3. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

450/2021 EBAZPENA, abenduaren 10ekoa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira 2021-2022 ikasturtean eskola-jantokiko zerbitzua emateko jarraibideak. Jarraibide horiek onetsi ziren Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 305/2021 Ebazpenaren bidez.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 305/2021 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen jantoki baimenduen zerrenda eta onetsi ziren eskola-jantokien zerbitzua emateko jarraibideak eta 2021-2022 ikasturterako tarifak eta kuotak.

Ebazpen horren II. eranskineko 7. apartatuan ezartzen denez, jantokiaren kontura egin beharreko karguetatik kanpo daude, berariaz, “hornidurak eta garbiketarako produktuak”. Bestalde, haren 8. apartatuan xedatzen denez, “ikastetxeak emanen du garbiketarako materiala, ikastetxearen funtzionamendu-gastuen partidaren kargura, eta ezin izanen da gastu gisa sartu ikastetxeko jantokiaren kontuan (maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Aginduaren 3. artikuluaren 3. eta 4. puntuak. Foru agindu horren bidez, garatu egin zen 246/1991 Foru Dekretua, uztailaren 24koa, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako jantokiak arautzen dituena)”.

Hain zuzen ere, maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen du ezen Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 305/2021 Ebazpenaren bidez onartutako jarraibideetan berariaz adierazitakoa (ebazpen horren bidez onetsi ziren eskola-jantokien zerbitzua emateko jarraibideak 2021-2022 ikasturterako).

Hala ere, “Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa-kontuan sartuko dira ikastetxe horien diru-sarrera eta gastu guztiak, edozein izanik ere horien helburu eta jatorria, salbu eta uztailaren 24ko 247/1991 Foru Dekretuan araututako jantokiei eta ikasleentzako egoitzei dagozkienak”; halaxe xedatu baitu lehenengo apartatuan Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 18ko 196/1993 Foru Aginduak, zeinaren bidez garatzen baitira uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuaren zenbait manu (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen funtzionamenduak sortzen dituen diru-sarrerak eta gastuak).

Kontuan izanik ezen eskola-jantokientzako 2021-2022 ikasturterako jarraibideetan aipatzen den maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Agindua zaharragoa dela Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 18ko 196/1993 Foru Agindua baino, eta jakinki ezen araurik berriena gailentzen zaiola zaharrenari, bidezko da jarraibideak aldatzea, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 305/2021 Ebazpenaren II. eranskineko 7. eta 8. apartatuetan onetsi zirenak. Aldaketa horren arabera, jantokia garbitzeko materialaren gastuak ikastetxeko jantokiko partidari egotzi behar zaizkio, ez ikastetxearen funtzionamendu-gastuen kontuari.

Adierazitakoarekin bat, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 305/2021 Ebazpenaren II. eranskineko 7. eta 8. apartatuak. Ebazpen horren bidez jendaurrean jarri ziren eskola-jantoki baimenduen zerrenda eta onetsi ziren eskola-jantokien zerbitzua emateko jarraibideak eta 2021-2022 ikasturterako tarifak eta kuotak. Ebazpen honen eranskinean adierazten den bezala geratzen dira idatzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea ikastetxe interesdunei, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2021eko abenduaren 10ean.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Eskola-jantokiko jarraibideak

7.–Jantoki kontuak.

Jantokiaren arduradunak aldatzen badira, Zerbitzu Osagarrien Atalari jakinaraziko zaio, baita Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari ere, aldatu dezan jantokiaren kontu korrontea erabili ahal izateko sinadura baimendua.

Jantokiaren kontuan egiten diren karguak izanen dira bakarrik janari zerbitzuaren prestazioarenak. Atal honetatik kanpo uzten dira berariaz beste kontzeptu batzuk, esate baterako:

–Material informatikoa eta aisialdirako materiala (jolasak, liburuak, etab.).

–Laneko arropa, pandemiagatik hartu beharreko higiene neurrietarako produktuak eta jantokiarekin lotuta ez dauden beste batzuk.

–Menuan sartuta ez dauden elikagaiak (litxarreriak, krispetak, txistor-janak, txokolate-janak eta antzekoak).

–Gabonsariak eta opariak.

–Farmaziako eta norberaren garbiketarako produktuak.

–Jantokia ez den beste gune batzuk (jolastokiak, hesiak, muralak, hiri altzariak, jolasguneak) edo baimenik gabeko jantokiak egokitzeak eragindako gastuak.

–Arratoi- eta intsektu-garbiketa.

–Beste kontu batzuen jardueretarako gastuen aurrerakinak.

–Guraso elkarteek antolatutako jarduerak (ludotekak, tailerrak, paella-janak... eta horiei lotutako monitoreak).

–Ikastetxearen jantokiaz arduratzen diren langileei (administratzaileak eta jantokiko arduradunak) egindako ordainketak.

–Aseguruak.

Zerbitzu Osagarrien Atalak aldizka berrikusiko ditu jantokiaren kontuak eta eskatuko ditu, kontu horri ez dagozkion karguak egiten badira, justifikazioak, azalpenak eta, kasua bada, dagokion erregularizazioa.

Gastuen gaineko kontrol handiagoa izateko, ikastetxeei eskatzen ahalko zaizkie zerbitzua ematen duten enpresei egiaz ordaindutako fakturak.

8.–Garbiketarako materiala eta kontsumoak.

Bat etorriz uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuan ezarritakoarekin (horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen funtzionamenduak sortzen dituen diru-sarrera eta gastuen araubidea), oro har, ez dira gastu-orrietan sartuko gastu hauek: higiezinen mantentze, kontserbatze eta zaintze lanei bideratutakoak, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan. Izan ere, ikastetxeen eraikinen titularrak diren tokiko entitateei dagokie zerbitzu horiek ordaintzea. Besteak beste, gastu horien barruan daude energia elektrikoaren hornidura, ura, berogailua eta garbiketa.

Lehen aipatutako foru dekretu horren arabera, dagokion udalak bere gain hartu beharko ditu, bai horniduren kontsumoak (ura, elektrizitatea, gasa, etab.), bai sukaldearen instalazioak eta jantokia dauden gelen garbiketa orokorra, instalazio horiek ikastetxearenak baitira. Inola ere ez dira ordainduko ikastetxeko jantokiaren kontutik.

Ikastetxeak jantokiaren kontuaren kargura emanen du garbiketa-materiala, eta ezin izanen da gastu gisa sartu ikastetxearen funtzionamendu-gastuen kontuan; halaxe izanen da, bete dadin Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 18ko 196/1993 Foru Aginduak, uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuaren manu jakin batzuk garatzen dituenak, lehenengo apartatuan xedatutakoa (foru dekretu horrek arautu egin zituen Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen funtzionamenduak sortzen dituen diru-sarrerak eta gastuak).

Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atalari eskatuko zaio, ikastetxeetara horretarako igorri den berariazko inprimakiaren bidez, COVIDaren ondoriozko egoerarako behar den materiala, ez baita inola ere onartuko kontzeptu horiengatiko kargurik jantokiaren kontuan.

Iragarkiaren kodea: F2117362