28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1381E/2021 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita toki entitateentzat, Tokiko Agenda 2030eko –lehengo Tokiko Agenda 21– Tokiko Ekintza Planaren proiektuak gauzatzeko, 2022. urtean. DDBN identifikazioa: 604346.

Tokiko Agenda 2030 udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat da, eta haren garapena bideratu nahi du jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Tokiko Ekintza Plana onartu ondotik, tokiko entitateei dagokie plan hori garatu eta ezartzea. Nafarroako Gobernuak, ordea, interesgarri deritzo instituzio guztien jarduera bidera dadin jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa lortzera eta, beraz, egokia da agendako ekintzetarako laguntzen deialdi hau onartzea.

Horregatik, adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateentzako laguntzen deialdia onartzea, Tokiko Agenda 2030eko –lehengo Tokiko Agenda 21– Tokiko Ekintza Planaren proiektuak gauza ditzaten 2022. urtean.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Baimentzea 155.000 euroko gastua, transferentzia arruntetako proiektuetarako, “(E) Toki entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” izeneko 2021eko gastuen aurrekontuko 740001 74100 4609 456303 partidaren baliokidea denaren kargura. Partida helburu horretarako gaituko da 2022ko Gastuen Aurrekontuan, eta kreditu egokia eta nahikoa egoteak baldintzatuko du.

4. Baimentzea 250.000 euroko gastua, kapital transferentzietako proiektuetarako, “Toki entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” izeneko 2021eko gastuen aurrekontuko 740001 74100 7609 456202 partidaren baliokidea denaren kargura. Partida helburu horretarako gaituko da 2022ko Gastuen Aurrekontuan, eta kreditu egokia eta nahikoa egoteak baldintzatuko du.

5. Ezartzea 150.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria 740001 74100 4609 456303 “(E) Toki entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” partidaren baliokidea denarentzat. Helburu horretarako gaituko da 2022ko Gastuen Aurrekontuan, eta kreditu egokia eta nahikoa egoteak baldintzatuko du, nahiz eta aurreikusten den aurrekontuetarako eskuragarri izanen den kredituaren zenbatekoa handitzea.

6. Ezartzea 200.000 euroko gehieneko zenbateko gehigarria 2021eko gastuen aurrekontuko 740001 74100 7609 456202 “Toki entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” partidaren baliokidea denarentzat. Helburu horretarako gaituko da 2022ko Gastuen Aurrekontuan, eta kreditu egokia eta nahikoa egoteak baldintzatuko du, nahiz eta aurreikusten den aurrekontuetarako eskuragarri izanen den kredituaren zenbatekoa handitzea.

7. Aurrez aipatu diren gehieneko zenbateko gehigarri horiek ezartzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Gehikuntza hori izan dadila eskuragarri dagoen aurrekontu kreditua sortzearen, areagotzearen edo erantsi izanaren ondorio.

–Aipatutako kreditu gehigarri hori deialdi hau onartu eta baimendu duen organo berak onartu izana.

–Aipatu baimen hori deialdi honetako baldintza berberetan argitaratzea.

–Argitalpen hori deialdi honen ebazpena eman aurretik egitea.

8. Deialdi hauek bidaltzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN), betetzeko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa.

9. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen jurisdikzio ordenan, argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete iragan baino lehen; nolanahi ere, Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiten ahalko zaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezartzen den moduan eta bertan finkatzen diren epealdietan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, toki entitateentzako dirulaguntzen deialdiarenak, Tokiko Agenda 2030eko proiektuak gauzatzeko.

Lehena.–Xedea eta helburua.

