35. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Lorategietako Zerbitzuburu lanpostu 1 oposizio bidez betetzeko

Irueño Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko otsailaren 7an, honako deialdi hau onetsi zuen:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Lorategietako Zerbitzuburu lanpostu bat (1) oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren zerbitzurako, funtzionario araubidekoa eta A mailakoa. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Plaza, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrari (Hiri Kontserbazioa) atxikia eta plantilla organikoan 101300-1 zenbakiarekin identifikatua, honako txanda honetan banatuko da:

–1 lanpostu txanda irekian.

1.3. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badago, aukeratzen ahalko du Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2. Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.

Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Lizentziadun, Arkitekto, Ingeniari edo Gradudun titulua edo horietako baten baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte bete.

2.3. Aurreko betekizun horiek izendatuak izateko proposatutako izangaiek egiaztatu beharko dituzte deialdi honen oinarriek zehazten duten unean.

3. Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Internet bidez, www.pamplona.es webgunean, honako nabigazio-bide honi jarraiki: “Izapideak eta lizitazioak”, “Lan-eskaintzak”, “Enplegu publikoa”, “Enplegu publikoko deialdiak”, deialdi honi dagokion aipamenean.

Desgaitasuna duten izangaiek denboraren nahiz bitartekoen egokitzapenak eskatuz gero horiek beharrezkoak diren probetarako, hala jakinarazi beharko dute eskaeran, eta zehaztu, horretarako prestatutako espazioan, zein den eskatutako egokitzapena edo zein diren eskatutako denboraren eta/edo bitartekoen doikuntzak. Horretarako, izangaiak egoki jotzen dituen agiriak aurkezten ahalko ditu eskaera aurkezteko unean, 3.4 puntuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientearen formalizazioagatik ordaindu beharreko tasa 25 eurokoa da. Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzeko unean, telematikoki ordaintzeko sistema seguru baten bidez.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean izangaiek, kasuaren arabera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Lizentziadun, Arkitekto, Ingeniari edo Gradudun titulua edo horietako baten baliokidea den titulua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

–Desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudunak emana– aurkeztu beharko dute.

3.5. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.6. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4. Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko, eskaerak aurkezteko 3.2 oinarrian adierazitako izapide elektroniko beraren bidez.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Oscar Esquíroz Noble, Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaiburu ordezkoa: Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko Alorreko teknikaria.

–Epaimahaikidea: gaian aditua den teknikaria.

Epaimahaikide ordezkoa: gaian aditua den teknikaria.

–Epaimahaikidea: gaian aditua den teknikaria.

Epaimahaikide ordezkoa: gaian aditua den teknikaria.

–Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

–Idazkaria: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.

Idazkari ordezkoa: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizioaren garapena:

6.1. Oposizioa 2022ko maiatzetik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitara emanen du, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es), proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten behin betiko puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposizio-alditik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.3. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.4. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.5. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

6.5.1. Lehen proba.

Ariketa teorikoa da, eta izangaiek deialdi honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendaren gaiei buruzko 100 galdera –test modukoak– gehienez erantzun beharko dituzte idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa.

Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak erantzunetan hainbat aukera dituzten galderetan.

Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketaren balioaren % 50 lortzen ez duten izangaiak.

6.5.2. Bigarren proba.

Teorikoa izanen da, eta izangaiek gehienez ere erantzun laburreko 25 galderari idatziz erantzun beharko diete. Galderak deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak adieraziko du, hura hasi aurretik.

Bigarren proban gehienez ere 20 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 10 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

Hirugarren probarako deia eginen zaie ariketa gainditu eta bigarren proban notarik altuenak lortzen dituzten txanda irekiko 20 izangaiei. Izangai batzuk 20. postuan berdinduta izanez gero, horiek guztiak igaroko dira hurrengo probara.

6.5.3. Hirugarren proba.

Ariketa teoriko-praktikoa. Idatziz garatu eta ebatzi beharko dira, gehienez 4 orduko denboran, deialdi honen II. eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz epaimahaiak proposatutako galderak eta kasuak. Epaimahaiak probaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten hura egiteko.

