35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAKIL

Deialdia, Arakilgo historiari eta ondareari buruzko ikerketarako “Jimeno Jurío 2022” izeneko bekarena. Laburpena

DDBN (identif.): 608159.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Haren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean aurki daiteke (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/608159).

13. Alkatetzaren Ebazpena, 2022ko urtarrilaren 26koa, Arakilgo historiari eta ondareari buruzko ikerketarako “Jimeno Jurío 2022” izeneko bekaren deialdia onesten duena.

Arakilgo udalak deialdi hau luzatu du Arakilgo ondarearen eta historiaren inguruan lan bat egiteko.

Zehazki, lanaren xedea da gaur egungo eta historikoki egon diren ondare-elementuak (larrainak, karobiak edo kisulabeak, ikuztegiak edo labaderoak, matsardeak edo kirikinausiak, labeak, angioak, saroiak, meategiak, harrobiak, edurzuloak, errotak, burnitegiak, sutegiak, teileriak, dolareak, batanak, perratokiak, zubiak, galtzada, etab.) katalogatzea, artxiboetatik, landa-lanetik eta ahozko inkestatik datorren informazioa kontuan hartuz.

Azken urte hauetan Arakilgo Udalak ondare ez materiala eta materiala berreskuratzeko ekimenak sustatu ditu. Baliteke lan honetan ondarearen bi mota horiek topo egitea.

1. Helburua.

Deialdi honen helburua da Arakil bailara osatzen duten kontzejuen ondare-elementuen katalogo bat sortzea, ahal den neurrian haien bilakaera historikoa aztertuz.

Gaia landu eta osatzeko iturri ezberdinetara jo beharko da: iturri dokumentaletara, bibliografikoetara, grafikoetara edota ahozko transmisioko iturrietara, besteak beste.

Lana argitaratzeko eskubidea, behin epaimahaiak oniritzia emanda, Arakilgo Udalak izango du. Hori, euskarri desberdinetan egin daiteke, besteak beste, www.arakil.net webgunean.

2. Aurrekontua eta programa.

Deialdi honetarako 6.000 euroko diru kopurua dago Arakilgo Udaleko 2022 urteko aurrekontuaren partida honetan “Bekak: Kultur Ondarea”.

3. Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da unibertsitateko goi-mailako titulazio bat izatea historia, patrimonioa, etnografia eta antropologiarekin zerikusia dutenak lehenetsiz.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenak bakarka nahiz taldean aurkez daitezke. Taldean bada beka bakar bat izango da eta taldeak arduradun baten ordezkaritza izan beharko du.

Interesatuak Euskal Herriko udal batean erroldatuta agertu beharko dira.

4. Ikerketaren iraupena.

Beka ematen den unetik urte natural bat izango da epea lanak egiteko.

5. Eskabideak.

Deialdi honetara aurkezten direnek eskaera-orri ofizial elebiduna edo euskara hutsezkoa erabiliko dute. Bai eskaera-orria, bai behar duten dokumentazioa eta informazioa, www.arakil.net webgunean aurkituko dituzte, baita honako lekuan ere: Herritarren Harrera Zerbitzua Arakilgo Udaletxean (Irurtzungo Foru Plaza, 4 zenbakia).

Eskaera-orriak udal erregistroan aurkeztu beharko dira, eta horiekin batera honako dokumentazioa:

–NAN edo antzekoaren kopia.

–Zergekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean egotearen ziurtagiria.

–Eskatzailearen kontu zenbaki bat eta titulartasunaren bankuak emandako ziurtagiria.

–Euskal Herriko udal baten errolda ziurtagiria.

–Eskatzailearen lan egoera egiaztatzen duen agiria.

–Espediente akademikoa eta curriculum vitaea.

–Ikerketarako egitasmoaren aurkezpena 10 orriko espazio batean eta hurrengo egiturarekin:

  • Izenburua.
  • Egitasmoaren aurkezpena.
  • Egungo egoera ikerketari dagokionez.
  • Laneko plangintza eta metodología.
  • Erabiliko diren bibliografia eta iturri dokumentalak.
  • Laneko kronograma.

Taldean egiten bada hurrengo hau aintzat hartu beharko da: ordezkari bakarra izendatu beharko du taldeak.

