30. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden eraketa, antolamendua eta kudeaketa.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak jasotzen du bere VII. tituluan hezkuntza-sistemaren ikuskapena. Zehazki, titulu horren II. kapituluan arautzen dira hezkuntzako ikuskapenaren eginkizunei, eskudantziei eta antolaketari buruzko alderdiak. Era berean, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamargarren xedapen gehigarrian arautzen dira Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko baldintzak (gero, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez, hamargarren xedapen gehigarriaren testua aldatu zen).

Ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituenak, Nafarroako Foru Komunitatean Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko eta lanpostuak betetzeko sistema ezartzen du, indarrean dagoen Estatuko oinarrizko araudiaren arabera.

Ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzea arautzen du, eta xedatzen du Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko plantillako lanpostu hutsak irakaskuntzako funtzionarioek beteko dituztela aldi baterako, zerbitzu-eginkizunetan, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publikotasun printzipioak kontuan hartuta. Irakaskuntzako funtzionario horiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko ezarri betekizunak bete beharko dituzte. Lanpostu huts horiek esleitzean, lehentasuna emanen zaie betiere azken hautapen-prozesuko oposizioaldia gainditu duten eta plazarik eskuratu ez duten izangaiei, zerbitzuan behar diren lanbide eta hizkuntz eskakizunekin bat etorriz.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 23ko 35/2013 Foru Agindua da orain arte indarrean egon den araudia hezkuntzako ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeari dagokionez, haren bidez onetsi baitziren Hezkuntza Departamentuari atxikitako hezkuntzako ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak. Bada, foru agindu horrek adierazten du komenigarria dela aldi baterako langileak hautatzeko dauden sistemak antolatzea, halako moduz non lanpostu horiek zerbitzuaren beharrek eskatzen duten besteko premiarekin beteko diren.

Arau-ekimen hau, beraz, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 23ko 35/2013 Foru Agindua ordeztera dator, eta xede du izangaiak hautatzeko prozesua aldatzea eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren egungo beharretara egokitzea, eraginkortasun eta efizientzia handiagoa bermatzeko.

Foru agindu honen testuak hogei artikulu ditu, honela banatuta: lau kapitulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.

I. kapituluan, “Xedapen orokorrak” izenburupean, foru agindu honen xedea adierazten da, bai eta izangaien zerrendak eratzeari eta hautaketa printzipioei buruzko alderdiak ere. Kapitulua osatzeko, lanpostuak betetzeko araubideari buruzko artikulu bat dago.

II. kapituluan, izangaien zerrendak eratzeko prozedurak zehazten dira, eta zerrenda horien lehentasun-ordena ere ezartzen da. Era berean, eta salbuespen gisa, izendapen bereziak egiteko aukera ezartzen da, premia frogatuko arrazoiek hala eskatzen dutenean, eta baldin eta II. kapituluan aipatutako zerrendetan deitzeko moduan dagoen izangairik ez badago.

III. kapituluan, deialdi espezifikoetan parte hartzeko prozesua arautzen da, honako hauei buruzko alderdiak jasoz: prozesuaren hasiera, izangaien betekizunak, parte hartzeko eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa, eta onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Orobat, hautapen organoei, hautaketa-prozedurari eta deialdi espezifikoen behin-behineko eta behin betiko ebazpenei buruzko alderdiak xedatzen dira.

IV. kapituluan, behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenden kudeaketari buruzko alderdi guztiak arautzen dira.

Foru agindu honek xedapen iragankor bakarra du, gaur egun dauden zerrendei buruzkoa, eta xedapen indargabetzaile bakarra, aplikatzen ari zen araudiari buruzkoa.

Foru agindu hau amaitzen da azken xedapen batekin, zeinean ezartzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko duela indarra.

Horregatik guztiagatik, eta dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuetan jarduteko izangaien zerrendak eratzea, antolatzea eta kudeatzea.

2. artikulua. Izangaien zerrendak eratzea eta hautaketa printzipioak.

1. Hezkuntza Departamentuak behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrendak eratzen ahalko ditu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eremuan sortutako beharrak aldi baterako betetzeko, baita lanpostuen titularren ordezkapenak egiteko ere, hala dagokionean.

