29. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABAURREPEA

Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza behin betiko onestea

Abaurrepeko Udalak, 2021eko urtarrilaren 21ean egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2021eko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hartan xedatutakoarekin bat, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Abaurrepean, 2021eko abenduaren 31n.–Alkatea, María Rosario Salón Arozarena.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Abaurrepeko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, erabilera-ekintza, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren gaineko ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, ezertan galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Abaurrepeko Udalari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Abaurrepeko Udalak herri-ondasunei buruz hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Abaurrepeko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultze hori gertatzen bada, lur horiek Abaurrepeko Udalaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Prozedurari dagokionez, jarraikiko zaio ezarririk dagoenari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140 artikuluan, Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko urriaren 29ko11/2004 Foru Legean duen idazketaren arabera.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Abaurrepeko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Abaurrepeko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

9. artikulua. Abaurrepeko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli egin beharko dizkie herritarrei Abaurrepeko Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

10. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Bestelako aprobetxamenduak.

11. artikulua. Abaurrepeko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lur horiek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

12. artikulua. 1. Oro har, Abaurrepeko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua nahiz epaile bidez gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

3. Artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Abaurrepeko Udalak, osoko bilkuran, Herri-basoen Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

13. artikulua. Abaurrepeko Udalaren herri-larreak bi aprobetxamendu eremutan bereizten dira:

a) Gadeapea / Ekuren eremua: Abaurrepeko mugatik Azparrengo mugara, handik Garaioako mugaraino, eta handik zelai partikularretatik hirigunera.

b) Ipetea eremua: Ekurenburua ingurutik, handik Garaioako mugara, handik Itzagibelera (Abaurrepeko eta Garaioako muga), handik Ipetera, handik Txustara eta Ekurenburuan amaituta.

14. artikulua. Herri-larreak modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan aprobetxatutako dira:

1. Gadeapea eta Ekuren eremua.

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

2. Ipetea eremua. Osoko Bilkuraren akordio bidez ezarriko da modalitatea.

15. artikulua. Abeltzaintzako ustiategiek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

Abeltzaintzako ustiategiak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan altan egon beharko dira, uztailaren 2ko 150/2002 Foru Dekretuaren arabera. Zuzeneko adjudikazioaren kasuan, gainera, titularrak ordenantza honen 12.1 artikuluan zehaztutako betekizunak bete beharko ditu, eta ustiategiaren helbidea Abaurrepean egon behar da.

16. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua azienda larriarentzat (behiak eta zaldiak) gordeko da. Larratzeko sasoiak, azienda motak eta haien kopurua ezartzeko, Abaurrepeko Udalak irizpide hauek zehaztu ditu:

a) Ipetea eremua: Larreen aprobetxamendua egiten ahalko da maiatzaren 10etik urriaren 30era eta azaroaren 1etik martxoaren 30era (zaldiak). Urtearen gainerakoan, ez da egiten ahalko. Aprobetxamendua enkante publiko bidez adjudikatzen bada, 20. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

b) Gadeapea eta Ekuren eremua: Behiak bazkatzen ahalko dira maiatzaren 10etik urriaren 30era, eta zaldiak, berriz, azaroaren 1etik martxoaren 30era. Urtearen gainerakoan, ez da egiten ahalko.

17. artikulua. Udalak urtero ezarriko du herri-lurretan bazkatzen ahal den gehieneko azienda karga, Larreak antolatzeko Planaren bidez edo osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, aintzat harturik herriko abelburu kopurua eta herri-larreetako bazkaren bolumena eta kalitatea.

18. artikulua. Klima-baldintzek horretara eramanda, edo bazkaren kalitateak eta bolumenak bide emanez gero, 16. artikuluan zehaztutako eremuetan azienda sartzeko egunak aldatzen ahalko dira, Abaurrepeko Udalak osoko bilkuran erabakia hartu ondoren.

