33. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Funtzionamendu arauak, Beti Kozkor Kirol Elkartea izeneko eskumendeko kirol elkarterako. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2022ko urtarrilaren 27an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea funtzionamendu arauak Beti Kozkor Kirol Elkartea izeneko eskumendeko kirol elkarterako.

2021eko irailaren 30eko osoko bilkuran erabaki zen hasierako onespena, eta argitaratu zen 2021eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 19koan. Iragan da jendaurreko aldia.

Lekunberrin, 2022ko urtarrilaren 2an.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

ERANSKINA

Beti Kozkor KE eskumendeko kirol-elkartearen funtzionamendu arauak

Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Lekunberriko Beti Kozkor KE da eskumendeko kirol elkarte bat, nortasun juridiko propioa duena, eta jarduteko ahalmen osoa, eta bere xedea da kirol jarduerak sustatzea eta antolatzea. Lekunberriko Udalaren antolamendu-esparruaren barnean dago eratua.

2. artikulua. Beti Kozkor Kirol Elkartea futbolean eta areto-futbolean aritzekoa da batez ere, baina gainerako kirol-jardueretara ere zabal daiteke: pilota, tenisa, padela, saskibaloia, eskubaloia, boleibola, igeriketa, igeriketa sinkronizatua, judoa, atletismoa, arku-tiroa, ziklismoa, mendiko bizikleta, etab, eta etorkizunean egin nahi den beste edozein.

3. artikulua. Elkartearen egoitza soziala izanen da Plazaola Kirolguneko udal kirol-instalazioena (Burundegia kalea 9, Lekunberri, Nafarroa, PK: 31870).

Bazkideak.

4. artikulua. Beti Kozkor Kirol Elkarteko bazkideak izan daitezke Elkarteak programatutako jarduerak egiten eta sustatzen dituzten guztiak, eta, horrez gain, kirol jarduerarik ez eginda ere elkartekide izan nahi dutenek, baldin behar den kuota ordaintzen badute.

Horiek abonatu izanen dira, eta, horrenbestez, Elkarteak ezarritako zenbatekoa ordaindu beharko dute haren jardueretan parte hartzeko.

5. artikulua. Bazkideek noiznahi eska dezakete baja, baina horrek ez ditu salbuetsiko Elkarteari pagatzeko dituzten zenbatekoak ordaintzeaz.

Gobernu eta ordezkaritza organoak.

6. artikulua. Honako hauek dira Beti Kozkor Kirol Elkartearen gobernu eta ordezkaritza organoak:

–Lehendakaria.

–Lehendakariordea.

–Zuzendaritza Batzordea.

7. artikulua. Lekunberriko Udaleko alkateari dagokio lehendakari kargua.

Elkarteko lehendakaria izanen da ordezkaritza organoa eta Zuzendaritza Batzordearen aginterik gorena. Oro har, erakundearen ordezkaritza du, eta Elkartearen kudeaketa-ildo orokorrak zuzentzen ditu. Lekunberriko Udaleko alkateari dagokio lehendakari kargua.

8. artikulua. Elkarteko lehendakariak izendatuko du lehendakariordea, eta lehendakariak lehendakariordeari eskuordetzen ahal dizkio eginkizunak, komeni dela uste badu. Lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du hark bere esku uzten dizkion ordezkaritza eta zuzendaritza jarduera guztietan. Era berean, lehendakaria ordeztuko du ez dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo gaixorik dagoenean, bai Zuzendaritza Batzordearen bilkuretan, bai gainerako eginkizunetan.

9. artikulua. Hauek dira Elkarteko lehendakariaren eginkizunak:

–Elkartearen ordezkari izatea ekintza eta jarduera guztietan, nahiz kirol eremuan nahiz eremu instituzionalean.

–Elkartearen gobernua eta administrazioa zuzentzea, eta haren antolaketa administratiboa xedatzea eta, horrenbestez, Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatzea.

–Zuzendaritza Batzordearen erabakiak gauzatzea.

–Zuzendaritza Batzordea biltzeko deia egitea eta haren buru aritzea, eztabaidak zuzentzea eta, behar izanez gero, bozketetako berdinketak haustea.

–Aurrekontu ekonomikoen proiektuak egitea, eta Zuzendaritza Batzordeari aurkeztea, urtero.

