28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FONTELLAS

Aldaketa, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2021eko azaroaren 11n egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aipatu ordenantza, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratzearekin batera jarriko da indarrean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2021eko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunez egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako ordenantzaren testua argitaratuko da ondotik.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen ordenantza honen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka honako bide hauetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Fontellasen, 2022ko urtarrilaren 21ean.–Alkate udalburua, Andrés Agorreta Arriazu.

ORDENANTZA, ERAIKUNTZEN, INSTALAZIOEN ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean.

2. artikulua.

Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga zeharkako tributua da eta haren zerga-egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, baldin zerga ezartzen duen udalari badagokio lizentzia ematea, lizentzia emateari buruzko txostena (Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 39. artikuluan xedatua) edo kontrola.

3. artikulua.

Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbatzekoa.

Halaber, eraikuntza, instalazioa edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta etxebizitzen jabeak badira Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin eta, irabazi asmorik gabeko entitateei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

4. artikulua.

1. Ordainarazpen honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko eta juridikoak eta Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren erakundeak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan ala ez.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, eraikuntza, instalazio edo obraren jabetzat hartuko da hura egitearen gastuak edo kostua ordaintzen dituena.

2. Subjektu pasibo zergadunak egiten ez duenean eraikuntza, instalazioa edo obra, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat hartuko dira dagozkien lizentziak eskatzen dituztenak, dagozkien erantzukizunpeko adierazpenak edo aldez aurreko jakinarazpenak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo bestelakoak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.

5. artikulua.

1. Zerga-oinarria eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa da, eta holakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren exekuzio materialari dagokiona, proiektuan diren elementu guztiak barnean hartuta, eta lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren helburu den eraikuntzari, instalazioari edo obrari dagokionez berezitasun edo nortasun propiorik ez badute. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, exekuzio materialaren kostuan sartzen ez badira.

2. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikaturik ateratzen dena.

3. Karga-tasa %2aren eta %5aren artekoa izanen da. Udalaren osoko bilkurak erabakiko du tasa zehatza, tarte horren barruan.

4. Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sorrarazten da, hartarako lizentziarik lortu ez bada ere.

6. artikulua.

1. EIOZren kuotaren % 95erainoko hobaria izanen dute eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntza, instalazio edo obrek, betiere ohiko etxebizitzako etxeko autokontsumorako bada. Horretarako bete beharreko baldintza izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea. Hobari hori aplikatuko da, soil-soilik, sistema horien exekuzio materialaren kostuari dagokion zatiaren gainean.

2. 2022rako, hobari horren portzentajea %95 izanen da. Hala ere, hobariaren zenbatekoa ezin da izan urtean 125 eurotik gorakoa.

7. artikulua.

1. Aginduzko lizentzia ematen denean, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, lizentzia eskatu, eman edo ukatu edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, konturako behin-behineko likidazio bat eginen da, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a) Interesdunek aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.

b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan eta ordenantza fiskalak hala jasotzen duenean, horretarako ezartzen dituen indize edo moduluen arabera.

2. Ikusirik egiazki egin diren eraikuntzak, instalazioak eta obrak, baita horien benetako kostua ere, Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko zenbakian aipatutako zerga-oinarria aldatuko du, hala badagokio, dagokion behin betiko likidazioa eginez, eta subjektu pasiboari eskatuz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliz.

Azken xedapena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz indargabetzen edo aldatzen ez den bitartean.

Iragarkiaren kodea: L2201024