3. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Ordenantza, Irunberriko arroilako harrera eremua arautzen duena. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2021eko irailaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Irunberriko arroilako harrera eremua arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori argitaratu zen 2021eko 235. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 7an.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat.

Irunberrin, 2021eko azaroaren 26an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

IRUNBERRIKO ARROILAKO HARRERA EREMUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Irunberriko Arroilako Natura Erreserban (NE-25) azken urteetan bisitarien kopurua asko hazten ari da, eta goranzko joera du, bereziki Irunberriko sarbidetik.

Naturagune babestu berezi hau 1987az gero Natura 2000 Sarean dago, eta Europako zuzentarauek zenbait babes-maila eman dizkiote. 90ko hamarkadatik Irunberriko Udalak kudeatzen du, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren babes eta laguntzaz.

Bisitarien kopurua asko hazi da, eta, horren ondorioz, erabilera eta portaera berriak iritsi dira; beraz, arautu behar da, sarbidea antolatzeko eta hartara egokitutako espazioa erabiltzeko. Helburua da aisia eta astialdiko jarduerez erabat gozatzea, baina, aldi berean, naturagune babestua errespetatzea eta arduraz erabiltzea.

Horretarako egin da ordenantza hau. Arautu nahi ditu Irunberriko arroilarako sarbidea eta bisitarien harrera eremuko aparkalekua, bai eta barrualdeko bisita turistikoen ondoriozko erabilera ere, babestu eta kontserbatzen dela bermatzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Rosales parajean (Irunberriko 2. poligonoko 42. katastro lurzatia) Irunberriko arroilako harrera eremua arautzea.

2. artikulua. Udalaren eskumenak.

1. Ordenantza honen esparruan, Irunberriko Udalari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Ordenantza hau betetzen dela begiratzea.

b) Adierazitako helburuak lortzeko beharrezkoak diren xedapen eta ekimenak hartzea, bere eskumenak erabiliz.

c) Behar diren zerbitzuak ezartzea, natura-erreserbako harrera eremuaren helburuak betetzeko.

d) Arroilan harrerako eremua kontserbatu eta mantentzea.

e) Ordenantzaren aurkako arau-hausteak zehatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritako mugen barrenean, izapidetu ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz.

II. TITULUA

Erabiltzeko eta kudeatzeko xedapenak

3. artikulua. Aparkatzea.

1. Aparkatzeko berariazko eremua dago, eta dagokion seinaleztapen horizontala eta bertikala du.

2. Aparkalekuak 140 izanen dira guztira.

3. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere gainerako ibilgailuei; bereziki zainduko da non uzten den, eta begiratuko, ez dadin mugi gidaria kanpoan delarik.

4. Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dago, beraz, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

5. Aparkatu behar da gainerako ibilgailuei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, bai eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan ere.

6. Debekatuta dago aparkatzea arekan, landa-bideetan edo ibilgailu astunen zirkulazioa errazteko ihesbideetan, landa-lurzatietarako sarbideetan edo horretarako gaituta ez dagoen bestelako tokian.

7. Ibilgailuak egunez aparkatzeko eremua erabiltzeko tasa Irunberriko Udalaren osoko bilkurak zehaztuko du, eta berak eguneratuko du urtero.

8. Ibilgailuetarako aparkalekuan aparkatu baino ez da egin. Debekatuta dago beste edozein erabilera, hala nola bazkaltzea, hamaiketakoa egitea, siesta egitea, jolastea...

9. Irunberriko Udalak erantzukizunik ez du izanen baldin aparkatzeko eremuan uzten diren ibilgailuetan inork lapurretarik, basakeriarik edo hondaketarik egiten badu.

4. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

1. Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua.

2. Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste larritzat hartuko baitira.

III. TITULUA

Babes araubidea

5. artikulua. Ibilgailuak.