–Elkarteak egin behar dituen ordainketak agintzea, betiere aurrekontuko kontsignazioen barrenean.

–Behar diren eginkizun guztiak, beharrezko direnak Elkartearen jarduerak behar bezala funtzionatzeko eta garatzeko, baldin beste organo bati berariaz esleitu ez bazaizkio.

10. artikulua. Zuzendaritza Batzordea da Elkartearen administrazio-koordinazioa eta -kudeaketa gauzatzeko organo betearazlea eta arduraduna.

11. artikulua. Zuzendaritza Batzordea honela osatuko da: lehendakaria edo lehendakariordea eta, gehienez ere, 11 kide. Zuzenean Elkarteko lehendakariak izendatuko ditu horiek.

12. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko kide guztien artetik bat aukeratu beharko da Elkarteko idazkari lanak egiteko, eta karguak berez dituen eginkizunak izanen ditu, esaterako:

–Zuzendaritza Batzordearen bilkuretarako deia egitea.

–Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak idaztea eta zaintzea. Idazkariak sinatuko ditu, lehendakariaren oniritziarekin.

–Ziurtagiriak egitea, Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakien edukiari buruz.

–Behar denean, administrazio eskudunei komunikatzea, jakinaraztea eta igortzea Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideen zerrenda, horien karguak, Elkartean egiten diren kirol-modalitate berriak, egiteaz uzten direnak, helbide aldaketak eta egoki diren gainerako egintzak.

13. artikulua. Idazkariak, Elkartearen lehendakariaren aginduz, dei eginen die Zuzendaritza Batzordeko kideei, bilera egin baino 48 ordu lehenago gutxienez, eta adieraziko die bilera non eta zer ordutan eginen den eta gai-zerrenda zein den. Bilkura bereziak salbuesten dira; larrialdiengatik egin daitezke halakoetarako deiak, bilkura baino 24 ordu lehenago gutxienez.

14. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko kide guztien artetik bat aukeratu beharko da Elkarteko diruzain lanak egiteko, eta karguak berez dituen eginkizunak izanen ditu, esaterako:

–Egitea Elkartearen gastuen eta diru-sarreren ohiko kontabilitatea, eta gero hura aurkeztea organo betearazleari eta Udaleko osoko bilkurari.

–Kirol-zuzendariari laguntzea urteko aurrekontuak eta kontuak egiten.

–Behar diren izapideak eta kudeaketak egitea, Udalbatzaren ekonomia-gaietan eskumena duen administrazio-unitatearen aurrean, betiere unitate horren erregelen eta arauen arabera, eta, zehazki, Elkartearen aurrekonturen arabera eta Udalbatzak behar den ekitaldirako onetsitako aurrekontua betearazteko oinarrien arabera.

15. artikulua. Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:

–Elkarteko lehendakariari bere eginkizunak garatzen eta betetzen laguntzea.

–Taldeak inskribatzea eta kirol-lizentziak izapidetzea.

–Elkartearen aurrekontu ekonomikoak onestea, Udaleko osoko bilkurak onesteko aurkeztu aurretik.

–Onestea aplikatu beharrezkotzat jotzen diren barne-erregimeneko arautegiak.

–Udalbatzako gobernu organoaren erabakiak betearaztea.

–Begiratzea Elkartea egokitzen zaiola indarreko araudira.

–Elkartearen urteko memoria idaztea.

–Behar diren kultura, kirol eta administrazio neurriak aplikatzea kirol-modalitateak sustatzeko eta garatzeko.

–Behar diren izapideak egitea, lortzeko dirulaguntzak, laguntzak nahiz bestelako finantzaketa-baliabideak, bai entitateen aldetik, bai pertsona publiko edo pribatuen aldetik, Elkartearen onerako.

–Barne-agiri bat idaztea, arautzeko kirol-zuzendariaren izendapena, eginkizunak eta eskumenak.

–Kirol-zuzendaria izendatzea eta kargutik kentzea.

–Elkartearekin eta haren helburuekin zerikusia duen beste edozein, hartu beharrekoa, haren martxa onerako.

16. artikulua. Kirol-zuzendariak bere ardurapean hartuko du egitea Elkarteko lehendakariak eta Zuzendaritza Batzordeak eskuordetzen dizkion eginkizun guztiak.

17. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko kideen artetik izendatuko da kirol-zuzendaria, Udalbatzako buruak aldez aurretik proposatuta. Hala, Zuzendaritza Batzordeak onetsiko eta betearaziko ditu, barne-agiri baten bidez, izendatze modalitatea eta kirol-zuzendariak bete beharreko eginkizunak.

Betiere, kirol-zuzendariak utzi eginen ditu eskuordetuko zaizkion eginkizunak, Zuzendaritza Batzordeko kideen gehiengoaren bidez.

18. artikulua. Honako hauek dira kirol-zuzendariaren eginkizunak:

–Gauzatzea Elkartearen kirol-koordinazioa eta kirol-zuzendaritza.

–Egitea Elkartearen urteko jardueren programa orokorra.

–Plangintza eta kudeaketa ekonomikoko eginkizunak.

–Elkartearen aurrekontuaren proposamena egitea. Udalbatzan kirol arloko eskumena duen administrazio-unitatearen aurrekontuan sartuko da, eta Lekunberriko Udalaren osoko bilkurak onetsi beharko du.

–Urteko kontuak prestatzea.

–Harremanak koordinatzea hornitzaileekiko, babesleekiko eta kanpoko gainerako laguntzaileekiko.

19. artikulua. Zuzendaritza Batzordea urtean bitan bilduko da, gutxienez, ohiko bilkuran. Lehenbiziko saioa eginen da kirol-denboraldiaren hasieran, eta, bigarrena, hura bukatutakoan. Era berean, bilkura berezia egiten ahal da, baldin Elkarteko lehendakariak beharrezkotzat jotzen badu.

20. artikulua. Elkarteko lehendakariak, kalterik egin gabe Zuzendaritza Batzordea osatzen duten kideei, Batzordera deitzen ahal die Zuzendaritza Batzordeko kide ez diren bazkideei, hitza dutela baina botorik ez, baldin jorratu beharreko gaiak zuzenean eragiten badio beren kirol-modalitateari.

21. artikulua. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu gaia presazko deklaratzen bada, gehiengoak horren aldeko botoa emanda.

22. artikulua. Erabakiak hartuko dira behar den bilkurara bertaratzen diren kideen gehiengoz soilez. Berdinketarik izanez gero, lehendakariak edo haren ordez ari den lehendakariordeak kalitateko botoa izanen du.

23. artikulua. Elkarteko gobernu eta ordezkaritza organoei aplikatuko zaizkie, modu osagarrian, foru araudian eta araudi orokorrean ezarrita dauden arauak, eskumendeko kirol-elkarteetako gobernu eta ordezkaritza organoen funtzionamenduaz.

Araubide ekonomikoa.

25. artikulua. Beti Kozkor Kirol Elkarteak ez du berea den ondarerik. Lekunberriko Udaleko osoko bilkurak onetsi beharko du haren aurrekontua, behin Zuzendaritza Batzordeak prestaturik eta Udalbatzaren aurrekontu orokorrean sarturik.

26. artikulua. Elkarteak, Zuzendaritza Batzordeak gainbegiratuta eta onetsita, babesletza-akordioak susta ditzake hainbat entitate publiko eta pribaturekin.

27. artikulua. Kirol elkarteak, bere helburuak finantzatzeko, eska ditzake entitate publiko nahiz pribatuen deialdietako dirulaguntzak edo laguntzak. Diru-sarrerak zertarako eman ziren, hartarako erabili beharko dira.

Elkartea desegitea.

28. artikulua. Lekunberriko Udalaren osoko bilkurak noiznahi erabaki dezake Beti Kozkor Kirol Elkartea desegitea.

Funtzionamendu arauen aldaketa.

29. artikulua. Lekunberriko Udalaren osoko bilkuraren gehiengo osoa beharko da Estatutu honetako arauak aldatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen dira Lekunberriko Udalaren osoko bilkurak 2014ko abuztuaren 27an onetsitako Beti Kozkor Kirol Elkartearen Estatutuetako arauak, argitaratu zirenak 2014ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 23koan.

AZKEN XEDAPENA

Beti Kozkor Kirol Elkartearen estatutuak aldatzeko arau hauek indarra hartuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2201516