2. Hautaketa foru agindu honetan aurreikusitako prozeduren arabera eginen da, eta prozedura horiek, nolanahi ere, kontratazioaren eraginkortasun eta arintasun handiena ahalbidetu beharko dute.

3. artikulua. Lanpostuetan aritzeko araubidea.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzura dauden behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen araubidean beteko dira aldi baterako.

II. KAPITULUA

Izangaien zerrendak eratzeko eta antolatzeko prozedurak

4. artikulua. Zerrendak eratzeko prozedurak eta haien arteko lehentasun-ordena.

1. Behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko Hezkuntza Departamentuak eratzen ahal dituen izangaien zerrendak banatu eginen dira (gaztelaniakoa eta euskarakoa), bakoitzari dagokion hizkuntzaren arabera.

2. Hizkuntza bakoitzean eratutako izangaien zerrendak honako lehentasun-ordena honi egokituko zaizkio:

a) Plazarik gabeko izangai gaindituen zerrenda, zeina osatuko baitute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzura dauden Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko oposizioaldia gainditu baina sartzeko hautaketa-prozesua gainditu ez duten pertsonek.

b) Deialdi espezifiko baten bidez eratutako izangaien zerrendak.

3. Zerrendak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez onartuko dira.

5. artikulua. Plazarik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

1. Plazarik gabeko gaindituen zerrendak osatuko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko Hezkuntza Departamentuak egindako deialdiko oposizioaldia gainditu eta plazarik lortu ez duten izangaiek.

2. Plazarik gabeko izangai gaindituen zerrendetako bakoitzean, izangaiak honela ordenatuko dira hizkuntza bakoitzari dagokion zerrendan: oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batuketa ponderatuaren ondorioz ateratzen den puntuazioaren arabera, sartzeko deialdiaren oinarrietan araututakoarekin bat.

3. Artikulu honi jarraiki eratutako plazarik gabeko pertsona onartuen zerrendak haien artean ordenatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko dagokion prozeduraren deialdiaren dataren arabera, eta zerrenda batek lehentasuna izanen du beste zerrendaren aurretik, deialdiaren data hori geroagokoa balitz.

6. artikulua. Deialdi espezifiko baten bidez eratutako izangaien zerrendak.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren proposamen arrazoituz, Hezkuntza Departamentuak deialdi espezifikoak onetsiko ditu Hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaile lanpostuetan aldi baterako ariko diren izangai berriak lortzeko.

2. Lehenengo deialdia eginen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko azken hautapen-prozesua ebazten den ikasturtean zehar. Zerrenda horri, foru agindu honen ondorioetarako, lehenengo zerrenda espezifikoa deituko zaio.

3. Lehenengo zerrenda espezifikoa argitaratzeak indargabetu eginen ditu ordura arte indarrean zeuden deialdi espezifikoen zerrenda guztiak, eta lehentasuna izanen du hurrengo apartatuetan deskribatzen diren zerrenden gainean.

4. Lehenengo zerrenda espezifikoa eratzen denetik aurrera, Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren beharrizanen arabera, eta izangaiak agortuko direlakoan, deialdi espezifiko berriak onartuko ditu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren proposamen arrazoituz, eta deialdi horiek ez dituzte inola ere indargabetuko indarrean dauden aldez aurreko zerrenda espezifikoak.

5. Aurreko apartatuan aipatzen diren zerrenda espezifiko berriak kasuan kasuko lehenengo zerrenda espezifikoaren segidan ordenatuko dira, dagokion deialdi espezifikoaren dataren arabera, eta lehentasuna izanen dute zerrenda berrienek zaharrenen aurretik.

6. Artikulu honetan jasotakoa aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen zerrendetako bakoitzean, dagokion deialdi espezifikoan lortutako guztizko puntuazioaren arabera ordenatuko dira pertsonak, hizkuntza bakoitzari dagokion zerrendaren barruan.

7. Artikulu honen 2. apartatuan aipatutako lehenengo zerrenda espezifikoaren indarraldia, bai eta artikulu honen 4. apartatuan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz era litezkeen zerrendena ere, lehenengo zerrenda espezifiko berri bat onetsi arte luzatuko da.

7. artikulua. Izendapen bereziak.

