3. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AMESKOABARRENA

Herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ameskoabarreneko Udalak, 2021eko irailaren 20an egin zuen osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ameskoabarreneko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Hura 2021eko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 5ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hartan xedatutakoarekin bat, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zudairin (Ameskoabarrena), 2021eko azaroaren 9an.–Alkatea, Estibaliz Erdocia Ormazabal.

HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ATARIKOA

Ameskoabarreneko Udalak bere herri-belar eta -larreen aprobetxamendua zaindu nahi du, haien ekoizpena, hobekuntza eta aprobetxamendua ahalik eta egokienak izan daitezen. Hala, herri-larre eta mendi publikoen aprobetxamendu arrazionala arautuko da, egungo erabileren arabera eta arlo horretan indarrean den legediari jarraikiz, halako moduz ezen larre-baliabideen aprobetxamendu antolatua bateragarria izanen den abeltzaintzako jarduerarekin eta landa-inguruneko berezko beste jarduera batzuekin, eta populazioa finkatzen eta inguruneko ingurumen-kalitatea mantentzen lagunduko duen, udalerriko biztanleei bizibide tradizional bat ziurtatuko baitzaie eta abeltzainen produktuen balioa gehitzeko jarduketak sustatuko baitira, ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-ereduak ezarriz, udalerrian denbora luzea daramaten abeltzainak aintzatetsi eta baloratuz, eta abeltzain berriei bertan errotzeko aukerak emanez, biztanleak finkatzeko modua baita.

I. TITULUA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Ameskoabarreneko Udalaren herri-lurretan dauden larreen aprobetxamendua arautzea.

2. artikulua. Ameskoabarreneko herri-larreen eta -belarren aprobetxamenduaren gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan eta, Nafarroako Aldundiak 1950eko azaroaren 23an onetsi ondoren, “Lokizko mugartea” herri-basoaren aprobetxamenduak arautzeko Erregelamenduan xedatutakoa, baldin eta arloko legediaren aurka ez badoa.

3. artikulua. Ameskoabarreneko Udalari dagokio herri-larreen eta -belarren gainean xedatzea, administratzea, aprobetxamendu-araubidea zehaztea eta antolatzea ordenantza honek eta haren araudiak ezartzen dituen baldintzetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak xedatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak esleituta dituen eskumenak gorabehera.

4. artikulua. Aprobetxamendua ohituraz egiten da, baldintzak betetzen dituzten herritarren artean, eta herriko usadio eta ohiturak biltzen dituen ordenantza honen bidez arautuko da. Lehentasuna izanen du herritarrek gozatzeko moduak, baldin eta bideragarria bada. Ameskoabarreneko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Antzinako ohiturari jarraikiz, ustiapen-araubide erkide edo kolektiboan.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren onuradunak. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, baita familiakoekin bizi badira ere, baldin haien diru-sarrerak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak.

5. artikulua. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea edo judizialki gaitua izatea.

b) Ameskoabarreneko Udaleko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea hiru urteko antzinatasunez.

c) Urtean gutxienez bederatzi hilabetez segidan bizitzea Ameskoabarreneko udalerrian. Udalak bizilekuari buruzko bi baldintzak betetzetik salbuesten ahalko du honako kasu hauetan:

1. Ezinbesteko arrazoiak daudenean ospitalean egoteagatik edo laneko, hezkuntzako edo prestakuntzako inguruabarrak direla bide bideraezina denean, aldi batez, herrian bizitzea. Halakoetan, herritarraren familia-unitateko gainerako kideak etengabe bizi beharko dira udalerrian eta etxebizitza irekia izanen dute.