1. Ibilgailuek soilik aparkatu ahalko dute horretarako gaitutako aparkalekuan, dagokion tasa ordaindu ondoren.

2. Debekatuta dago aparkalekuan egotea 21:00etatik 08:00etara.

3. Autobusak bidaiariak utzi eta hartzeko baino ez dira geldituko.

6. artikulua. Kanpaldi librea.

1. Berariaz debekatuta dago kanpatzea, karabanetan edo beste egitura mugikor batzuetan gaua igarotzea, Irunberriko Udalaren berariazko baimenik izan ezean.

2. Nolanahi dela ere, debekatuta dago aparkalekuan aulkiak, mahaiak, etzaulkiak, olanak eta antzekoak jartzea.

7. artikulua. Zarata.

1. Ezin izanen da harrera eremuan faunari eta gainerako bisitariei eragozten dien zaratarik atera. Debeku honek barne hartzen ditu pertsonek, musika tresnek, soinu ekipoek, motorrek, sorgailuek eta abarrek ateratako edozein soinu.

2. Horrez gain, debekatuta dago bolumen handiko musika-aparatuen edo zaratak sortzen dituen beste edozein iturriren funtzionamendua ibilgailuetan eta aparatu independenteetan, gai horretan aplikatzekoa den araudia urratzen badute.

8. artikulua. Zaborrak:

1. Ezin izanen dira zaborrak horretarako prestatutako ontzietatik kanpo utzi. Horrelakorik ez bada, bisitariek edo txangozaleek sortzen dituzten hondakinak jaso beharko dituzte.

2. Debeku da edozein motatako zaborra botatzea zorura, materia organiko biodegradagarria bada ere, esaterako, azalak, oskolak, hezurrak edo janari hondakinak.

3. Debeku da zigarrokinak zorura botatzea, itzalita badaude ere.

IV. KAPITULUA

Seinaleak

9. artikulua. Seinaleak jartzea.

Ordenantza honetan araututako alderdiei dagokienez, erakunde eskudunak jarriko ditu kasuan kasuko seinaleak eta erabakiko du seinaleak kentzea, aldatzea, ordeztea eta abar.

Seinale horiek aukeratu eta jartzerakoan, erakunde eskudunak gai honi buruz aplikatzekoa den araudiaren edukiari jarraituko dio.

Ordenantza honen xede diren eremuaren bisitari guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

V. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua. Arau-hausteak.

1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuko dira:

–Arau-hauste arintzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritako erabilera-mugak urratzen dituzten ez-betetzeak eta ekintzak, administrazio baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea eta, oro har, ezarritako betebeharrak edo debekuak ez betetzea.

–Arau-hauste astuntzat hartuko dira arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

–Arau-hauste oso astuntzat hartuko dira arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea.

2. Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren ardurapean jarriko dira.

11. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak Alkatetza-Udalburutzak zehatuko ditu, indarrean den legerian ezarritako mugen barrenean, honako paragrafo hauetan ezarritakoaren arabera:

2. Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; astunak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso astunak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

3. Isunak jartzeko eta mailakatzeko, kontuan hartuko dira arau-haustearen izaera, arau-hauslearen asmoa eta eragindako kaltearen larritasuna.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Prozedura izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

2. Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalen barnean % 50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna % 50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta berariazko ebazpenik eman behar izan gabe buka daiteke prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

3. Toki erakundeko buruari dagokio ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, edo, hala izanez gero, horretarako beharrezkoak diren eskumenak eskuordetzan eman zaizkion erakundeari; horrek organo zehatzaileari antzematen diren arau-hausteen berri emateko ahalmena izanen du. Hori guztia, deusetan ukatu gabe erakunde horretako langileei ematen zaizkien ahalmenak ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta alor honetako legeria indarduna.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

ERANSKINA

Irunberriko arroilako harrera eremuan aparkatzeagatiko tasak

Prezioa eguneko:

–Motozikletak: 1 euro.

–Autoak: 3 euro.

–Autobusak: 5 euro.

–Autokarabanak: 5 euro.

Aparkalekurako zehaztutako prezioek dagokien BEZa barnean dute.

Iragarkiaren kodea: L2116901