Hirugarren proban, izangai bakoitzak hura ahoz eta publikoki aurkeztu eta defendatu beharko du Epaimahaiaren aurrean, horretarako zehazten den datan (Udalaren webgunean argitaratuko da), gehienez ere 20 minutuz, eta Epaimahaiak izangaiak egindako ariketaren inguruko galderak egiten ahalko ditu, beste 10 minutuz.

Azalpenean, honako alderdi hauek baloratuko dira: aurkezpenaren kalitatea, antolamendua, hizkuntzaren erabilera, komunikazio-trebetasunak eta epaimahaiak zehaztu ditzakeen trebetasunak oro.

Hirugarren proban gehienez ere 60 puntu eskura daitezke. 60 puntu horietatik 50 idatzizko probari dagozkio, eta 10, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute probaren balioaren % 50, gutxienez, lortzen duten izangaiek.

6.6. Probak egiteko behar diren materialak Epaimahaiak zehaztuko ditu eta behar besteko denboraz jakinaraziko ditu www.pamplona.es helbidean.

Oposizioko bigarren eta hirugarren probak plika-sistemaren bidez eginen dira.

6.7. Behin proba bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, oposizioaren bigarren proban puntuazio handiagoa lortzen dutenen alde ebatziko da, eta berdinduta segitzen badute, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan.

Zozketaren emaitzak Iruñeko Udalaren webgunean argitaratuko dira.

8. Betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek aurkez ditzaten, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek:

a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluetako baten fotokopia konpultsatua edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, edo, bestela, eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.

8.2. Behin izapide hori bete ostean, Giza Baliabideetako zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak –haien kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat– eta lanpostu hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

9. Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu dituzten izangaien alde, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposatzen diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko adierazpen bat edo adierazpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

e) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoak ez diren baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri, proposatutako izangaiari eskatuko zaio eta hark aurkeztuko du deialdiaren 9.2. zenbakian ezarritakoarekin bat.

10. Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du, lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsa adjudikatuko dio aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiari.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 9.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak adjudikatuko zaizkie zuzenean.

11. Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak www.pamplona.es udal-webgunean argitaratuko dira.

12. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren % 30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

12.2. Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aurreko atalean aldi baterako kontratazioetarako zerrendak osatzeko aurreikusitako izangaiei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo horiek erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean.

12.3. Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.4. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.5. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar izatera, aldi baterako kontrataziorako honako izangai-zerrenda hauek, eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren webgunean:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen-prozesuko probaren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko lehendabiziko proban ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda.

12.6. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera. Halaber, lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez eta deialdiko probetakoren bat gainditu duten izangaien hurrenkera gainditutako proba-kopuru handienaren arabera zehaztuko da, lehenik eta behin, eta, bigarrenik, gainditutako probetan guztira lortutako puntuaziorik altuenaren arabera. Era berean, aurreko ataleko c) letran ezarritako kasuan, zerrendaren hurrenkera lehen proban lortutako puntuazio altuenari jarraikiz ezarriko da.

Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

12.7. Aurreko atalean ezarritako hurrenkerari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Zazpigarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoari men eginen zaio, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendan, hiru lanpostuetako lehena erreserbatuko da % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten zerrendako pertsonentzat, baldin eta dagozkien hautaprobak gainditu eta dagozkien zeregin eta funtzioekin bateragarri direla egiaztatzen badute, betiere lortutako puntuazioa eta gainditutako proba-kopurua kontuan harturik.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2022ko otsailarean 7an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Ana Elizalde Urmeneta.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

1. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua.

2. Udal Antolaketari buruzko dekretua (2019-06-21) Egitura. Zuzendaritzen eta idazkaritzen araubidea. Eskumenen banaketa alorrez alor.

3. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: administrazio-prozedura: kontzeptua, izaera eta printzipio orokorrak. Prozeduraren faseak. Administrazio-errekurtsoak: Kontzeptua eta motak. Administrazio-egintzak: Administrazio-egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

4. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Datuen babesaren printzipioak. Datuak Babesteko Espainiako Agentzia.

