28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Lurralde kontribuzioaren zerga arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2021eko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen lurralde kontribuzioaren zerga arautzen duen ordenantza; 2021eko 272. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua:

Cascanten, 2022ko urtarrilaren 18an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

LURRALDE KONTRIBUZIOAREN ZERGA ARAUTZEKO CASCANTEKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Izaera.

Lurralde kontribuzioa zuzeneko zerga erreal bat da, ondasun higiezinen balioaren gainean kargatzen dena, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133tik 158ra bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoaren arabera.

2. artikulua. Zerga egitatea eta ez ordaintzeko kasuak.

Zerga honen zergapeko egitatea izanen da jarraian zerrendatzen diren eskubideen titulartasuna edukitzea landa- eta hiri-ondasun higiezinen eta ezaugarri bereziko higiezinen gainean:

a) Ondasun higiezinen gaineko edo horiei loturiko zerbitzu publikoen gaineko kontzesio administratiboa.

b) Azalera eskubide erreala.

c) Gozamen eskubide erreala.

d) Herri ondasunen kontraprestazio bidezko aprobetxamendu eta gozamen eskubidea.

e) Jabetza eskubidea.

Aurreko apartatuan zehaztutako zergapeko egitate bat gertatuz gero, bertan ezarritako ordenan, kasuko ondasun higiezina ez zaio lotuko hor jasotako gainerako modalitateetako araubideari.

Zerga honen ondorioetarako, ondasun higiezintzat joko dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean horrelakotzat jotzen direnak.

Higiezin bera udal mugarte batean baino gehiagotan kokatuta badago, zerga honen ondorioetarako ulertuko da udal horietako bakoitzari dagokion ordainarazpena honako hau dela: kasuan-kasuan ukitzen duten udalez gaindiko ponentzia edo udaletako balorazio ponentziak aplikatzearen ondorioz ateratzen den balioa.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 34. artikuluari jarraituz, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko balorazio txosten partzial bat onesten ahalko du metodo eta parametroak ezarri eta haien bidez balio bat esleitu ahal izateko bi udal mugarte edo gehiago ukitzen dituzten azpiegiturei.

Zerga honi lotzetik libre daude:

a) Errepideak, bideak, lur gaineko bestelako bideak eta ur jabari publikoko ondasunak, betiere erabilera edo aprobetxamendu publikoa eta doakoa baldin badute. Itzaleko bidesaria delakoaren menpeko autobiak eta gainerako azpiegiturak zergari lotuta egonen dira.

b) Ondoko ondasun higiezinak, kokatuta dauden lurretako toki erakundeen jabetzapekoak badira:

a’) Jabari publikokoak izanik, erabilera publikoa dutenak.

b’) Jabari publikokoak izanik, udalak zuzenean kudeatzen duen zerbitzu publiko bati lotuta daudenak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkien ondasun higiezinak badira.

c’) Ondare ondasunak eta herri ondasunak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkienak.

3. artikulua. Salbuespenak.

Ondasun hauek zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

–Foru erkidegoaren, Estatuaren, autonomia erkidegoen edo toki-erakundeen jabetzakoak direnak, defentsa nazionalari, herritarren segurtasunari edo hezkuntza, osasun edo espetxe zerbitzuei zuzenean atxikita badaude.

–Unibertsitate ikasketak ematen dituzten zentroetarako eraikinak eta lursailak, bai eta araubide orokorreko irakaskuntza ez unibertsitarioa ematen duten itunpeko ikastetxeetarako direnak ere.

–Eliza katolikoarenak eta legez onartutako elkarte konfesional ez-katolikoenak, baldin eta elkarte horiekin badago Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluak aipagai dituen lankidetza hizarmenetako bat, eta, betiere, hitzarmeneko irizpideekin bat.

–Espainiako Gurutze Gorriarenak.

–Atzerriko gobernuenak, erabiltzen badituzte ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrerako, edo erakunde ofizialak paratzeko, elkarrekikotasunik bada edo halaxe ezarrita badago nazioarteko hitzarmenetan.

–Nazioarteko hitzarmenen arabera salbuespena aplikatzekoa zaien erakunde edo entitateenak.

