30. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZIZUR NAGUSIA

Obra-langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

Zizur Nagusiko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2022ko urtarrilaren 21ean hartutako erabakiaren bidez, Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuko obra-langilearen lanpostu bat, D mailakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onartu da.

Hautaketa-prozesu hori gauzatuko da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginarekin, hura garatzeko eta betearazteko emandako Sarrerari buruzko Erregelamenduarekin, aplikatu beharreko gainerako arauekin eta deialdi honen oinarrietan gai horri buruz xedatutakoarekin.

1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuko obra-langilearen lanpostu bat, D mailakoa eta funtzionarioen araubidekoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Iragartzen den lanpostuak 46008 zenbakia du plantilla organikoan, eta Hirigintza Zerbitzuak-Obra Zerbitzuari atxikita dago.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoren, deitutako lanpostua betetzeko izendatzen diren langileak D mailan edo taldean sailkatuko dira, eta uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onartutako Ordainsarien Behin-behineko Araudian eta Zizur Nagusiko Udalari aplika dakizkiokeen gainerako xedapenetan ezarritako ordainsari orokorrak jasoko dituzte.

1.4. Lanpostua lortzen duen izangaia funtzionario bihurtuko da Zizur Nagusiko Udalean, eta langileen arloan indarrean dauden xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izango ditu.

1.5. Era berean, deialdi honen xedea da sartzeko hautaketa-prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontrataziorako honako zerrenda hauek eratzea, 9. oinarrian ezarritakoaren arabera:

a) Plazarik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Lehenengo ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

1.6. Hautaprobak gainditu eta deialdiko lanposturako izendatua izan ondoren, Zizur Nagusiko Udalean sartzen den izangaia Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emango zaio, aipatutako araubidean aurreikusitako babes-ekintzaren pean.

Deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan eta dagoeneko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten Eskubide Pasiboen eta Osasun- eta Gizarte-laguntzaren araubidean afiliatuta dagoenak aukera izango du araubide horretan jarraitzeko edo Gizarte Segurantzako dagokion araubidean afiliatzeko.

1.7. Lanpostua betetzeari dagozkion funtzioak Funtzioen Eskuliburuan deskribatutakoak izango dira.

1.8. Obra-langilearen lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritako D mailari dagozkion ordainsariak izango ditu, bai eta onartzen diren osagarriak eta/edo, halakorik ezean, Zizur Nagusiko Udalaren Plantilla Organikoan lanpostu horretarako ezarrita daudenak ere.

1.9. Deialdi hau argitara emateko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarriko da, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari enplegu-eskatzaileen zerrenda bat (enplegua hobetzekoak barne) eskatuko zaio, obra-langile lanpostua betetzeko beharrezko baldintzak betetzen dituztenena. Eskatzaile horiei, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak mezu elektroniko eta/edo sms bat bidaliko die deialdi honi buruz informatzeko eta eskabideak Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan aurkezteko epea jakinarazteko, deialdian parte hartu dezaten.

1.10. Deialdi honen babesean eratutako zerrenda bost urtez egongo da indarrean, gehienez ere.

Hala ere, deialdi bat baino gehiago egin behar izanez gero, gaindituen zerrendek aurrekoak ondoriorik gabe utziko dituzte.

2. oinarria.–Baldintzak eta tasak.

2.1. Izangaiek, hautaprobetan onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean:

a) Espainiarra, Europar Batasuneko Estatu kide bateko herritarra edo Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan sartutako Estatu bateko nazionala izatea, langileen zirkulazio askea aplikatzekoa denean.