19. artikulua. Tasa kobratzeko eta larratze-eremu bakoitzak jasan dezakeen azienda karga zehazteko, Abaurrepeko Udalak honako baliokidetza hauek ezarri ditu azienda moten artean:

AZIENDA MOTA

ADINA

AZIENDA LARRIKO UNITATEA (AzLU) BALIOKIDETZA

Behiak

1 urtetik gora

1,0

Behorrak

1 urtetik gora

1,3

20. artikulua. Enkante bidez adjudikatzen bada, Ipetea eremuko finken jabeek adjudikazioak irauten duen bitartean enkantean sartuta egoteko adostasuna eman beharko dute. Lagatzeak baldintza hauek izanen ditu:

1. Adostasuna esanbidezkoa edo isilbidezkoa izanen da. Udalak komunikazioa igorriko die jabeei, beren jabetzak sartzearekin ados dauden edo ez adierazteko; hartara, baldintza-agirian sartzeko. Administrazio isiltasunak esan nahi du sartzeko adostasuna dagoela.

2. Udalarentzako lagatzea larreen aprobetxamenduarena bakarrik izanen da, salbu utzita finkei lotutako ordainketa bakarreko eskubideak (NPE). Gainera, Udalak etekin ekonomiko garbi positiboa lortzen badu, jabeek horren % 20 jasotzeko aukera izanen dute; zati berdinetan banatu beharko dute jabetza guztien artean.

3. Enkantearen klausula agiriak arautuko ditu aprobetxamenduaren baldintzak; tartean, bazkatuko den aziendaren karga eta mota, hasierako prezioa, datak eta penalizazioak.

21. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak abeltzaintza-ustiategiaren liburuan erregistratuta egon beharko du, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 6. artikuluan eskatzen denaren arabera, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu saneamenduari, gaixotasunen tratamenduari eta hildako animaliei dagokienez.

22. artikulua. Larreen aprobetxamendurako eskubidea dutela uste duten abeltzaintza-ustiategiek Udalak urtero zehazten duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, dagokion epean eta moduan.

23. artikulua. Udalak urtero ezarriko du larratzeko eremuaren araberako larreen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona, udal aurrekontua onestearekin bat.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

24. artikulua. Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuko langileek markaketa egin ondotik, udalerrian indarrean dagoen Basoak Antolatzeko Planaren arabera betiere, Abaurrepeko Udalak etxerako epaitza bana emanen die urtero ordenantza honen 12.1 artikuluko baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute Udalak ezarritako epean eta moduan.

Era berean, epaitz edo egur sorta bana bi urtetik behin emanen zaie familia-unitateei, betiere titularrak araudi honen 12.1 artikuluaren c) apartatuan xedatutakoa betetzen ez badu.

25. artikulua. Epaitz edo egur sortak zuzenean baliatu behar dira, pertsonalak eta besterenezinak dira eta ezin dira saldu, ezta laga ere, baldin eta, azken kasu horretan, Udalak ez badu berariaz baimenik ematen.

Aprobetxamendu-epea urte naturaleko abenduaren 31n amaitzen da. Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuak errekonozimendu-akta egiten duenean aprobetxamendua gauzatu gabe baldin badago, ez da beste sortarik eskatzen ahalko egiteke dagoen aprobetxamendua gauzatu arte.

26. artikulua. Sortaren aprobetxamendua egiteko, Udalak egindako mozteko lizentzia izan beharko da. Mozteko lizentzian, 28. artikuluan jasotako aprobetxamenduaren baldintzatzaileak zehaztuko dira eta, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Mendien Ataleko langileek entrega-aktan adierazitakoak.

27. artikulua. Sortaren aprobetxamendua egiteko, gutxieneko segurtasun-baldintzak bete beharko dira arropari, oinetakoei eta babes-kaskoari, zuhaitzak mozteko tresnen erabilerari eta abarri dagokionez, Mozteko Lizentzia emateko unean indarrean dagoen legedi sektorialari jarraikiz.

28. artikulua. Zuhaitzak moztea eta ateratzea honako baldintza hauek betez eginen da:

1. Debeku da adjudikatutako sorta pistak bustita edo hezeak dauden egunetan ateratzea.

2. Ez dira zuhaitzak arrastaka eramaten ahalko pistetan barna.

3. Adarrak ahalik eta gehien aprobetxatu ondoren, pistatik kanpo atera beharko dira eta, nolanahi ere, ez dira pilatuta utzi behar, ahal dela. Sorta tokian bertan aprobetxatzen baldin bada, kasu horretan ere ez da pilatuta utziko, ahal dela, landare gazteak ez kaltetzearren.