5. Lorezaintza jasangarria: diseinua, gauzatze-lanak, mantentze-lanak eta izurrien zein gaixotasunen prebentzioa eta tratamendua.

6. Parasito-agenteak: Biztanleria, kalteak eta atalasea. Zenbatzeko eta kontrolatzeko metodoak eta materialak. Izurriteen biologia.

7. Lorategietan landatutako landareen gaixotasunen, izurriteen eta agente ez parasitarioen sintomak eta alterazioak identifikatzeko irizpideak. Gaixotasun eta izurrite nagusiak.

8. Lorategietan landatutako landareen etsaien kontra borrokatzeko baliabideak: zeharkako metodoak, zuzeneko metodoak (kimikoak, biologikoak, integratuak) Produktu kimikoak: sailkapena, osagaiak, toxikotasuna, segurtasun-epea, nahasketak, biltegiratzea eta aplikatzeko neurriak.

9. Xerolorezaintza: Diseinua, gauzatze- eta mantentze-lanak.

10. Lorategiak sortu eta mantentzeko lanen planifikazioa eta antolaketa.

11. Lorezaintza publikoko zerbitzuaren kudeaketa eta lorategiak sortu eta mantentzeko lanetako lantaldeak.

12. Lorezaintza- eta paisaia-proiektua. Kontzeptua. Aurretiazko azterlanak. Proiektua osatzen duten agiriak.

13. Zuhaitz apaingarriak. Fisiologia. Anatomia. Kalitate-irizpideak. Motak, ezaugarriak, landatze- eta mantentze-lanak.

14. Zuhaixkak, landare bizikorrak eta sasoiko landareak. Motak. Haien erabilera lorezaintzan.

15. Ureztatze-sistemak. Hodi, ureztatze-igorle eta kontrol-sistema motak. Kalkulua.

16. Ureztatze-instalazioen gradu eta automatizazio-sistemak.

17. Lorategiko landareen ur-beharren ebaluazioa: ebapotranspirazioa eta behar garbiak eta guztizkoak. Uniformetasun-koefizientea. Uraren banaketa lurzoruan. Ureztatzeko dosia eta maiztasuna. Fertirrigazioa. Hidroponia.

18. Drainatzea. Beharrak, motak, instalazioa eta kalkulua.

19. Klima. Klima-faktoreak. Iruñeko klima.

20. Landareen babes-sistemak, baldintza klimatologiko txarrei aurre egiteko lorezaintza- eta paisaia-lanetan.

21. Lorategietan landatutako landareen etsaien kontra borrokatzeko baliabideak: zeharkako metodoak, zuzeneko metodoak (kimikoak, biologikoak, integratuak) Produktu kimikoak: sailkapena, osagaiak, toxikotasuna, segurtasun-epea, nahasketak, biltegiratzea eta aplikatzeko neurriak.

22. Elementu nutritiboak. Lurzoruen analisiaren oinarrizko interpretazioa. Ongarritzeko unitateak. Ongarri motak. Lurzoruaren propietate fisikokimikoak. Testura eta egitura. Eroankortasun elektrikoa. pHa.

23. Lorategiak mantentzeko makinak. Motak, erabilerak. Tresnak.

24. Soropilak. Landatze-lanak. Azpiegiturak. Espezie soropilduak. Soropil-motak. Izurri eta gaixotasun nagusiak. Soropilen mantentze-lanak.

25. Zuhaitz, zuhaixka, landare bizikor eta urtekoen landaketa, lorategietan eta paisaian egindako esku-hartzeetan. Prestakuntza-lanak. Zurkaizteak eta babesak. Dentsitateak.

26. Lorategi estiloak. Landare-elementuen grafismoa. Lorategi publiko eta pribatuen tipologia. Zaharberritze-proiektuak.

27. Lorategirako espezieak eta barietateak identifikatzeko eta hautatzeko irizpideak: Espezieen nomenklatura eta identifikazioa.