2. Kanpotarren kasuan, abeltzaintza estentsibo jasangarriko proiektuak badituzte eta larreen kudeaketa jasangarriaz jakitun badira, erakunde eta/edo teknikari eskudunek eta independenteek bermatzen badituzte, eta Ameskoabarrenean epe luzerako finkatzeko asmoa badute. Kasu bakoitza Ameskoabarreneko Udalak osoko bilkuran aztertuko du.

d) Udalean edo Ameskoabarreneko kontzejuetan ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

6. artikulua. Ameskoabarreneko Udalaren herri-larreak baterako ustiapen-unitate bakarra dira, eta herri-titulartasuneko lursail guztia hartzen dute, herri-lursailean larre-eremu zehatzekiko kanpoko abeltzainek izan ditzaketen eskubideak gorabehera. Lokiz mendilerroan Ameskoabarreneko “Lokizko mugartea” barne dago, eta oso-osorik aplikagarria da “Lokizko mugartea” herri-basoaren aprobetxamenduak arautzen dituen Erregelamendua, baldin eta aplika daitekeen legediaren aurka ez badoa.

7. artikulua. Herritarrek larreak aprobetxatzeko kanona urtero berritzen da herritarrek dituzten abelburuen kopuruaren eta udalerriko larreek jasan dezaketen abeltzaintza-zamaren arabera. Hori bat dator abereen aitorpenarekin (“adierazpena”). Urtean abelburu larri bakoitzeko 2 euro ordainduko dira, eta abelburu xehe bakoitzeko, berriz, 0,30 euro. Kanonaren zenbatekoa ordainketa bakarrean egin beharko da, eta urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen. Udalak urtero aldatzen ahalko du kanona, Ameskoabarreneko abeltzainen beharrak kontuan hartuta, beraz, haiekin lehenago bilera eginen du, eta akta idatziko da.

8. artikulua. Belarren eta larreen aprobetxamendua urtekoa izanen da. Udalak zehazten ahalko du herri-larreen eremu zehatzetan abereak sartu eta irteteko datak, modu jasangarriagoak sustatzen aldera. Halaber, aukera du abereen txandaketa eta mota definitzeko. Gainera, urte bakoitza hasi baino lehen, larratzen jarduteko herri-lurren eremu zehatzak mugatzen ahalko ditu, basogintzarako, herri-lurrak hobetzeko proiektuetarako edo gizarte-interesa edo onura publikoa duten bestelakoetarako.

9. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

Aitzineko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean egiten dena ere; betiere, kideek 5. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte

10. artikulua. Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.

11. artikulua. Erabiltzaileek luberritzeko, larreak sortzeko, eta abarretarako, Udalaren aurretiazko baimena beharko dute, harexek ezarriko baitie zer baldintzatan egiten diren.

12. artikulua. Herritarrei zuzenean adjudikatzeko prozeduran parte hartuz gero, herri-larre guztiak adjudikatuko dira.

13. artikulua. Udalbatzaren erabakiaren bidez, aitzinetik erabakia hartuta, epe bat jarriko da eskubidea dutela uste dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten, aitzinetik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta entitatearen iragarki-taulan. (Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 199. artikulua). Herri-larreak aprobetxatzeko eskubidea dutela uste duten pertsonek hamabost egun balioduneko epean abere-aitorpenak aurkeztu beharko dituzte, helburu horrekin bandoa webgunearen taulan (https://www.amescoabaja.org/) eta udal-bulegoetako taulan argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Bando (iragarki) berean, orobat, hamabost egun balioduneko epea irekiko da interesdunek bidezko iruditzen zaizkien iradokizunak, kexak eta erreklamazioak aurkez ditzaten.

14. artikulua. Abereen aitorpena. “Adierazpenak” aurkeztu ondoren, eskaerari begira, Ameskoabarreneko Udalak honako hauek egiaztatuko ditu: adingabe emantzipatuaren edo gaikuntza judizialaren egoera benetakoa dela, egoitzaren eta erroldaren antzinatasun eraginkorra (herritartasuna) eta aitorleek toki entitate guztiekin zerga-eskakizunak beteta dituztela.