–Trenbideek okupatutako lursailak eta lursail horietan dauden eraikinak. Eraikin horiek geltokiak, biltegiak edo trenbideak ustiatzeko nahitaezkoak diren bestelako zerbitzuak izan behar dute. Hortaz, ez dira ordaintzetik salbuetsita egonen ostalaritza, ikuskizun, merkataritza eta aisialdirako establezimenduak, enplegatuen etxebizitzak, zuzendaritzaren bulegoak eta industria instalazioak.

–Urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean berariaz eta banan-banan kultura intereseko ondasun deklaratu direnak, edo kultura intereseko monumentu edo lorategi historiko, errege dekretu bidez, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 9. artikuluan ezarritako moduan, eta 12. artikuluan aipatutako erregistro orokorrean Espainiako ondare historikoaren osagai gisa inskribatu; bai eta lege horren lehenengo, bigarren eta bosgarren xedapen gehigarrietan jasotakoak ere.

Salbuespen horrek ez ditu bere baitan hartuko eremu arkeologiko, leku eta multzo historikoak mugatzen dituen perimetroaren barruan kokatutako hiri ondasun guztiak, baizik eta, soil-soilik, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

  • Arkeologia guneetan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluan aipatutako hirigintza plangintzako tresnan babes bereziko objektu gisa sartutakoak.
  • Gune edo multzo historikoetatik, berrogeita hamar urteko edo gehiagoko antzinatasuna izan eta Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan aurreikusitako katalogoan babes integraleko objektu gisa jasota daudenak, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan.

–Subjektu pasibo bakoitzak udalerri batean dituen ondasun guztiak, katastro balioen batura 1.202,02 eurotik beherakoa denean. Zenbateko hori eguneratzen ahalko da Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan.

–Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoek ez dute zergarik ordainduko erabilera edo zerbitzu publikoko ondasunengatik.

–Plangintza orokorreko mankomunitateak, eskualdeak eta mankomunitateak, bai eta haiek beren helburuak betetzeko sortutako entitate juridikoak ere, Udala haien parte denean, lurralde kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira.

–Foru lege bidez ezarritako beste guztiak.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasiboak dira, zergadun gisara, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak eta entitateak, zerga honen ondorioetarako zerga-egitate bat sortzen duen eskubidearen titular badira.

Subjektu pasiboa izanen da, betiere, zerga sortzen den egunean eskubidearen titularra dena. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz titular aldaketa eginez gero, ez da kontuan hartuko horren ondoriozko aldaketa juridikoa zein unetan sartzen den katastroan.

Ondasun higiezin baten gainean kontzesiodun bat baino gehiago baldin badira, kanonik handiena ordaindu behar duena izanen da zergadunaren ordezkoa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboek jasandako tributu karga zuzenbide komuneko arauei jarraikiz jasanarazteko duten ahalmena.

Era berean, zergadunaren ordezkoak ahalmena izanen du kuota likidoaren zatia beste kontzesiodunei jasanarazteko, bakoitzak ordaindu beharreko kanonen arabera dagokien neurrian.

Udalak zergaren kuota likido osoa jasanaraziko die honako hauei: zergaren subjektu pasibo izan gabe haren jabari publikoko ondasunak edo ondare ondasunak kontraprestazio bat tartean dela erabiltzen dituztenei.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga honen zerga oinarria ondasun higiezinen katastroko balioak finkatuko du. Balio hori kalkulatu, aditzera eman eta aurkaratzeko, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeari segituko zaio, deusetan galarazi gabe Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 2ko 2/1995 Foru Legearen 143.5 artikuluan xedatua.

Katastro balioak legez ezarritako kasuetan eta moduan berrikusi, aldatu eta eguneratzen ahalko dira.

6. artikulua. Likidazio oinarria.

Zerga honen likidazio oinarria zerga oinarrian legez ezarritako murriztapenak –eta bereziki ordenantza fiskal honetako 7. artikuluan aipatzen dena– egitetik lortzen den emaitza izanen da.