Era berean, parte hartu ahal izango dute espainiarren, Europar Batasuneko beste Estatu kide baten edo aipatutako Nazioarteko Itunen eraginpeko Estatuetako herritarren ezkontideek, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanik beren kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako ezarritako adina ez gainditzea.

c) Eskola Graduatu titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulua edo aurrekoen baliokidetzat jotako titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, dagokion baliozkotze-agiria edo, hala badagokio, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da. Baldintza hori ez zaie aplikatuko araututako lanbideen eremuan lanbide-kualifikazioaren aitorpena lortu duten izangaiei, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Funtzio publikoak betetzeko desgaituta edo etenda ez egotea, eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizita ez egotea.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, adieraziz ez dutela funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo zigor penalik.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak edukitzea.

2.2. Izangaiek aurreko betekizunak egiaztatu beharko dituzte deialdi honen oinarrietan zehazten den unean.

2.3. Aurreko baldintzak, eskabideak aurkezteko epearen amaierari dagozkiola ulertzeaz gain, hautaketa-prozesuan eta kontratazio-aldian bete beharko dira.

2.4. Tasen ordainketa.

Azterketa-eskubide tasak arautzen dituen Ordenantza fiskalak (2014ko abenduaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 236. zk.) ezartzen du azterketa egiteko eta espedientea formalizatzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 20 eurokoa dela.

2.5. Tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira:

–Deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagoko epean langabe gisa izena emanda dauden pertsonak, baldin eta izena emateko aldian enplegu-eskaintza egokiari uko egin ez badiote eta, arrazoi justifikaturik izan ezean, sustapen, prestakuntza edo lanbide-birmoldaketako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez badiote, eta aldi berean, hileko zenbaketan lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagoak ez dituztenak.

Dagokion Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da hori.

–Enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonak, Servicio Navarro de Empleo-Nafar Lansarean izena emanda daudela egiaztatzen duen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira, eta, era berean, hilean lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagorik ez dutenak.

2.6. Hilean, lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagoa ez izatea, II. Eranskineko interesdunaren aitorpen solemnearen bidez egiaztatuko da. Udaleko bulegoetan adierazpen eredua emango da. Internet bidez ere eskuratu ahal izango da, lehen adierazitako helbidean.

2.7. Tasa hori, nominala eta banakatua, eskudirutan sartuta edo transferentzia bidez ordainduko da Zizur Nagusiko Udalaren honako banku-erakunde hauen kontuetan: Caixabank ES03 2100.5199.54.2200064878 zenbakia, Nafarroako Rural Kutxa ES57 3008.0066.81.0702518820 zenbakia eta Laboral Kutxa ES43 3035.0200.87.2000790026 zenbakia. Kasu horretan, ordainketa-frogagirian honako datu hauek agertu beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NANa/IFZ.

–Ordainketa egiten den kontu-zenbakia.

–Kontzeptua: oposizioak.

–Deialdiaren xede den lanpostua.

2.8. Azterketa-eskubide tasa ordaintzen ez bada, izangaia kanpoan geratuko da.

Azterketa-eskubide tasa ordaintzeak ez du inola ere ordezkatuko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea.

3. oinarria.–Prozedura.

Prozedura, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudiari buruzko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan (18.2 artikulua) aurreikusitakoa izango da, oposizio-lehiaketa sistemaren bidezko deialdi publikoaren bidez eta bere oinarriekin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Erregistro Telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.zizurmayor.es) aurkeztu beharko dira, NANaren edo ziurtagiri digitalaren bidez (CLAVE), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera. “Administrazioek haiekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko betebeharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen kolektibo batzuentzat, baldin eta, gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo beste arrazoi batzuengatik, egiaztatuta badago behar diren bitarteko elektronikoetarako sarbidea eta eskuragarritasuna badutela”. Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legean, Hamabigarren Xedapen Gehigarrian, Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautaketa-prozesuei buruzko xedapenetan azaltzen denez, Nafarroako Administrazio Publikoei ahalmena ematen zaie hautaketa-prozesuen, sartzeko prozesuen edo lanpostuak betetzeko prozesuen deialdietan eskaerak eta gainerako dokumentazioa elektronikoki aurkeztea eskatzeko.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2021eko irailaren 24an hartutako erabakiaren arabera, Zizur Nagusiko Udalari aukera eman zaio hautaketa-prozesuetan eskabideak eta gainerako agiriak elektronikoki aurkez daitezen eskatzeko. Deialdi honetan eskatzen diren titulazioa eta eginkizunak direla eta, nahikoa justifikatutzat jotzen da eskabideak eta gainerako agiriak elektronikoki aurkezteko eskatzea.