Ebazpen honen xedea da laguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, sustatzeko toki entitateek, 2022. urtean, gauza ditzaten Tokiko Agenda 2030eko –lehengo Tokiko Agenda 21– Tokiko Ekintza Planetan jasotzen diren proiektuak edo ekintzak, aurretik onetsita zeudenak edo prestatzeko prozesuan daudenak. Helburua da tokiko kudeaketa modu integratuan eta jendearen parte hartzearekin hobetu eta toki entitateen jasangarritasuna areagotzea.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira toki entitateen Tokiko Agenda 2030eko Tokiko Ekintza Planetan jasotzen diren proiektuak edo ekintzak, eta, horretarako, honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Jarduketak Tokiko Agenda 2030eko Tokiko Ekintza Planekoak edo Tokiko Agenda 21ekoak izatea.

b) Jarduketa bakoitzarekin batera, hura gauzatzeko beharrezkoak diren aurretiazko baimenak edo administrazio baimenak aurkeztu beharko dira.

c) Jarduketek izan behar dute jasangarriak eta estrategikoak, herritarrentzako eredugarriak eta, toki entitatearen kudeaketa jasangarriari begira, transferigarriak. Jarduketa bakoitzean, garapen jasangarriaren aldekotzat jotzeko alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak justifikatuko dira.

d) 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 10era bitartean gauzatu eta ordaindu beharko dira.

2. Proiektuek eta ekintzek hurrengo multzo hauetako batean sartuta egon beharko dute:

a) Aurrezki eta efizientzia irizpideak baliabideen kontsumoan, eta hondakinak minimizatzea.

b) Uraren kudeaketa: ur sareen efizientzia (kontrolatzeko gailuak eta kontagailuak).

c) Hurbileko kontsumoa. Elikadura eta energia burujabetza. Tokiko ekonomia jasangarria.

d) Mugikortasun jasangarria.

e) Klima aldaketa arintzea.

f) Gizarte integrazioaren kohesioa: ekintzak, honako hauek bultzatzeko: gutxiengoen integrazioa, gizarte berdintasuna, genero berdintasuna, gizarte harremanak, aisialdiko harremanak, adinekoek ariketa fisikoa egitea, eta abar.

g) Despopulazioaren kontrako jarduketak.

Hirugarrena.–Entitate onuradunak.

1. Tokiko Agenda 2030a eskumena duen udal organoak edo udalez gaindikoak hartutako erabakiaren bidez onetsia duten Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko mankomunitateen kasuan, onuradun izan daitezke, baldin eta laguntza eskatzen badute zeinek bere Tokiko Agenda 2030 onetsian sartuta dituen udalez gaindiko proiektuak gauzatzeko.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo tokiko korporazioko lehendakariak sinatu beharko du, eta hogei egun naturaleko epean aurkeztuko da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren webguneko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

Batzordeburua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren zuzendaria, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Batzordeko kideak: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko atalburu bat, edo hark eskuordetza ematen dion langilea.

Seigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, oinarri hauetan eskatzen den dokumentazio guztia erantsi ote den egiaztatuko da. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezala errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Balorazio Batzorde Teknikoak txosten arrazoitua eginen du proiektu bakoitzari emandako puntuazioei buruz.

3. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondotik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko baldintza guztiak. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren deialditik kanpora gelditzen direnekin, aurrekontuetako mugak direla kausa.

4. Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emanen dira, handienetik txikienera, aurrekontu erabilgarria agortu arte.

Azken proiektua diruz laguntzeko diru aski ez balego aurrekontuan, dagoen zenbateko erabilgarria emanen zaio, aurrekontuko saldoa ahitu arte.

Aurrekontuan aski kreditu ez egoteagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten entitate onuradunen zerrenda agertuko da ebazpenean.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea bi hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zazpigarrena.–Laguntza motak eta proiektu kopurua.

1. Transferentzia arruntetako eta kapital transferentzietako proiektuetarako eskatzen ahalko dira dirulaguntzak. 2. eranskinean adierazi beharko da hori.