7. artikulua. Murriztapenak oinarrian

Balorazio txosten oso bat onesteagatik, katastroko balioen aldaketa kolektiboa egiten bada eta, horren ondorioz, balio guztien batez bestekoa aurreko balioen batez bestekotik % 25 baino gehiago igotzen bada, udalaren osoko bilkurak ahalmena izanen du zergaren zerga oinarrian artikulu honetan ezarritakoaren araberako murriztapenak onesteko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 2ko 2/1995 Foru Legearen 138. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

8. artikulua. Tributu-kuota, karga-tasa eta errekargua.

Zerga honen kuota osoa da zerga oinarriari hurrengo apartatuan aipatzen den karga tasa aplikatu ondokoa izanen da.

Karga tasa % 0,25etik % 0,50era bitartekoa izanen da.

Deusetan galarazi gabe, dena den, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformari buruzko otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen bederatzigarren xedapen iragankorrean eta azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoa.

Karga tasa bakarra izanen da udal mugarte osorako: osoko bilkurak urte bakoitzerako onetsitakoa.

9. artikulua. Hobariak.

–Zergaren kuotan %90eko hobaria izanen dute urbanizazioko, eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko enpresen jardueraren xede diren higiezinek, ibilgetuko ondasunen artean ez badaude.

1. Zergaren kuotan %90eko hobaria izanen dute urbanizazioko, eraikuntzako eta higiezinen sustapeneko enpresen jardueraren xede diren higiezinek, ibilgetuko ondasunen artean ez badaude.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako onurei buruzko erabakiak alderdi batek eskatuta hartuko dituzte toki erakundeek.

2. Hobariaz gozatzeko epeak urbanizazio edo eraikuntzarako denbora hartuko du barrenean, eta beste urte bat obrak amaitzen diren urtetik.

3. Nolanahi dela ere, aurreko atalak aipatzen duen epea ez da hiru urtetik goitikoa izanen, urbanizazio eta eraikuntza lanak hasiz geroztik.

–Zergaren kuotaren % 90era arteko hobaria, subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitza bada.

4. Zergaren kuotaren % 90erainoko hobari bat izaten ahalko da, kasuan kasuko etxebizitza familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titularrak diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboen ohiko bizilekua bada.

Hobari hori aplikatuko zaie, orobat, kotizaziorik gabeko pentsioak dituzten zergadunei eta errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko diru sarreraren hartzaile direnei.

Hobari hori jasotzeko, subjektu pasiboaren errentek, salbuetsiak alde batera utzita, ez dute gainditzen ahalko lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau, eta toki entitate bakoitzak zenbait tarte hartzen ahalko ditu kontuan, errentaren arabera, % 90eraino.

Hobaria aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena aurreko bost urteko epean egina izatea, gehienez ere.

Hobari hori izateko, egunean egon beharko da udal, komunitate autonomo eta Estatuarekiko zorren ordainketan.

Subjektu pasiboak egiaztatu beharko du herrian gutxienez 5 urte bizitzen egon dela.

Zerga hobaria lortzeko oinarri den ondasunak bizigarritasun zedula izan beharko du.

Hobari hori urtekoa eta erregutua da, eta zerga onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi bakoitzean baino ez, betiere zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera, zer urtalditan baliatu nahi den, hori amaitu baino lehen egiten bada. Era berean, ez da gainditu behar une bakoitzean indarrean dagoen araudi orokorrak baimendutako gehieneko hobari kopurua.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du nahitaez:

–Familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria.

a) Katastro erreferentzia jasotzen duen eskabidea, adierazita zer hiri unitate dagokion etxebizitzari, eta zein den hobaria eskatzeko arrazoi den ondasun higiezinaren helbidea, bai eta eskatzen ari den hobariari dagokion bizitegi erabilerako hiri unitatea familia unitatearen ohiko bizilekua dela ere.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena dagokion ekitaldirako zerga sortzen den unean (urtarrilaren 1a) subjektu pasiboa familia ugari edo guraso bakarreko familia baten titularra dela edo gurasobakartasun egoeran dagoela.

c) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo azken aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agirien bidez frogaturik.

d) Udaleko eta, hala egokituz gero, autonomiako eta Estatuko zerga administrazioarekin egunean dagoelako ziurtagiria.

