28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean. Behin betiko onespena

Jurramendiko Mankomunitateak, 2021eko azaroaren 23an egin ohiko batzar orokorrean, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean.

Erabaki hori 2021eko 277. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 10ean. Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean erakundearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lizarran, 2022ko urtarrilaren 25ean.–Mankomunitateko burua, Emilio Cigudosa García.

ALDAKETA, UR ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUAREN TESTU BATEGINEAN

9. artikulua. Zerbitzuak elkarren osagarri.

Ur eta saneamendu zerbitzuak elkarren osagarri eta elkarri lotuak direnez, enpresak ez ditu zerbitzu horiek bereizirik emanen, salbu eta eskatzaileak behar bezala justifikatzen badu zerbitzu horietako bat modu autonomoan ematea nahi duela edo hala aurreikusten bada hirigintza araudian edo lurralde-antolamenduko gidalerroetan.

15. artikulua. Nekazaritzako erabilerak.

87.3 artikuluan ezarritako hornidurak prekarioan baimentzeko aukera alde batera utzi gabe, enpresa ez dago behartuta nekazaritza edo abeltzaintza erabileretarako hornidurak ematera, salbu eta hornitzeko izaera publikokoak izanik, erabat edo zati batean lorategiak edo basoak ureztatzeko erabiliko direnak.

Horri dagokionez, ez dira halakotzat hartuko autokontsumorako diren berotegien instalazioak ezta familia baratzeak ere.

45. artikulua. Hornidura ematea.

1. Edozein ur hornidura emateko, kasuan kasuko higiezin, etxebizitza edo lokalaren barne instalazioek bat etorri beharko dute aldi bakoitzean instalazio horien gainean indarrean dauden arauekin.

2. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea deklaratzea hornitu nahi den higiezinaren gainean.

3. Hornidura gauzatzeko obraren bat egin behar denean, udalaren baimena egiaztatuko da, dagokion lizentzia erakutsiz, eta hornidura lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioetarako bada, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendurako Departamentuaren baimena aurkeztuko da.

4. Aurreko apartatuetan xedatzen dena batere ukatu gabe, hornitutako ura zertarako erabiliko den kontuan harturik, honako hauek ere beharko dira:

4.1. Etxebizitzetarako hornidura baldin bada, higiezinaren bizigarritasuna egiaztatzea, dagokion bizigarritasun zedularen bidez.

4.2. Jarduera industrial, profesional edo merkataritzakoren batean erabiltzeko lokaletarako ura denean, jarduera hori egiaztatu beharko da jarduerarako lizentzia erakutsita.

Hornidura horietarako baldintza izanen da, hala behar badu, irekitzeko lizentzia eskuratzea. Hura ukatzeak, besterik gabe, hornidura ukatzea ekarriko du, baita haiek berehala moztu beharra ere.

Merkataritza eta halako zerbitzu batzuk liberalizatzeko presako neurriei buruzko abenduaren 26ko 19/2012 Legeak babesturiko jarduerek ez dute aurkeztu beharrik jarduera lizentziarik, irekitzeko lizentziarik edo gisakorik erregelamendu honetan jasotako zerbitzuak kontratatzeko. Horren ordez, lege horretan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena aurkeztuko du interesdunak.

4.3. Erabilera pribatuko lokalen horniduraren kasuan, horiek okupatzeko behar den udal lizentzia aurkeztu beharko da.

87. artikulua. Erabilera motak.

1. Ur hornidurak emanen dira edo ematen ahalko dira bakar-bakarrik helburu hauetarako:

a) Etxeko erabileretarako.

b) Industriarako eta merkataritzarako erabileretarako.

c) Udal eta kontzejuen erabileretarako.

d) Obrak egiteko.

e) Suteen aurka aritzeko.

f) Interes orokorreko kirol-instalazioetarako.

g) Militarren egoitzetarako.

h) Ongintza eta irakaskuntza zentroetarako.

i) Aisialdiko finketarako.

j) Zerbitzu berezietarako kontsumoetarako.

k) Familiako baratzeak edo berotegiak ureztatzeko.

l) Substantzia fitosanitarioen tratamendurako.