2. Oro har, tokiko agendaren onuradun izateko eskatzaile bakoitzak tokiko agendako hiru proiektu edo ekintza aurkeztu ahalko ditu deialdi honetan, gehienez:

a) Tokiko Agenda 2030eko edo 21eko proiektuentzako kapital transferentzietako bat.

b) Tokiko Agenda 2030eko edo 21eko proiektuentzako transferentzia arrunteko bi. Kasu honetan, mankomunitateei edo bost toki entitate baino gehiago dituzten udalerri taldeei dagozkien tokiko agendek, denera, hiru transferentzia arruntetako proiektu eskatzen ahalko dituzte.

3. Aurrez adierazitakoak baino eskabide gehiago aurkeztuz gero, agenda bakoitzari dagokion gehieneko kopuruak adierazten duen adina onartuko dira, honako irizpideen arabera:

a) Lehenik, agendaren entitate titularrak aurkeztutakoek izanen dute lehentasuna.

b) Ondotik, lehentasuna izanen dute deialdi horretako dirulaguntzarik jaso gabe denbora gehien daramaten entitateek.

c) Azkenik, lehentasuna izanen dute aurrekontu handiena duten proiektuek.

Zortzigarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerak –eskabide orokor bat beteta aurkeztuko da– dokumentazio hau eraman beharko du:

1. Dirulaguntza aplikatu nahi zaion proiektuaren memoria teknikoa; bertan honako informazio hau agertu behar da, gutxienez:

a) Sarrera, justifikazioa.

b) Helburuak.

c) Ekintzak.

d) Kronograma.

e) Espero diren emaitzak.

2. 2. eranskina: Agenda 21eko proiektuaren edo ekintzaren oinarrizko fitxa deskribatzailea, guztiz beteta.

3. 3. eranskina: Dagokion fitxa eta balorazio irizpideak egiaztatzeko behar diren dokumentuak. Puntuak jaso behar dituela aurreikusten den apartatuetan justifikazio labur bat idatzi behar da, gehienez 40 hitzekoa.

4. 4. eranskina: Honako hauen gaineko erantzukizunpeko adierazpena:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

b) Bigarren oinarrian, 2.a eta 2.b puntuetan, jasotzen diren aurretiazko baldintzak betetzea.

5. 5. eranskina: Entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran (eskaera orri orokorra), eta adierazi beharko du zer dokumentu den eta zer administrazio espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, baimena emanen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari haietan sartzeko.

Bederatzigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Dirulaguntzaren xede proiektuak, ekintzak edo obrak bukatutakoan, eta betiere 2022ko azaroaren 10era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan:

1. Egindako jardueraren memoria, emaitzen adierazleak barne. (Gutxienez 2 adierazle).

2. Egindako jarduerak erakusteko argazkiak. (Gutxienez 3 argazki).

3. Jarduerak aurrera eramatean editatutako material grafikoa, halakorik bada.

4. Egindako gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, hala badagokio, kontu hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua eta ordainketa frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak. 600 eurotik beherako zenbatekoa duten fakturak eskudirutan ordaintzea onartuko da, baldin eta behar bezala frogatzen bada, zuzenbideak onartutako edozein bitartekoren bidez.

5. 6. eranskina, betea eta sinatua.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, zati proportzionalean gutxituko da dirulaguntza.

Epe hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

Hamargarrena.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak: transferentzia arruntetako proiektuak

Eragiketa arrunten ondoriozko jarduketak behar dute izan, aurkeztutako proiektuarekin lotutakoak, hala nola azterlanak edo proiektuak, langileria gastuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak, eta abar.

Hamaikagarrena.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketak: kapital transferentzietako proiektuak.

Inbertsiotzat hartzen diren jarduketak behar dute izan, hau da, bideratuak daudenak honako hauek sortu edo eskuratzera: kapital edo zerbitzu ondasun inbentariagarriak, beharrezkoak direnak zerbitzuen funtzionamendu operatiborako, eta izaera amortizagarria duten ondasun immaterialak. Inbertsio bati lotutako azterlanak edo proiektuak sartzen ahal dira. Horrenbestez, kanpoan geldituko dira langileria gastuak eta gastu arruntak.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Proiektu edo ekintza bakoitzerako dirulaguntza izanen da Balorazio Batzorde Teknikoak onartzen duen aurrekontuaren % 70ekoa. Puntuazio handienetik txikienera banatuko dira, zazpigarren oinarrian adierazitakoaren arabera, dagoen aurrekontua bukatu arte.