1. Salbuespen gisa, premia frogatuko arrazoiek hala eskatuta, eta foru agindu honen 4. artikuluan zehaztutako zerrendetan prest dagoen izangairik ez dagoenean, Hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak izendapen berezien bidez betetzen ahalko dira, aldi baterako, haien eskakizunei hobekien egokitzen zaizkien pertsonekin, baldin eta foru agindu honen 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. Izendapen berezi horiek, hasiera batean, hasten diren ikasturtea amaitu arte iraunen dute, eta iraunaldia hurrengo ikasturtera luzatzen ahalko da, behin bakarrik.

3. Behin-behineko ikuskatzaile baten izendapen bereziak ekarriko du 6. artikuluan aurreikusitako deialdietako bat onartu beharra izendapena garatzen den aldian, salbu eta aldi horretan bertan Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko deialdi bat egiten ari bada.

III. KAPITULUA

Deialdi espezifikoetan parte hartzeko prozesua

8. artikulua. Prozesuaren hasiera.

Deialdi espezifikoetan parte hartzeko prozesua Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez hasiko da. Ebazpen horretan onetsiko den deialdiaren bidez, izangaien zerrenda bat eratuko da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behar diren Hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko. Lanpostu horiek zerbitzu-eginkizunen araubidean eta aldi baterako beteko dira. Zerrenda horretan zehaztuko dira deialdi espezifikoaren epeak, datak eta jarraibideak.

9. artikulua. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

1. Hautaprobetako deialdi espezifikoetan parte hartzen duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte haietan onartuak izateko:

a) Baldintza orokorrak:

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari organikoki atxikitako irakasle funtzionarioak izatea.

–Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

–Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo dagokion gradu titulua izatea, edo titulu baliokidea.

–Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako batean, karrerako funtzionario gisa, gutxienez ere zortzi urteko antzinatasuna dutela frogatzea, eta denbora bereko esperientzia irakaskuntzan.

–Lehentasuna duten hizkuntza bereko beste zerrenda batzuetan ez egotea, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Diziplina-zehapenik ez izatea.

b) Hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak (euskara) eskuratzeko berariazko baldintzak: baldintza orokorrak betetzeaz gain, izangaiek EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria) edo baliokidetzat jotako tituluak izan beharko dituzte.

2. Aurreko apartatuan azaltzen diren baldintza eta betebehar guztiak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, eta betetzen jarraitu Hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaile lanpostua betetzeko hautapen-prozesuak iraun bitartean eta lanpostu hori zerbitzu-eginkizunetan betetzeko izendatua den bitartean.

10. artikulua. Parte hartzeko eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak dagokion deialdi espezifikoa onartzeko ematen duen ebazpenean ezartzen diren epeen eta prozeduraren arabera, izangaiek parte hartzeko eskabide bakarra aurkeztuko dute, eta, bertan, zein hizkuntzatarako nahi duten adierazi beharko dute, eskatzen zaien dokumentazio guztiarekin batera.

2. Adierazitako epearen barruan eskaera bat baino gehiago aurkezten bada, azkenekoz aurkeztutakoa gailenduko da, baldin eta dagokion deialdian ezarritako baldintzak betetzen baditu.

3. Izangaiek alegatutako merezimenduak baloratzeko, kontuan hartu beharko da soilik baloratuko direla parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu arte hobetutako eta epe horren barruan aurkeztutako merezimenduak.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

5. Aurkeztutako edozein datu edo dokumentu zehaztugabea bada, faltsua bada edo falta bada, prozesutik eratorritako eskubide guztiak galduko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluan xedatutakoaren arabera egon daitezkeen erantzukizunak gorabehera.

6. Parte hartzeko eskaera aurkezteak berekin ekarriko du baimena ematea beharrezkoak diren datu pertsonalak argitaratzeko onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrendetan eta deialdi espezifikoak ebazteko behin-behineko eta behin betiko zerrendetan.

11. artikulua. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

1. Dagokion deialdi espezifikorako eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Hezkuntza Departamentuko organo eskudunak hizkuntza bakoitzeko onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu. Zerrenda horietan izangaien izen-deiturak azalduko dira eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoiak.

2. Behin-behineko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

3. Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, organo eskudunaren aurrean erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak egin direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute.

12. artikulua. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak.

