29. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

29E/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 18koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Bidaurreta aldean nekazaritzako azpiegituretako jarduketak hastea onesten duena.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak ezartzen du lurzatiak biltzea funtsezko elementua izanen dela azpiegituren arloko jarduketetarako, eta hori ingurumen arloko tramiteekin koordinatu behar dela juridikoki, eta aldi berean tramitatu, baita ureztalur bihurtzeko, ureztalurrak modernizatzeko eta bide eta saneamendu sareak egiteko obrekin ere. Lurzati bilketaren oinarrizko helburua izanen da ustiategiak eta, hala bada, ureztaketa unitateak eratzea, ingurumenaren, agronomiaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntuetatik bideragarriak.

Foru lege horretan xedatutakoaren arabera, nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat hasiko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu baten bidez; jarduketa balizko onuradunek egindako eskaera arrazoituaren ondorioz abiatu daiteke, betiere baldintza zehatz batzuk betetzen badira.

2019ko apirilaren 30ean, Bidaurretako Udalaren eskaera bat jaso zen zerbitzu honetan, udal horretan lurzatiak biltzeko. Ustiategien 15 titularrek jarduketaren alde sinatu dute. Titular horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren menpeko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emana duten jarduketa eremu horretako nekazaritza ustiategien %93,75 dira; hortaz, eskatzen den gutxieneko portzentajea (%70) gainditzen da. Horrekin batera, Bidaurretako Udalak hartutako bi erabaki aurkeztu ditu, bata 2019ko martxoaren 21eko bilkurakoa eta bestea 2021eko ekainaren 17ko bilkurakoa; bietan jasotzen da Bidaurretako lurzatiak biltzeko prozesua gauzatzearen aldeko iritzia.

Ikusirik eskualde horretako inguruabar sozial eta ekonomikoak, beharrezkoa da nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea, lurzatiak bilduz.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak Bidaurreta aldeko nekazaritza azpiegituretan jarduketak hastea proposatu du, 500 ha inguruko eremu batean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hasiera ematea Bidaurreta aldean nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko prozesuari, lurzatien bilketaren berezko tresnen bidez.

2. Hasiera batean, Bidaurretako udal-mugarteko 500 hektarea inguruko eremu bat ezartzea jarduketaren xede, muga hauekin:

Iparraldea: Etxarriko udal-mugartea.

Hegoaldea: Argiñarizko kontzeju-mugartea (Girgillao) eta Beraskoaingo udal-mugartea.

Ekialdea: Beraskoaingo udal-mugartea, Arraizako kontzeju-mugartea (Zabaltza) eta Etxarriko udal-mugartea.

Mendebaldea: Izurtzuko kontzeju-mugartea (Gesalatz) eta Jaizko udal-mugartea.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egin, alor iraunkorrak sortu, bertan eraiki edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein ekintza egiteko.

4. Jabeei eta nekazariei adieraztea Nafarroako ohiko nekazaritzako jardunbide egokien arabera landu beharko dituztela lurrak. Horretaz gain, ezin izanen dituzte obrak hondatu, zuhaitzak eta zuhaixkak moztu, bota edo erre, ez eta landaketak edo labore iraunkorrak errotik atera edo kendu, lurra elkortu, edo lurzatien balioa murrizten ahal duen ekintzarik egin ere.

5. Interesdunek lurzatien egoera juridikoa zehazteko eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

6. Hasiera ematea lurrak sailkatzeko eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei eta Aholku Batzordea eratzeko tramiteei.

7. Baimena ematea eskualde horretan garatu nahi den oinarrizko proiektua erredaktatzeko.

8. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Sociedad Tecnologías y Servicios Agrarios SA (TRAGSATEC) entitate instrumentalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Foru agindu hau jakinaraztea Bidaurretako Udalari eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuan, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 18an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2200895