Eskabide horiek bat etorri beharko dute deialdi honetan I. eranskin gisa argitaratutako ereduarekin.

4.2. Desgaitasuna duten izangaiek, probak egiteko denbora eta bitartekoak egokitzea eskatzen badute, hala adierazi beharko dute eskabidean eta horretarako prestatutako gunean eta eskatutako egokitzapena edo eskatzen dituzten denbora eta/edo baliabideen beharrezko doikuntzak zehaztu beharko dituzte. Horretarako, izangaiak egoki iritzitako dokumentazioa aurkeztu ahal izango du eskabidea aurkezten duenean.

4.3. I. eranskineko parte hartzeko eskaerarekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–NANaren kopia.

–2.1.c) oinarriaren baldintza egiaztatzen duen tituluaren kopia.

–2.1.f) oinarriaren baldintza egiaztatzen duen tituluaren kopia.

–Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo hala badagokio, salbuespena egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Alegatutako merezimenduen egiaztagirien kopia.

–Hala badagokio, desgaitasuna duten izangaien probak egiteko denbora eta baliabideak egokitzeari buruzko dokumentazioa.

4.4. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenetarako.

4.5. Sartzeko proba kolektiboetan parte hartzeko eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori luzaezina izango da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, Zizur Nagusiko Udaleko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpena emango du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onartzeko. Ebazpen hori egoitza elektronikoan, Zizur Nagusiko udaleko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean argitaratuko da. Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, baztertutako izangaiek hurrengo hamar egun balioduneko epean erreklamazioak aurkeztu eta, hala badagokio, akatsak zuzendu ahal izango dituztela adieraziz.

6. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin-betiko zerrendak.

6.1. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, Zizur Nagusiko Udaleko Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onartzeko. Zerrenda horiek egoitza elektronikoan, Zizur Nagusiko udaleko iragarki-taulan eta udalaren web orrian argitaratuko dira, eta deialdi honetako zortzigarren oinarrian aurreikusitako hautaketa proben data eta tokia azalduko dira.

6.2. Azterketako eskubideak ez dira itzuliko izangaiei egotz dakiekeen arrazoiren batengatik kanporatu behar direnean.

6.3. Onartutakoen zerrendan egoteak ez du esan nahi interesdunek deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztenik. Izangaiek kontrataziorako deitzeko unean aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertu ondoren ondorioztatzen bada izangaiek ez dutela eskatutako baldintzaren bat garaiz edo forma egokian betetzen, interesdunek deialdi honetan parte hartzearen ondorioz izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

7. oinarria.–Epaimahai kalifikatzailea.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Andoni Serrano Zabalza Jauna, Lehendakaritza, Funtzio Publiko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria.

Ordezkoa: Jon Gondán Cabrera Jauna, Zizur Nagusiko alkatea.

1. mahaikidea: Antonio Acebedo Magallanes Jauna, Zizur Nagusiko Udaleko obrako langileburua.

Ordezkoa: Eduardo Senar Senar Jauna, Zizur Nagusiko Udaleko Hirigintza Zerbitzuetako burua.

2. mahaikidea: Marta Silvero Miramón Andrea. Eraikuntzako Lan Fundazioa.

Ordezkoa: Emilio Lezana Pérez Jauna. Eraikuntzako Lan Fundazioa.

3. mahaikidea: Fco. Javier Severiano Pecharromán Jauna, Zizur Nagusiko Udaleko Langileen Batzordeak proposatutako ordezkaria.

Ordezkoa: Lorenzo De la Villa Casado Jauna, Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordezkariak izendatua.

