28. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 29an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa.

Gaur egungo Nafarroako Gobernuak ildo politiko nagusiak “Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioan” ezarri ditu. Erabaki honek berariaz jasotzen du, 3.11 kapituluko lehen puntuan, memoria, bakea, bizikidetza eta Giza Eskubideei buruzkoan, honako jarduketa proposamen hau: “Bizikidetza, Oroimen eta Giza Eskubideen Plan Estrategiko bat garatu, ahalik eta kontsentsurik handiena erdietsiko duena, eta arlo horietan jarraitu beharreko ildo estrategikoak ezarriko dituena”.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren 17. artikuluan zehazten den moduan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren lehen eginkizuna, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bidez, honako hau da: “Bakearen, normaltasunaren eta bizikidetza demokratikoaren aldeko plana prestatzea. Plan hori memoriaren kudeaketa integralaren ikuspuntutik sortuko da, eta, helburu politikoei begira indarkeria mota guztiak erabiltzeari uko egiteaz gain, bakea eta bizikidetza soziala eta politikoa ezartzen lagunduko du”.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emandako 73E/2019 Foru Aginduaren bidez, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari agindu zitzaion abian jar zezala “Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa” prestatzeko prozesua. 2020ko urtarrilean Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa egiteko prozesua argitaratzen hasi zen, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atariaren bidez. Prozesua lau fasetan egituratu zen: lehenbiziko edo atariko fasea, plana egiteko fasea, jendaurrean jartzea eta onestea.

Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoak 2021-2024 aldirako iraupena du, eta lehentasunezko sei ardatzen inguruan egituratzen da. Ardatz horietako bakoitzak helburu orokor bat, berariazko helburu batzuk eta zenbait ekintza zehazten ditu. Ardatzak honako hauek dira:

1. Giza eskubideak aplikatzea.

2. Aniztasunean elkarrekin bizitzea.

3. Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen eskubideak.

4. Oroimen kritikoa eta inklusiboa eraikitzea, indarkeria bidegabea izan zela eta ez zela inoiz gertatu behar aitortzen duena.

5. Bizikidetzarako heztea.

6. Bizikidetzarako erreferente diren erakundeak.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. “Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa” onestea. Erabaki honen eranskinean ageri da.

2. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Erabaki hau, Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoaren testuarekin batera, Nafarroako Parlamentuari igortzea, eta eskatzea Ganberak horri buruzko iritzia ematea, haren Erregelamenduaren 202. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Erabaki hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari.

Iruñean, 2021eko abenduaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2118368