28. Sasoiko mazizoak sortu eta diseinatzeko lanak. Biribilguneak lorategiz hornitzeko lanak.

29. Landare-elementuak mantentzeko eta zaharberritzeko proiektuak: Planoak, jarduketa-eremuak, kontserbazio-egutegiak. Materialak eta bitartekoak.

30. Hiri-lorezaintza. Lorategi motak. Ekipamenduak. Diseinuaren baldintzatzaileak. Azpiegiturak.

31. Lorategi eta berdeguneetako espezieen zuinketa-, landaketa- eta birlandatze-teknikak. Soropilak ereitea. Mantentzea eta kontserbatzea. Berdeguneen landareztatze-lanak.

32. Mintegietan ekoiztutako landarearen kalitatea. Hautaketa. Ezaugarri morfologikoak. Laginketak.

33. Barrualdeak lorategiz hornitzeko lanak: Planoak egitea. Materialak eta bitartekoak hautatzeko irizpideak. Gauzatze-faseak planifikatzea. Barrualdeetako azpiegitura eta ekipamendua. Barrualdeetako landare-elementuak hautatzeko irizpideak.

34. Lorategi publikoen ekipamendua eta altzariak. Elementu- eta material-motak. Diseinua, instalazioa eta mantentze-lanak.

35. Lorezaintza-teknika tradizionalak: mosaikultura eta topiaria. Historia, teknika, espezie egokiak eta baratze-teknikak.

36. Elementu nutritiboak. Lurzoruen analisiaren oinarrizko interpretazioa. Ongarritzeko unitateak. Ongarri motak. Lurzoruaren propietate fisikokimikoak. Testura eta egitura. Eroankortasun elektrikoa. pHa.

37. Laneko arriskuen prebentzioa lorezaintzako mantentze-lanetan.

38. Norbera babesteko ekipamendu motak lorezaintzan eta horien erabilera.

39. Lorategietako azpiegitura eta ekipamenduen planifikazioa: Bideak. Eraikuntza-materialak. Argiteria. Saneamendu-sareak eta edateko ura. Lorategiko altzariak. Makineria eta lanabesak. Lorategien mantentze-, zaharberritze- eta kontserbazio-lanak. Ureztatzea eta lorategietako berariazko ureztatze-sistemak.

40. Heskaiak. Alderdi funtzionalak eta ikusizkoak. Diseinurako jarraibideak. Zuhaitz eta zuhaixka egokiak heskaietan eta landare-pantailetan erabiltzeko. Bideetako zuhaitzak. Ezartzeko irizpideak. Baldintzak. Azpiegiturak. Landaketa. Kontserbazioa Espezie ohikoenak.

41. Zuhaitzen inausketa-lanak. Beharrak. Teknikak. Zuhaitzen anatomia eta fisiologia eta haien harremana inausketarekin. Tresnak eta makineria.

42. Iruñeko lerrokadura-zuhaitzak. Espezieak eta ezaugarriak.

43. Zuhaitzak erortzeko arriskuaren analisia.

44. Zuhaitz apaingarrien balorazioa. Norma Granada metodoa.

45. Zuhaitz apaingarrien gaineko ikuskaritza, segurtasunari dagokionez. Fisiologia- eta anatomia-oinarriak. VTA teknikak. Tresneria.

46. Zuhaitz bereziak. Irizpideak.

47. Berdegune eta zuhaitz-multzo garrantzitsuenak Iruñeko hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian. Landaretzaren ezaugarriak.

48. Interes ekologikorik handieneko Iruñeko landare-eraketak.

49. Iruñean ohikoenak diren ingurumen-baldintza mugatzaileetara egokitutako landareak.

50. Lorezaintza-estiloak Iruñeko parke eta lorategietan.

51. Baldintza-agiria Berdeguneetako mantentze-lanetarako.

52. Herritarren partaidetza eta kontzientziazioa.

53. Giza baliabideen kudeaketa.

54. Gatazkak kudeatzeko teknikak.

55. Pertsonen arteko komunikazioa lan ingurunean.

56. Lorezaintza-lanetan lantaldeak antolatzeko teknikak.

Iragarkiaren kodea: L2201827