1. Foru agindu honen 11. artikuluan aipatzen diren erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onesteko ebazpena eman eta argitaratuko da.

2. Behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

13. artikulua. Hautapen organoak.

1. Organo eskudunak horretarako izendatutako epaimahaiek hautatuko dituzte izangaiak.

2. Epaimahaiak desberdinak izanen dira hizkuntza bakoitzerako, eta kontuan hartu beharko da euskarazko zerrendetarako izangaiak baloratzen dituzten epaimahaikideek EGA titulua edo baliokidetzat jotako tituluak izan beharko dituztela.

3. Honela osatuko dira deialdi espezifikoetako epaimahaiak:

–Epaimahaiburua; deialdia egin duen organoak askatasunez izendatutako pertsona izanen da.

–Kideak; Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko karrerako funtzionarioak izanen dira, eta haietako bat arituko da idazkari lanetan.

Hautapen organoko kideen kopurua bakoitia izanen da, eta ez hiru baino txikiagoa.

4. Era berean, aginduzkoa izanen da organo eskudunak titular bakoitzeko ordezko kide bat izendatzea, aurreko apartatuan adierazitako irizpide berberekin.

5. Hautapen organoen funtzionamenduari buruzko orotarako, honako arau hauetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoa aplikatuko da: martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa, eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

14. artikulua. Hautapen-prozesua.

1. Proba espezifikoen deialdietan aurreikusita egonen da Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko eginkizunekin zerikusia duen proba bat egitea. Proba horrek bi zati izanen ditu eta biak baztergarriak izanen dira. Lehen zatia memoria bat izanen da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eginkizunekin lotutakoa. Bigarren zatia kasu praktiko bat izanen da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan gerta daitezkeen egoera zehatzei erantzutekoa. Probaren bi zatiak gainditzen dituzten izangaien lana baloratuko da foru agindu honen I. eranskinean xedatutako merezimendu baremoaren arabera.

2. Memoria baloratzeko, hautapen organoak irizpide hauek izanen ditu kontuan, gutxienez ere: aurkeztutako jarduketa proposamenaren funtzionaltasuna, baita eguneratua izatea eta indarra duen araudiari egokitua egotea ere, eta jarduketa hori Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolamenduan eta funtzionamenduan txertatua egotea.

3. Izangai bakoitzak ahoz azaldu eta defendatuko du memoria dagokion hautapen organoaren aurrean, eta, ondoren, izangaiak ahoz erantzun beharko die organoko kideek egindako galderei.

4. Kasu praktikoa baloratzeko, hautapen organoak irizpide hauek izanen ditu kontuan, gutxienez ere: kasuaren identifikazioa, lege-argudioak, balorazioa eta garapena, eta kasuaren soluzioa.

5. Zatietako bakoitzak hamar puntu balioko du, gehienez ere. Zerrenda espezifikoan sartzeko, gutxienez bost puntu lortu beharko dira bakoitzaren kalifikazioan.

6. Probaren zatietako bakoitza honela baloratuko da: %50 memoria eta %50 kasu praktikoa.

7. Probaren bi zatiez gain, izangaien merezimenduak baloratu beharko dira, foru agindu honen I. eranskinean jasotako irizpideen arabera.

8. Probaren eta izangaien merezimenduen balorazioa %50ean haztatuko da.

9. Guztizko puntuazioan berdinketa bada, hurrenez hurren ondoko irizpideei jarraituta ebatziko da:

a) Probaren balorazioan lortutako puntuazio handiena.

b) Merezimenduen baremoko ataletan lortutako puntuazio handiena, baremoko hurrenkeraren arabera.

c) Jendaurreko zozketa Hezkuntza Departamentuan.

10. Epaimahaiak argitara emanen du probaren emaitza, bai eta merezimenduen balorazioa ere, deialdietan zehazten den moduan, eta deialdia egin duen organoari bidaliko dio.

15. artikulua. Deialdi espezifikoetako behin-behineko ebazpena.

1. Hautaketa-prozedura amaitu ondoren, Hezkuntza Departamentuak dagokion deialdi espezifikoaren behin-behineko ebazpena argitaratuko du. Ebazpen horretan zerrenda bat jasoko da, izangaien guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta, baremoaren zati eta atal bakoitzaren puntuazio partzialak barne.

2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.

