30. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

65/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zer lanpostutan sartzeko eskatuko den Espainiako nazionalitatea izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2021eko lan publikoaren eskaintza partzialetan, zehazki, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagozkionetan (bai Administrazio Erroaren eremurako eskaintzan, bai Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako osasun langileen eskaintzan).

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen du Europar Batasuneko beste estatuetako kide diren herritarrak espainiarren baldintza berberetan sartzen ahalko direla lanpostu publiko guztietan, salbu eta aginte publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea eratxikita dutenetan eta Estatuaren edo Administrazio Publikoen interesak gordetzeko helburua duten funtzionarioen kasuan. Nafarroako Administrazio Publikoek finkatuko dute, nork bere eskumenen esparruan, zer lanpostutan ezin izanen diren sartu Europar Batasuneko beste estatuetako herritarrak.

Hori dela eta, abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez, 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horrek, bere 4. artikuluan, ahalmena ematen dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ebazpen baten bidez zehaztu dezan, kasuan kasuko sarrerako hautaproben deialdiak onetsi baino lehen, zein lanpostuk duten atxikia ahal publikoak betetzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea eskatuko baita.

Era berean, abenduaren 22ko 115/2021 Foru Dekretuaren bidez, 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horrek, bere 4. artikuluan, ahalmena ematen dio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari ebazpen baten bidez zehazteko, dagozkion sarrerako hautaproben deialdiak onetsi baino lehen, zein lanpostuk duten atxikita ahal publikoak erabiltzea edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen interesak zaintzeko erantzukizuna, lanpostu horietan sartzeko Espainiako nazionalitatea izatea eskatuko baita.

Adierazitakoarekin bat, bidezkoa da zehaztea, lan publikoaren eskaintza partzial horiei dagokienez, zer lanpostutan sartzeko eskatuko den Espainiako nazionalitatea izatea, kontuan harturik ahal publikoak erabiltzea atxikita dutela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren interesak gordetzeko helburua duten eginkizunak direla.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Zehaztea ezen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2021eko lan publikoaren eskaintza partzialari dagokionez, zehazki, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokion lan eskaintzari dagokionez, lanpostu hauetan sartzeko beharrezkoa izanen dela Espainiako nazionalitatea izatea:

–Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea.

–Errepideetako zaintzailea.

–Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea.

–Nafarroako Foruzaingoko agentea.

–Nafarroako Foruzaingoko agente lehena.

–Nafarroako Foruzaingoko komisarioa.

–Suhiltzailea.

–Suhiltzaile-ofizialordea.

–Suhiltzaile-ofiziala.

–Basozaina.

2. Zehaztea ezen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako osasun langileen 2021eko lan publikoaren eskaintza partzialari dagokionez, zehazki, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokion eskaintzari dagokionez, lanpostu hauetan sartzeko beharrezkoa izanen dela Espainiako nazionalitatea izatea:

–Osasun publikoko ikuskatzailea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 12an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

Iragarkiaren kodea: F2200639