–Kotizaziorik gabeko pentsioak dituzten edo errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko diru sarreraren hartzaile diren subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitzarako hobaria.

a) Katastro erreferentzia jasotzen duen eskabidea, adierazita zer hiri unitate dagokion etxebizitzari, eta zein den hobaria eskatzeko arrazoi den ondasun higiezinaren helbidea, bai eta eskatzen ari den hobariari dagokion bizitegi erabilerako hiri unitatea familia unitatearen ohiko bizilekua dela ere.

b) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo azken aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agirien bidez frogaturik.

c) Udaleko eta, hala egokituz gero, autonomiako eta Estatuko zerga administrazioarekin egunean dagoelako ziurtagiria.

d) Hobaria zer ondasuni dagokion, ondasun horren bizigarritasun zedula.

Subjektu pasiboa ez dago behartuta beste izapide batzuetan udalari emandako agiriak aurkeztera. Kasu horretan, hori adierazi beharko du eskabidean, bai eta zer prozeduraren bidez aurkeztu ziren esan ere.

Ohiko etxebizitzaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria jasotzeko eskubidea galtzea, eta higiezin berrirako eskatu beharko da, egokitzen ahal bazaio.

Subjektu pasiboak behartuta daude gertatzen den eta hobari horren ondorioetarako edozein eragin izaten ahal duen edozein aldaketa jakinaraztera.

Hobari horiei aplikatzekoak diren gainerako alderdi funtsezko edo formalen zehaztapena (ehunekoena, tarteena eta abarrena) berariaz dagokio osoko bilkurari ekitaldi ekonomiko bakoitzerako (ordenantzaren eranskina). Baina hobariak ez dira aplikatzekoak izanen, urtaldi bakoitzerako berariazko erabaki egokia hartu ezean.

–Ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota osoaren % 50erainoko hobaria, higiezinetan eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri direnean.

5. Ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota osoaren % 50erainoko hobaria ezartzen ahalko da, higiezinean eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak paratu direnean.

Hobari hori jasotzeko, subjektu pasiboaren errentek, salbuetsiak alde batera utzita, ez dute gainditzen ahalko lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau, eta toki entitate bakoitzak zenbait tarte hartzen ahalko ditu kontuan, errentaren arabera, % 90eraino.

Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Subjektu pasiboak egiaztatu beharko du herrian gutxienez 5 urte bizitzen egon dela.

Zerga hobaria lortzeko oinarri den ondasunak bizigarritasun zedula eta energia eraginkortasunaren ziurtagiria izan beharko ditu.

Hobari hori urtekoa eta erregutua da, eta zerga onura horren titularrak higiezin bakar baterako soilik erabiltzen ahalko du, eta eskatzen den ekitaldi bakoitzean baino ez, betiere zergaren sortzapen egunean aitortua izateko baldintzak betetzen badira, eta eskaera, zer urtalditan baliatu nahi den, hori amaitu baino lehen egiten bada. Era berean, ez da gainditu behar une bakoitzean indarrean dagoen araudi orokorrak baimendutako gehieneko hobari kopurua.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du nahitaez:

a) Katastroko erreferentzia jasotzen duen eskabidea, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri diren ondasun higiezinei dagozkien hiri unitatea eta helbidea adierazita.

b) Familia unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agirien bidez frogaturik.

c) Udaleko eta, hala egokituz gero, autonomiako eta Estatuko zerga administrazioarekin egunean dagoelako ziurtagiria.

d) Hobaria zer ondasunetarako nahi den, ondasun horren energia eraginkortasunaren ziurtagiria.

e) Kolektoreak dauzkan aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistema ezartzeari dagokion fakturaren kopia.

f) Ezarpenaren homologazioari buruzko administrazio eskudunaren egiaztapena.

g) Hobaria zer ondasuni dagokion, ondasun horren bizigarritasun zedula.

h) Instalazioa, kontserbazioaren eta erabileraren ikuspegitik, hobaria eskatzen den urterako indarrean dagoelako zinpeko aitorpena.

Subjektu pasiboa ez dago behartuta beste izapide batzuetan udalari emandako agiriak aurkeztera. Kasu horretan, hori adierazi beharko du eskabidean, bai eta zer prozeduraren bidez aurkeztu ziren esan ere.