16. artikulua. Deialdi espezifikoetako behin betiko ebazpena.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota, eta horiek ebatzita, Hezkuntza Departamentuak dagokion deialdi espezifikoaren behin betiko ebazpena onetsi eta argitaratuko du.

IV. KAPITULUA

Behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuetan aldi baterako aritzeko prozesuaren kudeaketa

17. artikulua. Izangaiei deitzea.

1. Izangaiei deituko zaie foru agindu honen 4., 5. eta 6. artikuluetan zerrendetarako ezartzen den lehentasunaren arabera, dagokien zerrendan duten hurrenkeraren arabera.

2. Zerrenden arteko lehentasuna errespetatuz, bete beharreko lanpostuaren hizkuntza-eskakizunari dagokion zerrendara joz eginen da deia.

18. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa.

1. Izangaiei dei egiteari buruz oro har xedatutakoa galarazi gabe, aldi baterako absentzia bat betetzeko asmoz behin-behineko ikuskatzailearen lanpostua zerbitzu-eginkizunetan betetzen ari denari eskainiko zaio, zerrenden lehentasun-ordena errespetatuz, behin-behineko ikuskatzaileen beste lanpostu huts batzuk betetzeko aukera.

2. Aurreko apartatuan deskribatutako eskaintzari uko egiteak ez du zerrendatik kanporatzea ekarriko.

19. artikulua. Eskaintzari uko egitea eta baztertua izatea.

1. Eskaintzaren unean lanpostu bati uko egiten dioten izangaiak dauden zerrenda guztietatik baztertuko dira Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

2. Aurreko apartatuan jasotakotik salbuetsita geratuko dira deialdia egiteko unean honako egoera hauetakoren batean dauden izangaiak:

a) Eszedentzia berezian.

b) Borondatezko eszedentziaren lehen urtean.

c) Aldi baterako ezinduta.

d) Amatasunagatiko edo aitatasunagatiko, adopzioagatiko edo harreragatiko lizentzian.

e) Ikastetxe bateko zuzendaritza-taldeko kargu batean, edo Administrazioko burutza batean edo izendapen askeko postu batean.

3. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, izangaiek uko egiten ahalko diote eskaintzen zaien lanpostuari eta prest ez dauden izangaien zerrendetan agertuko dira, harik eta uko egitera eraman dituen egoera bukatu dela frogatu arte.

20. artikulua. Zerbitzu-eginkizunen bukaera.

1. Arrazoi hauengatik bukatuko dira zerbitzu-eginkizunak:

a) Interesdunak berak uko egiten dionean, Administrazioari idatziz egindako eskaeraren bidez. Administrazioak ebatziko du eskaera hori. Oro har, uko egiteak gertatu den ikasturteko abuztuaren 31tik aurrera izanen ditu ondorioak, salbu eta zerbitzu-eginkizunak data hori baino lehen amaitzea eragiten duten ohiz kanpoko inguruabarrak badaude, behar bezala justifikatuta. Zerbitzu-eginkizunak horregatik bukatzen badira, zer lanposturi egin zaion uko, horri dagokion hizkuntzaren izangaien zerrendatik kanpo geratuko da interesduna.

b) Lanpostua legez ezarritako prozeduraren baten bidez betetzen denean, lanpostu hutsa lanpostuaren erreserbarik gabeko eszedentzia egoera batetik lanera itzultzen denarekin betetzen denean edo lanpostua bera amortizatzen denean. Zerbitzu-eginkizunak arrazoi horregatik bukatuz gero, interesduna ez da izangaien zerrendetatik baztertuko.

c) Ordezkatutako langilea lanean berriz hasten denean, langilea berriz lanean hasteko legez edo erregelamenduz ezarritako epea bukatzean edo lanpostua erreserbatzeko kausa iraungitzean. Zerbitzu-eginkizunak arrazoi horregatik bukatuz gero, interesduna ez da izangaien zerrendetatik baztertuko.

d) Organo eskudunak hala erabakita, justifikatzen badu zerbitzu-eginkizunen beharra ekarri zuten arrazoiak desagertu direla edo hori gomendatzen duten zerbitzu edo antolaketa mailako arrazoiak daudela. Zerbitzu-eginkizunak arrazoi horregatik bukatuz gero, interesduna ez da izangaien zerrendetatik baztertuko.