15. artikulua. Baldintzak betetzen dituzten abereen adierazpen/aitorpen guztiak onartuko dira Ameskoabarreneko herri-basoko belarra eta larreak aprobetxatzeko.

16. artikulua. Epea amaitutakoan, aurkeztutako erreklamazioak ebatziko dira, eta behin-behineko zerrenda eginen da. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da entitatearen taulan, eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da. Bestela, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu, eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

17. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituzten abereek osasun-ziurtagiria izan beharko dute, non ziurtatzen den Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen direla. Horiez gain, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituen martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuak xedatutakoa bete beharko dute. Ez dute izanen gaixotasun infektokutsakor edo parasito-gaixotasun hedagarrien sintomarik eta ezin hobeki identifikatuta egonen dira, une orotan animaliaren titularra eta jatorrizko ustiategia ezagutu eta aurkitu ahal izateko. Herri-larreetan dauden abereek agerraldi infektokutsakorrak izanez gero, jabeak edo edukitzaileak ahalik eta lasterren erretiratuko ditu bertatik, osasun-agintaritzak ez mugitzea zehazten duenean salbu. Udalak herri-larreetan abere jakin batzuk sartzea mugatzen ahalko du, haien arriskugarritasunagatik, zenbait espezietako animaliak batera egotea ezinezkoa edo ez-gomendagarria denean, osasun arrazoiengatik edota interes publikoko edo ezinbesteko beste arrazoi batzuetan oinarrituta.

18. artikulua. Abereak 11/2000 Foru Legeak xedatutako zehaztapenen arabera identifikatuko dira. Identifikatu gabeko animalia guztiei edo bidegabe larratzen ari direnei Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 126. artikuluak xedatutakoa aplikatuko zaie (erregelamendu horrek garatzen du Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea). Nolanahi ere, abereen titularrak gastu guztiak bere gain hartu beharko ditu.

19. artikulua. Edozein arrazoi dela eta abereak Udalaren herri-lurrean hiltzen badira, tokian eta une bakoitzean indarreko araudian ezartzen diren sistemei jarraikiz, jabeek edo edukitzaileek baldintza higienikoetan gorpuak suntsituko dituzte. Lurperatzen ahalko dira, edo, espezie nekrofagoak elikatzeko eremuak manten daitezen, saien janleku edo sarraskileku baimenduetara eraman ere bai, pasabideetatik eta uren hornidura-eremuetatik urrunduta.

20. artikulua. Debekatuta dago herri-lurrean edozein solido edo likido isurtzea. Abeltzainen zuzeneko erantzukizuna izanen da jardueran zehar abereen osasun-kanpainengatik edo bestelakoengatik sor daitezkeen hondakinak kendu eta behar bezala tratatzea.

21. artikulua. Txerriak eta ahuntzak haien sarrera arautzen duen araudia betetzen bada soilik larratzen ahal dira Udalaren herri-lurrean, bestela ez. Aurretik, dagokion Nafarroako Gobernuko departamentuak nahitaezko administrazio-baimena eman beharko du, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 30. artikuluan eta Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

22. artikulua. Ameskoabarreneko Udalaren kontura izanen da itxiturak edo hesiak, askak, idoiak, sarbideak edo herri-larreen aprobetxamenduarekin lotutako beste edozein instalazio edo azpiegitura mantentzea eta zaintzea. Auzolanaren bidez egiten ahalko du. Udalak herri-lurrean osasun-azpiegiturak eta hazienda gobernatzeko azpiegiturak baimen ditzake, hala nola euste-parkeak, gobernatze mahukak, parasitoak kentzeko instalazioak, gatz eremuak, etab. Ez da inola ere baimenduko eraikin partikularrak (abeltegiak edo ukuiluak) eraikitzea hazienda modu iraunkorrean ukuiluratzeko. Debekatuta dago Udalak berariaz baimendu gabe materialak, nekazaritzako produktuak, simaurra, etab. gordetzeko herri-lurrak aldi batean okupatzea. Hala, berak zehaztuko ditu une oro egokitasuna, epeak eta okupazio-eskubideak ordaintzea.

II. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

23. artikulua. Arau-hausteak dira, eta administrazio-erantzukizuna ekarriko dute ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duten egite edo ez egiteek. Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

24. artikulua. Arau-hauste administratiboak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Nafarroako Gobernuko erregistroetan eta udalerriko abereen adierazpenean alta eman gabeko abereak sartzea.

b) Hala badagokio, ezarritako larratze-eremuak edo -epeak ez errespetatzea, eta abereak abeltzaintzako erabilerara mugatutako tokietan sartzea.

c) Herri-aprobetxamendua zuzenean eta norberarentzat ez egitea eta, horretarako, azpierrentatzea, lagatzea, eskualdatzea, saltzea edo beste erabilera batzuetan aritzea.

d) Ordenantza honen arabera, animaliak identifikatzeko eskakizunak ez betetzea.

e) Herri-larreetan Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak eta haren erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten osasun-zehaztapenak betetzen ez dituzten animaliak izatea edo bertaratzea, abereen osasunerako gaixotasun arriskurik ez dagoenean.

f) Herri-lurrean hondakin solidoak edo likidoak isuri, bota edo zabaltzea, natura baliabideak kaltetzen ez direnean.

g) Basoko edo abeltzaintzako itxiturak atera edo hondatzea, eta apropos atakak edo hesiak irekita uztea.

h) Basogintzako produktuak edo beste edozein material baimenik gabe biltzea edo lapurtzea.

i) Harriak, egurra edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, abelbideetan edo herri-lurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

j) Agintaritzaren agenteei, ehizaren inguruko eginkizunetan ari direlarik, ikuskapenak edo zaintza lanak egiteko trabak edo eragozpenak jartzea.

k) Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako edo debekatutako erabilerak eta jarduerak gauzatzea, baldin eta larritasun handiagoko arau-haustetzat kalifikatuta ez badaude.

–Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Herri-lurrean hondakin solidoak edo likidoak isuri, bota edo zabaltzea, basoko natura baliabideen baldintzak hondatzen direnean.

b) Herri-larreetan Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak eta haren erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten osasun-zehaztapenak betetzen ez dituzten animaliak izatea edo bertaratzea, abereen osasunerako gaixotasun arriskua dagoenean.

c) Bi urteko epean hiru arau-hauste arin egitea.

–Arau-hauste oso astunak dira:

a) Herri-lurreko naturaguneak edo haien berezko elementuak edo baliabideak oso-osorik edo zati batean suntsitzea, naturaguneak ordura arteko baldintzetan irautea arriskuan jartzen denean.

25. artikulua. Alde batera utzita arduradunari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

26. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilera, arau hauen araberakoa izanen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. eta 178. artikuluak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. titulua, eta aplikatzekoa den araudia.

27. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, zehapena kargu-eskatzearekin ohartarazpena izanen da Arau-hauste bera errepikatuz gero, 60,00 eurotik 300,00 eurora bitarteko isuna jarriko da.

b) Arau-hauste astunak egiteagatik, 300,00 eurotik 600,00 eurora bitarteko isuna jarriko da. c) Arau-hauste oso astunak egiteagatik, 600,00 eurotik 1.200,00 eurora bitarteko isuna jarriko da.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako irizpideei eta aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Arau-hauste oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinetan ezartzen direnek urtebeteren buruan.

28. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Udalak, inguruabarrak aztertu ondoren, herri-larreen adjudikaziodun izateko gaitasuna ken dezake.

29. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

30. artikulua. Alkatetza izanen da zehatzeko organo eskuduna.

Xedapen gehigarria. Ameskoabarreneko Udalak ordenantza hau interpretatuko du, bai eta ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere.

Azken xedapena. Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoren; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2116963