33. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 2an hartua, Berriogoitin, Berriobeitiko udal-mugartean (Nafarroa), dagoen Berriogoitiko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremuaren behin betiko mugaketa onesten duena.

Berriogoitin, Berriobeitiko udal-mugartean, dagoen Berriogoitiko gurutzea izeneko monumentua martxoaren 14ko 571/1963 Dekretuak babestuta dago, eta interes kulturaleko ondasuna da Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, bai eta Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren 1. apartatuaren arabera ere.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da monumentu horren babes eremua finkatzea eta zehatz-mehatz mugatzea.

Aipatutako foru lege horren arabera, espedienteak beharrezkoak ditu ondasuna behin-behinekoz mugatzea, jendaurreko fasea ezartzea eta behin betiko onestea Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 161/2021 Ebazpenak behin-behinekoz mugatu zuen Berriogoitin, Berriobeitiko udal-mugartean (Nafarroa), dagoen Berriogoitiko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremua, interes kulturaleko ondasun gisa babesteko, eta espedientea jendaurrean egoteko epe bat ireki zuen.

Ebazpena 2021eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 22koan. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak, 2021eko urriaren 25ean, mugaketaren aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Berriogoitin, Berriobeitiko udal-mugartean (Nafarroa), dagoen Berriogoitiko gurutzea izeneko monumentuaren babes eremuaren behin betiko mugaketa onestea.

2. Berriogoitiko gurutzearen babes eremua 50 metroko erradioa duen zirkulu batek osatzen du. Lurzati hauek hartzen ditu: Berriobeitiko udalerriko 14. poligonoko 214., 182., 245. eta 531. lursailak eta 13. poligonoko 233., 234., 419. eta 784. lursailak.

Eremu horretarako babes neurriak honako hauek dira:

1. Gurutzeari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Eremuari dagokionez, 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluak ezartzen duena bete beharko da, hots, beharrezkoa izanen dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezartzen da babes eremuan sartutako landa lurzatien eta bideen azaleretan ez dela eraikinik ez instalaziorik jarriko.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2201574