e) Gaitasun-ezagatik edo lanpostuaren zereginetara ez egokitzeagatik; horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposamen arrazoitua eman beharko du, interesdunari entzun ondoren. Zerbitzu-eginkizunak arrazoi horregatik bukatuz gero, izangaien zerrenda guztietatik baztertuko da interesduna, Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

f) Interesduna zerbitzu berezietako egoerara edo eszedentziara pasatzea, beste zerbitzu-eginkizun bat hastea edo zuzendaritzako edo buruzagitzako postu bat onartzea. Zerbitzu-eginkizunak arrazoi horregatik bukatuz gero, interesduna ez da izangaien zerrendetatik baztertuko.

2. Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoaren lekualdatze-lehiaketa bat ebaztearen ondorioz, edo lanpostuaren erreserbarik gabeko eszedentzia egoera batetik lanera itzultzearen ondorioz, edo aurreko apartatuaren d) letran aurreikusitakoaren ondorioz, zerbitzu-eginkizun bat edo batzuk bukatu behar badira, inguruabar horrek nor edo nortzuk ukituko d(it)uen zehazteko, horietako ezeinek ez badu borondatez bukatu nahi, honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

a) Behin-behineko ikuskatzaile gisa zerbitzuan denbora gutxien daramana.

b) Behin-behineko ikuskatzaile gisa zerbitzuan etenik gabe denbora gutxien daramana une horretan okupatzen duen plazan.

c) Antzinatasun txikiena duena jatorrizko kidegoan.

d) Jendaurreko zozketa Hezkuntza Departamentuan.

Zerbitzu-eginkizunak arrazoi horregatik bukatuz gero, interesdunaren borondatez izan bada edo arestian adierazitako irizpideak aplikatu direlako, ez du ekarriko interesduna zerrendetatik baztertzea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Indarrean dauden zerbitzu-eginkizunak.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean indarrean dauden zerbitzu-eginkizunak arautuko dira foru agindu honetan aurreikusitakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Gaur egun dauden zerrendak eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko lehen prozeduraren aurretiko deialdi espezifiko berrien zerrendak.

1. Foru agindu honek indarra hartzen duen unean dauden zerrenden indarraldia deklaratzen da. Zerrenda horien lehentasun-ordena izanen da horiek onesten diren unean indarrean dagoen araudiak ezarritakoa. Gainerakoan, foru agindu honetan ezarritakoak arautuko ditu.

2. Foru agindu honek indarra hartu ondoren, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko lehen hautaketa-prozeduraren deialdia egin baino lehen, Hezkuntza Departamentuak beharrezkoak diren deialdi espezifikoak onesten ahalko ditu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak horretarako proposamen arrazoitua egin ondoren, zerbitzu horren beharrak betetzeko.

3. Aurreko apartatuan jasotakoa aplikatuz sor daitezkeen zerrendak ordenatuko dira foru agindu honek indarra hartzen duen unean dauden deialdi espezifikoetan eratutako izangaien azken zerrendaren segidan, 6.5 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Xedapen iragankor honetan aipatutako zerrenda guztiek indarrean jarraituko dute harik eta lehenengo zerrenda espezifikoa argitaratu arte, zeina onetsiko baita foru agindu honek indarra hartu ondoren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko deitzen den lehen hautaketa-prozeduraren ondorioz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten da Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 23ko 35/2013 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira Hezkuntza Departamentuari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, bai eta foru agindu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 11n.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa, deialdi espezifiko hauetarako: hezkuntzako behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak
zerbitzu-eginkizunetan eta aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak eratzeko deialdiak

Merezimenduen balorazioan, izangaiek 10 puntu lortzen ahalko dituzte gehienez.

I.–Ibilbide profesionala (2 puntu gehienez).

1.1. Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetan karrerako funtzionario egindako urte bakoitzeko, parte hartzeko nahitaez eskatzen diren zortzi urteetatik gora: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.

1.2. Katedradunen kidegoetakoa izateagatik: 2,000 puntu.

II.–Beste lanpostu batzuetan aritzea hezkuntza administrazioan (4 puntu gehienez).

2.1. Behin-behineko ikuskatzaile moduan emandako urte bakoitzeko: 0,750 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0625 puntu.