6. Argitalpena eta hizkuntza.

Proiektuak eta lanak Nafarroako bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan aurkeztu ahal izango dira. Beste beka batzuetan aurkeztutako lanak ez dira onartuko. Hala ere, Euskara sustatzeko Arakilgo Ordenantzaren 50.artikuluan ezarritakoari jarraikiz, euskaraz aurkeztutako lanek 1.000 euroko osagaia jasoko dute bekaren 6.000 euroen gainean.

Arakilgo udalak eskubidea dauka bekaren ondoriozko lanak erakusteko edo erabiltzeko partzialki edo bere osotasunean. Argitalpena edozein formatutan eta euskarritan izango da.

Arakilgo artxiboan lanaren jatorrizko ale bat eta dagokion artxibo digitala geratuko dira dokumentu informatibo eta historiko bezala publikoaren eskura.

7. Epeak.

Eskaerak Nafarroako Aldizkari Ofizialean oinarri hauek argitaratzen direnetik hilabete beteko epean aurkeztu beharko dira.

Baldin eta eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe badago, edo oinarri hauetako baldintzak beteko ez balitu, 10 eguneko epea izango dute zuzentzeko edota osatzeko. Gainera, ohartaraziko zaie hala egin ezean, eskaera bertan behera geratuko dela, eta horrenbestez, artxibatuta.

8. Epaimahaia.

Epaimahaia honela eratuko da, hurrengo pertsonekin edo hauen ordezkoekin, agintari publikoaren izaerarekin edo Historia eta Kultur Ondareko arloan adituaren izaerarekin:

–Arakilgo Alkatea.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle doktorea, beka honen xedean aditua.

–Arakilgo Kultur Batzordeko zinegotzi bat.

–Arakilgo Udaleko idazkaria, idazkariaren lanetan.

Epaimahaiak ahalmena izango du hautagai guztiei beharrezkotzat jotzen duen osagarrizko dokumentazioa eskatzeko. Dokumentazioaren eskaeraren zergatia proiektuaren ulermena eta azalpena izango da. Aldi berean, memoriaren azalpen pertsonala eskatzeko aukera egongo da beharrezkotzat jotzen bada.

9. Balorazioa.

Aurkeztutako eskabideak epaimahaiak baloratuko ditu, bai eta aztertu eta ebaluatu ere, kalitatezkoak eta bideragarriak izatea bermatuz.

Epaimahaiak aintzat hartuko ditu, bereziki, jasotako edota argitaratutako Arakilgo Kultura Ondarearen elementuei buruzko dokumentazioa eta informazioa berrikusteko lanak garatzen dituzten proiektuak.

Aurkeztutako proiektuak egoki baloratuak izango ez balira, beka eman gabe uzteko eskumena izango du epaimahaiak.

10. Zenbatekoa eta ordainketa.

Kopuru ekonomikoa 6.000 eurokoa (zergak barne) izango da, eta hiru zatitan banatuko da:

–%40 proiektua hautatutakoan.

–%30 lau hilabete igaro eta gero eta egindako lanaren txostena aurkeztu eta gero.

–%30 lanaren bukaeran eta emaitzak eman eta gero.

Lana bukatzen ez bada bekadunak itzuli beharko dio Udalari jasotako dirua. Aldi berean, Udalak bekadunari kalte-galerak exijitzeko aukera izango du. Lanak sortutako gastuak bekadunaren esku geldituko dira.

11. Erabakia eta berri ematea.

Erabakia jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez ere, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasitan. Kasu guztietan eskatzaileei erabakiaren berri emango zaie, eta argitaratu eta publiko egingo da.

12. Jarraipena.

Epaimahaia osatzen dutenak izango dira proiektuaren jarraipena egingo dutenak.

13. Oinarriak onartzea.

Deialdi honetara aurkezteak oinarri hauek guztiak onartzen direla esan nahi du. Oinarri hauetan aurreikusi gabeko edozein egoeraren aurrean, epaimahaiak erabakiko du.

Arakilen, 2022ko urtarrilaren 26an.–Alkatea, Oihana Olaberria Jaka.

Iragarkiaren kodea: L2201473