29. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SANTSOL

Deialdia, hiri-taxirako lizentzia adjudikatzeko

Santsolgo Udalak, 2021eko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, deialdia onetsi zuen, hiri-taxirako lizentzia bat lehiaketa bidez adjudikatzeko.

Interesdunek hilabeteko epea dute eskaerak aurkezteko, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; hori guztia, jarraian adierazitako oinarrietan xedatutakoarekin bat etorriz.

Santsolen, 2021eko abenduaren 1ean.–Alkatea, Francisco Javier Díaz de Ilarraza Sanz.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Santsolgo udal-mugartean hiri-taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia bat lehiaketa bidez ematea.

Zerbitzua Santsolgo udalerrian emanen da oso-osorik. Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 16. artikuluaren aginduz, hiriarteko zerbitzuak emateko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Araubide juridikoa.

Arau hauetan jasota dago deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua.

–Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea eta hura aldatzen duen uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legea.

–Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.

3.–Taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.

Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, eta 18tik urtetik gorakoa, baina ez gainditzea Zirkulazio Kodean edo arlo honetan indarrean dagoen legedian jarduera-mota honetarako ezarritako adina.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa nahiz atzerriko bertze herrialde batekoa, baldin Espainiak haiekin sinatuta dituen nazioarteko akordio, tratatu edo itunetan xedatutakoaren arabera aipatu baldintza eskatzen ez bada; bertzenaz, norbera garraioan aritzea babesteko adinako lan baimenak izan beharko dira, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunen gaineko legerian xedatutakoaren arabera.

c) Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloko betebeharrak betetzea, eta Santsolgo Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea. Deialdira aurkezte hutsarekin udalari baimena ematen zaio egin beharreko egiaztapen oro egin dezan.

d) Ibilgailua duela frogatzea, jabetzan, errentan hartua edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bitartez. Ibilgailuak baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ibilgailuek turismo-ibilgailu gisa sailkatuta egon behar dute ezaugarri teknikoen fitxan eta bildu behar dituzte indarrean dagoen araudian eskatutako ezaugarriak; bestetik, bete behar dituzte aulki gurpildunak erabiltzen dituztenei egokitutako ibilgailuetarako baldintzak eta zehaztapenak.

–Modelo bakoitzaren ezaugarriak ez dira inoiz kirol auto batenak izanen.

–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.

–Salbuespenez, mugikortasun murriztuko pertsonak eramateko moldaturiko ibilgailuek gibeleko eta/edo alboko aldean ate bat izaten ahalko dute erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legediari jarraikiz beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, taxiek aulki gurpildunean dauden bi bezero biltzeko bezainbat edukiera izan dezaten.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

e) Ez edukitzea beste taxi lizentzia bat.

f) Aurrekari penalik ez izatea.

4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Eskabideak Santsolgo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Barrio Nuevo kalea, 2, Santsol), edo zuzenbidean onartutako beste edozein bidetatik, hilabeteko epean, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Postaz aurkeztutako eskabideen kasuan, interesdunak aurreko paragrafoan ezarritako epea bukatu aurretik, gordekin bat igorri beharko du posta elektronikoz (ayuntamiento@sansol.es), posta bulegoan igorpena noiz egin duen egiaztatzeko. Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Dena dela, eskaerak aurkezteko epea akitu eta 5 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.

5.–Dokumentazioa.

Eskaerak bi gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: “Santsolen taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa” eta izen abizenak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, baita gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:

–1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.

–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.

1. “Dokumentazio administratiboa” izeneko 1. gutun-azalak hurrengo hau izanen du barrenean:

1.1. Eskaera egiten duenaren nortasun agiri nazional indardunaren fotokopia.

1.2. Indarrean dagoen gidabaimenaren fotokopia.

2. “Dokumentazio teknikoa” izeneko 2. gutun-azalak hurrengo hau izanen du barrenean:

Eskatzaileak aurkezten dituen agiriak, baloratu eta puntuatu daitezen oinarri hauen 6. klausulan ezarritako adjudikazio-irizpideak.

6.–Adjudikaziorako irizpideak.

A) Ibilgailua minusbaliatuak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin: 10 puntu.

B) Edukiera: 10 puntura arte, jarraian adierazten den baremoaren arabera:

–Edukiera handia: 10 puntu.

–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 9 puntu.

–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 8 puntu.

–7 lagunendako tokia, gidaria barne: 7 puntu.

