28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Ordenantza fiskala, lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2021eko azaroaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko azaroaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta jendaurreko epean ez denez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsita gelditu da ordenantza. Argitara ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2022ko urtarrilaren 20an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

ORDENANTZA FISKALA, LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko tributu erreala da, ondasun higiezinen balioaren gainean kargatzen dena, eta arautuko da ordenantza fiskal honen bidez eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133tik 158ra bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoaren bidez (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Hobariak familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo gurasobakartasun egoeran daudenendako.

Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboak familia ugari baten, guraso bakarreko familia baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular badira, eta erroldaturik egon badira etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik. Ohiko bizilekua den bizitegi-erabilerako hiri-unitateari soilik aplikatuko zaio hobari hori.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena aurreko bost urteko epean egina izatea, gehienez ere.

Eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

a) Eskabide sinatua, adierazirik familia-unitatearen ohiko bizilekua dela eskatzen ari den hobariaren xedeko bizitegi-erabilerako hiri-unitatea.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa familia ugari baten, guraso bakarreko familia baten edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia baten titular dela.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

d) Udalarendako baimena, familiaren datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta gizarte zerbitzuen alorretan eskumena duten administrazioetan.

3. artikulua. Etxebizitzarako hobaria kotizazio gabeko pentsioak dituzten edo Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen duten subjektu pasiboendako, haien ohiko bizilekua denean.

Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboek kotizazio gabeko pentsioak badituzte edo Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta hartzen badute 2022ko urtarrilaren 1ean, eta erroldaturik egon badira etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik.

Hobari hori aplikatuko da baldin etxebizitzan bizi den familia-unitateak diru-sarrera horiek soilik jasotzen baditu.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren familia-unitatearen errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena aurreko bost urteko epean egina izatea, gehienez ere.

Eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

a) Eskabidea, non jasoko baita katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea adierazita.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

c) Oinarrizko gizarte-zerbitzuaren txostena, ziurtatzen duena kontribuzioaren hobariari dagokion ekitaldiko urtarrilaren 1ean bete egiten direla hobaria izateko eskubidea dakarten inguruabarrak. Ezinen dute hobaririk izan kotizazio gabeko pentsioa, Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta aipatu dataz geroztik hartzen dutenek.

d) Udalarendako baimena, familiaren datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta gizarte zerbitzuen alorretan eskumena duten administrazioetan.

4. artikulua. Hobaria ohiko bizilekuaren gaineko kontribuzioan, eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuak dituzten subjektu pasiboendako.

Zerga-kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboek aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuak badituzte bertan. Gainera, etxebizitzaren titularrak erroldaturik egon beharko du etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, nahitaez:

a) Eskabidea, non jasoko baita katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri-unitatea eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea adierazita.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

c) Sistema horiek ohiko bizilekuan instalatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Udalak egiaztatzen ahalko du ea instalazio horiek baimena duten, udal lizentzia bidez, eta hobaria ukatzen ahalko du instalazioa legeztaturik ez badago.

d) Udalarendako baimena, subjektu pasiboen datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta industriaren alorretan eskumena duten administrazioetan.

5. artikulua. Artikuluetako hobariei aplikatu beharreko baldintzak.

Subjektu pasiboaren errentak kalkulatzeko, diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiari dagokion zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak).

Hobari hauek izan ahal izateko errenta-muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena frogatu beharreko errentaren aitorpenei dagokien urtearen abenduaren 31n.

Hobari hauek erreguzkoak dira, eta zerga-onura honen titularrak ondasun higiezin bakarrerako aplikatzen ahalko ditu. Hobaria eskatzeko epea izanen da urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa. Hobariok ez dira metagarriak izanen. Etxebizitza batek lor dezakeen gehieneko hobaria %50 izanen da.

Udalak aukeran izanen du edo kontribuzioaren ordainagiriak hobaria aplikaturik igortzea, edo, bestela, kontribuzio osoaren ordainagiriak igorri, eta gero hobariaren zenbatekoa itzultzea subjektu pasiboari, ekitaldi bakoitzeko bigarren seihilekoan.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatzeko epearen barruan egin beharko da eskaera.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu erroldatze urteei dagozkien baldintzak.

Hobari hauek izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Baldin eta ordenantza hau argitaratzen bada Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2021eko abenduaren 31z geroztik, 2022ko ekitaldiko lurraren kontribuzioari dagozkion hobari eskaerak aurkeztuko dira hilabeteko epean, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean jarraituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2201033