2. Lorategiak eta/edo baso-masak ureztatzeko oso-osorik edo zati batean erabiliko diren hornidura publikoak gorabehera, enpresa ez dago behartuta baimenik ematera aisialdirako finketan ura hornitzeko edo familiako baratzeak edo berotegiak ureztatzeko. Emakida fakultatiboa eta prekarioa izanen da, eta hornitu beharreko puntuan erabilgarri dauden baliabideen, biztanleriaren premia orokorren eta dagokion hirigintza-tresnak baimendutako baldintzen mende egonen da. Baimen horiek errebokatzeak ez dio inola ere emanen interesdunari kalte-ordainerako eskubiderik.

3. Salbuespen gisa, lehen paragrafoan ezarritakoez bestelako erabileretarako hornidurak ere baimentzen ahalko dira prekarioan, zehazki nekazaritza edo abeltzaintza erabileretarako, interes orokor edo soziala duten arrazoiak badaude, eta Mankomunitateak une bakoitzean duen emari-zuzkidurak horretarako aukera ematen badu. Baimen horiek errebokatzeak ez dio inola ere emanen interesdunari kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.

88. artikulua. Definizioak.

1. Etxeko erabilerarako kontsumoaren barrenean sartzen dira edaria, garbiketa, higienea eta gainerako behar arruntak, behar den bizigarritasun zedula edo antzeko agiria eduki behar duten etxebizitza edo toki itxietan, horien bidez enpresak bere iritziz egiaztatu ahal izan dezan bizigarritasuna.

2. Industriarako eta merkataritzarako erabileretarako kontsumoaren barrenean sartzen dira lantegiak, dendak, ostalaritzako establezimenduak eta, oro har, jarduerarako lizentzia behar duten guztiak, bai eta erabilera pribatuko lokalak, biltegiak, garajeak eta erabili gabeko etxabeak ere.

3. Udal eta kontzejuen erabilerak dira Mankomunitateko kideak diren toki erakundeen eta horien mendeko erakundeen eraikinetarako eta instalazioetarako direnak.

4. Obrak egiteko hornidurak dira mota guztietako obren eraikuntza edo eraberritze beharrak asetzeko xedea dutenak.

5. Suteen aurka aritzeko hornidurak dira eraikin, lokal edo esparru jakin batean suteak itzaltzeko edozein instalazio hornitzeko bakarrik ematen direnak. Horrelakoak abonatuak erabiltzen ahalko ditu libreki, bakarrik sute edo ezbehar kasuan beharrezkoa bada. Mota horretako hornidurak egiten badira noizbehinka instalazioa probatzeko, enpresaren baimena beharko da, eta hark finkatzen dituen orduan eta baldintzetan egin beharko dira.

6. Erabilera berezietarako hornidurak dira edozein motatako premiak asetzeko xedea izanik, noizbehinkakoak eta iragankorrak direnak.

7. Honako hau hartzen da familiako baratzetzat: hirigunearen kanpoaldean eta barnean kokatutako laborantzako lurzatia, 1.000 m²-tik beherako azalera duena eta autokontsumorako soilik erabiltzen dena.

8. Tratamendu fitosanitariorako substantzien hornidurak dira bakar bakarrik produktu horiekin nekazaritzako tratamenduak egiteko xedez zisternak edo bestelako ontziak betetzera bideratuak daudenak.

9. Aurreko artikuluko 3. apartatuan adierazitakoaren ondorioetarako, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileratzat hartuko dira nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategietarako hornidurak, lorezaintza barne, baldin eta haien produktuak merkaturatzeko badira eta/edo 1.000 m²-ko azalera gainditzen badute.

Iragarkiaren kodea: L2201059