Atal honetan soilik kontuan hartuko dira sarrerako hautapen-prozesuetatik (iraupeneko ikuskatzaileen kidegorako oposizioa) eta berariazko zerrendetatik datozen lanpostuetan behin-behineko ikuskatzaile moduan emandako urteak.

2.2. Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza administrazioan Unitate Teknikoko buru, Bulegoko buru, Ataleko buru, Zerbitzuko zuzendari edo horien baliokideak izanik egindako zerbitzu-urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.

III.-Zuzendaritza karguetan eta koordinazio didaktikoaren karguetan aritu izana (4 puntu gehienez).

3.1. Ikastetxe publikoetan edo irakasleen edo baliabideen zentroetan zuzendari gisa edo zuzendari alboko gisa egindako urte bakoitzeko, baldin eta balorazio positiboa lortu badu (balorazioa egin den kasuetan): 0,750 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0625 puntu.

3.2. Zuzendaritzako edo koordinazio didaktikoko beste kargu batzuetan aritu izanagatik:

3.2.1. Ikastetxe publikoetan zuzendariorde, idazkari edo ikasketaburu gisa edo horiekin parekatutako karguetan egindako urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.

3.2.2. Departamentuko buru, Lehen Hezkuntzako zikloko koordinatzaile, aholkulari edo antzeko gisa, zerbitzuan egindako urte bakoitzeko: 0,100 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0083 puntu.

IV.-Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa eta beste merezimendu batzuk (2 puntu gehienez).

4.1. Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa (0,700 puntu gehienez).

4.1.1. Titulazioak.

4.1.1,1. Graduatu ondokoak, doktoretza eta aparteko sariak:

a) Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera edo abuztuaren 5eko 1002/2010 Errege Dekretuaren arabera lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, baldin eta titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa eskatu ez badira: 0,350 puntu.

b) Doktore titulua izateagatik: 0,500 puntu.

c) Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik: 0,350 puntu.

4.1.1.2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulu edo dagokien gradu bakoitzagatik, edo deialdirako alegatuaz gain, deklaratu den balio bereko beste titulu bakoitzagatik: 0,350 puntu.

4.1.2. Hezkuntza-sistemarekin zerikusia duten argitalpenak, arlo hauetako edozeini buruzkoak: ebaluazioa eta gainbegiratzea, curriculumaren garapena, eskola antolaketa, aniztasunari erantzutea, balioetan oinarrituriko hezkuntza, hezkuntzako orientazioa, hezkuntzari aplikatutako legedia eta hezkuntzari aplikatutako kalitatearen kudeaketa (0,500 puntu gehienez).

4.2. Ikuskatzaile lanetan jarduteko prestakuntza berariazkoa (0,500 puntu gehienez).

Prestakuntza jarduera homologatuak honela baloratuko dira, baldin eta ikuskapen lanarekin loturik badaude berariaz:

20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,100 puntu.

20 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,200 puntu.

4.3. Hizkuntzak jakitea (0,300 gehienez).

4.3.1. Hizkuntzen gaineko unibertsitateko titulu ofizial bakoitzeko, deialdirako alegatu ez dena: 0,200 puntu.

4.3.2. C1 mailako ziurtagiri bakoitzeko, EGA titulua edo baliokidea: 0,150 puntu.

4.3.3. B2 mailako ziurtagiri bakoitzeko: 0,100 puntu.

Oharrak 4.3. atalerako:

1) Atal honetan soilik baloratuko dira Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan jasotako titulazio eta ziurtagiriak.

2) Atal honetan ez dira baloratuko 4.1.1 atalean jada baloratuak izan diren unibertsitateko hizkuntza titulazio ofizialak.

3) Behin-behineko ikuskatzaileen euskarazko lanpostuetarako lehiatzen bada, ez da euskarako titulu bakar bat ere baloratuko.

4) Hizkuntza bereko titulu bat baino gehiago aurkezten bada, soilik baloratuko da puntuazio handiena ematen duena.

4.4. Irakaslanaren ebaluazioa (0,500 puntu gehienez).

4.4.1. Irakaslana balorazio positiboarekin ebaluatzea: 0,500 puntu.

4.4.2. Hautapen organoetan borondatez parte hartzea: 0,100 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2200504