Mahaikide-idazkaria: Cristina Fabo Legarda Andrea, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Isabel Abadía Sanz Andrea, Zizur Nagusiko Udaleko Administrazio Publikoko eta Giza Baliabideetako teknikaria.

7.2. Epaimahaia hautaproba egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago.

Era berean, Epaimahaia balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria bertan egotea.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzearen inguruan sor daitezkeen gai guztiak. Berdinketa gertatuz gero, lehendakariak kalitatezko botoa erabili ahal izango du.

7.4. Epaimahaiak aholkulari espezialistak har ditzake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiarekin lankidetzan arituko dira, espezialitate horietan soilik oinarrituta.

8. oinarria.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

8.1. Lehiaketa-fasea. Merezimenduak.

8.1.1. Eskabideak aurkezteko epean aurkeztu beharko dira 4.3 oinarrian aipatutako merezimenduak.

8.1.2. Aurkeztutako merezimenduak Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdi honen IV. eranskinean agertzen den baremoaren arabera.

Lehiaketa-fasean gehienez ere 15 puntu lortu ahal izango dira.

8.1.3. Epaimahaiak ezingo du inolaz ere segurutzat jo dokumentu bidez alegatu eta egiaztatu ez den merezimendurik, eta ezingo du eman aipatutako baremoan adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntuazio handiagorik atal bakoitzeko.

8.1.4. Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, Administrazio Publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde ebatziko da. Berdinketak bere horretan badirau, adinez zaharrenaren alde ebatziko da.

8.1.5. Epaimahaiak, lehiakideek alegatu eta egiaztatutako merezimenduei buruz argibideak eta datu osagarriak eskatu ahal izango ditu.

8.1.6. Merezimenduen kalifikazioa amaitu ondoren, Epaimahaiak egoitza elektronikoan, Zizur Nagusiko udaletxeko iragarki-taulan eta udalaren webgunean parte-hartzaileek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek beren merezimenduen balorazioari buruz beren eskubideari komeni zaiena alega dezaten.

8.1.7. Epaimahai kalifikatzaileak aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, Zizur Nagusiko udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean, eta lehiakideen zerrenda igorriko dio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta eta espediente osoarekin batera.

8.1.8. Euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko proba egiteko deia egingo zaie eskabide-ereduaren I. eranskinean egitea eskatu duten lehiakideei, deialdiaren IV. eranskineko b) atalean jasotako merezimendua barematzeko.

8.2. Oposizio fasea.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onartzen duen egintza berean, hautaketa-prozesuari dagozkion probak non, zein egunetan eta zein ordutan hasiko diren zehaztuko da.

Oposizioa gutxi gorabehera 2022ko maiatzetik aurrera hasiko da.

Oposizioko probetarako deialdia, deialdi bakarraren bidez egingo da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geratuko dira iragarritako egun, ordu eta lekuetan agertzen ez diren hautagaiak edo aipatutako agiriren baten bidez identifikatzen ez direnak.

8.2.1. Oposizio-probak oinarri honetan adierazten direnak izango dira, eta deialdiko III. eranskineko gai-zerrendan adierazten diren gaiei buruzkoak izango dira.

Gai guztiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira.

8.3. Hautaketa-probak egiten diren bitartean, desgaitasuna aitortuta duten izangaiei, eskabidean hala eskatu badute, proba egiteko behar dituzten denbora eta bitartekoak egokituko zaizkie.

8.4. Oposizioaren garapena.

Oposizioa, oinarri hauetan adierazitako moduan egingo da.

Oposizioak hiru proba izango ditu, eta proba horietan, lanpostuaren jarduerari buruz hautagaiek dituzten ezagutza teoriko-praktikoak baloratuko dira. Ondorengoak:

a) Lehenengo proba. Erantzuteko hiru aukera emango dituen 70 galderako galdetegi bat izango da, eta beste hiru galdera gehituko zaizkio, erreserbakoak, lanpostuko jarduerei buruzko ezagutza orokor eta espezifikoei buruzkoak. Erantzunetako bat bakarrik izango da zuzena; eta gehienez ere 90 minututan egin beharko da. Galderak III. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.