Hobari horiei aplikatzekoak diren gainerako alderdi funtsezko edo formalen zehaztapena (ehunekoena, tarteena eta abarrena) berariaz dagokio osoko bilkurari ekitaldi ekonomiko bakoitzerako (ordenantzaren eranskina). Baina hobariak ez dira aplikatzekoak izanen, urtaldi bakoitzerako berariazko erabaki egokia hartu ezean.

10. artikulua. Zergaldia eta sortzapena.

Zerga zergaldiko lehen egunean sortzen da.

Zergaldia urte naturalari dagokio. Dena dela, kuota epe laburragoetan zatikatzen ahalko da.

Kargaturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legeak aipatzen duen deklaratu beharra sortu eta hurrengo zergaldian.

Balorazio txosten bat onesten bada edo ondasun bat ondasun berezi gisa kalifikatu edo deskalifikatuz gero, aldaketa juridiko horren ondoriozko balioak eraginkorrak izanen dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera.

11. artikulua. Ordainketarako afekzioa.

Edozein arrazoirengatik 2/1995 Foru Legearen 134. eta 137. artikuluetan aipatzen diren eskubideen titulartasuna aldatzen den kasuetan, eskubide horien xede diren ondasun higiezinengatik ordaintzeke geratu diren zerga-zor eta errekargu guztiak hartuko ditu bere gain titular berriak.

Zerga-akzioa lotutako ondasunen aurka deribatzeko, erregelamenduz jakinarazitako administrazio-egintza beharko da. Eskuratzaileak ordainketa egiten ahalko du, jarduketak aurrera egin dezala utzi, edo egindako likidazioaren aurka edo deribazio horren jatorriaren aurka erreklamazioa egin.

Deribazioaren muga izanen dira zerga honengatik ordaintzeke dauden zerga-zor eta errekargu guztiak, titulartasunean aldaketa izan duten ondasunei dagokienez.

12. artikulua. Zerga kudeatzea eta berrikustea

Zerga Udalak kudeatuko du, katastroko datuetatik abiatuta. Katastroa Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 9. eta 21. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz eratuko da, eta bertan ondasun higiezinei buruzko informazio hau bilduko da: ondasunaren identifikazioa eta kokalekua, titularraren identifikazioa eta egoitza fiskala, katastroko balioa eta zerga ordainarazteko behar diren gainerako datuak.

Udalak, 1. apartatuan agertzen diren datuetan oinarrituta, urtero, martxoaren 31 baino lehen, behar diren likidazioak eginen ditu tributu zorrak zein diren zehazteko, eta kobrantza agiriak igorriko ditu, zerga tasa aplikatu zaion ondasunaren katastro balioa espresuki adieraziz. Ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritakoaren arabera beherapenik aplikatu behar bada zerga oinarrian, inguruabar hori aipatu eginen da, bai eta murriztapen horiek noiz arte aplikatuko diren ere. Kobrantza agirian adierazita egonen da, halaber, tributu zorra non, zer epetan eta zer modutan ordaindu behar den, bai eta aurkaratze bideak zeintzuk diren ere.

Katastroan alta eman ondorengo likidazioek ez dute jakinarazpen indibidualik beharko, eta kolektiboki jakinarazten ahalko dira horren berri emanen duten ediktuen bidez, baldin eta aurreko zergaldikoen berdin-berdinak badira edo izan diren aldaketak orokorrak badira. Ediktuetan adierazita egon beharko da zein egunetan amaitzen den aldizkako erreziboa ordaintzeko epea eta zer errekurtso jar daitezkeen likidazioen aurka.

Kasuren batean frogatzen bada, kobrantza agiriak igorri ondoren, subjektu pasiboa ez dela katastroan titular gisa agertzen dena zergaren sortzapeneko egunean, eginiko likidazioak behin-behinekotzat hartuko dira, eta egin behar ez ziren diru sarrerak itzuli eginen dira.

Subjektu pasiboek ahalmena izanen dute egin zaien likidazioa aurkaratzeko, eta, horretarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan zehazten diren bideetako edozein erabiltzen ahalko dute.

