28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Ordenantza, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren hobariak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2021eko azaroaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren hobariak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko azaroaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta jendaurreko epean ez denez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsita gelditu da ordenantza. Argitara ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Azkoienen, 2022ko urtarrilaren 20an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGAREN HOBARIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, nahitaez ordaindu beharreko zerga gisa ezarria dagoena Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean. Zerga hori arautuko da ordenantza fiskal honen bidez eta aipatu foru arauaren 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoari jarraituz.

2. artikulua. Bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162.4 artikuluan ezarritakoarekin, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kuotaren gainean honako hobari hauek ezarri dira:

%100eko hobaria “0 isurtze ibilgailuetarako”.

%25eko hobaria “EKO ibilgailuetarako”.

3. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako edozein hobari aplikatzeko, zergaren subjektu pasiboak eskatu egin beharko du, eta eskaerarekin batera aurkeztuko du hobariaren xedeko ibilgailua hobaria jaso dezaketen kasuen barnean dagoela frogatzen duen dokumentazioa (ibilgailuaren dokumentazioa).

Hobaria jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, Udalak hobaria aplikatuko du subjektu pasiboak eskaera egin eta hurrengo hiruhileko naturaletik hasita, eta hiruhileko naturaletan hainbanatuko da zergaren kuota, ondorio horietarako.

Udalak aukera izanen du zirkulazioaren gaineko zergaren urteko ordainagiriak ibilgailuen jabe guztiei igortzeko eta hobaria zergaren zenbatekoa itzuliz ordaintzeko.

Beharrezkoa izanen da Azkoienen erroldaturik egotea eta egunean izatea Udalarekiko zerga-zorrak, hobaria eskatzen den unean.

4. artikulua. Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Udalak onetsitako ordenantza fiskal orokorra.

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

ERANSKIN ARGIGARRIA

0 isurtze ibilgailua.

Bateriako ibilgailu elektrikoa (BEV).

Autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV).

Ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV), gutxienez 40 kilometroko autonomia duena, edo erregai-pilako ibilgailuak.

EKO ibilgailua

Turismoak eta merkataritzako ibilgailu arinak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak:

40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak.

Ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV).

Gas naturalez higiarazitako ibilgailuak.

Gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP).

Nolanahi ere, erabiltzen duten erregaiaren arabera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

Gasolina erregaia duten ibilgailuak: EURO 4/IV, 5/N edo 6/VI emisio-maila.

Diesel erregaia duten ibilgailuak: EURO 6N1 emisio-maila.

8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak:

40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak.

Hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas natural konprimituaz higiarazitako ibilgailuak (GNC) edo gas natural likidotuz (GNL) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (GLP).

Nolanahi ere, erabilitako erregai-mota edozein dela ere, ibilgailuen emisio-maila EURO 6/VI izan beharko da.

Ibilgailu arinak (L kategoria), Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak:

40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu hibrido entxufagarriak (PHEV).

Ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV).

Ibilgailuaren etiketa kontsultatzeko helbidea.

https://sede.dgt.gob.es/es/vehiculos/distintivo-ambiental

Iragarkiaren kodea: L2201000