Gehienez 35 puntu emango dira, eta gainditzeko gutxienez 15 puntu lortu beharko dira.

Galdera guztiek 0,50 puntuko balioa izango dute, eta erantzun okerrek 1/3 puntuko zigorra izango dute.

Proben kalifikazioa amaitu ondoren, Epaimahaiak Zizur Nagusiko Udaleko iragarki-taulan eta udal egoitza elektronikoan https://sedeelectronica.zizurmayor.es/ deialdiaren aipamenean, argitaratuko ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, eta bost egun naturaleko epea irekiko du interesdunek beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

b) Bigarren proba. Prozesuaren zati hau bi zatitan banatzen da: lehenengoa bi proba praktiko izango dira, eta bigarrena bi ariketaz osatutako proba teknikoa.

Gehienez ere 20 oposiziogileri egingo zaie ebaluazioa, lehenengo proba gainditu duten hogei nota onenen arabera.

Proba gehienez ere 40 punturekin baloratuko da.

Lehenengo zatia 25 punturekin baloratuko da, eta gainditzeko gutxienez 12,5 puntu lortu beharko dira.

Bigarren zatia 15 punturekin baloratuko da, eta gainditzeko gutxienez 7,5 puntu lortu beharko dira.

Proben kalifikazioa amaitu ondoren, Epaimahaiak Zizur Nagusiko Udaleko iragarki-taulan eta udal egoitza elektronikoan https://sedeelectronica.zizurmayor.es/ deialdiaren aipamenean, argitaratuko ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, eta bost egun naturaleko epea irekiko du interesdunek beren eskubideen alde egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

c) Hirugarren proba. Gaitasun psikoteknikoko proba: izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren neurtzeko hainbat proba egin beharko dira. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Atalak egingo ditu, eta horien balorazioak lotesleak izango dira Epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren probak gehienez 10 puntuko balorazioa izango du. Proba hau ez da baztertzailea izango.

9. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Proba hauek amaitutakoan, Epaimahaiak iragarki-taulan eta udal egoitza elektronikoan https://sedeelectronica.zizurmayor.es/ deialdiaren aipamenean argitaratuko ditu, gainditutako izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta gainditu ez eta hautaketa-prozesuan lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrenda.

Hautaketa-prozesuan lortutako puntuaziorik handienak zehaztuko du gainditu dutenen zerrendako izangaien hurrenkera.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

Honako zerrenda hauek eratuko dira:

1) Plazarik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

2) Gainditu ez duten izangaien zerrenda. Hautaketa-prozesuan lehen proba gainditu dutenek osatuko dute.

Era berean, gainditu ez duten eta hautaketa-prozesuko lehen proba gainditu duten izangaien zerrendako ordena, proba horretan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, gaindituen zerrendaren atzean geratuko da.

Berdinketa gertatuz gero, zozketa bakarra egingo da horretarako deitutako ekitaldi publikoan. Ausaz aterako dira abezedariotik bi letra, eta berdinketak lehenengo abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera ebatziko dira, lortutako bi letretatik abiatuta. Ondorio horietarako “ZZ” letren atzetik “AA” letrak aplikatuko dira. Lortutako hasierako bi letrekin hasten den lehen abizena duen izangairik ez badago, ordena alfabetikoan hurrengo abizenera joko da, “ZZ” letren atzetik “AA” letrak doazela kontuan hartuz. Emaitzak udaletxeko web orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira.

9.3. Era berean, epaimahaiak Zizur Nagusiko Udaleko obra-langilearen lanpostua duen funtzionarioa izendatzeko proposamena egingo dio deialdia egin duen Udalari, puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren alde, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.4. Era berean, beste proposamen bat egingo du probak gainditu dituzten eta plazarik ez duten pertsonekin, eta lehen ariketa gainditu dutenekin. Pertsona horiek, hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartuko dira.