2. Azken proiektu edo ekintzarako onartu zaion aurrekontuaren % 70 emateko behar beste kreditu ez badago, aurrekontuan erabilgarri gelditzen den dirua emanen zaio.

3. Transferentzia arruntetako proiektuen kasuan, proiektu edo ekintza bakoitzari emanen zaion dirulaguntza ez da inoiz 7.000 eurotik gorakoa izanen.

4. Kapital transferentzietako proiektuen kasuan, proiektu edo ekintza bakoitzari emanen zaion dirulaguntza ez da inoiz 20.000 eurotik gorakoa izanen.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren transferentzia arruntetako proiektuentzako dirulaguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emanen dira, 2022ko gastuen aurrekontuko 740001 74100 4609 456303 “Toki entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” partidako aurrekontu kreditua bukatzen den arte.

2. Deialdi honen xede diren kapital transferentzietako proiektuentzako dirulaguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emanen dira, 2022ko gastuen aurrekontuko 740001 74100 7609 456202 “Toki entitateentzako dirulaguntza, Agenda 21eko ekintza planetarako: NELS sarea” partidako aurrekontu kreditua bukatzen den arte.

3. Transferentzia arruntetako proiektuek eta kapital transferentzietakoek irizpide berdinak izanen dituzte. Honako hauek dira:

Jasangarritasuna baloratzeko irizpideak: 60 puntu gehienez.

1. azpiapartatutik 20.era arteko bakoitzean zero puntu emanen da baloraziorik merezi ez duenean, puntu bat balorazio txikia badu, bi puntu balorazio ertaina badu, eta hiru puntu balorazio handia badu.

a) Ingurumen arloko onurak:

1.–Hondakinen kudeaketan.

2.–Mugikortasunaren kudeaketan.

3.–Uraren kontsumoaren kudeaketan eta murrizketan.

4.–Bioaniztasunaren sustapenean eta berreskurapenean eta espazio degradatuen kontserbatzea.

5.–Ingurumena eta horren ezagutza errespetatzen duten ohiturak sustatzea.

b) Onura ekonomikoak:

6.–Ondare publikoaren hobekuntza.

7.–Tokiko ekonomiarako onura.

8.–Lanpostuak sortzea.

9.–Karbono gutxiko ekonomia sustatzea.

10.–Ekonomia zirkularra sustatzea.

c) Onura sozialak:

11.–Genero berdintasuna eta sexu joera.

12.–Jatorri, arraza edo adinagatiko bazterkeriaren aurkako ekintzak.

13.–Energia pobretasunaren kontrako ekintzak.

14.–Garraio publikoaren eta mugikortasun inklusibo eta jasangarriaren hobekuntza.

15.–Zahartze aktiboaren aldeko ekintzak eta bizimodu osasungarriak sustatzea.

d) Proiektuaren balorazio orokorra:

16.–Entitatearen plangintzarekiko koherentzia.

17.–Berrikuntza.

18.– Eragina, eraldatzeko gaitasuna.

19.–Transferitzeko, egokitzeko eta erantzuteko aukerak.

20.–Publikoak ez diren erakundeen inplikazioa, eta erabakiak hartzeko orduan dagoen parte hartze komunitarioa.

Balorazio orokorrerako bestelako irizpideak: 25 puntu gehienez.

a) Proiektuaren eremuaren neurria: 5 puntu gehienez.

1.–5 puntu: 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri bateko tokiko entitatea.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

b) Udalen elkarlana: 5 puntu gehienez.

1.–5 puntu: udalerri bat baino gehiago ukitzen duten proiektuak.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

c) Euskararen erabilera edo tokiko ondare ukiezinaren sustapena: 5 puntu gehienez.