Zerga oinarriari dagokionez, eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera adierazi edo jakinarazitako ondasunaren balioa ez bada errekurritu, likidazioaren aurkako errekurtsoan ere aurkaratzen ahalko da katastro balioa, baina soilik aldaketaren bat izan bada aurre-aurreko zergaldiko lurralde kontribuzioaren zerga oinarri gisa hartu zen katastro balioarekin alderatuta, eta balio aldaketa hori ez bada izan aldaketa orokorren ondorio.

Apartatu honetan aurreikusitako errekurtsoren bat jartzeak ez du aurkaratutako egintzaren betearazpena etenen.

Udalean zerga oinarriaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, udalak ondasunaren katastroko balioari buruzko txosten loteslea eskatuko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta eten eginen da errekurtsoa ebazteko epea, harik eta txosten hori toki erakundeari igorri arte. Txostena jasotzen denean berriz irekiko da epea eta, errekurtsoarekin batera, prozeduran sortzen diren auzi guztiak ebatzi beharko dira.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du eskumenik ebazteko toki entitateek lurralde kontribuzioaren zergaren gainean ematen dituzten egintzen aurka jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak, baldin eta zerga oinarriari buruzko aurkaratzearen xedea Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin horri ezarritako balioa baldin bada.

Zergadunek ez badute betetzen Nafarroako Lurralde Aberastasunari eta Katastroei buruzko Foru Legean ezartzen den katastro aldaketaren aitorpena egin beharra, egindako aldaketa katastroan jaso ondoren, preskribaturik gabe dauden aurreko zergaldiei dagokien zerga ordainaraziko da.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, subjektu pasibotzat hartu behar ez zenak oker egindako diru sarreren itzulketa eginen da, baina, betiere, diru itzulketa hori egiteko preskripzio epea errespetatuko da.

Ondasunaren inguruan edo kargapean jarritako eskubidearen titularraren inguruan auzirik baldin badago, zerga administrazioak halakotzat hartzen ahalko ditu katastroetan agertzen direnak, eta behin-behineko likidazioak igortzen ahalko dira. Gero, epaileek epai irmoa ematen dutenean edo beste edozein moduren bidez auzia bukatutzat jotzen denean, behin-behineko likidazio horiek zuzenduko dira edo behin betiko bihurtuko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean jarraituko dute.

ERANSKINA

2022. urterako aurreikusitako hobarien aplikazioaren zehaztapena

–Zergaren kuotaren hobaria, subjektu pasiboen ohiko bizilekua den etxebizitza bada.

Ondorioak 2022/01/01etik:

  • Onuradunak:
  • Familia ugari edo guraso bakarreko familia baten titular diren edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboak.
  • Kotizaziorik gabeko pentsioak hartzen dituzten subjektu pasiboak.
  • Errenta bermatua jasotzen duten subjektu pasiboak.
  • Bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen duten subjektu pasiboak.
  • Hobariak:
  • Kuotaren % 90eko hobaria, 2.500 eurotik beheitiko per capita errenta duen familia unitate batekoak diren subjektu pasiboentzat. Nolanahi ere, lortutako hobaria ezinen da izan 125 eurotik goitikoa.
  • Kuotaren % 25eko hobaria, 2.500 euroko per capita errenta edo handiagoa duen familia unitate batekoak diren subjektu pasiboentzat. Nolanahi ere, lortutako hobaria ezinen da izan 125 eurotik goitikoa.

–Ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota osoaren % 50eko hobaria, higiezinetan eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri direnean.

Ondorioak 2022/01/01etik:

  • Hobariak:
  • Zergaren kuota osoaren % 50eko hobariaren % 90, 2.500 eurotik beheitiko per capita errenta duen familia unitate batekoak diren subjektu pasiboentzat. Nolanahi ere, lortutako hobaria ezinen da izan 125 eurotik goitikoa.
  • Zergaren kuota osoaren % 50eko hobariaren % 25, 2.500 euroko per capita errenta edo handiagoa duen familia unitate batekoak diren subjektu pasiboentzat. Nolanahi ere, lortutako hobaria ezinen da izan 125 eurotik goitikoa.

Ordenantza behin betiko onestearen aurka, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzazko Errege Dekretuak onartutako Tokiko Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 19. artikuluak xedatuaren arabera, interesdunek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoa bete beharrez.

Iragarkiaren kodea: L2200690