4. Alanbre-hesi, pista, areka, estolda, aska eta abarretan eragindako kalte oro lehenbailehen konpondu beharko du kaltea egin duenak.

Ez bada betetzen, urtebetez egur sorta jasotzeko eskubidea galduko du, zigor modura; horrek ez du esan nahi Udalak ez duenik eskubiderik izanen eragindako kaltea konpon dezan edo kaltearen balioa ordain dezan eskatzeko, dagokion zigorra jartzeaz gain.

29. artikulua. Eroritako pagoak. Familia-unitateek eskatzen ahal dituzte, baldin 12.1 artikuluaren a), b) eta d) apartatuak, gutxienez, betetzen badituzte. Horretarako, idazki bat aurkeztu beharko da Udaletxean; Udalak, Nafarroako Gobernuaren Mendi Atalaren bitartez, kubikatu eta tasatu eginen ditu.

30. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

31. artikulua. Ehiza-barrutiaren eraketa –herri-lurrak barnean hartzen dituela– eta ehizaren aprobetxamendua honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta hura garatzeko araudian, eta Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearaziko duen Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan.

32. artikulua. Ehiza-aprobetxamenduek beteko dituzte, gainera, Ehiza Antolatzeko Planean eta aprobetxamendu bakoitzaren adjudikazioa arautzen duten baldintza-agirietan jasotako jarraibideak.

33. artikulua. Udalaren baldintzak bete beharko ditu herri-lurren okupazioak, herri-lurretan harrobiak ustiatzeak, eta herri-lurretan ezarri gogo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntzak. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez, gutxienez, eta onespena eman beharko du Foru Komunitateko Administrazioak.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

34. artikulua. Abaurrepeko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horietan proiektu hauek badaude:

a) Herri-lurrak hobetzea.

b) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.

35. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz familia-unitate interesdunek sustatzen ahal dituzte, eta lehentasuna izanen dute. Hona hemen segitu beharreko prozedura:

1. Abaurrepeko Udalaren erabakia, onespena emanez proiektuari eta herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamenduari.

2. Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea eta erakundearen erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

3. Nafarroako Gobernuaren onespena.

36. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu eraginpeko herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei eragiten zaizkien kalte eta galerengatik ez du kalte-ordainik emanen, ezta lurretan eginak zituzten hobekuntzengatik ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

37. artikulua. Tokiko erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. artikulua. Faltak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

1. Falta arinak: baliatzea zuzenean eta pertsonalki ez gauzatzea; 29. artikuluko baldintzak ez betetzea.

2. Falta astunak: 20. artikulua ez betetzea; debekuen egunak ez errespetatzea; bazkatze-eremuak ez errespetatzea; azienda bazkatzen izatea Udalari horren berri eman gabe; falta arinak metatzea; hildako animaliak abandonatzea; azienda larreetatik ez ateratzea Udalak hala eskatuta; dagokion auzo-aprobetxamendua behar ez bezala edo osoki ez egitea; herri-lurra adjudikatu denaz besteko xede baterako erabiltzea.

3. Falta oso astunak: falta astunak errepikatzea; nahita gaizki tratatuta aziendei min egitea.

–Udalak faltatzat hartzen ahal du herri-larreak zuzen ez aprobetxatzea, eta larritasunaren araberako zehapena ezarriko du, Ordenantza honetako zehapen-prozeduraren eta falten mailaketaren arabera.

39. artikulua. Faltengatik ezarriko diren zehapenak honako hauek izanen dira:

–Falta arinak: 100 eurotik 200era bitarteko isuna.

–Falta astunak: 201 eurotik 1.200era bitarteko isuna, eta larreetatik eta/edo beste aprobetxamendu batzuetatik baztertzea urtebetetik 5 urtera.

–Falta oso astunak: 1.201 eurotik gorako isuna, eta jarduera lizentzia iraungitzeko aukera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten udal arau eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2200694