C) Zerbitzu eskaintza.

Gehienez ere 10 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan emateko konpromisoa, hala nola gauaz, jaiegun eta asteburuetan, baita zerbitzua asteko zazpi egunetan ematea ere.

–Gauak, jaiegunak eta asteburuak: 6 puntu.

-7 egun astean: 4 puntu.

D) Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera:

Gehienez ere 6 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea dakarten ibilgailuez baliatzeko eskaintzen den konpromisoa. Horretarako, baremo honi jarraituko zaio:

–Zero isurtzeen bereizgarria: 6 puntu.

–ECO bereizgarria: 4 puntu.

–C bereizgarri berdea: 2 puntu.

–B bereizgarria: 0 puntu.

–Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa:

  • https://www.pegatinasdirecciongeneraldetrafico.com/tipos-distintivos.

E) Gidatzeko baimenaren antzinatasuna: 6 puntu gehienez, baremo honen arabera:

–10 urtetik gora: 6 puntu.

–5etik 9 urtera bitarte: 4 puntu.

–2tik 4 urtera bitarte: 2 puntu.

F) Santsolgo Udalean erroldatuta egoteagatik eta han modu jarraituan bizitzeagatik, urtebeteko antzinatasunarekin gutxienez: 10 puntu.

Puntuazio osoa eginda berdinketarik bada, uztailaren 6ko 9/2015 Foru Legearen 5.5 artikulua betetzeko, emakumea taxiaren sektorean sartzeko eskaintzaren alde eginen da, alegia, eskatzaile emakumezkoaren alde. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez ebatziko da.

7.–Balorazio batzordea.

Dokumentazioa kalifikatzeko eta egindako proposamenak ebaluatzeko batzordea osatuko dute Udalbatzako osoko bilkurako kideek, udal idazkariak lagunduta.

8.–Agirien kalifikazioa.

Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, batzordeak, barne ekitaldian, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du.

Dokumentazioan akatsik baldin bada, 5 eguneko epea emanen da haiek zuzentzeko.

Lizentzia eskuratzeko izangaiak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian bildutako adjudikazio-irizpideei jarraituz.

2. gutun-azala irekitzeko ekitaldia egin ondotik, gehienez ere 5 eguneko epean, Udalaren iragarki-taulan lehentasun ordenaren araberako puntuazio zerrenda emanen da argitara, lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan. Hala, puntu gehien lortu dituena izanen da behin-behineko adjudikazioduna.

9.–Lizentziaren adjudikazioa.

1. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta gehienez hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

–Lizentzia atxikiko zaion ibilgailua edukitzearen gainekoa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du eta Taxiari buruzko Foru Legean ezarritako ezaugarriak beteko ditu.

–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena.

–Indarrean den ekitaldian ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiria eta, hala denean, zerga horren azken ordainagiria.

–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago, gehienez ere, emana. Hartan frogatuko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatu, afiliatu edo haiei alta eman izana, behar diren kotizazio dokumentuak aurkeztu izana eta indarra duten xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana.

Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non bere erantzukizunpean baieztatuko baita betebehar guztiak eguneratuta daudela segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarra duten xedapenetan agindu bezala.

2. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez badu, eta bereziki, ibilgailuarena, aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena, lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Horrela, lehentasun ordenaren arabera lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko hautagaiak hartuko du haren tokia.

3. Dokumentazio hori aurkeztu eta balorazio batzordeak onetsita, adjudikazio proposamena eginen da. Orobat, Alkatetzaren ebazpen bidez, behin betiko eta epe mugagaberako adjudikatuko da hiri-taxi lizentzia, Santsolen zerbitzu emateko, eta adjudikazioduna zein izan den argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

10.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.

Taxi lizentzia baten adjudikazio-hartzaileak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, hark indarra duen bitartean.

11.–Informazio eta adostasun klausulak.

Santsolgo Udalak aditzera ematen du:

1. Jasotako datu pertsonalek taxi zerbitzua emateko lizentzia adjudikatzea dutela helburu.

2. Datuak ikusi, zuzendu eta haien tratamenduari kontra egiteko eskubideak daudela. Eskubide horiek erabiltzeko, Saltsolgo Udalaren Erregistro Orokorrera jotzen ahal da (Barrio Nuevo kalea, 2, Santsol).

12.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lizentziak adjudikatzen dituen organo eskudunak erabakiko du lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat inpugnatzen ahal dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2200532