultatzen ahalko dira, eta Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, enpresa edo profesional onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie ordainduko emandako dirulaguntza, eta, zerbait aurreratu bazaie, itzuli egin beharko dute.

10.2. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

10.3. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den argitalpen proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

10.4. Laguntzen diren proiektuak argitaratu beharko dira 2021eko azaroaren 24tik 2022ko azaroaren 24ra bitartean, bi data horiek barne.

10.5. Kultura eta Kirol Departamentuko Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.6. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta programa aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako proiektuan edozein aldaketa egiteko, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da, eta hark baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, Ebaluazio Batzordearen ustean.

10.7. Jasotako laguntzaren aipamena egitea, argitalpenean honako erreferentzia hau sartuz: “Lan honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat izan du, Kultura eta Kirol Departamentuak egiten duen Argitalpenetarako Laguntzen deialdiaren bidez emana. / Esta obra ha contado con una subvención del Gobierno de Navarra concedida a través de la convocatoria de Ayudas a la Edición del Departamento de Cultura y Deporte”; horrez gain, bere logotipo ofizialaren erreprodukzioa ere izan du, Agenda 2030aren logotipoarekin, eta hori beti esaldiari lotuta agertu beharko da.

F2201050_0.pdf

Logotipoa eta hura erreproduzitzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orri honetan lortuko dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Logotipoa zuzen agerrarazi dela egiaztatzeko, beharrezkoa izanen da agertuko den orrialdeen proba bat igortzea, PDF formatuan, argitalpena inprentara igorri baino lehen.

Diruz lagundutako liburuek, laguntzak emateari buruzko ebazpena eman aurretik argitaratzen direnek, betebehar hori bete beharko dute eranskailu bat jarriz argitalpen enpresen eskuetan dauden aleetan.

10.8. Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari.

Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, enpresa edo profesional onuradunei aplikatu behar zaizkien merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.12. Argitaratutako liburuaren ale bat aurkeztu beharko dute enpresa edo profesional onuradunek.

11. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Oro har:

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren erdia exekutatu ondoren.

Justifikazio partziala eta azken justifikazioa egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.2. Konturako ordainketa:

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira justifikaziorako:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

Dokumentazio hori erregistro telematikoan aurkeztuko da eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

11.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da.

Horretarako, onuradunak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik eskuratu beharra duela justifikatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, enpresa edo pertsona onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez 2022ko azaroaren 24ra arte, egun hori barne:

a) Egindako argitalpenaren ale bat.

b) 11.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

Konturako ordainketaren bat egin bada, enpresa edo pertsona onuradunek 2022ko abenduaren 22a arte (hori barne) izanen dute aurkeztu gabeko ordainketa egiaztagiriak aurkezteko.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

12.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea.

12.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

13. Laguntza itzultzea.

Enpresa edo profesional onuradunak ez badu behar bezala justifikatzen proiektua gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Deialdi honen bidez dirulaguntza lortuz gero, ezin izanen da proiektu bera aurkeztu Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan.

14.2. Beste entitate batzuek emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratzen baldin bada, ordainduko den zenbatekoa onartutako laguntza baino txikiagoa izanen da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badu.

14.3. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.f) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, honako arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. titulua, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan.

16. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua (DOC).

II.A eranskina.–Obra bakoitzaren datuak (XLSa).

II.B eranskina.–Obra bakoitzaren datu ekonomikoak (XLSa).

III. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena(PDFa).

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2201050