9.5. Proposamena loteslea izango da deialdia egin duen udalarentzat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10. oinarria.–Dokumentazioaren aurkezpena. Izendapena eta lanpostuaren jabetza.

10.1. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturalen barruan, proposatutako izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Zizur Nagusiko Udaleko Erregistro Orokorraren bidez:

a) NANaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiri baliokidearen fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak edukitzea.

d) Izangaiari bere gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko proba medikoetarako zitazioa egingo zaio, deialdiaren 2. ataleko d) letran ezarritakoaren arabera. Osasun-azterketa Zizur Nagusiko Udaleko Prebentzio Zerbitzuak egingo du.

e) Zinpeko aitorpena edo adierazpen solemnea, funtzio publikoak betetzeko desgaituta edo etenda ez dagoela eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizita ez dagoela adierazten duena.

f) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Erregimena errespetatuko dela, Konstituzioari eta legeei men egingo zaiela, eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko direla.

10.2. Proposatutako izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izango da izendatu, eta baja hori 8.1.1 atalean aipatzen den gainditutakoen zerrendan segidan dagoen izangaiarekin beteko da. Aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

10.3. Izendapena.

Eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu ondoren, Lehendakaritza, Funtzio Publikoa eta Herritarren Segurtasun eta Babeserako zinegotzi ordezkariaren ebazpen bidez, oposizioa gainditu duen izangaia Zizur Nagusiko Udaleko funtzionario eta obra-langile izendatuko da.

Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.4. Lanpostuaz jabetzea.

Izendatutako izangaiak izendapenean zehaztutako egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, adierazitako egunean lanpostuaz jabetzen ez bada, Zizur Nagusiko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiko lanpostua betetzeko izendatutako izangaia Zizur Nagusiko Udalean sartzen denean eta funtzionario bihurtzen denean, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatu eta alta emango zaio, aipatutako araubidean aurreikusitako babes-ekintzaren pean, salbu eta dagoeneko afiliatuta badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste araubide batean. Kasu horretan, bere izendapenaren aurretik, bertan jarraitzea edo Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatzea aukeratu ahal izango du.

11. oinarria.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

11.1. Honako zerrenda hauek eratuko dira:

1) Plazarik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

2) Gainditu ez duten izangaien zerrenda. Hautatze-prozesuan lehen proba gainditu dutenek osatuko dute.

11.2. Plazarik gabe gainditu duten izangaiei eta lehenengo ariketan gainditu dutenei aldi baterako kontrataziora deitu ahal izango zaie, sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

11.3. Aldi baterako kontratazioak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onartzen dituenean, ezarritakoari jarraituko dio, aplikagarri den guztian, Udaleko hitzarmen kolektiboetan jasotzen den bezala.

12. oinarria.–Datuen babesa.

Identitatea: Zizur Nagusiko Udala.

Posta helbidea: Erreniega Parkea z.g.; 31180 Zizur Nagusia.

Telefonoa: 948181896.

Datuak babesteko ordezkaria: delegadaprotecciondatos@zizurnagusia.eus.

Helburua: enplegu-deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzkoa.

Datuak gordetzeko tartea: datuak adierazitako helburuak betetzeko behar den denboran gordeko dira eta Udalak datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizunak izan ditzakeen bitartean biltegiratuko dira. Eran berean, artxiboei eta dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio-arauak bete behar dira.

Datuen hartzaileak: datuak epaileei eta auzitegiei uzten ahal zaizkie, indarrean dagoen legeria betez eta Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan argitaratuko dira, deialdian adierazten denaren arabera.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beraien datu pertsonalak eskuratzeko, zuzenak ez badira zuzentzeko eta ezerezteko, lehen adierazitako helbidera joz.