1.–5 puntu: euskararen erabilera bermatzen duten edo tokiko kultur ondare ukiezina sustatzen duten proiektuak.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

d) Despopulatze eta zahartze indizeak. 5 puntu gehienez.

1.–5 puntu: kilometro karratuko 25 pertsona baino gutxiagoko populazio dentsitatea duen eskualde bateko entitateen ekintzak.

2.–5 puntu: 60 urtetik gorako biztanleen ehunekoa % 24tik gora duten eremuetako proiektuak.

3.–0 puntu: beste kasu batean.

e) Sareetako kideak: 5 puntu gehienez.

1.–5 puntu: Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeetako jasangarritasun sareetako, Adinekoekiko Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Sareko edo antzekoetako entitateen agendetako proiektuak eta Klimaren eta Energiaren Aldeko Alkate Ituna izenpetu duten entitateenak.

2.–0 puntu: beste kasu batean.

Puntuazioetan berdinketarik balego, aintzat hartuko litzateke a) apartatuko irizpidearen balorazioa, eta berriro berdinduz gero, b) apartatukoa, eta horrela, hurrenez hurren, ordena alfabetikoari jarraikiz, berdinketa hautsi arte.

Hamalaugarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua egitean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarten gorabehera guztien berri ematea, gertatzen diren unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo egiteko moduaren aldaketa guztiak.

2. Obrak edo ekintzak 2022ko azaroaren 10a baino lehen egin eta ordaintzeko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak toki entitatearen aldeko ordainketa agindua 2022ko ekitaldian eman dezan, toki entitateak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondotik.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektu edo ekintzen kontrataziorako prozedura tramitatzeko konpromisoa, horren fase guztietan, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik gauzatzeko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak egitekoa ere; hori guztia, lanen hasieratik haien behin betiko harrerara arte. Beren gain hartuko dute, orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean, modu esklusiboan.

Edonola ere, entitate onuradunak diruz lagundutako inbertsioen % 100 bitarte kontrata dezake.

4. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea:

a) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

b) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

5. Proiektu edo ekintza guztiek, dirulaguntzen deialdi honen babesean egiten badira, genero ikuspegia hartu beharko dute kontuan, testuetan eta irudietan bazterkeria islatzen duen elementurik erabili gabe.

Hamabosgarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Laugarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondotik, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, gauzatutako proiektuaren proportzioan.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste dirulaguntza batzuekin, beste administrazio publiko batzuenekin, beste entitate publiko nahiz pribatuenekin edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

Kasu horretan, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko entitate onuradunak egin beharreko jarduketaren kostua.

Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, entitate onuradunak helburu bererako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Era berean, entitate onuradunak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eman beharko dio jasotzen dituen dirulaguntza ez bestelako diru sarrera eta finantzabide guztien berri, diruz lagundutako jarduketaren finantzaketa gehiegizkoa izan ez dadin.

Hamazazpigarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hemezortzigarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Ebazpen honetan eskatutako baldintzak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Hemeretzigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hogeigarrena.–Entitate onuradunaren publizitate betebeharrak.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, bat etorriz urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuarekin. Horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena. Logotipoa erabili aurretik, dirulaguntzaren onarpena tramitatu duen instrukzio unitateari jakinarazi beharko zaio. Zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko dirulaguntzek zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko estrategiaren logotipoa eraman beharko dute gauzatzen dituzten ekintzetan.

Kasua bada, kartelen kostua proiektuaren kostuaren barrenean sartzen ahalko da.

Hogeita batgarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, jurisdikzio ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. eranskina.–Proiektuaren edo ekintzaren oinarrizko fitxa deskribatzailea.

3. eranskina.–Balorazio irizpideak egiaztatzeko fitxa.

4. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

5. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea.

6. eranskina.–Gastuei eta diru sarrerei buruzko aitorpena.

Deskargatu 2., 3., 4., eta 6. eranskinak (DOC).

Deskargatu 5. eranskina (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2200698