Era berean, interesdunek erreklamazio bat aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean, Jorge Juan kaleko 6an, 28001 (Madril) edo haren egoitza elektronikoaren bidez (www.agpd.es).

13. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta honen aplikazio-egintzen aurka honako errekurtso hauetako bat aurkeztu ahal izango da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, deialdia onartzen duen udal-organoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

c) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio epaimahaia izendatu duen udal-organo deitzaileari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Adierazpen solemnea (PDFa).

III. ERANSKINA

gai-zerrenda

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko arauak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higiene-arauen eta oztopo arkitektonikoen ezagutza. Makineriaren eta erreminten erabileraren segurtasuna.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doikuntza-makineriaren oinarrizko erabilera.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Tresnak. Materialak. Zoladura eta azuleju-estaldura. Kofratuak eta hormen jasotzea. Zolatze eta urbanizazio-lanak. Itxiturak. Saneamendu-sareak. Kutxatilak.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa-koadroa, potentzia kontrolatzeko etengailua, magneto-termikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argiztapen-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinarriak, lanparak, zebadoreak eta erreaktantziak. Argiztapen publikoa.

8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioak mantentzea: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza-zirkuituak, zirkuituetan airea bete eta purgatzea, galdara-gelak eta horien elementu bereziak.

9. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ulermena.

10. gaia.–Mekanika. Udaleko makineria, ibilgailuak, erremintak eta lanabesak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegiko kontrola.

11. gaia.–Eraikinen eta hiri-altzarien mantentze-lanak. Pintura.

12. gaia.–Lorezaintzako oinarrizko ezagutzak (erremintak, kimaketa, fitosanitarioen erabilera, sasiak garbitzeko makinaren erabilera, ureztatze-sistema).

13. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ateak eta leihoak, sarrailak, zilindroak, pertsianak eta abar doitzea.

14. gaia.–Zizur Nagusiko Udalaren errealitate geografikoari eta administratiboari buruzko oinarrizko ezagutzak: udal-antolaketa, parajeak, mugarte nagusiak, biztanleria, eraikinak, etab., https://www.zizurmayor.es/ helbidean deskribatuak.

15. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Laneko segurtasun eta ingurumen-baldintzei lotutako arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamendua. Bide-segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko aldamio tubularrak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak segurtasun-baldintzetan erabiltzea. Makineriaren eta erreminten segurtasuna.

Oharra.–Gai guztiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira.

IV. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoetan eta eremu pribatuan egindako zerbitzuak.

Administrazio Publikoetan eta eremu pribatuan eraikuntzako beharginen lanpostuetan edo antzekoetan emandako zerbitzuen balorazioa egiteko, deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasuna hartuko da kontuan, urte bakoitzeko puntu 1 emanez.

Oharrak:

1. Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzuak eman diren aldiari proportzionalki dagokion puntuazioa emango da.

Lanaldi partzialeko zerbitzuen kasuan, dagokion zatia deskontatuko da.

2. a) atal honetako gehienezko puntuazioa 10 puntukoa izango da.

3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

4. Administrazio Publikoetan diharduten langileen kasuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon diren aldiak, bai eta unitate organikoko buruzagitza edo zuzendaritza betetzen aritu diren aldiak ere, egoera horietara iristeko unean zuten lanpostuan emandako zerbitzu gisa zenbatuko dira.

b) Euskararen ezagutza.

Euskararen ezagutzak gehienez ere 5 puntuko balorazioa izango du eta honela banatuko da:

1. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1 titulua (edo maila altuagoak B2, C1 eta C2) edo B1 mailaren baliokide diren beste titulazio ofizial batzuk (edo maila altuagoak) edukitzeak gehienezko balorazioa jasoko du.

2. Titulazio hori eduki ezean, A2 maila izatea 3 punturekin baloratuko da eta A1 maila izatea puntu 1ekin (edo titulazio ofizial baliokideak).

Iragarkiaren kodea: L2201266